Ball Shooter: talde kooperatiboak DBHko fisika eta matematikaren ikaskuntzaren oinarri bezala

Amaitu berri den ikasturte honetan aurrera eraman ditugun hainbat proiektuen berri ematen joan naiz azkeneko hilabetetan blog honetan. Ikasturte hasieran talde kohesioa bilatzen zuten hainbat dinamika eraman genituen aurrera, benetako ikaskuntza kooperatiborako aurretiko ezinbesteko baldintza bezala.

Aurretik ere azaldu nuen  Ordiziako azokari buruz egin genuen infografiaren inguruko sekuentzia didaktikoa, banan-bana jarduera guztien deskribapen zehatzekin. Oraingoan hirugarrenarekin nator, aipatutako bi proiektu horien artean burutu genuena, hain zuzen ere. Niretzat garrantzitsua da hau azpimarratzea, izan ere, ikasturteak aurrera egin duen heinean, ikasten joan naizen bitartean, ikasleei planteatzen joan naizen erronka berriek bilakaera bat izan dute, nire ikaskuntza prozesua garatzen joan den heinean.

Aipatutako hasierako talde-kohesiorako dinamika haiekin amaitu bezain pronto, Ball Shooter izeneko nire lehenengo sekuentzia didaktiko “ofizialarekin” hasi ginen. Honen bitartez, nire asmo nagusia arlo zientifiko/teknologikoan curriculumean zehaztutako fisika eta matematikako hainbat helburu jorratzea zen, beti ere, ikaskuntza kooperatiboan oinarritutako metodologi aktibo batean oinarrituta (eta ondorioz, honi lotutako helburuak ere, sekuentziaren helburuen artean agertuz, noski).

Irakurrita neukan ez zela komenigarria gehiegi konplikatzea helburuekin proiektuari forma ematen hasterakoan; egokiena helburu bi edo hiru lantzeko baliagarria izango den ataza baten deskribapenarekin hastea zela. Nire lehenengo proiektua zela kontutan hartuta, gehiegi ez konplikatzea erabaki nuen. Horrela, batxilergoko lehenengo mailarako tiro parabolikoa lantzeko buruan neukan ideiari heltzea erabaki nuen. Higidura mota hau aztertzea pentsatuta neukan halako kanoi moduko bat diseinatzea eta honekin benetako jaurtiketak eginez, higiduraren ezaugarriak “sobre el terreno” ikasleekin frogatzea. Pentsatu nuen egokitzapen txiki batzuk eginda, posiblea izango nuela ideia hau nire DBH3ko ikasleekin aurrera eramatea. Eta halaxe egin nuen.

Printzipioz nire asmoa ondorengo edukiak jorratzea zen:

  • Trigonometriaren oinarriak: arrazoi trigonometrikoen esanahia eta hauen aplikagarritasuna
  • Higikari baten higidura uniformea eta uniformeki azeleratua
  • Aurreko bien konposaketatik sortzen den higidura paraboliko berria

Gero, proiektuak aurrera egin zuen heinean jabetu nintzen uste baino eduki eta helburu curricular gehiago landu genituela: Tales-en teorema, triangeluen antzekotasuna, bigarren mailako ekuazioak, bigarren mailako funtzioen irudikapen grafikoa… Eta hori sekuentzia oso oso bideratuta zegoela aurretik. Izan ere, geroago konturatu naiz (hau ere ikaskuntza bat izan da niretzako) ikasleak motibatuta ditugunean gela barruan eta planteatzen zaizkien erronkak irekiagoak direnean, ikasleak berak eskuratzen dituela, modu autonomo eta informalean, aurretik zehaztu gabe zeuden ezagutza berriak. Gai hau, dena den, beste baterako utziko dugu.

Ikasleei zehaztu nien erronka, modu laburrean, hauxe izan zen:

Erregai gaseosoa erabiltzen duen kanoi bat eraiki eta honekin tenis pilota bat saskibaloiko kanasta baten uztaitik igarotzea

Jarraian dituzue sekuentzia osatzen duten sei jardueren deskribapen laburra eta hauetatik ateratako hainbat ondorio pertsonal (amaieran daukazue sekuentzia osoa pdf formatuan):

1. JARDUERA: Jaurtigailuaren tutua eraiki”

Kanoiaren eraikuntza bi zatitan banatu nuen. Ikasleek, lehenik, tutua eraiki behar izan zuten eta jarraian, tutua modu egokian eusteko oinarri bat. Aztertu nituen kanoi eredu posible guztien artean, jaurtiketa mekanismoa gasen errekuntzan oinarritutakoa (eztanda kanoia) egokiena izan zitekeela pentsatu nuen. Izan ere, kanoi  mota hori eraikitzeko behar genuen materiala nahiko merkea zen eta lortzea gauza erraza. Gainera tutuaren eraikuntzak ez zuen konplikazio gehiegirik suposatzen.

Erabili genuen materiala azpiko irudian daukazue:

Muntatze prozesua oso sinplea zen. Interneten horrelako kanoiak muntatzeko jarraibideak ematen dituzten web orri ugari aurki ditzakezue. Nik azpiko bideoa eman nien ikasleei prozesua zein zen uler zezaten:

BALORAZIO PERTSONALA:

Eztanda bitarteko kanoia ez da egokiena horrelako saiakuntza baterako. Izan ere:

  • Erabilitako erregairen bolumena zehaztasun handiz neurtuta ere, eztanda bakoitzarekin lortzen ziren helmenak oso desberdinak ziren saiakera bakoitzean. Jaurtiketa guztien potentzia uniformeagoa ematen duen mekanismo batean pentsatu beharko dut hurrengorako.
  • Gasen errekuntzari behin trankiloa hartuta, eztanda bortitzak lortzen ziren kasu gehienetan. Horrela, zazpi edo zortzi bat jaurtiketen ondoren, eztanda kamera puskatu egiten zen eta kanoi berria eraiki behar izan genuen. Ez dakizue zenbat Pringles patata pote jan zituzten nire ikasleek saikauntza hau aurrera ateratzeko!! 😉

2. JARDUERA: Jaurtigailuaren oinarria diseinatu eta eraiki

Bigarren jarduera honetan ikasleei kanoiaren oinarria diseinatzea eskatu nien lehendabizi. Diseinua librea zen baina euskarriak baldintza batzuk bete behar zituen:

  • Tutua erabat horizontala izatetik, lur-gainazalarekiko elkarzuta izatera pasatzeko aukera eman behar zuen (tutuaren inklinazioa 0º-tik 90º-ra izan behar zuen)
  • Euskarriak sendotasun nahikoa izan behar zuen eztanda bakoitzean gertatutako atzerakada indarra saihesteko.
  • Kanoia ezin zen zulatu.

Oinarriaren diseinua modu kooperatiboan erabakitzea nahi nuen, taldeko kide guztien partaidetza beharrezkoa izatea nahi nuen. 1-2-4 bezalako egitura kooperatiboa oso egokia ikusten nuen horretarako. Bakoitzak etxetik oinarriaren diseinu propio bat eginda ekartzea eskatu nien ikasleei. Jarraian bikoteka jarri behar ziren eta, elkarri norberak bere diseinua aurkeztu ondoren, bien artean adostutako diseinu berri batera heldu behar ziren. Amaitzeko gauza bera errepikatu behar zuten taldeko bi bikoteek, modu honetara talde osorako diseinu bakar bat erabaki arte (prozeduraren xehetasun gehiago daude azpiko pdf dokumentuan). Behin behin betiko diseinua aukeratutakoan, teknologiako gelan guztion artean muntatu beharko lukete.

BALORAZIO PERTSONALA:

Nire lehenengo aldia zen ikasleak egitura kooperatibo baten inguruan lanean ipintzen nituela eta nire ikasleentzako ere lehenengo aldia zen horrelako ariketa baten aurrean jartzen zirela. Beraz, litekeena zen emaitzak ez izatea espero nituenak. Eta halaxe gertatu zen. Ikasleek dena oso azaletik egin zuten, elkarri entzuteko denborarik ere ez zuten hartu. Jasotako proposamenekin kritikoak izatea eskatu nien baina, klaro, nola egin hori inoiz landu ez badute horrelakorik? Aurtengo ikasturte arte ohituta zeuden moduan, batek botatzen zuen ideia bat eta horixe zen aurrera ateratzen zena, inongo hausnarketa edo planifikazio minimorik gabe. Eta noski, planifikazio minimorik gabeko proiektuek gauzatze fasean porrot egiteko boleto asko izaten dituzte.

Bidegabekoa izango litzateke porrota ikasleei atxikitzea. Akatsa egitura kooperatiboa planteatzeko mdouan egon zen, errua nirea izan zen. Helduok ez gara gai horrelako dinamikak aurrera ateratzeko, nola demontre izango dira gai ikasleak inongo jarraibiderik eta laguntzarik gabe? Nola ba!

  • Ikasturte hasiera hartan (zorionez, orain desberdina da) ikasleak ez ziren euren aurre-ezagutzak baloratu eta hauek asetzeko prozedurak definitu eta abian jartzeko gai.  Irakasleok hainbestetan aipatzen dugun autorregulazio hori oraindik kimera bat da DBHko ikasle askorengan. Nire ustez DBH3ko ikasle bat gai izan beharko litzateke metakognizio saiakera autonomo bat egin ahal izateko. Baina egun eskolak funtzionatzen duen moduan hau oraindik kimera bat da. Hurrengo proiektuetan prozesu hau menperatzen joateko ariketa eta teknika desberdinak probatu ditut eta gauzak askoz ere hobeto joan dira. Dena den, diseinatutako bi euskarriak nahiko kaxkarrak izan baziren ere uste dut ikasleek hemendik ondorio positiboak ateratzeko gai izan zirela. Ikasleak eurak jabetu ziren zeinen garrantzitsua den fase honetan denbora hartzea eta gauzak ondo analizatu eta ebaluatzea. Uste dut gai izan zirela egindakoaz ondorio positiboak ateratzeko. Ez al da hori, azken finean, ikastea?
  • 1-2-4 teknika oso interesgarria iruditzen zait erabakiak taldean hartzeko. Baina ikasleei oso garbi adierazi behar zaie nola eraman aurrera eta zeintzuk diren teknika horren helburuak. Eta nik ez nuen hori egin. Geroago izan da, Ibon Burgoaren sarrera interesgarri hau irakurri nuenean, konturatu naizenean horrelako egitura kooperatibo batean entzute aktiboa, analisi kritikoa eta feedback-a klabeak direla teknikak aurretik espero diren emaitzak emateko. Eta hori helduok oraidnik ez bagar gai egiteko, nola demontre egingo dute ikasleek bakarrik inongo laguntza eta gidaritzarik gabe? Hurrengo baterako Ibonek berak proposatzen duen taula hau erabiltzea erabaki dut. Hurrengo batean ikasleei aurretik azalduko dizkiet helburuak eta taulatxo horren laguntzarekin, espero dut 1-2-4 teknikari ahalik eta zuku gehien ateratzen. Hortxe aurten atera dudan beste ikaskuntza berri bat.

3. JARDUERA: Jaurtigai eta erregai egokiak aukeratu

Azken jarduera honekin bukatzen genuen eekuentziaren lehen fasea. Amaitzeko jaurtiketan erabiliko genuen gas nahasketa egokia aukeratzea zuten helburu ikasleek. Proba/errorea metodoa jarraituz, kostata baina azkenean eman genuen nahasketa egokiarekin (nahasketa baino gehiago, likidoa gas bihurtzeko beharrezkoa zen denbora tartearekin).

Hiru jarduera hauen laburpen moduan azpian ipintzen dizuet ikasleek buruturiko lanaren bideo txikia. Amaieran daukazue atazaren definizioan datorren erronakren gauzatzea. Ez genuen erronka gainditu baina oso gertu geratu ginen!!

Puntu honetara helduta, pentsatu nuen egindakoaz hausnarketa egiteko unea zela. kontutan hartuta hiru jarduera hauetan talde-lanak garrantzia berezia zuela, norberak taldean hartutako rol eta arduren inguruan koebaluazio eta autoebaluazio ariketa bi garatzea erabaki nuen. Alde batetik, talde dinamikan norberak hartutako protagonismoaren inguruan ahusnartzea nahi nuen. Eta bestetik bakoitzaren balorazio pertsonala taldekideek zuten iritziarekin parekatu nahi nuen. Lehena burutzeko checklist bat prestatu nuen eta bigarrenerako rubrika edo balorazio matrize bat. Azpian dituzue biak:

Jaitsi rubrika (PDF) – Jaitsi checklista (PDF)

BALORAZIO PERTSONALA:

Oso esperientzia polita izan zen eta irakasle bezala oso emankorra. Nik neuk, behaketa bitartez, ikusitako gauza asko islatzen ziren ikasleek betetako tauletan. Beldur izaten gara askotan ikasleek euren lanari buruz egiten duten balorazioaz, bai pertsonala baita gurutzatua ere. Baina nire kasuan esan beharra daukat ikasleek heldutasun maila altuarekin egin zituztela euren balorazioak, bai pertsonalak baita beraien taldekideenak ere. Horrelako baliabideak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit goian aipatu dugun autoregulazio prozesuetan ikasleei laguntzeko.

Agian hobekuntza txiki bezala, gauza bi:

  • Hurrengo baterako dokumentu biak sinplifikatzea egokia izan daiteke. Gauza gehiegi jasotzen dira bi tauletan eta uste dut sinpleagoa bihurtuta, arinagoa egingo zaiela ikasleei eta, era berean, checklista batez ere, behin baino gehiagotan erabiltzeko aukera izango dut.
  • Taulak berandu prestatu nituen eta ez nien ikasleei aukerarik eman lanean hasi baino lehen zer ebaluatuko zitzaien jakiteko. Hurrengo baterako, sekuentziarekin hasi bezain pronto banatuko diet taula biak.

4. JARDUERA: Triangeluen antzekotasuna: distantziak zeharka neurtzeko teknika interesgarria

Behin kanoia martxan genuela honekin hainbat magnitude neurtu behar izan genituen, hauekin beharrezkoak ziren hainbat datu eratorrien kalkulua egin ahal izateko. Azken hauetako lehenengoa pilotak kanoitik irteterakoan zuen abiadura zen. Datu hau kalkulatu ahal izateko beharrezkoa zen aurretik pilotak lortzen zuen altuera maximoa neurtzea. Nola neurtu ordea ahalik eta zehaztasun gehienarekin balio hori kanoiak pilota hain altu botata?

Hortxe agertzen zen triangeluen antzekotasunaren kontzeptua eta triangelu zuzenen arrazoi trigonometrikoak. Garai batean, DBHko 2. zikloko matematikako irakasle nintzenean, hilabete luzea joaten zitzaidan kontzeptu hauek lantzen gela barruan “ohiko metodologiarekin”. Beti pentsatu izan dut oinarrizko kontzeptuak ulertzea eta behar bezala aplikatzea gauza sinpleagoa eta errazagoa dela. Horrela, jarduera honetarako zehaztutako helburuak bost ariketaz osatutako ariketa kate batekin lortzeko erronka jarri nion nire buruari.

Ariketa hauek ikasle bakoitzak bakarka burutu zituen. Emandako jarraibideak irakurri ondoren, ikasleak bere kabuz egin behar zuen aurrera, printzipioz irakaslearen azalpen gehigarririk gabe. Ariketa bakoitzak printzipio edo propietate matematiko batera eramaten zuen. Prozesua amaitutakoan deduzitutako ondorio hori behar bezala ulertzea eta idatziz azaltzea ezinbesteko baldintza zen ariketa sekuentzian aurrera egin ahal izateko. Ikasle batek barneratu beharreko kontzeptuarekin jotzen zuenean, kolorezko kartulina zati bat jasotzen zuen nik idatzitako propietate matematikoaren definizio zehatzarekin. Horrela, jarduera honetako ariketa zerrendak Trivial jokoaren ukitua hartzen zuen. Helburua kolorezko kartulinak lortzea zen; kartulina bakoitzak hurrengoa lortzeko aukera ematen zuen. Katearen azkeneko kartulinan jasotzen ziren hiru arrazoi trigonometrikoen definizioak. Esan beharrik ez dago guztiak heldu zirela azken kartulinara, batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago baina bederatziak izan ziren gai arrazoi trigonometrikoen definizioak euren eskuz idazteko.

Azpian daukazue ikasleei proposatutako ariketa katea eta hauen erantzunak jasotzen dituzten dokumentu biak:

Jaitsi Ariketa Katea (PDF) – Jaitsi Ondorioak (PDF)

BALORAZIO PERTSONALA:

Sekula probatu gabe nengoen ariketak egiteko modu hau eta esan beharra daukat oso esperientzia polita izan zela. Ikasturte hasiera zen eta oraindik askoren buruan zegoen matematikako ariketak egiteko zeuzkaten ohiko zailtasunak. Batzuk ez zuten oso garbi ikusten nola zitekeen irakasleak inongo azalpenik eman gabe horrelako ariketa batzuk planteatzea. Horrela, batzuk halako blokeo mentala izan zuten ariketekin hasi ginenean. Beste batzuk berriz motibazio puntu estra batekin heldu zioten ariketei; kolorezko kartulinatxoak irabaztea halako erronka berezi ukitua ematen zion ariketa hauek egiteari.

Hasierako azalpenik ez ematea ez du esan nahi ikasleak gidatzen ez nituenik. Zalantza edo blokeo baten ondoren laguntza eske etortzen ziren eta noski nik halako pista edo gomendioak ematen nizkien aurrera egin zezaten. Ariketak egiteko modu honekin, adibidez, konturatu nintzen nortzuk zuten autonomia nahikoa euren arazoei bakarrik aurre egiteko eta nortzuk, zailtasun txikienaren aurrean, gehiegi sakondu gabe, etortzen ziren niregana “ondo ari ote ziren” galdetzea.

Esan dudan moduan, IKASLE GUZTIAK heldu ziren hiru arrazoi trigonometrikoen definizioak euren hitzekin adieraztea. Bakoitzak bere modura egin zuen, bakoitzak bere hitzak erabili zituen baina guztiak heldu ziren jardueran zehaztuta zeukaten helburuetara.

Fitxak eta kartulinak eskuan zituztela, froga idatzi txiki bat ipintzea pentsatu nuen, ohiko kontrol moduan, helburuen barneratze maila modu kuantitatiboan neurtzeko. Baina azkenean atzera egin nuen. Orduan (azaro ingurua zen oraindik) ikastea azterketak gainditzea zela burutik kendu nahian nenbilen. Ikasle batzuk oso barneratuta zeukaten ideia hau; azterketetan gaizki ibiltzea ezer ez zekitela adierazi nahi zuela ulertzen zuten batzuk. Horren kontra egin behar izan nuen denbora luzez eta pentsatu nuen, une honetan froga idatzi bat egitea, hainbeste kostatzen ari zitzaidan mentalitate aldaketa horretarako kaltegarria izan zitekeela. Nahiago izan nuen jardueraren alderdi positiboarekin geratu, alegia, ikasle guztiek ikasi zituztela hiru arrazoi trigonometrikoen esanahia.

5. JARDUERA: Jaurtigaiaren irtete abiadura kalkulatu

Jarduera honetan aurrekoan ikasitakoa aplikatu behar izan zuten, izan ere, pilotak lortzen zuen altuera kalkulatzeko erabili behar zuten arrazoi trigonometrikoa zein zen beraiek erabaki behar izan zuten. Pilotak lortzen zuen altuera zeharka kalkulatu behar zuten, kanoitik distantzia zehatz batera jarriz eta pilotak, altuera maximoa lortzen zuenean, begi-lerroak horizontalarekin osatzen zuen angelua neurtuz.

Angelua neurtzeko XClinometer izeneko Androiderako aplikazioa erabiltzea proposatu nien ikasleei. Ordurako batek Android bat bazuen eta nirearekin bi egiten genuen, talde bakoitzerako bana. Mugikorra doitu ondoren, proba batzuk egin genituen lehendabizi angelua ondo neurtzeko oinarrizko trebakuntza minimo bat lortu arte.

Angelua neurtuta eta kanoirainoko distantzia ezagututa, angeluaren tangenteak eman zigun altuera maximoaren balioa. Bi taldeek arazorik gabe lortu zituzten balio biak.

Bukatzeko, eta datu hori erabiliz, higidura bertikaletarako zinematikako oinarrizko erlazio matematikoak erabiliz, pilota kanoitik irteterakoan zuen abiadura kalkulatu ahal izan zuten. Kalkulu hauetan laguntzearren, ondorengo txostena banatu nien:

Jaitsi txostena (PDF)

BALORAZIO PERTSONALA:

Jarduerak ez zuen misterio handirik izan. Mugikorra erabiltzea pilotaren altuera deduzitzeko puntazo bat izan zen eta uste dut, ikasleak jarduerarekin engantxatuta edukitzeko puntu garrantzitsu bat izan zela. Arazoa ez zen hainbeste gailua izan, arazoa beste leku batetik zetorren. Kanoi batek pilota sekulako indarrarekin jaurtitzen zuen. Horrela altuera horietarako inklinazio angelua hain handia zen ze gradu bat gora, gradu bat behera, ondorioa metro kopuruan oso handia zen. Talde bat konkretuki hemen ataskatu zen, izan ere, lortu zuten hasierako abiadurarentzat kanoia ikastolako patiotik kanpo jarri beharra zeukaten pilota kanastaren uztaitik pasatzea nahi bazuten.

6. JARDUERA: Kanoiaren irismen maximoa kalkulatu

Hemen amaitu zen guztia. Ez zen nire asmoa DBH3ko ikasleekin tiro parabolikoaren oinarriak lantzea. Bai ordea jabetzea higidura honentzat zehaztutako erlazio matematikoak erabiliz, gai izan gintezkeela benetan gertatuko zena aurretik jakiteko (uste dut fisikaren enfoke hau oso garrantzitsua dela ikasleekin lantzea). Horrela tiro parabolikoaren irismen maximoa kalkulatzeko erlazio matematikoa zuzenean eman nien. Formularen itxurarekin bakarrik beldurtu nituen. Baina gero, jabetu zirenean ekuazioko parametro bakoitza dagoeneko kalkulatuta eta neurtuta genuela, ekuazioak hartu zuen itxura berriarekin lasaitu egin ziren.

Bigarren mailako ekuazio bat lortu zuten, gure mailan oraindik jorratu gabe genuena. Dagoeneko proiektua luze zihoan et batzuk amaitzeko gogoz zeuden. Beraz, Wolfram Alpha (matematikako irakasleok daukagun “navaja suiza” bikaina) erabiltzea erabaki nuen. Lortutako ekuazioa “solve” parametroaren jarraian idatzi genuen eta Wolfram Alphak bi soluzio bueltatu zizkigun. Soluzioekin batera, funtzio koadratikoaren irudikapen grafikoa ere jaso genuen. Bertan zetozen gainera bi soluzioak markatuta. Irudia ikusita berehala jabetu ziren distantzia laburrena diskriminatu beharra zegoela. Horrela, azken jaurtiketa, definitiboa, balio zuena kanoia kanastatik 26,5 metrotara egin behar genuela jakin genuen, ia ia saskibaloiko zelaiaren mutur batetik bestera.

Distantzia ikusita ikasle gehienek ezinezkoa ikusten zuten pilota uztaitik igarotzea. Eta egia esan gauza konplikatua zen, ez bakarrik distantziaren balioan egon zitekeen errorearengatik, baizik eta beste faktore batzuk ere eragin zuzena konturatu zirenean zutelako azken helburuaren lorpenean.

Jaurtiketa egin genuen eta huts egin genuen. Baina ikasleak erabat harrituta geratu ziren konturatu zirenean zeinen gertu ibili ginen. Kanoia uztairantz hobe zuzenduta jarri izango bagenu (albo batean erori zen) hortxe hortzx ibiliko ginateke.

BALORAZIO PERTSONALA:

Irakasleok eguneroko lanerako kalkulagailua edota kalkulu orriak erabiltzen ditugun bezala, uste dut hainbat egoeretarako oso baliagarria izan daitekeela Wolfram Alpha bezalako web aplikazioa. Gure kasuan genuen arazo bati (denbora) irtenbide azkarra emateko baliagarria izan zen eta nahiz eta bigarren mailako ekuazioak ebazteko ohiko algoritmoa ez erakutsi nire ikasleei, uste dut grafikoaren interpretazioa egitea bakarrik, zerbait positiboa bezala kontsideratu behar dudala.

Artikulu luze honekin amaitzeko bakarrik esan metodologia berri hauen inguruan ikasi dudana eginez egin dudala. Alegia, marko teoriko soiletik praktikara pasa naizenean joan naizela ikasten. Eta sekuentzia honek asko lagundu dit zein hobekuntza ezarri behar dizkiodan nire praktikari hurrengo proiektuetan. Urteak daramat nire inguruan entzuten aldaketarekin hasi baino lehen ondo lotuta eraman behar ditugula ideia eta jarduera guztiak gelara. Eta hori ezer egiten ez hasteko aitzakia bat besterik ez da, izan ere, planteamendu hori erabat utopikoa da. Gauzak lotuta nahi baditugu praktikatzen hasi beharra daukagu eta esperientzia horrek emango digu gero taldearen eta testuinguruaren ezaugarri propioetara gure praktika moldatzeko behar dugun abilezia.

Sekuentzia osoa azpiko botoian sakatuz jaitsi ahal izango duzue:

Jaitsi sekuentzia didaktiko osoa (PDF)

Gaur Julen ezagutu dut

Gaurkoa azalpen eguna izan da Bertigardenekoentzat. LH 3. eta 4. mailako ikasleak etorri dira gure azken proiektua bisitatzera eta nire ikasleen zeregina izan da orain arte egindakoaren berri ematea, nola hasi ginen, nola egin dugun aurrera eta nola amaitu dugun guztiarekin, tartean izandako arazotxoak nola konpondu ditugun adieraziz ere. Bost talde pasa dira bi ordutan, Julen bigarrenean etorri da.

Nire ikasleak hortxe ibili dira baratzaren egitura nolakoa den esplikatzen, zer dela eta aukeratu ditugun letxuga eta marrubiak, nola funtzionatzen duten eguzki-plakak eta ur-ponpak… Haur guztiek jarraitu dituzte arretaz emandako azalpenak. Baina bigarren taldeko ikasleak (LH 3koak) besteak baina hiztunxeagoak azaldu dira, gauza gehiago galdetu dituzte. Euren bi andereñoek ere lagundu dute, galderak eginez eta gelan landu dituzten hainbat gauza gogoratuz. Energia elektrikoaren sistema azaltzen ari ginela, ni ere galdera bat egitea animatu naiz:

– Eguzki-plakak zuzenean eguzki energia energia elektrikoan bihurtzen badu eta ondorioz, ur-ponpa martxan jar badezake, zergatik pentsatzen duzue jarri dugula bien artean pila bat? – tira, galdera gehiegi pentsatu gabe bota dut, pentsatuz gehiengo batek jakingo zuela erantzuna. Baina gehienak pentsakor geratu dira, nonbait ez zeukaten oso garbi pilaren funtzioa zein ote zen.

Hiru ikaslek altxatu dute behatza euren iritzia emateko. Lehenengo biak aurre-aurrean zeuden eta arretaz ari ziren azalpenak jarraitzen baina ez dute asmatu erantzunarekin. Hirugarrena Julen izan da, taldearen atzealdean zegoen, ia ezkutuan, azalpenak urrutixeagotik jarraitzen ari zela zirudien. Erantzuteko txanda eman diodanean, bi andereñoak horretaz jabetu dira eta isiltasuna eskatu die beste ikasle guztiei. Horrekin ulertu nahi izan dut dut Julen ez dela askotan animatzen dena bere iritzia ematea. Konturatu naiz Julenentzat une garrantzitsua izan zitekeela eta denok jarri gara berari entzuten.

Andereñoei kasu eginez, guztiok isildu gara eta Julen bere iritzia ematen hasi da. Urduri zegoen, hitz-totelka hasi da, kostatu zaio esan nahi zuena adieraztea. Baina azkenean egin du, baita ondo egin ere!!

– Gauan, eguzkirik ez dagoenean, motorrak funtzionatu ahal izateko da beharrezkoa pila – esan du Julenek. – Gauetan bakarrik? – galdetu diot, Julenen unea zela jabetuta. – Edo zerua lainoz estalita dagoenean – erantzun du berak. – Ba bai Julen, halaxe da, bete-betean asmatu duzu erantzunarekin. Zorionak! – esan diot, andereñoen arteko txutxumutxuek eta harridura aurpegiek Julenek gaur egindakoa oso arrunta ez zela aditzera ematen zidatelarik.

Hortik aurrera nik jarraitu dut azalpenarekin. Julen aurrera etorri da, ez da atzean geratu. Gertutik ikusi eta ezagutu nahi zuen egindako guztia, ez zuen detailerik galdu nahi. Hasierako lotsa galduta, zituen zalantza guztiak botatzen hasi da. – Zertarako da hodi hori hori? – galdetu dit. Esplikatu diet bere funtzioa ura berriro depositura eramatea dela. Ura gorantz ur-ponparekin bultzatzen dugula esplikatu diet ere eta ur depositutik atera dut ponpa eurek ikusteko. Julen segituan gerturatu da ur-ponpa nolakoa zen ikustea. Birak ematen dituen motor bati lotutako helize sistema bat dela esan diet. – Eta helizeak nola daude horrela edo horrela? – galdetu dit Julenek bere bi behatzak gurutzean ipintzen zituela, hasieran etzanda eta gero zuzen. – Horizontalean daude Julen – erantzun diot zuzenean.

Ez nuen Julen ezagutzen baina gurekin egon den hamabost minututan mutiko argia eta azkarra dela iruditu zait. Bere begi txiki eta ilunekin ez du detailerik galdu (ezta atzealdean zegoenean ere), guztia ezagutu nahi izan du eta guztia ondo ulertu duela iruditu zait. Jakin-min eta kuriositate handiko zortzi urteko haur azkarra iruditu zait, nirekin egon den hamabost minutu horietan.

Eta halaxe berretsi didate bi andereñoek saioa amaitu dugunean. Baina…, aiii “baina” horiek! Julenek arazotxo batzuk ere baditu (nork ez, ezta?). Irakasleoi hainbeste gustatzen zaigun ikasle “estandar”aren profiletik kanpo geratzen da. Beste askori gertatzen zaien moduan, ez da gelan ixil-ixilik, geldi-geldi, mueble baten moduan egotera ohitzen; bere ikasteko modua ikastolak eskatzen dionarekiko oso desberdina da; hainbat gaietan oso azkarra da baina aspertu egiten da eta ondorioz beste gauza batzuetan pasatzen du denbora. Tira, bere adineko beste haur askok bezala, beste mota bateko eskola eskatzen duen haur bat da. Halere, bi andereñoek esan didate asko hobetu duela azkenaldian eta gaurko esperientziak horretan ere asko lagunduko diola.

Baina ni ukituta igo naiz gure bulegora. Goiza pasatu dut Julen burutik kendu ezinik. Ziur nago hemendik aurrera izango dituen maisu eta andereñoek, orain artekoek bezala, buru-belarri jardungo direla Juleni laguntzen. Badakit batzuk dagoeneko ari direla “iraultza” txiki bat prestatzen adimen anitzak kontutan hartzen dituzten sekuentziak diseinatzen, gelako aniztasunari erantzun bat eman nahian, ikasle guztien ikasteko modu desberdinak aintzat hartuz. Badakit ere ikastolak dituen baliabide eskasak bere esku ipintzen ahaleginduko dela hobekuntza prozesuan aurrerantz egin dezan. Dudarik ez daukat guztiok bustiko garela dituen arazotxo horiek konpon ditzan. Baina beldur naiz, Julenek aurretik duen eskola ibilbide luzean, berriro protagonista izateko aukerarik izango ez ote duen, bere buruaz harro egoteko aukerarik berriro biziko ote duen. Beste modu batera esanda, horrelako ikasleei erantzuteko egun ipintzen diegun neurri zuzentzaileekin, ez ote diren geroz eta ezkutuagoan geratuko orain agerian dituen gaitasunak. Irakasleok gauzak “ondo” egitea zer ulertzen dugun ikusita, kezkak ditut ez ote den eskola bera izango Julenek (eta Julen bezalako beste haur askorekin) dituen gaitasunekin poliki-poliki bukatuko duena.

Aniztasunaz hitz egiten dugunean oraindik askok pentsatzen dute heterogenotasuna homogeneizatzea dela helburua, ikasleek dituzten izkinak leundu eta forma ematen joatea, guztiak itxura bereko harri bitxi bikainak bihurtu arte. Baina ez gara jabetzen harri bitxi horietako bakoitzak bere dirdira eta kolore propioak dituela, eta guztiei eskaini behar diegula dir-dir egiteko aukera berdinak. Askotan pentsatzen dut, irakasleok leuntze eta uniformatze prozesu horretan, ikasle askok berezkoa duten dirdira horrekin ez ote dugun akabatzen. Uste dut gauza hauek birplanteatu beharko genituzkeela benetan eskola inklusibo bat izatea baldin bada gure helburua.

Julen gaur zu ezagutzeko aukera izan dut. Oraindik zazpi-zortzi urte geratzen zaizkit zure irakaslea izateko baina ez zait gaurkoa inoiz ahaztuko. Elkarrekin egoteko unea heltzen denean denon aurrean kontatuko dut gaur guztioi erakutsi diguzuna.

Gutun irekia nire batxilergoko fisikako ikasleei

Datorren urtean fisikan izango zaituztedan ikasle agurgarriok

Aurtengo hainbat klaseetan entzun didazuen moduan, badakizue ez nagoela oso gustura nire klaseak antolatzen ditudan moduarekin ezta hauei ateratzen diegun etekinarekin, ez zuek, ezta nik ere. Askotan azaldu naiz kritiko zuen aurrean, kexu eta etsipen puntu batekin, egiten dudan lanaren baliagarritasuna baloratzerakoan. Ez da aurtengo kontua, ez da zuekin zuzenean erlazionatutako zerbait. Azken sei urte hauetan kontu berdinarekin joan natzaie aurretik pasa diren promozio guztiei, zuek baino zaharragoak diren ikasle-ohiei galdetzea besterik ez duzue.

Pentsa zenezakete sei urte hauek besoak gurutzatuta ezer egin gabe pasa ditudala, ezer aldatzen ez duen jarrera ezkor batean murgilduta denbora guztian. Ez da erabat egia. Duela bost urte gauzak aldatzeko ahalegina egin nuen. Denbora asko kendu zidan lan bat izan zen eta emaitzak ez ziren izan espero nituenak. Espero nituen hobekuntzak teknologiaren eskutik etorriko zirela sinesten nuen orduan. Baina oker nenbilen. Gaur badakit funtzionatzen ez duen eredu didaktiko batean, teknologiak eredu hori oraindik okerragoa bihurtzen duela, mesede baino gehiago kalte egiten duela. Ez da hori ikasi nuen gauza bakarra. Irakasle bakar batek aurrera eramandako berrikuntzak anekdota hutsean geratzen direla ere konturatu nintzen, hauetako asko zuentzat oztopo bihurtzen dira eta beste batzuk balio gehiegirik gabeko anekdota batean.

Hiru urte pasa dira froga hura alde batera utzi nuenetik eta hemen nator berriro ere aldaketa proposamen batekin. Orduan izandako erroreetatik ikastea espero dut eta gauzak beste modu batera egitea. Bai badakit oraingoan ere bidea bakarrik egitera noala eta ez dela hori zuzenena asmoak egi bihurtzeko. Egokiagoa litzateke proposamen hau etapa bezala edo, hobe oraindik, zentro bezala aurrera ateratako estrategia berritzaile baten testuinguruan kokatuta egongo balitz baina hori ez da posiblea orain eta, gauzak erabat aldatzen ez badira, ez dut uste posible izango denik datozen urteetan ere.

Beraz, urtero kexatzen jarraitzea baino gauza berriak frogatzea nahiago dudala erabaki dut, nahiz eta aurretik jakin bidea koskaz beteta egongo dela. Proposamen zehatza aurrerago bidaliko badizuet ere, gutun honetan aldaketaren zergatia azaldu nahi dizuet ez baitut nahi pentsatzea hau guztia beroaldi baten ondorioa izan dela. Hementxe azpian uzten dizkizuet nire argumentuak:

  • Legeak, curriculum berriak… baita gizarteak ere, enfoke metodologikoa aldatu behar dugula agintzen badigute ere, oso urruti gaude oraindik errealitate horretatik. Nik ezagutzen dudan Bigarren Hezkuntzako errealitatea, behintzat, oso urruti dago oraindik egoera horretatik. Legeak agindu eta gizarteak eskatzen duen ikaskuntza eredu berri bat jasotzea ezin da borondate kontua izan. Uste dut, gaurkotutako ikaskuntza eredu bat jasotzeko eskubide guztia daukazuela eta ikastolak ahalegin bat egin beharko lukeela horretarako. Proposamen zehatz eta egituratu baten zain zaudeten bitartean (etapa eta ikastola osoa inplikatuko duena), nik koherentea izan nahi dut aurrean esandakoarekin eta bide berriak urratzen hasi nahi ditut, zuen beharrei hobeto erantzuteko, aurretik jakinda ere, bakarkako ekimen hauek konplikatuak izaten direla aurrera ateratzea, beste irakasle guztiekin elkarlanean ez bada.
  • Hautaprobek inoiz zentzurik izan badute, egun froga honen izaera eta helburuak erabat desbirtualizatuta daude. Eta fisikako gaiarekin gertatzen ari dena “sinsentido” horren puntako adibidea da. Ez dakit nahita edo nahi gabe bilatutako zerbait ote den baina azken urteotan gertatzen ari diren aldaketek bidea ireki diote gaia beste modu batera jorratzeko aukerari. Orain ezin dizuet selektibitatea ipini nire klaseko jarduna ez berritzeko arrazoi nagusi bezala.
  • Beti esan dut “bizitzarako ondo prestatu” nahi izan zaituztedala, baina gero nire benetako helburua “unibertsitaterako ondo prestatuta” bidaltzea izan da. Eta argumentu horrekin, gela barruan egin dudan gauza bakarra txapa sartu, ariketak zuzendu eta azterketak ipintzea izan da. Banekien horrek bizitzarako balio gutxi duela baina gutxienez, unibertsitatean “jasoko” zenutenerako ondo prestatuta joango zinetela. Baina hori ere orain aldatzen ari da. Nire gaia aukeratzen duzuenon (bai, badakit askori nire gaia aukeratzea derrigortzen zaituztegula) gehiengo batek gradu teknikoetatik egiten duzue aurrera eta hor gauzak aldatzen ari dira. Oraindik orokorra ez bada ere, goi mailako ikasketa tekniko askotan ezartzen hasi dira konpetentzietan oinarritutako metodologia berriak, PBL bezalakoak, adibidez, eta konpetentzien lorpen maila azaltzen dituzten ebaluazio modu berriak. Beraz, unibertsitaterako ondo prestatuta egotea nahi badut, uste dut nire ardura dela egoera berri honetara egokitzen zuei laguntzea. Hori ere ikastea da (oraindik askori zaila egiten bazaizue hori horrela ulertzea) eta ziur nago gainera, ikaskuntza hori bizitzarako hobeto prestatuta egoteko orain arte nigandik jaso duzuena baino askoz ere baliagarriagoa dela.
  • Gure gizartean zientzia eta teknologia alorretan aldakuntzak ziztu bizian gertatzen ari diren bitartean, bokazio zientifikoen gainbehera errealitate bat da. Ez hori bakarrik, kontu hauetaz dakitenek aipatzen dutenaren arabera, ezagutza zientifikoa zuen artean oso kaxkarra omen da, halako “analfabetismo zientifiko” batera heldu garelarik zuen belaunaldietan (egun bizi dugun sasi-zientzien gorakadarekin kointziditzen duena, gainera). Eta horrek asko kezkatzen nau. Jakinda asko direla egoera horren atzean egon daitezkeen arrazoiak, garbi daukat nagusienetako bat ikasgai zientifikoetan irakasleok erabili dugun metodologia akademizista klasikoa izan dela. Tira, ez dago ondo orokortzea, badakit baina Batxilergoko fisikaren lanketan, nik behintzat, ez dizuet aukerarik eman fenomenoen analisi, ebaluazio edota ikerketarako, hipotesien planteamenduetarako, ereduen eraikuntzarako. Uste dut badela nire zeregina zuen eta zientzia eta teknologiaren artean eman den eten hori konpontzea.
  • Azkena harreman eta elkarreragin pertsonalekin erlazionatuta dago. Nire lankide batek askotan aipatzen zuen bezala, “erositako prezioan saltzen zaituztet” ;-). Bi urteko ibilbidea egiten duzue nirekin eta ikastolatik irteten zaretenean, ezer gutxi eskaini dizuedala sentitzen dut. Etorri zineten bezala zoazte aurrera. Aspaldi, edukiz ondo bustita bidaltzen zintuztedala sinesten nuen behintzat. Gaur hori ere ez. Nire ondotik pasatzen zarete baina berdin dio ni edo beste norbait izatea ondoan. Eta horrek ez nau asetzen irakasle bezala eta are gutxiago pertsona bezala. Elkarrekin egin behar dugun ibilbide horretan, zuekiko interakzioa areagotu nahiko nuke, aurretik zinetena baina hobeagoak izaten lagundu nahiko nizueke. Baina hori horrela izateko, elkarrekin egin behar dugun bide hori birplanteatzea ezinbestekoa da. Horregatik proposamen hau.

Inguruan ikusi eta bizitzen dudanak kontrakoa adierazten badit ere, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinisten dut, orain egiten dudana baina onuragarria dena zuentzat baina baita niretzat ere. Eta horixe da datorren ikasturtean zuekin egiaztatu nahi dudana, gaizki iruditzen ez bazaizue. Horixe da hurrengo egunetan egingo duguna, alegia, zuen iritzia jaso eta izan ditzakezuen kezka eta galderei erantzuna eman.

Bitartean, hemen azaldu dizuedanarekin enpatia puntu bat izatea besterik ez dizuet eskatzen. Horrekin bakarrik konformatzen naiz.

Ulertuko didazuelakoan

Jokin

Pentsamendu logikoa

Bideo honek gogora ekarri dit semearen txikitako anekdota bat. Olentzero egunean lehenengo aldiz lagunekin kantatzen atera ondoren, bildutako dirua nola banatu zuten galdetu genion. Erantzuna erabat “logikoa” izan zen. Eskua txanponen poltsan sartu eta bakoitzak eskukada bat txanpon ateratzen zuen poltsatxotik. Horrela, txandak errespetatuz, banan-bana eskua sartzen joaten ziren poltsako diru guztiarekin amaitu arte. Beraientzat, banaketa modu ekitatiboan gertatzen zen guztion eskukada kopurua berdina zelako.

Handik urtebete edo bira, ez naiz ondo gogoratzen, prozesua aldatzea erabaki zuten. Antza denez, ordurako konturatuta zeuden eskukada batean bildutako txanpon eta billete kopurua ez zela kasu guztietan berdina eta beste modu batera egitea erabaki zuten. Banaketarekin hasi baino lehen, mota berdineko billete eta txanponak multzotan banatu zituzten. Ondoren, korroan ipinita, mota bakoitzeko billete eta txanpona banan-bana banatzen hasi ziren. Horrela, taldean hiru lagun baziren eta bost euroko lau billete banatu behar bazituzten, bakoitzak bana hartzen zuen eta, txandaren arabera, laugarrena izatea tokatzen zitzaionak laugarren billetea hartzen zuen. Gero, orden berarekin jarraituz, bi euroko txanponak banatzen hasten ziren eta txanpona mota guztiekin bukatu arte. Kontzienteak ziren sistema honekin guztiek ez zituztela billete eta txanpon kopuru berdina baina normaltzak hartzen zuten, izan ere, ez zuten ezagutzen lau billete hiruren artean modu hobeagoan banatzeko bestelako metodorik.

Zorionez, Olentzero egunean kantatzera bakarrik ateratzen ziren eta dirua banatu ere, bakarrik egiten zuten. Eskerrak tartean gurasorik ez geundenik bestela ziur nago lehenengo urte hartan jada, diru guztia zenbatu, zatiketa hiruen artean egin eta bakoitzari berea emango geniela, guztiek diru kantitate berdina izateko. Baina umeek ez lukete ulertuko zergatik zeukan berak bi paper zati eskuan bakarrik eta besteak eskuak txanponez beteta. Edo zergatik zituen batek txanpon hori gehiago eta besteak zilar kolorezko gehiago. Ez dakit nire semeak zenbat diru ekarri zuen etxera baina pozten naiz dirua horrela banatu izana. Pozten naiz banaketa ekitatiboa zer den edo ez den beraien kabuz ikasi izana, zerk egiten zuen huts jabetzea eta konponbidea beraien artean erabakitzea.

Helduok (irakasleok barne) ez gara jabetzen batzuetan gure esku-hartzeak horrelako egoeretan umeen ikaskuntza prozesu autonomoari mesede baino kalte egiten diogula. Pentsamendu logikoa, lehen faseetan, eta kritikoa aurrerago, heldutasunerako bidean klabeak direla eta gure jokabide batzuk askotan garapen horretan eragin negatiboak izaten dituztela.

Ikasteko Kooperatu, Kooperatzen Ikasi: ikastola inklusibo baterantz

Bihar hasiko dira Donostian Gipuzkoako Berriztapen Proiektuen XI. Jardunaldiak eta gure ikastolak izango du bere lekutxoa bertan. Izan ere, bihar arratsaldez izango diren tailerretan nire ikasleek aurten burutu dituzten egitura kooperatiboen eta, orohar, egin duten talde-lanaren inguruan beraien iritzia emateko aukera izango dute.

Ikasturte honetan nire ikasleak eta ni aurrera eramaten ari garen lana nire ikastolako orientatzailearen jarraipenarekin burutzen ari gara. Bera Ordiziako Berritzeguneak antolatzen duen “IK/KI Ikasteko Kooperatu/Kooperatzen Ikasi” ikastaroan parte hartzen ari da eta han jasotakoarekin “kapote” bat botatzen dit nire zereginetan eta gero nik nire balorazioa egiten diot egin dugunaz. Ikasleekin ere gelan arituta da, Arkatzak Erdira izeneko egitura kooperatiboa erabiliz, garatzen ari garen azken proiektuaren ataletako bat lantzen.

Esan bezala, aurtengo Berriztapen Jardunaldietan ikaskuntza kooperatiboaren inguruan tailer desberdinak antolatuko dira, HH, LH eta DBHrako. Azken hauen amaieran, DBHko ikasleen iritzia ezagutzea interesgarria izan litekeela eta, nire lankideari gure ikasleen irirtzia jasotzea gustatuko litzaiekela esan zioten antolatzaileek. Horrela, berarekin hizt egin ondoren, nire ikasleekin bideo bat grabatuko nuela agindu nion, aurtengo esperientzien inguruan nire ikasleen bizipenak nolakoak izan diren jasoz. Azpian daukazue egindakoaren inguruan nire ikasleek egiten dten balorazioa:

Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak bideoan entzundakoaz. Niri, irakasle bezala konturatu gabe nengoen hainbat gauzetaz hausnartzea eragin didate nire ikasleen komentarioek. Konturatu naiz orain arte normaltasunez hartu izan dudala hainbat ikasleek gela barruko talde dinamiketatik kanpo egotea, ez dudala sensibilitate nahikorik izan taldean baztertuta sentitu direnekiko eta ez dudala neurririk aurrera eraman jarrera baztertzaileei mugak ipintzeko. Eta enpatia falta honek eragin negatibo bikoitza izan du, izan ere, ohiko metodologia tradizionalarekin arazoak dituzten ikasleen integrazioaren aurka egiten du eta gainera, “besteen gainetik” sentitzen diren ikasleen nortasunaren garapenerako kaltegarriak diren jokabideak eragiten ditu.

Zenbat denbora pasatzen dute (urteak kasu askotan) gure ikastolako ikasle askok (laguntza geletara ateratzen ditugun gehienak esango nuke nik) gela barruko dinamiketatik baztertuta, euren iritzia emateko eta sentitzen dutena adierazteko inongo aukerarik gabe, erabat baztertuta. Inklusiboa izan nahi duen gurea bezalako ikastola batek sakon hausnartu beharko luke honi guztiari buruz.