Zer da ikastea? Nola ikasten dugu? Zerk motibatzen gaitu ikastea? Zein izan beharko luke irakaslearen benetako rola gure ikasleen ikaskuntza prozesuan?
Bideoak irauten dituen 50 minutuak ideia sakon eta garrantzitsuez josita daude, zer pentsatua ematen duena. Gure lanbidean dabilen orori gomendatzen diot patxadaz ikustea eta amaieran, bere lanaren inguruan hausnarketarik egin ez duenik oraindik norbait balego, horrek ez du bere lanbidea gehiegi maite.
Hiru egun besterik ez dira pasa Ordiziako azokaren V. mendeurrenaren inguruan egindako infografia argitaratu genuenetik eta benetan pozik gaude guztiok gure lanak izan duen oihartzunarekin.
Han–hemenka jasotako ekarpenei erantzun nahian jatorrizko infografiaren bertsio berri bat prestatu dugu. Bertsio berri hau webguneetan (batez ere blogetan) hobe ikusten da, izan ere, zutabe estu eta luze moduan diseinatuta dago, blogetako artikuluen ohiko formatura askoz hobe egokitzen dena..
Egitura aldaketaz gain, bertsio berri honek izan du, baita ere, murrizketa txiki bat. Izan ere, jatorrizko bertsioaren hondoan agertzen zen Ordiziako Plaza Nagusiaren irudia kendu behar izan dugu, konplikatuegia baitzen modu txukun batean kokatzea antolaketa berrian. Dena dela, aspalditik azokaren zaindari ixila den Plaza nagusiaren irudirik gabe, bertsio luzea jatorrizkoa bezain dotorea geratzen dela pentsatzen dugu 😉
Azpian ipintzen ditugu bertsio bien irudiak baita bereizmen altuko pdf fitxategiak eta jatorrizko svg fitxategiak ere.
Ordiziako Azokaren V. Mendeurrenaren Infografia (jatorrizko bertsioa)
Jaitsi pdf fitxategia (11,9 Mb)
Jaitsi svg fitxategia (19,5 Mb)
Ordiziako Azokaren V. Mendeurrenaren Infografia (bertsio luzea)
1512an herri guztia suntsitu zuen sutearen ondorioz Gaztelako Juana La Loca erreginak herriari “urtean zehar, asteazkenero, merkatu librea, zergarik gabea, egiteko errege baimena” eman zionetik gure azokak makina bat istorio eta gertaera bizi izan ditu. Aurten gure herriak efemeride horren V. mendeurrena ospatzen du eta nire DBH3ko ikasleekin batera, gure ekarpentxoa egitea ausartu gara.
Pasa den azaroan, nire ikasleek ikasturte honetako bigarren proiektua amaitzen ari ziren bitartean, ni dagoeneko hurrengo proiektuari bueltak ematen hasita nengoen. Jasota nituen ideia eta notatxo desberdinen artean infografia bat sortzearena zen aurrera eramateko boleto gehien zituena. Etaparako zehaztutako matematikako hainbat helburu betetzeko tresna baliagarria izan zitekeela uste nuen eta, bide batez, euskara hutsean hain gutxi landu den baliabide bat ekoiztea ikasleentzako zerbait erakargarria izan zitekeela pentsatzen nuen.
Sekuentzia didaktikoa diseinatzen hasteko gauza bakarra falta zitzaidan: burutu beharreko ataza ikasleentzat esanguratsua bihurtzeko, eurentzat gertukoa izan zitekeen testuinguru batekin lotzea. Eta DBHko etapako irakasle bilera batean, Ordiziako azokaren 500. urteurrena zela eta zer egin zitekeen planteatu zenean, orduan konturatu nintzen hura izan zitekeela aurrera egiteko falta zitzaidan puntutxoa. Hortxe neukan, beraz, atazaren definizio zehatza, alde batetik, eta etaparako zehaztutako helburuekiko lotura, bestetik. Hemendik aurrera sekuentzia diseinatzea zen falta zitzaidana. Egia da lan pixka bat suposatzen duela jarduera zerrenda diseinatu eta sekuentziari forma emateak baina, egia esan, ez naiz lanean hasi aurretik jarduera zerrenda erabat definituta eta lotuta utzi behar dela pentsatzen duen horietakoa. Uste dut ardatz nagusiak zehaztea beharrezkoa dela baina, era berean, konbentzituta nago sekuentziak malgutasun minimo bat ere behar duela, dagokion ikasle taldearen ezaugarrietara moldatu ahal izateko eta, bide batez, egunerokoak ekar ditzakeen arazo eta ezustekoei aurre egiteko irtenbideak bilatzeko ere. Gidalerroak zehaztea bai, baina sekuentzia batek emango duena aurretik erabat lotuta uztea eta, beraz, curriculumaren zein alderdi jorratuko diren erabat zehaztuta uztea, ez.
Lanean hasi aurretik ikasleekin elkartu eta pentsatuta neukan proposamena aurkeztu nien. Aurrera egitearen alde azaldu ziren guztiak. Hasi baino lehen gauza bakarra geratzen zitzaigun: infografia burutzeko datu iturriak lortzeko aukerarik izan ba ote genuen kontsultatzea. Horretarako, D’Elikatuz-eko arduraduna den Leire Arandiari bilera baterako hitzordua eskatu genion. Bilerara nire bi ikasle (Livia eta Andreea) eta hiruok joan ginen eta bertan Leireri eta udaletxeko zinegotzi eta teknikari desberdinei gure asmoen berri eman genien. Begi onez ikusi zuten gure proposamena eta laguntza eskaintzeko borondatea azaldu ziguten. Halere, aurretik garbi utzi ziguten ere, tamalez, azokaren inguruan ez zeudela erregistro edo datu gehiegirik baina zeudenak bidaliko zizkigutela. Esan eta egin; handik gutxira eskuartean genituen Leirek bidalitako txosten guztiak.
Horixe zen behar genuen guztia lanean hasteko! Jarraian dituzue burututako jardueren deskribapen orokorra:
1. JARDUERA: Infografiak, zer, zertarako eta nola
Nire ikasle gehienek, hasiera batean, ezer gutxi zekiten infografiei buruz; nik neuk, sarean askotan topatu baditut ere, sakondu gabe neukan gai bat zela onartu beharrean nago. Beraz, proiektuaren gauzatze fasean murgildu aurretik, beharrezkoa zen infografien inguruan genituen aurre-ezagutzak baloratu eta jarraian ezagutza horiek sendotzeko beharrezkoa zen informazioa kontsultatzea.
Webquestetan egiten denaren antzera, aurretik link sorta bat eskaini nien beharrezkoa zuten informazioa bertatik kontsulta zezaten. Binaka ipini ziren lanean eta amaitutakoan, infografien inguruko mapa kontzeptual edo eskema bat ekoiztea eskatu nien. Mapa horrek zera jaso behar zuen:
Zer dira infografiak? Zeintzuk dira euren ezaugarri nagusiak?
Zertarako erabiltzen dira eta zergatik dira baliagarriak? Zein erabilera ematen zaie?
Zein da infografia bat osatzeko jarraitu behar den prozedura? Zein prozesu jarraitzea komeniko litzaiguke itxurazko infografia bat lortzeko?
Azpiko irudi eta bideoan ikusten den moduan, ikasleak oso fin aritu ziren lanean:
Xmind erabili zuen talde bakoitzak bere mapa sortzeko. Amaitutakoan, zehaztutako ezaugarriak bilduko zituen mapa kontzeptual orokor bat sortu genuen, lau taldeek euren mapetan jasota zeukaten ezaugarri guztiak bilduko zituena. Mapa hau hurrengo jarduerak nondik nora joango ziren ulertzeko ere baliagarria izango zen. Mapa hori gelan daukagun pareta zurian jaso genuen eta azpian ikus dezakezue nola geratu zen:
2. JARDUERA: Infografia baten elementu bisualen oinarriak
Infografia bat datu multzoak modu sinple eta erakargarri batean aurkezteko modu bat dela ulertu genuen, beraz, bere diseinua, bere itxura, bere osagai bisualak ondo aztertzea beharrezkoa genuela erabaki genuen. Horrela lau atal konkretuen inguruan sakondu beharko genukeela erabaki genuen: tipografia, koloreak, irudien formatua eta grafiko motak.
Etapa hau bi zatitan burutu genuen: lehenengoa, bilaketa libre batekin hasi zen. Gutako bakoitza bere ordenagailuarekin lau elementu hauen inguruko informazioa bilatzeari ekin genion. Aurkitutako orriak baliagarriak izan zitezkeela egiaztatu ondoren (arretaz irakurri behar zuten aurkitutakoa eta ezinbestekoa zen bertan zetorrena guztiontzat ulergarria izan zitekeela kontutan izatea), Delicious-en gordetzea erabaki genuen.
Web orriak gordetzerakoan bi baldintza zehaztu genituen:
Guztion artean gordetako webguneak besteengandik bereizteko “tt11” etiketa propioa erabiliko genuke.
Bigarren etiketa bat erabiltzea erabaki genuen, jasotako webguneak lau elementu horietatik zeinen ingurukoa zen argitzeko. Bi etiketa hauetaz gain beste edozein erabiltzeko aukera librea genuen.
Etapa honen bigarren zatian, hiru hirukotetan banatu ziren ikasleak. Bakoitzari jorratu beharreko lau ataletako bat esleitu zitzaion. Talde bakoitzak guztion artean Delicious-en gordetako informazioa kontsultatu behar zuen (horregatik bi etiketa erabiltzearena) eta, bertan jasota zegoenarekin, aurkezpen bana prestatu, bata tipografiaren ingurukoa, bestea koloreena eta hirugarrena irudien formatuen ingurukoa. Nik grafiko moten atala prestatu nuen, etaparako zehaztutako matematikako edukiekin lotura gehien gordetzen zuena zelako.
Talde bakoitzak hogeita hamar minutuko tartea izan zuen bere aurkezpenean jasotakoa beste taldekideei aurkezteko.
3. JARDUERA: Infografia bat disekzionatzen
Hirugarren jarduera honetan ikasleak, aurreko bietan ikasitakoa aplikatzeko zenbateraino ziren gai egiaztatzea nahi nuen. Horretarako bakoitzari infografia bana eskaini nien (bakoitzak berea) eta aurretik eskainitako gidoi bati jarraituz, infografia bakoitzaren analisia egitea eskatu nien. Gidoia hementxe azpian ipintzen dizuet:
Irudi artxiboaren formatua, neurria (pixeletan) eta pisua (Kb edo Mb-tan). (Horretarako, infografia behin ireki ondoren, egizu eskuin klika bere gainean eta hautatu “Ikusi irudiaren informazioa” esteka agertuko zaizun menuan.)
Infografian erabilitako kolore paleta (erabili horretarako Colorzillaizeneko Firefox-erako gehigarria):
Kolore kopurua
Bakoitzaren HEX identifikatzailea
Koloreen arteko konbinazioa nolakoa den, zein motatakoak diren konbinatu direnak eta zergatik iruditzen zaizun zuri aukeratu direla kolore horiek.
Kolore konbinazio horren inguruan zure iritzia; gustatu zaizun edo ez eta zergatik.
Tipografia:
Letra mota desberdinak: kopurua eta serif-a duten edo ez
Letra mota bakoitzarekin erabili den nabarmentze mota (baldin badago): lodia, etzana, kolore desberdina erabili, itzaldura, letra tipo desberdinen konbinazioa… edo bestelakorik
Testu paragrafoetan erabili den lerrokatze mota.
Letra mota bakoitzak infografian duen lekua: izenburua, atal desberdinak bereizteko, paragrafoetan datorren testuan erabiltzeko…
Infografian erabilitako letra motak gaiarekin erlaziorik ba ote duen analizatu.
Erabilitako letra moten inguruan zure balorazio pertsonala
Datuak adierazteko ikusten dituzun grafiko desberdinak bereiztu. Zein den bakoitzean adierazten den datu mota.
Iritzi eta balorazio pertsonala: Infografiak eskaintzen duen informazioa argia dela iruditzen zaizu? Ondo transmititzen du informazioa? Ulerkorra da? Zein kalifikazio emango zenioke infografiari?
Aukeratu nituen bederatzi infografietan lantzen ziren gaiak ikasleentzat gertukoak izaten ahalegindu nintzen (uste dut guztiekin ez nuela helburu hau lortu), analisi estetikoaz gain, bertako informazioa eurentzat esanguratsua izan zedin. Hauxe adibide bat:
4. JARDUERA: Datuak lortu, iragazi eta tauletan antolatu
Dagoeneko prest ginen infografia ekoizteko prozesuan murgiltzeko prest. Aurretik amaituta genituen zereginekin eta egiteke genituenekin, zerrenda bat idatzi genuen gure arbel zurian. Pendiente genituenei amaiera data ipintzen ere ahalegindu ginen (beheko argazkian agertzen den lerro horizontalak eguberrietako oporra bitarterako egin beharreko zereginen muga adierazi nahi zuen, adibidez):
Datuen analisi eta antolaketa fase hau, hiru zatitan banatu genuen:
Datu iturriak identifikatu eta eskuratu. Gure kasuan hiru ziren iturri nagusienak: Leirek eskainitako txosten eta informeak, Ordiziako azokak interneten duen webgunea eta, beharren arabera, kalean egindako galdeketa baten ondoren gure kabuz lortutakoak. Beranduago, Goimen elkartetik ere jaso genituen datu zerrenda gehiago (Eskerrik asko, Manex!).
Jarraian esku artean genituen datuak iragaztea tokatzen zen, balio duena ez duenarekiko bereiztu eta aipagarriak izan zitezkeenak azpimarratu, infografian agertzea merezi zutenak, nabarmendu. Analisi fase honen ondoren, datu guztiak hiru multzo handitan banatuta aurkeztea erabaki genuen: ekoizleenak, saldutako produktuenak eta bezeroenak.
Bukatzeko, datuak kalkulu orrietan jaso eta modu antolatuan gordetzea falta zitzaigun. Datuak modu egokian antolatzeko irizpide bi eman nien ikasleei: lerro eta zutabeetan izendegi egokia erabiltzea eta gelaxketako balioak, zenbakizkoak soilik izatea, bestelako hizki edo ikurrik gabe.
Lan gogor eta astuna izan zen, ordu asko eraman zituena eta pisu samar egin zitzaiguna (dena esan beharra dago :). Baina ikasleak, beste behin, fin eta arduratsu aritu ziren lanean, eta azkenean espero genituen datuak baino gehiago jaso genituen. Azpian dituzue lanean, orri eta txostenez inguratuta:
5. JARDUERA: Infografia diseinatu
Behin datuak antolatuta genituela, infografia eraikitzen hasteko unea zen. Prozesu hau lau fasetan banatu genuen:
Alde batetik infografia egiteko erabiliko genuen tresna aukeratu behar genuen. Aukera desberdinak baloratu genituen: Powerpoint (ikasle gehienek etxean dutelako eta erabiltzen ohituta daudelako, ez du ikaskuntza prozesu gehiegirik eskatzen), Inkscape (irudi bektorialekin lan egiteko eta diseinu profesionalak egiteko tresna aparta baina erabiltzeko konplikatua izan daitekeena)… Azkenean, Google Draw erabiltzea erabaki genuen. Tresna bezala oso sinplea da, erraza erabiltzeko eta gainera modu kolaboratiboan lanean aritzeko aukera eskaintzen duena. Alde negatiboan, beste tresna batzuk eskaintzen dituzten aukera asko faltan botatzen dira, hala nola, gidak eta erregelak, kaxen neurria zehazteko aukera, svg-ak inportatzeko aukera… Hala eta guztiz ere, imajinazio pixkarekin arazo guzti horiei berehala eman genien buelta.
Bestetik, tipografia eta erabiliko genituzkeen kolore konbinazioak esleitu beharra genuen. Tipografia aldetik, ez genituen aukera gehiegirik, izan ere, Googel Draw-k letra mota gutxi eskaintzen ditu eta gehienak nahiko tipikoak. Kolore konbinazioei dagokionez, ikasle bakoitzak bere kolore sorta proposatu zuen, batzuk oso originalak gainera. Azkenean, V. mendeurrenerako sortutako logoak zuen kolore konbinazioa oinarri bezala erabiltzea egokiena zela pentsatu genuen: beltza, zuria eta berdea. Hauekin batera, kolore laguntzaile bezala, Ordiziako Azokaren webgunean ere aurki daitekeen marroia aukeratu genuen (bai berdea baita marroia ere, sinbolismoz betetako koloreak direla pentsatu genuen). Color Scheme Designer tresna erabiliz, berde eta marroien kontraste handiko eskala kromatiko biak atera genituen.
Jarraian, ikasleak hirunaka elkartu ziren eta talde bakoitzak ekoizle, produktu eta bezeroen balio tauletatik, grafikoak sortzeko ardura hartu zuen. Aurretik azaldutako irizpideen arabera, lerro-diagramak, sektore-diagramak, barra-diagramak… noiz erabiltzea komeni zen erabaki behar zuten eta ondoren, kalkulu orriarekin sortu. Grafiko hauek oinarrizko edizio bat behar zuten aukeratutako diseinuarekin koherenteak izan zitezen. Oso baliagarria suertatu zitzaigun, era berean, Google Docs-en aurkitutako txantiloi hau. Bertan diseinatuta zetozen elementu asko modu errazean berrerabiltzeko aukera eskaini zigun.
Azkenik, bloke eta modulu desberdinen antolaketa izan zitekeenaren zirriborroa prestatzeari ekin genion. Antolaketa nolakoa izan zitekeen erabakitzeko prozesu ez zen batere erraza izan. Blokeatuta geundela, Oihanek zera proposatu zuen: Tagxedorekin egindako hitz lainoa (Ordiziako Azokako gunetik zurrupatutako hitzekin osatuko lainoa) izatea infografiaren bihotza. Hortxe genuen hiru blokeak erlazionatzeko modua! Beste behin, gelako arbel zuriaz baliatu ginen lehen zirriborroa pretatzeko:
Hemendik aurrerako guztia bakarrik etorri zen. Ordu dezente joan zaigu diseinua ematen baina azkenean esfortzuak merezi izan duela uste dugu. Infografia pasa den astean amaitu genuen, aurreikuspenetan zehaztu genuen amaiera-epea baina astebete beranduago. Tira, uste dut denbora tarte onargarria dela kontutan izanik, abenduko oporren aurreko azken egunetan espero ez genituen klase ordu dezente galdu genituela.
Sekuentzia burutzeak guztira sei asteko lana suposatu digu (oporrak kanpo), agian luzeegia, izan ere, azken bi asteak, batez ere, astun samarrak egin zaizkigu. Halere, egun hauetan egindakoa errepasatzen aritu gara, eta harrituta geratu gara guztiok pilatutako ezagutza eta esperientzia guztiekin.
Azpian daukazue infografiaren bereizmen baxuko kopia bat eta bere azpian, kalitate handiko pdf-a jaisteko botoia. Ea gustatzen zaizuen!
Amaitu aurretik, egun hauetan nire ikasleak lanean ari zirela atera dizkiedan argazkien bildumatxo batekin uzten zaituztet. Hementxe onartzen dizuet irakasle bezala oso harro sentitu naizela beraietaz,ikaragarri disfrutatu dut beraiekin lanean eta irakasle lanetan aritu naizen hamalau urte hauetan oso gutxitan sentitu naizela profesional bezala hain asetuta. Eskerrik asko ekipo! 😉
Duela urte batzuk, blogen eskutik etorri zen Web 2.0 deituriko iraultzak irakaskuntzan ere, beste esparruetan bezala eragin handia izan zuen. Lehen urte haietan halako joera bat ere nabarmendu zen eskoletan non blogak bereziki edozertarako erabiltzen genituen. Gela barruan ikasleek burutzen zituzten lanak, esate baterako, blog batean jasotzea ez zela oso konplikatua egiaztatu genuenean, hantxe hasi ginen batzuk ikasleen ekoizpen guztiak blogetan jasotzen.
Garai hartan blogak zer ziren eta zertarako ziren egokiak ez genuen oso garbi oraindik eta hortxe ibili ginen hauekin esperimentatzen eta ikasten. Gaur egun, blogei eman genien erabilera haietariko asko ez zirela oso egokiak izan badakigu. Horrela, nire ikuspegitik blog bat pentsamendu kritikoaren garapenerako tresna paregabea da, ikasleak bizi duen errealitatetik abiatuta, bere ezagutza propioan oinarriturik, honen inguruan bere iritzia askatasunez emateko bitarteko aproposa da. Testuinguru horretan, eta adibide bezala, blog bat erreminta aproposa dela iruditzen zait ikaslearen portfolio digitala jasotzeko. ePortfolioa ez bakarrik euren lanen gordailu edo erakusleku moduan ulertuta (oraindik irakasle askok portfolioa txostenak gordetzeko maleta baten moduan interpretatzen dute) baizik eta lan horien gainean egindako hausnarketa edo analisi kritikoa jasoko duen euskarri bat bezala ulertuta. Alegia, metakognizioaren garapenean, autoikaskuntzan edo ikasten ikasteko konpetentziaren garapenean baliabide garrantzitsua izan daiteke.
Aurrekoan blog honekin topatu nintzen. Bloga Gasteizko Magisteritza eskolako ikasle batzuena da eta bertan klasean jasotako informazioaren inguruko hausnarketa egiten dute, baita eurek aurrera eramandako hainbat jardueren inguruko autokritika (niretzat egokiagoa litzateke autoebaluazio hitza erabiltzea), beste hainbesteen artean. Antzematen da bloga hausnarketa tresna bezala erabiltzeko sortu dutela, autoikaskuntzan sakontzeko tresna bezala. Horraino ezer berezirik ez.
Baina bada detailetxo bat atentzioa deitu didana eta, niri behintzat, oso egokia iruditu ez zaidana. Hasieran esan dudan bezala, duela urte batzuk, irakasleok bloga edozertarako erabiltzen genuen eta orduan nahiko arrunta zen ikasleei bidalitako lan baten balorazioa ikasleek idatzitako blog sarreraren iruzkinetan idatzita uztea. Ez naiz ondo gogoratzen baina esango nuke nik neuk ere horrelakorik egin nuela nire ikasleetako batzuen lanekin. Baina denborarekin, ikasleak publikoki ebaluatzea ez dela egokia pentsatzera heldu naiz, nahiz eta irakaslearen balorazioa guztiz egokia izan eta errespetu osoz idatzita egon.
Zergatik? Hona hemen nik ikusten ditudan arrazoi batzuk:
Lehenik eta behin, ebaluazioaren komunikazioa, ez bakarrik eskolan baita beste edozein esparru profesionaletan ere, eremu pribatuan, behar den konfiantza giro batean, gauzatu behar delako.
Ikasleak bere hausnarketa eta autoebaluazioa blog publiko batean egiteari bere abantailak ikusten dizkiodan bezala, ikasleari bere lanaren gaineko balorazio publikoa egiteari ez diot inongo onurarik ikusten. Bitartekoak ez badio abantailarik ekartzen ikaskuntza prozesuari, nire ikuspegitik, hobe ez distorsionatzea bitarteko digitalekin.
Ezin da ukatu gainera, irakaslearen balorazioa publikoa ezin dela inoiz pribatuan egindakoarekin alderatu, batean hala bestean komunikazioak konnotazio desberdinak baititu, eta ondorioz, desberdin ebaluatzen da.
Blog bat daukagunok badakigu zeinen nekeza den blog bat maiztasun batekin elikatuta mantentzea. Blogan idazteak motibazio eta ausardia puntu bat eskatzen du, are gehiago norberak egindakoaren gaineko autoebaluazioa egitea baldin bada helburua. Nik esango nuke aurretik jakitea irakaslearen iritzia, azkarrago edo beranduago, gure blogan jasoko dugula ez dela oso motibagarria.
Azkenik, nik esango nuke ePortfolio batean, irakurleen iritziak jaso, eztabaida eraikitzailea piztu eta argumentazio egokiak egitea bilatu behar den zerbait izan behar dela. Pentsamendu kritikoa bultzatu nahi bada, jasotako iritziei ondo argudiatutako erantzunak ematea benetan garrantzitsua dela esango nuke. Irakaslearen iruzkinak, ebaluazioaren zati bat bezala ulertzen den unean, eztabaidarekin amaitzen du. Kanpoko bisitariok, ekarpenetan dagoen iruzkin bakarra irakaslearen dela ikusten dugun unean, bloga zein testuinguruan sortu den berehala konturatzen gara eta iruzkina uztea eragozten du.
Onartu behar dut nire harremana sare sozialekin nahiko xelebrea dela. Gaurdaino arrakastatsuenak izan diren sare guztiak probatu ditut baina beti topatzen dut arrazoiren bat sare horien eta nire arteko harremana eteteko. Garbi dago arazoa ez direla sareak, arazoa ni naiz 😉
Facebook izan da gutxien erakarri nauena. Hasiera hasieratik izan nituen errezeloak Facebook-en inguruan. Ez zitzaizkidan batere gustatu Internet zabalean, mini-Internet itxi eta opako bat sortzeko Zuckerberg-ek zituen intentzioak. Ez nuen “walled garden” batean murgilduta pasatu nire bizitza digitalaren zati handi bat. Beraz, kontua ireki eta gutxira istea erabaki nuen. Kontua isteko jarritako trabak nolakoak ziren egiaztatu nuenean, alde egiteko gogoa oraindik nabarmenagoa izan zen. Denborarekin, Facebook negozio politikaren xehetasunak sakonago ezagutzen joan naiz eta oso garbi izan dut ez nintzela berriro bertara bueltatuko.
Twitter-en denbora gehiago egin nuen. Denbora nahikoa izan zen konturatzeko hor ere ez nintzela gustura sentitzen. Hasiera batean ez nuen irizpide konkreturik izan nor jarraitu eta nor ez erabakitzeko. Baina ikusita bertan zenbat denbora pasatzen nuen eta zeinen kaxkarra zen denbora horri ateratzen nion etekina, erabiltzaileak arreta gehiagorekin esleitzen joan nintzen; batzuei jarraitzeari utzi nien, erabiltzaile berria jarraitzeko irizpideak zehaztu nituen eta informazioa hobe antolatzeko zerrendak sortu nituen. Baina, hala eta guztiz ere, ez nuen lortu trankiloa hartzea:
Erabiltzaile bat baino gehiagorekin, aldi berean, taxuzko eztabaida bat eramatea ezinezkoa egiten zitzaidan, karaktere kontua eta iruzkinen dispertsioa zirela eta.
Erabiltzaileak iragazita ere, funtsik gabeko informazioak nire denboraren zati handiegia kentzen zidala iruditzen zitzaidan eta, bestalde, balekoa zena irakurri eta ondoren erabiltzeko denborarik ez nuela ikusten nuen.
Informazio iturri desberdin ugari nituela uste banuen ere, denborarekin sentitzen nuen beti nenbilela informazio berdinaren inguruan bueltaka: iritzi dibergenteak, gehiengoak erabakitzen duen iritzien aurkako posturak… faltan botatzen nituen
Protagonismoa nagusiki bilatzen duten erabiltzaileak, buenrollismo exajeratua, juizio paraleloak… ez nituen gustuko.
Bitarte honetan Friendfeed erabiltzen aritu naiz, oso gustura. Beti esan dut niretzat informazioa kudeatzeko tresnarik hoberenetakoa dela, bera baino arrakastatsuagoak diren sare sozial gehienen gainetik. Horren seinale nabarmena da gorantz doan Google Plus sare berriak Friendfeed-ek dituen aukera asko kopiatu izana.
Horregatik eta ikastolan erabiltzen ari garen Yammer sarearekin antza handia duelako, Google Plus bila nenbilen sare definitiboa izango zela pentsatu nuen, nahiz eta tresnak oraindik hobekuntza dezente behar dituen.
Poliki-poliki geroz eta erabiltzaile gehiago ari dira euren stream-a eguneratzen (nire zirkuluetan, behintzat, erabiltzaile askoren jarduna biziki piztu da azken bi asteotan), pixkanaka-pixkanaka eztabaidak sortu eta iritzi trukaketa aberasgarriak agertzen hasi dira… eta pittinka-pittinka ere zeintzuk diren Google-en asmoak azaleratzen joan dira. Eboluzioa nolakoa izango den oraindik ikusteke badago ere, Google-ek azken egunetan egin dituen mugimenduak nire kezka eta errezeloak piztu ditu.
Google Readeri egindako aldaketak, adibidez, ez zaizkit gustatu. GReader-eko informazioa nahi dugunarekin nahi dugun bezala partekatzeko aukera kendu egin dute aplikazioari egin dioten azkeneko eguneraketan. Orain gure RSS jarioetatik jasotako informazioa erabiltzaile jakin bat edo erabiltzaile talde jakin batekin partekatu nahi badugu, derrigorrez erabiltzaile horiek Google Plus-en egon behar dira (zorionez, “Send To” aukerarekin sarrerak beste zerbitzu batzuetan partekatzeko aukera erabilgarri jarraitzen du). Erabaki honekin, Google-ek gu eta gure lagunak Google Plus erabiltzea derrigortu nahi gaitu. Honek kritika ugari eragin ditu GReader-eko erabiltzaile komunitatean eta ni ere hauekin bat egiten dut (horrelakoetan gertatzen den moduan, bestelako iritziak ere bota dira sarean)
Erabaki hau hartu eta handik gutxira, Google in Google+ izeneko blog sarrera batean, bi berrikuntza aurkezten ditu Google-ek. Horietako bat Chrome-rako gehigarri bat da; honekin “+1” egin daiteke irakurtzen ari garen edozein web orriren gainean eta, horrela, Google Plus-en partekatuta geratzen da. Kontu teknikoetan oso jantzia ez banago ere, ulertu dudanagatik badirudi gehigarri honek gure segurtasuna eta pribatutasuna kolokan jartzen dituela. Eskertzekoa bada ere Google Team-eko arduradunen erreakzio azkarra eta arazoa konpontzeko hartutako konpromisoa, Facebook-en “Like” botoiarekin izandako kontu berdinak ez ote ditugun izango ere “+1” horrekin kezkatzen hasita hasita nago.
Blog sarrera horretan zetorren bigarren berrikuntza zera zen: YouTubeko bideoak Google Plus-etik atera gabe bilatu eta partekatzeko aukera txertatzea. Botoi txiki bat erantsi digute leihoaren eskuinaldean, oso modu diskretuan, baina era berean oso erosoa (onartu beharra dago) edozein bideo YouTuben bilatu eta gero Google Plus-en partekatu nahi badugu. Horrela, Google-ek arrazoi berri eman digu Google Plus-etik atera beharrik ez izateko. Eta noski, erabaki honen jarraipena zein izan daitekeen ulertzea ez da oso konplikatua, ikustea besterik ez dago eskuineko irudia edo azpiko hiru irudien sekuentzia. Bai, badakit horrelakorik oraindik ez dutela garatu, Google Plus-eko erabiltzaile batek disenatutako mockup bat besterik ez da. Baina ez dut uste denbora gehiegi pasatuko denik Google Music edo Google Maps bezalako zerbitzuak Google Plus-en integraturik izateko. Horrela, Facebook-ek Spotify-rekin egin duen moduan, Google-ek oso erraza dauka Google MusicGoogle Plus-ekin lotu eta lehenengoan dituzun abestiak bigarrenean zure lagunekin klik gutxi batzurekin partekatzeko, dagoeneko YouTubeko bideoekin egiten dugun moduan. Edota lagunekin geratu zarela bazkaltzeko eta jatetxearen kokapena eurekin partekatu nahi duzula? Arazorik ez! Google Plus-etik irten gabe Maps-eko kokapen bat beraiekin partekatzea di-da batean egingo duzu. Horrela, konturatu gabe, Google-en tresna guztiak Google Plus-en uztartzen dituztenean ez dugu arrazoirik edukiko sare horretatik irteteko, izan ere, eskura izango dugu klik gutxitan beharko dugun guztia.
Atzo bertan Google+ Pages jarri zuten martxan. Orain arte Google ez du publizitaterik sartu bere sarean. Baliteke mugimendu honekin gauzak desberdinak izatea hemendik aurrera. Egia da ez zaudela derrigortuta enpresa baten jarraitzaile egitea baina egia da, baita ere, bizi garen informazio burbuila pertsonal honetan zaila dela zure zirkuluek kontsumitzen duten informaziotik ihes egitea. Beraz, ez nintzateke harrituko hemendik gutxira hainbat enpresen albisteak nire stream-ean topatzen hasiko banintz. Eta hau ere, ez dut gustuko.
Ezin da ukatu azken hamarkada honetan Google-ek aplikazio bikainak garatu dituela. Lan handia egin du mota eta formatu guztietako informazioa sarera igo eta modu erraz batean erabili eta partekatu ahal izateko. Erabiltzaile asko irabazi ditu garatu dituen produktuen kalitate onari esker: ni naiz horietako bat. Garatu dituen produktuen kalitateari esker eta sarean eraman duen filosofiari esker, erabiltzaileon fidelizazioa eta babesa lortu du, nirea lehenengoa. Eta orain, fidelizazio horretaz baliatuta, ia konturatu gabe, jarraitzaile guztiak Google Plus-erantz biderantzen ari da.
Hortxe, Google Plus-en, Google-ek sarean zehar sakabanatuta dituen “atrakzio” zoragarri eta eder guztiak bildu ditu (edo biltzera doa) eta badirudi bere asmoa dela bertatik ateratzeko beharrik ez izatea. Horretarako bere zerbitzuetan jasota daukagun informazio guztia “Googleland” berri honetan zabaldu eta partekatzea esperientzia sinplea bihurtzea du helburu, bertatik atera gabe orduak eta orduak egin ditzagun.
Oraindik ez daukat garbi norantz joko duen Google-ek bere sare sozial berri honekin baina azkeneko zantzuen arabera ni behintzat baditut kezkatuta egoteko arrazoiak. Ez dut nahi langaz betetako Internet baten partaide izan, berdin dit Jediak edo Sithak badira ere.
Erabaki bat hartu baino lehen adi egon beharko gara Google plus-en bilakaerari.