Duela hilabete eskas, Moodle plataforma erabiliz sortutako EGA ikastaroaren berri eman nuenean , berau ez zegoela amaitua adierazi nuen. Pixkanaka-pixkana atalak hornitzen joatea zen epe ertaineko helburua eta arauak lantzen atala osatzea epe motzekoa. Esan eta egin. Euskaljakintzako kideok arau nagusienak hautatu eta horiek lantzeko mota ezberdinetako jarduerak sortu ditugu (aukera ezberdinen artean hautatu, hutsuneak bete, erantzuna eman…) arau bakoitzari bere ariketa edo ariketa sorta aldamenean jarriz.
Lanketa hau burutzeko orduan, hainbat xede genuen buruan. Alde batetik, sortze-lanaren bitartez iaz emandako araugintza errepasatzea; eta, bestetik, gure lana baliogarria gerta dakiokeen edonoren eskura jartzea. DBHO 1eko ikasleak izan dira oraingo honetan gure probatzaile ofizialak. Gure ariketak aurkeztu genizkien (oraintxe daude EGArako lanketan buru-belarri sartuta) eta, esan beharra dago, ikasle helduenen lanak harrera ezin hobea izan zuela beste ikasleen artean.
Gauzak horrela, bi toki ezberdinetan txertatu ditugu aipatutako jarduerak: Moddle-eko ikastaroan (bisitari gisa sartu) eta euskaljakintzan. Moodle gunean teoria eta praktika topatuko duzue eta euskaljakintzan, berriz, praktika bakarrik. Moddle-eko sarreran adierazita dagoen moduan, arau bakoitzaren gainean klikatuz, arau hori lantzeko hiru atal topatuko dituzue:
- Galdera ikur bat ( jarduera praktiko baten seinale).
- Arauaren azalpen laburra
- Arau osoa kontsultatzeko aukera (Euskaltzaindiaren gunera lotura) eta berriz ere praktika (hasierako galdera ikurra klikatuz azaltzen den ariketa bera).
Honetaz gain, aspaldi honetan buruan nuen ideia bat praktikara eraman behar dut: zuzeneko ikastaroa. Hau da, azteazkenero euskaljakintzan arau bat argitaratuko dugu. Nire ikasleak ikastaroa astez aste jarraitzera animatuko ditut, botika dosi txikietan hartuta onuragarriagoa omen da eta. Sortzen zaizkien galderak eta zalantzak adierazteko aukera izango dute eta ni, ahal dudan neurrian, erantzuten saiatuko naiz. Ea emaitzak eta gorabeherak iruzkinetan adieraziz, esku-hartzea eta elkarreragitea lortzen dugun. Denak gonbidatuta zaudete, noski!