Duela urtebete inguru EGAko ahozko azterketaren bideo baten berri izan nuen. EGAko azterketaren atal hau zertan datzan azaltzeaz gain, bideo hartan hainbat bikote ikus zitekeen ahozko azterketa egiten.
Material ezin hobea iruditu zitzaidan ikasleei erakusteko; izan ere, oso urduri joaten baitira proba hau egitera, eta azterketa pausoz pauso ikustea oso lagungarria -eta lasaigarria, agian- izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Horrela, EGAko arduradun batekin harremanetan ipini eta baimena eskatu nion bideoa plazaratzeko, zehazki euskaljakintzan EGA prestatzeko dugun txokoan eskegiteko. Zoriotxarrez, hainbat arrazoi tarteko, baimena ukatu zidaten. Dena den, ikasleei begira izugarrizko dokumentu grafikoa iruditu zitzaidanez, egunen batean guk geuk antzeko zerbait grabatuko genuela pentsatu nuen. Aurreko asteburuan, tramankulu guztiak prestatu eta grabazioari ekin genion.
Komeni da hainbat puntu argitzea. Alde batetik, bideo hartan ikusi genuena islatzen saiatu gara, baina ni ez naiz inoiz egon azterketa barruan. Bestetik, ariketa ezberdinen iraupena errespetatu nahi izan dugu, nahiz eta gerta litekeen esku-hartzeren batean osorik ez betetzea. Bideoarekin batera, grabaziorako prestatutako azalpena ere hementxe uzten dizuegu, azterketaren dinamika argitze aldera.
Ez dago esan beharrik, jatorrizko grabazioaren aldean, geurea oso apala dela, medio eta ezagutza mugatu baina borondate onenarekin egindakoa.
Amaitzeko, bihotzez eskertu nahi dut anaia Txerra, euskaljakintza 5eko Laura Zabala eta Irune Agirre eta gure ikasle ohi Ainhoa Mujikaren laguntza (azken biak azterketarien lan gozakaitzean).