Aurtengo udak eman du pixka baterako: hondartzara buelta batzuk eman, turismo pittin bat egin eta, bueltan opor ondorengo depresiorik ez izateko, aditu guztiek aholkatzen duten bezala, lantxo batzuk egiteko behar adina animoa ere izan dut.
Azken atal horren ondorio zuzenak dira EGAko ikastaroa berritzea eta EGA 03-04 azterketak liburu osoa sarean ipintzea; izan ere, 17 egun baino falta ez direnean EGA 2008ko bigarren deialdirako, imajinatzen dut azterketariei ondo baino hobeto etorriko zaiela azterketa gehiago online egiteko aukera izatea.
EGA ikastaroa berrituta
Dakizuen bezala, iaz azterketa eredu berria ipini zuten indarrean. Aldaketa nabarmenenak ahozko azterketan eman dira (testu bat laburtzeko ariketa kendu eta bi azterketarien arteko bat-bateko elkarrizketa saioa sartu dute haren ordez). Beste aldaketa bat sinonimoak eman ariketaren planteamenduari dagokiona da. Orain, lexikoa deritzo eta testu labur batean markatutako hamar hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Horretaz gain, puntuatzeko moduan ere egon da hainbat berrikuntza: lexikoa eta esaldiak berridazteko ariketen kalifikazioak bildu egingo dira eta bien artean, gutxienez, 5 puntu lortu beharko dira. Batean zein bestean, gutxienik %40 atera beharko da (azalpen osoa Zer da EGA? kontzeptu-mapa berrian ikus dezakezue).
Beraz, EGA ikastaroan aldaketa horiek guztiak jasotzeaz gain, beste gune batean kokatu eta itxura aldatzeko ere aprobetxatu dut. Antolaketa honela gelditu da:
- Goialdean: informazio orokorra (EGA azterketaren azalpena, egutegia, matrikularen kontsulta, agiria jaso…)
- Orrialde nagusian: liburu osoak online.
- Ezkerreko zutabean: azterketaren atal ezberdinak lantzeko materiala eta baliabide orokorrak (hiztegiak, kontsultaguneak, arauak lantzeko ikastaroak…)
- Behealdean: EGAko hurrengo azterketarako atzerako kontaketa eta euskara ikasteko gune interesgarriak.
2003ko eta 2004ko azterketak liburu osoa online
Iaz ikasleek etekin handia atera zioten sarean ipinitako EGA 05-06 azterketak liburuari. Behin eta berriz egin zituzten etxean azterketak eta, egia esan, asko eskertu zuten (erantzunak berehala jasotzeko aukera, atarikoetan hainbat azalpen, galderak aldi oro hurrenkera ezberdinean azaltzea…).
Horiek entzunda, aurreko liburua, EGA 03-04 azterketak, pasatzera animatu naiz. Guztira sei atariko proba eta idatzizko 7 azterketa daude. Aurreko liburuan bezala, Atarikoak bi modutara egin daitezke: osorik (azterketa egunean atera ziren bezala) eta entzutezko ulermenik gabe (horren ordez, beste atariko proba batzuetan ateratako galderekin). Sinonimoen ariketak ere bi modutara egin daitezke. Batetik, testuingururik gabe, bi zutabe ezberdinetako sinonimoak lotuz; eta, bestetik, azterketan atera bezala, hau da, markatuta dauden hitzen sinonimo bana jarriz (testuinguruko esanahia errespetatu eta atzizki bera jarri behar da).
Azken errepasoa eman nahi duenak, beraz, badu nondik hasi! Zorte on azterketa egin behar duzuen guztioi!