Uztailaren hasieran, oporrak hartzeko gogoz nengoela, artikulu bat idatzi nuen Euskal Eskola Publikoko Guraso Elkarteen Konfederazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak argitaratutako gida bat (PDF 271Kb) kritikatuz.
Bada, gaur, Andaluziako gure guru baten blogean, gaur bertan, artikulu interesgarri hau irakurri dudanean, uztailean Euskal Herrian argitaratu zuten hura ekarri dit gogora. Alde ederra!
Bai Andaluziako Juntako Berrikuntza Sailak argitaratu duen gida hori bai hemengoa gurasoentzat zuzenduta daude, baina bien artean egundoko aldea dago. Hemengo gidaren abiapuntuak Internet arrisku iturri gisa jartzen duen bitartean, Andaluziakoak gurasoen erantzukizuna azpimarratu eta Internetek eskaintzen dituen abantailetan heztearen beharra goraipatzen du.
Gida ikusteko hiru aukera ditugu:
- Bertsio nabigatzailea
- Kalitate handiko PDF (4,1 Mb)
- Kalitate baxuagoko PDF (2,7 Mb)
Aspaldi honetan ez nago bat ere gustura gure sektoreko administrazioak egiten dituen hainbat gauzekin eta gida horrena horietako bat besterik ez bada ere, nik uste dut agerian uzten dituela, aspaldi honetan, Sail horretan dauden arazoak: hizkuntza ereduak, eskola ituna, hitzartutako ikastetxeetako langileon egoera, curriculum berria… eta mezu baterako gordeta nuen Heziberri gunearen bloga.<7P>
Dena nahasten ari naizen arren, botatzeko beharra daukat eta azken honetaz gauza pare bat esateko gogoari ezin diot gehiago eutsi.
Heziberri atera zenean, Sustatuko aipamenean bere hizkuntza trataera “nahasi samarra”tzat jo zuten. Nik uste dut oso oker zeudela. Trataera oso garbia baitu: euskara aukeretan jarri eta artikulu gehienak gazteleraz idatzi. Une honetan, nire kalkulu okerrak ez badira, gune horrek dituen 72 mezuetatik 6 euskaraz, bat elebitan eta 65 gazteleraz idatzita daude. Badakizue, Pixka bat es mucho!!!
Nik ezagutu nahiko nituzke Hezkuntza Sailak dituen irizpideak, baldin baditu, proiektu ezberdinak sustatzeko. Izan ere, “Berrikuntzan europar erreferentea izateko” sortutako ekimen horren atzean Hezkuntza Saila dagoen arren, ez zait iruditzen gune horrek duen praxiarekin Hizkuntza eskubideak bermatzen direnik.
Lehen adibidean, gezurrez beteriko gida atzerakoi baten atzean Hezkuntza Saila ikusten dugu eta, bigarrenean, euskaldunon Hizkuntza eskubideei muzin egiten dien gunearen atzean ere agertzen zaigu.
Zer gertatzen da Hezkuntza Sailean?