Pasa den urtarrilean Euskalnatura zientzia atariaren berri eman genizuen blog honetan. Zientziaren dibulgaziorako sortutako web euskaldun honen inguruko informazio sakona eman genizuen orduan. Gutxira, arazo teknikoak izan omen zituzten eta, webgunea itxita egon da bi hilabetez. Pasa den maiatzaren amaieran, Anttonek bidalitako mezu baten bitartez, jakin nuen Euskalnatura berriro ere martxan zela, aurpegi berriarekin eta eduki berriez hornituta.
Gustu handiz egindako webgunea da Euskalnatura, hori ezin da ukatu. Oso itxura profesionala du. Edukiei begira, hauek oso modu argian azaltzen dira, ondo egituratuta dago dena eta informazio sakona eskaintzen da, argazki ugariz lagunduta kasu gehienetan. Hona hemen adibidez, sugegorriari buruz kontsulta daitekeen informazioa. Lastima oraindik hainbat atal hutsik egotea, fisika eta kimikari dagozkienak esate baterako. Ziur laster helduko diotela honi ere!
Gogoratzen dizuet ekimen hau unibertsitateko sei ikasleen lanaren ondorioa dela eta bere edukiak CC by sa lizentziapean argitaratzen direla.
Bukatzeko, gaur bertan jakin dut Euskalnaturako lagunok abian ipini dutela ere Tantaka Tantaka bloga. Blog berri honen helburua natura, ingurugiroa eta zientziaren gainean hausnarketak, irakurketak eta bestelakoak burutzea da. Zientzietako irakasleak garenontzat primerako albistea, zalantzarik gabe