EGA ikastaroa berrituta eta berridazketak lantzeko ariketa-sorta

EGA

Aurreko mezu batean adierazi nuen bezala, uda honetan hortik zehar barreiatua nuen materiala bildu, antolatu eta osatzeari denbora pixka bat eskaini diot. Horrela, iaz prestatutako EGAko ikastaroari zer erantsi edo zer kendu pentsatzen ari nintzela, ikastaro osoari ukitu ezberdin bat ematea eta beste plataforma batean kopiatzea erabaki nuen. Moodle plataforma egokia da ikasle talde bat kudeatzeko, txostenak jasotzeko, foroan zalantzak eskegitzeko, azterketen emaitzak jasotzeko…hitz batean esanda, elkarreragiteko, baina kontsulta eta ariketak baino ez egiteko, egokiagoa eta erabilerrazagoa izan daiteke beste formaturen bat. Hobeto ulertzeko erabakia azken urtean ikastaroaren inguruan gertatutakoa azalduko dut.

Hasteko, esan beharra daukat oso pozgarria izan dela ikustea zenbat jendek eman duen izena Moodle-eko EGA ikastaroan abian jarri genuenetik. Horietako batzuek, gainera, nire ikasleentzat sortutakoa zela jakin gabe, bertako jarduerak egiteaz gain, ea idazlanak zuzendu eta jarraipena egingo nien eskatzen zidaten. Gustatuko litzaidake, noski, baina ezinezkoa zait (nahiko lan nire ikasleen guztia zuzentzearekin!). Hori dela bide, eta gaizki-ulertzeak saihesteko, beste formatu batera pasatzea ondo legokeela pentsatu nuen. Banuen Moodle-eko ikastaroan izena emateko aukera ixtea eta listo, baina kontsultarako bakarrik izanda eta kontuan harturik nahiko mantso dabilela (ez dakit zein arrazoirengatik), taxuera egokiagoak egon zitezkeela pentsatu nuen.

Honela, bloga eta wikia baztertuta, ikastaroa gune estatiko batean klonatzea erabaki nuen. Hemendik aurrera, beraz, bi aukera izango dira: berritzen ari garen Moodle plataformako ikastaroa (nire ikasleentzat egokiagoa) eta Google Page Creator-ekin sortutakoa (kontsultarako aproposagoa eta azkarragoa). Ikastaro berrira zuzenean sartzeko, egin klik hemen. Euskaljakintzatik ere hel zaitezkete azal-orrian (goialdean) dagoen EGA erlaitzean klik eginez.

Sarrera orriaren antolaketa

  • Jakingarri guztiak: azterketaren azalpena , egutegia, noten kontsulta, esteka interesgarriak…
  • Azterketaren atal bakoitza lantzeko baliabideak: informazioa, azalpenak eta ariketak.
  • Baliabide orokorrak: hiztegiak, kontsultaguneak, arauak lantzeko ikastaroa, ortografia eta hiztegi batua, puntuazioa, gramatika arazoak, eta hizkuntzaren aberastasuna lantzeko mota guztietako baliabideak.

Berridazketak lantzeko baliabide berriak

Atal guztietan daude berrikuntzak baina, bakarren bat aipatzearren, berridazketak lantzekoa aitatuko nuke. Covcell proiektuko kide den Ainhoa Ezeiza EHUko irakasleak emandako material batetik abiatuta (bion artean Moodle-ekoa hobetzen dihardugu egunotan), berridazketak perpaus motaren baitan sailkatuta agertzen dira (denborazkoak, nominalizazioak, zehar-galderak, koordinatuak, moduzkoak…). Esaldi mota bakoitzaren gainean klik eginez, mota bakoitzari dagozkion azalpena eta ariketa-sorta topatuko dituzue.

Ariketak Hot Potatoes-ekin eginak dira eta komeni da erantzun laburreko ariketak izan ohi dituzten mugak kontuan izatea; izan ere, edozein karaktere -hizki, tarte edo puntuazio ikur- gaizki idatzita, okertzat emango baitu erantzuna. Beraz, horiei arreta handia jarri behar zaie. Bestalde, berridazketak zuzentzeko garaian aintzat hartu beharreko beste zerbait baldineko erantzun egokien kopurua da. Erantzun zuzen bat baino gehiago egon daiteke hainbat kasutan. Dena den, EGAko aztertzaileek ontzat emandakoak baino ez ditut ipini.

Amaitzeko, berridazketak lantzeko ariketa guztiak batera egin nahi izanez gero, euskaljakintzako ariketak atalean ere -alboko barran- topatu ahal izango dituzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.