Euskaljakintzakook aditza errepasatzeari ekin diogu bigarren ebaluazio honetan. Gauzak horrela, gure Dale konoaren filosofiari jarraiki, errepaso ariketak guk geuk sortu ditugu. Eta geureari jarraituz, sarean jarri ditugu erabili nahi dituen ororentzat.
Ariketak
Ikasleek bikoteka egin dute lan, bikote bakoitzak bi ariketa mota sortuz:
- Zehatzak (aditz-mota, aldi eta modu jakin bat lantzeko balio dutenak)
- Orokorrak (edozein aditz-mota, aldi, modu, pertsona eta numero lantzeko baliagarriak direnak).
Gune berria
Ariketa horiek guztiak Euskal aditz laguntzailea deritzon gune berri batean kokatu ditugu.
Gune horretan, ariketekin batera, beste baliabide batzuk topatu ahal izango dituzu:
Taulak:
Sor dakizkigukeen zalantzak argitze aldera, aditz-taula guztiak ipini ditugu kontsultagai. Goiko barran, dagokion moduan (indikatiboa, baldintza, ahalera, subjuntiboa eta agintera) klik eginez, topatuko dituzu.
Horietaz gain ondorengo taulak ere aurki ditzakezu:
- Aditz laguntzailea eskematikoki (pdf)
- Aditz guztiak (trinkoak eta perifrastikoak)
Teoria:
Aditzari buruzko oinarrizko informazioa ipini dugu aurreko guztiari laguntzeko.
Gaurtik aurrera, gune berria osorik euskaljakintzako kontsultategian izango duzu eskura eta ariketen orria, berriz, euskaljakintzako ariketen atalean (biak eskuineko zutabean). Lagungarri gertatuko zaizuelakoan…