Gaur Julen ezagutu dut

Gaurkoa azalpen eguna izan da Bertigardenekoentzat. LH 3. eta 4. mailako ikasleak etorri dira gure azken proiektua bisitatzera eta nire ikasleen zeregina izan da orain arte egindakoaren berri ematea, nola hasi ginen, nola egin dugun aurrera eta nola amaitu dugun guztiarekin, tartean izandako arazotxoak nola konpondu ditugun adieraziz ere. Bost talde pasa dira bi ordutan, Julen bigarrenean etorri da.

Nire ikasleak hortxe ibili dira baratzaren egitura nolakoa den esplikatzen, zer dela eta aukeratu ditugun letxuga eta marrubiak, nola funtzionatzen duten eguzki-plakak eta ur-ponpak… Haur guztiek jarraitu dituzte arretaz emandako azalpenak. Baina bigarren taldeko ikasleak (LH 3koak) besteak baina hiztunxeagoak azaldu dira, gauza gehiago galdetu dituzte. Euren bi andereñoek ere lagundu dute, galderak eginez eta gelan landu dituzten hainbat gauza gogoratuz. Energia elektrikoaren sistema azaltzen ari ginela, ni ere galdera bat egitea animatu naiz:

– Eguzki-plakak zuzenean eguzki energia energia elektrikoan bihurtzen badu eta ondorioz, ur-ponpa martxan jar badezake, zergatik pentsatzen duzue jarri dugula bien artean pila bat? – tira, galdera gehiegi pentsatu gabe bota dut, pentsatuz gehiengo batek jakingo zuela erantzuna. Baina gehienak pentsakor geratu dira, nonbait ez zeukaten oso garbi pilaren funtzioa zein ote zen.

Hiru ikaslek altxatu dute behatza euren iritzia emateko. Lehenengo biak aurre-aurrean zeuden eta arretaz ari ziren azalpenak jarraitzen baina ez dute asmatu erantzunarekin. Hirugarrena Julen izan da, taldearen atzealdean zegoen, ia ezkutuan, azalpenak urrutixeagotik jarraitzen ari zela zirudien. Erantzuteko txanda eman diodanean, bi andereñoak horretaz jabetu dira eta isiltasuna eskatu die beste ikasle guztiei. Horrekin ulertu nahi izan dut dut Julen ez dela askotan animatzen dena bere iritzia ematea. Konturatu naiz Julenentzat une garrantzitsua izan zitekeela eta denok jarri gara berari entzuten.

Andereñoei kasu eginez, guztiok isildu gara eta Julen bere iritzia ematen hasi da. Urduri zegoen, hitz-totelka hasi da, kostatu zaio esan nahi zuena adieraztea. Baina azkenean egin du, baita ondo egin ere!!

– Gauan, eguzkirik ez dagoenean, motorrak funtzionatu ahal izateko da beharrezkoa pila – esan du Julenek. – Gauetan bakarrik? – galdetu diot, Julenen unea zela jabetuta. – Edo zerua lainoz estalita dagoenean – erantzun du berak. – Ba bai Julen, halaxe da, bete-betean asmatu duzu erantzunarekin. Zorionak! – esan diot, andereñoen arteko txutxumutxuek eta harridura aurpegiek Julenek gaur egindakoa oso arrunta ez zela aditzera ematen zidatelarik.

Hortik aurrera nik jarraitu dut azalpenarekin. Julen aurrera etorri da, ez da atzean geratu. Gertutik ikusi eta ezagutu nahi zuen egindako guztia, ez zuen detailerik galdu nahi. Hasierako lotsa galduta, zituen zalantza guztiak botatzen hasi da. – Zertarako da hodi hori hori? – galdetu dit. Esplikatu diet bere funtzioa ura berriro depositura eramatea dela. Ura gorantz ur-ponparekin bultzatzen dugula esplikatu diet ere eta ur depositutik atera dut ponpa eurek ikusteko. Julen segituan gerturatu da ur-ponpa nolakoa zen ikustea. Birak ematen dituen motor bati lotutako helize sistema bat dela esan diet. – Eta helizeak nola daude horrela edo horrela? – galdetu dit Julenek bere bi behatzak gurutzean ipintzen zituela, hasieran etzanda eta gero zuzen. – Horizontalean daude Julen – erantzun diot zuzenean.

Ez nuen Julen ezagutzen baina gurekin egon den hamabost minututan mutiko argia eta azkarra dela iruditu zait. Bere begi txiki eta ilunekin ez du detailerik galdu (ezta atzealdean zegoenean ere), guztia ezagutu nahi izan du eta guztia ondo ulertu duela iruditu zait. Jakin-min eta kuriositate handiko zortzi urteko haur azkarra iruditu zait, nirekin egon den hamabost minutu horietan.

Eta halaxe berretsi didate bi andereñoek saioa amaitu dugunean. Baina…, aiii “baina” horiek! Julenek arazotxo batzuk ere baditu (nork ez, ezta?). Irakasleoi hainbeste gustatzen zaigun ikasle “estandar”aren profiletik kanpo geratzen da. Beste askori gertatzen zaien moduan, ez da gelan ixil-ixilik, geldi-geldi, mueble baten moduan egotera ohitzen; bere ikasteko modua ikastolak eskatzen dionarekiko oso desberdina da; hainbat gaietan oso azkarra da baina aspertu egiten da eta ondorioz beste gauza batzuetan pasatzen du denbora. Tira, bere adineko beste haur askok bezala, beste mota bateko eskola eskatzen duen haur bat da. Halere, bi andereñoek esan didate asko hobetu duela azkenaldian eta gaurko esperientziak horretan ere asko lagunduko diola.

Baina ni ukituta igo naiz gure bulegora. Goiza pasatu dut Julen burutik kendu ezinik. Ziur nago hemendik aurrera izango dituen maisu eta andereñoek, orain artekoek bezala, buru-belarri jardungo direla Juleni laguntzen. Badakit batzuk dagoeneko ari direla “iraultza” txiki bat prestatzen adimen anitzak kontutan hartzen dituzten sekuentziak diseinatzen, gelako aniztasunari erantzun bat eman nahian, ikasle guztien ikasteko modu desberdinak aintzat hartuz. Badakit ere ikastolak dituen baliabide eskasak bere esku ipintzen ahaleginduko dela hobekuntza prozesuan aurrerantz egin dezan. Dudarik ez daukat guztiok bustiko garela dituen arazotxo horiek konpon ditzan. Baina beldur naiz, Julenek aurretik duen eskola ibilbide luzean, berriro protagonista izateko aukerarik izango ez ote duen, bere buruaz harro egoteko aukerarik berriro biziko ote duen. Beste modu batera esanda, horrelako ikasleei erantzuteko egun ipintzen diegun neurri zuzentzaileekin, ez ote diren geroz eta ezkutuagoan geratuko orain agerian dituen gaitasunak. Irakasleok gauzak “ondo” egitea zer ulertzen dugun ikusita, kezkak ditut ez ote den eskola bera izango Julenek (eta Julen bezalako beste haur askorekin) dituen gaitasunekin poliki-poliki bukatuko duena.

Aniztasunaz hitz egiten dugunean oraindik askok pentsatzen dute heterogenotasuna homogeneizatzea dela helburua, ikasleek dituzten izkinak leundu eta forma ematen joatea, guztiak itxura bereko harri bitxi bikainak bihurtu arte. Baina ez gara jabetzen harri bitxi horietako bakoitzak bere dirdira eta kolore propioak dituela, eta guztiei eskaini behar diegula dir-dir egiteko aukera berdinak. Askotan pentsatzen dut, irakasleok leuntze eta uniformatze prozesu horretan, ikasle askok berezkoa duten dirdira horrekin ez ote dugun akabatzen. Uste dut gauza hauek birplanteatu beharko genituzkeela benetan eskola inklusibo bat izatea baldin bada gure helburua.

Julen gaur zu ezagutzeko aukera izan dut. Oraindik zazpi-zortzi urte geratzen zaizkit zure irakaslea izateko baina ez zait gaurkoa inoiz ahaztuko. Elkarrekin egoteko unea heltzen denean denon aurrean kontatuko dut gaur guztioi erakutsi diguzuna.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.