Ia edozertarako wiki: wikia lan-koaderno gisa

Aitortu beharrean nago gero eta gustukoago ditudala wikiak. Euskaljakintza blogari ekin nion urte berean hasi nintzen wikiak erabiltzen eta garai batean, wikiak sortzeko plataforma ezberdinak ezagutu ahala, edozein aitzakia ona egiten zitzaidan ezagutu berri nuen plataforma horrekin saltseatzen hasteko. Horrela, wiki-mokaduak jaten hasi nintzen han eta hemen (Wikia, Jotspot, PBwiki, Writeboard… geroxeago, Nirewiki). Wikietatik blogwikietarako bidea ere egin nuen. Gogoratzen fase hura? Bi gauza baten prezioan, hiru, lau…nork gehiago?). Iaz lankideei Wetpaint plataforma erabiltzen ikasteko ikastaro bat eman nien. Moodle-eko wikiarekin ere maite-kontuetan ibili nintzen, baina azkenean ez ginen probetxuzko ezertara iritsi.

Egun, batik bat, Wikispaces eta Google docs (garai bateko Writely) erabiltzen ditut; dena den, Google Sites-i ere, jotspoten itxura berriari, izugarrizko aukerak ikusten dizkiot (Google docs-ekin integrazioa, besteak beste). Zoritxarrez, hainbat html kode txertatxean, Wikispacesek ez bezala, arazoak ematen ditu; beraz, oraingoz zeregin oso zehatzetarako baino ez dugu erabiltzen.

Gauzak horrela, amaitzear dagoen ikasturte honetan, zuku berezia atera diogu Wikispaces plataforman sortutako wiki ezberdinei. Ondorengo zereginetarako erabili ditugu, besteak beste:

  • Taldean lanak egiteko: literatura, denon artean idatzitako istorioak (1, 2) …
  • Informazio biltzeko: Hautaproba prestatzeko, orientazioa bideratzeko
  • Ikasleengandik modu azkarrean informazio ezberdina jasotzeko: EGAko emaitzak , piropo lehiaketako piropoak…
  • Ikasleen lan-koaderno gisa.

lan-koadernoa

WIKIA LAN-KOADERNO GISA

Sorrera

Dakizuen bezala, DBHO 2. mailan Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaia lantzeko ez dugu, ez testulibururik, ezta lan-koadernorik ere, eta asteko hiru egunak gure lanketa ezberdinak burutzen ordenagailu gelan ematen ditugu. Bada, azken urteetan betiko koadernoaren zeregina beteko zuen tresnaren baten falta sumatzen nuen. Euskaljakintza sortu genuenetik, ikasleek euren zirriborro guztiak ikastolako zerbitzarian dituzten karpetetan gordetzen zituzten. Horrek esan nahi du lanak etxean amaituko bazituzten, klaseko azken minutuak pendrivean gordetzen edo euren buruei korreoz bidaltzen pasatu behar zituztela. Horretaz gain, nik ez nuen lanketaren jarraipena egiteko aukerarik eta, hori gutxi balitz, lanak amaitzen zituztenean, posta eta Moodle plataforma wordeko dokumentuez gainezka izaten nituen zuzenketen zain. Garbi neukan lan gehiago suposatuta ere, garrantzitsua zela ikasleek euren zuzenketen artxiboa gordetzea. Badakizue, bestela, zer gertatzen den askotan idazlanekin: denbora mordo bat zuzentzen pasatu eta gero, orokorrean orri soltetan egiten direnez, bada, auskalo non azaltzen diren…

Hori guztia txarra izanda ere, ez zen okerrena. Lan horiek guztiak zuzentzeko jarraitzen nituen urratsak tamalgarriak ziren: wordeko dokumentuak ireki eta zuzenketak egiten hasten nintzen (akatsak gorriz zirrimarratu, zuzenketak urdinez, egitura traketsak berdez…). Dokumentua gorde eta ikasleei ebaluazio txantiloiarekin batera, zuzenketaren bi bertsio bidaltzen nizkien: bata, zuzenketa eta kolore guztiekin eta, bestea, erabat zuzendua, euskaljakintzan argitaratzeko prest. Laburtuz: denbora mordo bat!

Horrek beste bide batzuk urratzera eraman ninduen. Hasieran, Tablet PC baten bitartez zuzenketak egitea pentsatu nuen (eskuzko zuzenketaren pausoak jarraituz, baina zuzendutakoaren erregistro digitala gordez). Prozesua samurtuta gelditzen zen; dena den, honek ez zuen kentzen lanak postaz bueltatu behar izatearena.

Horretan nengoela, ikasleekin taldeko lanak burutzeko erabiltzen nituen wikiak nahi nuen honetarako (eta, gerora ikusi nuen legez, gehiagorako) baliagarriak gerta zekizkidala ohartu nintzen. Beraz, ikasle bakoitzak bere wikia izango zuela erabaki nuen (2A eta 2B).

Helburuak:

  • Ikasle bakoitzak bere gunea izatea edozein zirriborro, lan edo apunte modu errazean gorde eta kudeatu ahal izateko.
  • Ikasle bakoitzak ekoiztutako idazlan guztiak eta hauen zuzenketak toki bakar batean izatea.
  • Bestelako euskarririk ez erabiltzea (pendrive, CDa…).
  • Ikasleek edozein tokitatik sartu ahal izatea (koadernoak ez galtzea, ahaztea…).
  • Irakasleak uneoro eskuragarri izatea ikasleen lanak eta hauen jarraipena, zuzenketak… egin ahal izatea.

Abiapuntua eta antolaketa:

Gelan denbora gehiegi ez galtzeko, iazko udan ikasleei wiki bana sortu eta gonbidapena bidali nien (hau lasai asko eskola-ordu batean egin daiteke). Ikasturtea hasi genuenerako, hainbat ikaslek gonbidapena onartu eta wikian endredatzen hasiak ziren. Ikasturte hasierarekin batera etorri ziren lanean hasteko ezinbesteko azalpenak (orriak sortu, estekak ipini, pertsonalizatu…) eta gutxi gehiago.

Handik aurrera, edozein lanketa egin dugunean, ikasleek orri bat sortu eta bertan gorde dute idatzitakoa. Antolaketa ondorengoa izan da:

  • Alboko barran ikasturteko atal nagusi bakoitzeko orri bana sortu.
  • Atal nagusi horietatik nahi adina orritarako bidea zabaldu.

Zuzenketak

Aurtengo ikasturtera arte, lehen aipatu dudan lez, idazlanak korreoz (edo Moodle bitartez) jasotzen nituen word dokumentuetan. Dokumentua ireki eta bertan markatzen nituen akatsak. Zuzendutakoa ikasleei korreoz bueltan bidaltzen nien. Ikasleek wikia lan-koaderno gisa erabiltzen hasi direnetik, bertan egiten ditut zuzenketa guztiak. Haien lan-koadernoan sartu, testua editatu eta euren idatzien gainean zuzenketak egin besterik ez dut. Ez dut zertan kolore ezberdin nahiz bestelakorik ipini; izan ere, wikispacesek orri bakoitzaren historiala ikusi eta bertsio ezberdinak erkatzeko aukera ematen baitu. Honela, ikasleek euren lan-koadernoan sartzen direnean, beraiek egindako azken bertsioa eta nik egindakoa hautatuz, bien arteko ezberdintasunak ikus ditzakete. Zuzenketa, gainera, oso grafikoa da, kolore ezberdinetan azaltzen baitira kendutako testua eta txertatutakoa. Wiki bidezko zuzenketak denbora mordo bat aurreztu dit.

testua2   testua_zuzenduta2

Bestelakoak:

  • Wikispacesek mota guztietako kodeak onartzen dituenez (aurkezpenak, bideoak, dokumentuak…), ahozkotasuna lantzeko asmoz egiten ditugun grabazioak ere hortxe txertatu ditugu (bai bakoitzaren audioblogaren kodea txertatuz, baita zuzenean mp3 artxiboak ipiniz ere).
  • Ikasleei wikia lan-koaderno gisa erabiltzea erabilerraza eta praktikoa iruditu zaie eta oso pozgarria izan da beste gai batzuetako apunteak ere hor ipini dituztela ikustea.

Zalantzarik gabe, hurrengo ikasturtean ere wikia lan-koaderno gisa erabiliko dugu erabilerraza, erosoa eta praktikoa delako. Halere, zuzenketak direla eta, oraindik badut zer hausnartu. Noizko zuzenketak markatzeko aplikazio bat, hots, akatsak sailkatuta (ortografia, sintaxia, puntuazioa…) emango dituen tresna bat? Ikasle zein irakasleentzat informeak sortuko dituena? Eta zuzenketa eta balorazioa uztartuko dituena? Bada, horren atzetik nabil azkenaldi honetan eta antzeko zerbait ezagutzeko aukera izan dudala esan beharrean nago. Garatzeke dago oraindik, baina agian zerbait egin dezakegu hori aurrera ateratzeko (aukera ezberdinak aztertzen ari gara). Irakasleontzat interesgarria litzateke, ezta?

Informazio gehigarria:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.