Egunez egun eta hitzez hitz zure hiztegia aberasten lagunduko dizugu. Sar zaitez egunero edo harpidetu gure edukietara, gurekin eguneko hitza ikasteko. Hitz horiekin ematen genion hasiera egitasmo berri honi 2008ko azaroaren 3an;
urte bat bete da gaur, beraz, Gaurko Hitza bloga martxan ipini genuenetik. Ez dira gutxi izan tartean gertatutakoak. Hasiera batean, ikasleen EGA azterketari begira sortutako ekimenak, pixkanaka-pixkana, bizitza propioa hartu eta gu guztion hiztegia aberasteko bidean ipini dela pentsatzea gustatzen zaigu; izan ere, ez dira gutxi izan zuen ekarpenak, iradokizunak, hitz-proposamenak, iruzkinak, adar-jotzeak eta bestelakoak hainbat eta hainbat hitzen inguruan.
Bestalde, oso pozgarria izan zen guretzat Sustatuko lagunek Letrak Sare Kantoitik atalean Gaurko Hitza txertatzeko proposamena luzatu zigutenean. Letrak, hitzak, esaldiak, testuak… maite ditugunontzat ezin ukatu ohore bat denik Anjel Lertxundi handiaren eta Markos Gimeno apartaren aldamenean tokitxo bat izatea. Mila esker, Sustatu!
Errepaso txiki honi amaiera emateko, aldaketak aipatu nahi ditugu. Horietako bat, hitza argazkiaz laguntzea izan da; izan ere, hasieran, hitzaren azalpena testura mugatzen bagenuen ere, argazki batez lagundua joan ohi da orain (hitzak, behinik behin, horretarako baimena ematen duenean). Eta gaur, urteurrena ospatzeko, urrats bat haratago joan nahi izan dugu eta bideoa txertatu. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, astean behin, Gaurko Hitza bideo batean azalduta joango da. Twitterren jaio eta hemendik hartutako ideia hau aurrera eramateko, Pernan Goñi komikigile ezagunaren laguntza jasoko dugu. Mila esker, Pernan!
Hementxe duzue estreinaldikoa. Entzungailua ipini eta entzun eguneko hitza!
ahutzeko iz. g.e.
ahoko, belarrondoko, danbada, danbateko, dangateko, kolpe, masaileko, matraileko, mustupileko, muturreko, takateko, zartako, zartateko, kolpekada Heg., zartada Heg., zartadako Heg., kaska Ipar., kaskako Ipar., kolpeka Ipar., matelako Ipar., mazelako Ipar., panpako Ipar., paso Ipar., ukaldi, zaflako Ipar., zafra Sort., zarta Sort., plastada Bizk., plastateko Bizk., zaplada Bizk., zapladako Bizk., zaplateko, zaflada Naf., zafladako Naf., belarraldeko Zub., ezpaineko g.e., zanpateko, kohat Ipar. g.e., zanpako Sort., azote Ipar. zah., zafardako Ipar. zah., zaplazteko (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)