Irakasleon elkarlanaz

Aurreko mezu batean irakasleen eta ikasleen arteko konexioak duen garrantziaz mintzatu ginen eta ahazten ez diren irakasle horiek dituzten ezaugarri batzuk iradoki genituen. Bada, gaurkoan, irakasleok gure kolegekin konektatuta egoteko zer egiten dugun, nolako jokabideak ikusten diren eta gure jardunerako horren garrantzitsua den atal hori hobetzeko ideia batzuk proposatu nahi ditugu.

Izan ere, behin baino gehiagotan aipatu dugu ikastetxeak irakasleok eraikitako irla sorta ezberdinen multzo bat bihurtu direla. Koordinazioaz, proiektu bateratuaz, hezkuntza integralaz, elkarlanaz… asko hitz egiten bada ere, errealitatea da irakasle bakoitza bere gelan sartzen denean, bere erresumaren errege-erregina bihurtzen dela eta hor zer egiten duen edo nola egiten duen ia ezertxo ere ez dakigula. Ez dago ezer ezarrita gure jarduna aztertzeko, ez dago ezer gure geletan burutzen duguna baloratuko duena, ez dugu lankide bat “mentore” baten lana burutuko diguna… Horretaz gain, gelan sartu aurretik saio lektiboak prestatzeko prozesuan bakardadea izaten da nagusi. “Cada maestrillo tiene su librillo” esaerak oraindik ere oso ondo islatzen du ikastetxe gehienetan bizi den errealitatea.

Baina ez gaitezen inozoak izan. Hori ez da kasualitatez sortzen den fenomeno bat. Alde batetik, tradizioak edo ohiturak egundoko pisua dauka eta, bestetik, hezkuntza erakundeek ezer gutxi egiten dute horrekin amaitzeko. Aitzitik, askotan, irakasleen arteko konpetibitatea sustatu besterik ez dute egiten, elkarlanerako kulturaren kalterako.

Bestalde, eta beste muturrean, Interneten garapenarekin batera, beste motako irakasleak sortzen joan dira. Etengabe partekatzeaz mintzatzen direnak, elkarlanaren onurak goratzen dituztenak, sarean lan egitera animatzen dutenak… Horien arteko azterketa txiki bat eginda, berehala agerian gelditzen da sarea euren irudia zabaltzeko eta euren egoa elikatzeko bide bat bihurtu dela, baina oso gutxi dira euren ikastetxeetan esaten duten hori aurrera daramatenak. Boris Mir-en mezu honek pornografiarekin parekatzen du hauen jarduna:

Se podría llamar pedagogía de salón, pero en realidad es pornografía. Demasiados pronógrafos que presentan innovaciones musculosas, aplicaciones erectas, conceptos enormes. A menudo a base de amplificar tímidos intentos, prácticas tangenciales, contextos irrelevantes. Propuestas asépticas y vacías en un mundo atemporal, escenográfico, artificial de blogs, tweets, congresos, conferencias y publicaciones. Bien lejos del sexo diario de aulas y pupitres.

Azkenik, ikastetxeetan ikus daitezkeen irakasleen artean ia beti topatzen dugun “outsider” moduko irakasleren bat edo beste. Euren diskurtsoaren bidez lortu ez duten lankideen atxikimendua, ekintzen bidez lortzen ahalegintzen dira. Ia beti, bere kaxa funtzionatzen dute eta gainontzeko irakasleentzat “ero” batzuk besterik ez dira. Oso gutxitan lortzen dute gainontzeko irakasleak “engantxatzea” eta beste irla berri batean bihurtuta bukatzen dute.

Panorama horren aurrean, ulertzekoak dira irakasleok elkarlanerako dugun kultura falta dela eta entzuten diren kritikak. Eta zer egin dezakegu errealitate hori aldatzeko? Bada, nik ez daukat inongo soluzio magikorik, baina mezu honetan topatu ditudan 25 aholku edo proposamenak hona ekartzea erabaki dut, ea bonbilla pizten zaigun.

1. Ikuspegi berean egon

Irakasleon konexiorako oztopo handienetakoa ikuspegi berean ez egoteagatik dator. Denek jakin beharko lukete zer den beraiengandik espero dena eta taldeko kide garrantzitsua direla sentitu behar dute. Hortik abiatuta, askoz ere errazagoa da harremanak eraikitzea eta ikasleen hezkuntza hobetzeko eman beharreko lehen urratsak ematen hastea.

2. Elkarrengandik ikasi

Denok ditugu besteengandik bereizten gaituzten trebetasunak, hori dela eta, oso aberasgarria da gauza horiek beste kideekin partekatzea.

3. Hezkuntza planen diseinuan parte hartu

Planen diseinuan elkarrekin lan egiteak aukera paregabea eskaintzen digu lankideak hobeto ezagutzeko eta, gainera, gure ikasleentzat plan hobeak diseinatzeko.

4. Funtzionatzen duena partekatu

Zure ikasleekin egiten duzun ekintza edo jardueraren batek arrakasta handia badu, ez dago inongo arrazoirik zure teknika edo esperientziak lankideekin ez partekatzeko.

5. Blog bat hasi

Zure esperientziak partekatu eta zure lankideak gonbidatu euren esperientziekin gauza bera egin dezaten taldeko blog batean. Lanean partekatzeko aukera ez duzunean, aukera hori emateaz gain, kanpoko beste irakasleekin partekatzeko aukera eskaintzen dizu.

6. Zure sare soziala eraiki

Eskolan hitz egiteko astirik ez baduzu, zergatik ez sarean foro bat sortzea irakasleek hitz egin dezaten?

7. Proiektu handiei aurre egin

Zure kaxa maneiatzeko gai ez zaren proiektu handi batean murgiltzen bazara, aitzakia perfektua duzu eskolako beste irakasleekin elkarlanean aritzeko.

8. Informazioa lortu

Zure jardunari buruzko kritikaren bat entzutea zaila izan daiteke, baina oso lagungarria izan daiteke zure jarduna hobetzeko. Zenbait lekutan irakasleen arteko behaketa saioak antolatzen dituzte, baina iruzkin informal bat ere baliagarria izan daiteke.

9. Ikas komunitate pertsonala sortu

Gaur egungo irakasle askok bakardadearen sentsazioari aurre egiteko, sarean topatzen dituzten beste irakasleekin ikas komunitateak sortzen dituzte. Bertan, hezkuntzaz eta beste gaiaz mintzatzeaz gain, ideiak eta proiektuak partekatzen dituzte.

10. Noizbehinkako topaketak antolatu

Irakasle askok arazo larriak dituzte eguneroko lanean elkarlanean aritzeko denborarik ez dutelako. Arazo hori saihesteko, ikastetxe batzuetan asteburuko topaketak antolatzen dituzte. Bertan elkarlanean aritzeko aukera izateaz gain, irakasleen arteko harremana sendotzeko aukera oso interesgarriak sortzen dira.

11. Arazoak ebazteko, elkarlanean aritu

Ez dago inongo arrazoirik eskolako arazo bati aurre egiteko zu bakarrik aurkitzeko. Beste irakasleak bilatu eta, denen artean, soluzio egokiagoak eta iraunkorragoak bilatzen saiatu.

12. Irakasle liderra bihurtu zaitez

Batzuetan, lidergoa bilatu gabe iristen da, baina beste batzuetan, bilatu beharreko zerbait da. Zure eskolako irakasleekin konexioa hobetzeko ahaleginetan ari bazara, lortzeko bide bat liderra bihurtzea izan daiteke. Lagundu besteei, proposamenak luzatu, adibideak eman…

13. Atea zabalduta mantendu

Ate itxiek ez dute laguntzen. Ez itxi zure munduan eta besteekin egoteko prest agertu uneoro.

14. Taldeko mentalitatea hartu

Zenbait lekutan elkarlanaren espiritua sustatzeko ezer gutxi egiten bada ere, taldearen sentsazio hori areagotzeko zuk zertxobait egin dezakezu: hitz egin beste irakasleekin, bilerak antolatu… Gogoan izan elkarrekin ari garela lanean gure ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko eta inork ezin duela bakarrik egin.

15. Hitz egiteko tarte bat hartu

Beste irakasleekin solasalditxoak izatea ezinbestekoa da eta zaindu beharra dago. Beti lanpetuta bazabiltza, saiatu eskolara lehenago joaten eta, besterik ez bada, agurtu zure lankideak lanean hasi baino lehenago.

16. Laguntza eskatu

Zure lankideekin konektatzeko biderik errazena laguntza eskatzea da. Planifikazio edo arazo bati buruz aholku bila joateak, zuretzat lagungarria izateaz gain, eskolako beste irakasleekin harremanak sendotzeko lagunduko dizu.

17. Atsedena ez utzi

Oso lanpetuta zabiltzanean, atsedeneko tartea saltatzeko tentazioa izan dezakezu, baina tarte hori hoberena da lankideekin solasean aritzeko eta ez zenuke utzi beharko.

18. Gelak konbinatu

Ahal baduzu, beste irakasle batekin elkartu zuen ikastaldeak saio batzuetarako. Ikasleei aukera ematen zaie bi irakasleekin aritzeko eta irakasleei lankideak ezagutzeko aukera. Konbinazio hori gauzatzeko espazio egokirik ez badago, trukaketak egin daitezke.

19. Koheziketa saiatu

Irakasle bat ona bada, bi askoz hobeto! Erabil ezazu zure tarte libreren bat zure lankide bat laguntzeko.

20. Elkarrekin ikasi

Zure ikaskuntza prozesuak irakasle hobe bat izaten lagunduko dizu, baina ez ahaztu ikaskuntza hori zure lankideekin burutzea harremanak sendotzeko aukera paregabe bat dela. Animatu zure kolegak formazio saioetara elkarrekin joateko.

21. Aholkulari bat bilatu

Konexio sendoak eraikitzeko biderik egokienetako bat aholkulariak izendatzea da. Honela, irakasleek aholkuak parteka ditzakete, orientazioa topa dezakete eta, gainera, irakasle guztiak (beteranoenak eta gazteenak) gusturago sentitzen direla berma daiteke.

22. Ezkortasuna alboan utzi

Irakaskuntzan oso erraza da ezkortasunean erortzea, baina jarrera horrek ez du elkarlana laguntzen ezta benetako aldaketak egiteko ere. Horregatik, oso inportantea da jarrera baikorra izatea eta alde positiboetan kontzentratzea.

23. Ez itxaron besteek lehen pausua noiz emango

Besteak zure bila noiz joango diren zain geldituz gero, bizitza osoa zain gelditu zaitezke, batez ere zure eskolan elkarlanerako kulturarik ez badago. Kolegekin konektatzeko gogoa baduzu, eman lehen urratsa.

24. Ideia berrietara irekita egon

Gure erosotasun eremutik ateratzen gaituzten ideiak entzutean, ezin dugu ez ikusiarena egin. Gure ikuspegia zabaltzen ahalegindu behar dugu gure lankideekin elkarlanean aritzeko. Denek dute zeresana eta ez beldur izan ideia edo teknika berrien aurrean.

25. Hezkuntza komunitatearengana iritsi

Zure kolegak ez dira zure ikastetxeko irakasleak soilik. Ikuspegi zabalagoa nahi baduzu, saia zaitez beste ikastetxeetako irakasleekin eta administrazioko kideekin harremanak izaten. Inoiz ez baitago soberan besteengandik ikastea eta beste ikastetxeetan erabiltzen ari diren teknika eta metodologiak ezagutzea.

Sormena Botín Fundazioaren eskutik

Botín ez da sentsazio oso atseginak gogorarazten dizkidan abizena, baina aitortu beharra daukat bere Fundazioak Hezkuntza alorrean egiten duten lana estimatzen eta eskertzen dudala.

Azaroan, “Buenos días creatividad” dokuentua ezagutzera eman zuten eta ostegunean, dokumentuaren aurkezpenerako antolatutako ekitaldian grabatutako bideo guztiak argitaratu dituzte.

Dokumentua irakurrita nuen arren, gaur goizean, gustura aritu naiz bideo guztiak ikusten. Izan ere, gure testuinguruan “saltzen” dizkiguten berrikuntza guztiak materialak saltzeko eta funtsezko ezer ez aldatzeko bideratuta daudela ikusteak sortarazten didan frustrazioa leuntzeko, “haize fresko” hau asko eskertzen da eta itxaropena ez dugula galdu behar pentsarazten dit.

Jarraian, dokumentua eta aurkezpen ekitaldi horretatik nabarmenduko nituzke bideoekin uzten zaituztet:

Dokumentua jaitsi:

Buenos días creatividad” (PDF 6 Mb).

Dokumentua ikusi:

Bideoak:

Ana Cutler, Learning zuzendaria, TATE

Paul Jackson, Gallions Primary School-eko zuzendaria

Martina Leibovici, ARGE Erziehungsberatung und Forbildung GmbH-eko CEO, Austria

Francesc Posas, Pompeu Fabra Unibertsitateko katedraduna, Barcelona