Leo Messi eta estrategia didaktikoak

Ikasle batek 15-16 urte betetzen dituenerako kontzientea da zein den bere papera eskola komunitatean, badaki zein rol ezarri zaion/aukeratu duen eta onartzen du (etsipenez kasu askotan) ingurukoek berari buruz duten pertzepzioa. Denbora asko pasa dute gauzak modu berean egiten, normaltasunez hartzen dute ikastea azterketak gainditzea dela eta azterketak gainditzen ez dituena “ikasle txarra” dela. Praktikan ipintzen dugun ebaluazio akreditatzailearen arabera, dituzten emaitza kaxkarrek etorkizunerantz hartu beharko duten trenean, azkeneko bagoietan soilik izango dutela lekua sinestera heltzen dira. Aurten daukadan taldean ikasleek aspalditik janda dute hori.

Ez da erraza hainbeste urtetan indarra hartzen joan den klixe horrekin akabatzea baina ikasturte honen hasieran nire buruari agindu nion nola edo hala, aurrekoarekin apurtu behar nuela ikasleak entxufatuta egotea nahi banuen aurten burutuko genituen proiektu berrietan. Aurrekoa desikasi (modan jarri den hitza hau ere) eta ikastea azterketak gainditzearekin bakarrik lotuta  ez dagoela ikasi, benetako ikaskuntza aldagai askoren menpe dagoela ulertarazi eta interpretazio askotara irekita. Nola egin hori ordea? Gelan Ordiziako futbol taldean jokatzen duten bi neska daude eta beraiek eman zidaten jarraitu behar nuen arrastoa.

Horrela, ikasturte honen hasierako klase batean gelara sartu eta hauxe galdetu nien nire ikasleei. – “Aizue, zuen iritziz nolako jokalaria da Messi?. Nola baloratuko zenuteke jokalari bezala duen kalitatea?” –. Aho-batez erantzun zuten guztiek munduko jokalaririk hoberena dela, denek goraipatu zuten bere “kalitatea”, “maila” handiko jokalari bat bezala ikusten dute. Ez nien eskatu jokalari bezala “nota” ipintzeko baina ziur nago, hala eskatuz gero, guztiek emango lioketela “hamar” bat.

Argazkia: Lionle Messi Vector Image - http://flic.kr/p/8YXiLS

– “Ba guztiek ez daukate zuek duzuen pertzepzio berdina, guztiek ez dute berdin pentsatzen” – esan nien bukatu zutenean. Hori entzun eta berehala batek ezetz, Ronaldo ez zela munduko jokalaririk hoberena esan zidan haserre 😉 Beste batzuk entzuna zeukaten Argentinan, bere jaioterrian, kritika asko jasotzen dituela bere herrikideengandik. Asko dira zalantzan jartzen dutenak bere “kalitatea“, bere “maila” eta ziurrenik, nekez lortuko luke “aprobatua” bere herrian. Ez hori bakarrik, askok kolokan jartzen dute bere gogo eta ahalegina, bere konpromsioa eta bere jarrera bere selekzioko kamiseta txuri-urdina defendatzen duenean.

– “Kontxo! Gogo falta, utzikeria, pasotismoa, kalitate edo maila falta, suspenditu…. Nola liteke jokalari berak hain ebaluazio/balorazio/kalifikazio desberdinak jasotzea talde batean edo bestean jokatzen duenean? Zergatik ez du “nota berdina” ateratzen Bartzelonarekin edo Argentinako selekzioarekin jokatzen duenean?” – galdetu nien berriro.

Mota guztietako erantzunak egon ziren:

  • Bartzelonak erabiltzen duen “sistema” desberdina omen da, aipatu zuten batzuk (– “estrategia desberdina erabiltzen dute, ezta?” – gehitu nien nik)
  • Talde bakoitzean postu desberdinean jokatzen duela ere aipatu zuten (beraz, – “zeregin edo eskakizun desberdinak ditu entrenatzaile bakoitzarengandik, ala?” – bota nien)
  • Batek aipatu zuen Bartzelonak ekipo bat bezala jokatzen duela eta pase gehiago jasotzen dituela horregatik; Argentinan berriz, elkarrekin gutxitan jokatzen duten jokalari indibidualista asko omen daude (hori bai ona! – ” batzuk “ekipo” bat eratzen duten bezala, besteak bakarka ari dira talde batean lanean, ez da gauza bedina” –)
  • Bartzelonan motibatuago jokatzen du, Argentinarekin oso urduri egoten da, esan zuen batek (seguraski – “porrotaren trataera, gauzak gaizki egitea, Bartzelonan edo Argentinan dituen ondorioak, desberdinak izango dira eta horrek eragina izan dezake horretan ere” – )
  • Bartzelonako taldekideekin txiki-txikitatik jokatzea abantaila bezala ikusten zuten ere (dudarik ez, – “talde-kohesioa eta elkarri ondo ezagutzea abantaila garbia da norberak barruan duen guztia demostratu ahal izateko” –)

Orain ez ditut gogoan mahai gainean jarri genituen arrazoi guztiak baina askoz ere gehiago aipa genitzazke: entrenatzaileekin izan dezakeen harreman desberdina (tutorizazioa eta bere eragina ikastunaren hobekuntza prozesuan), gizarteak ezartzen dion presioa Argentinan munduko hoberenak direla etengabe demostratzera behartuta daudenak (ikastolok gure “maila ona” ikasleen notekin etengabe demostratzen ahalegintzen garen bezala) … (Aurrekoan hauetako batzuen inguruan idazten zuen Scolarik El Pais-en)

Enpin, adibide polita izan zen nire ikasleei transmititu nahi nien ideia uler zezaten, alegia:

Ikasle baten “maila” edo “kalitatea” ebaluaziorako ezartzen zaizkion irizpideen araberakoa da eta irizpide horiek eskuratzea aldagai askoren menpe dago, gela barruan erabiltzen dugun estrategia didaktikoa garrantzitsuenetako bat izanik.

Aurrekoa ondo uler zezaten, horrelaxe amaitu nuen:

Hemendik aurrera guk gure partiduak estrategia desberdin batekin jokatu behar dugu. Partiduei aurre egiteko metodo tradizionala ezagutzen dugu eta horrekin ez ditugu partidu onak egiten, ez dugu irabazten. Guk partiduak taldean jokatuko ditugu, ekipoa banakako askoren elkartze soil bat baino askoz gehiago dela sinesten dugulako. Taldekideekin elkarlanean aritzea hobeagoak egiten gaitu, honek ematen duen konfiantzari esker askotan guk geuk ezagutzen ez genituen ezaugarriak azaleratzen laguntzen baitigu. Izango ditugu, noski, bakarka egin beharreko ariketak, gure teknika indibiduala hobetzen lagunduko diguten entrenamenduak, baina guri erronkak gustatzen zaizkigu, guri partiduak jokatzea gustatzen zaigu,  guri rock’n’rolla gustatzen zaigu!. Bakoitzak dituen ezaugarri teknikoen arabera, hobeto egokitzen zaion postuan jokatuko du; atezainak ez du denbora alferrik pasako bandatik sakeak egiten edo hegaletik jokatzen duenak ez du ikasi beharko nola geratzen diren penaltiak. Elkar ezagutzen ahalegin berezia egingo dugu, talde-giroa bultzatuko dugu, ondokoari lagunduz. Porrotak eta hanka-sartzeak egongo dira eta hauek saihesteko entrenamendu espezifikoetan ahalegin berezia egingo dugu, baina beti ere, egindako erroreengandik zerbait positiboa ateratzeko izpirituarekin. Estrategia honekin ateratzen du Messik barruan duen guztia.

Baliteke lagun batzuei entzutea guk egiten duguna ez dela futbola. Lasai, ez jarri urduri. Baliteke beste entrenatzaile batzuekin oraindik jokatzeko estilo klasikora bueltatu behar izatea, ez baitute sinesten estrategia moderno hauekin partiduak irabaz daitezkeenik edo ez dakite partiduak beste modu batera planteatzen (badakizue, batzuk “Futbol es futbol” dioten moduan “ikastea memorizatzea da” pentsatzen dutenak badira oraindik). Zuen gustuko estiloa ez bada ere, ahalegindu zaitezte beraiekin ere, hobetzen saiatu egoera guztietan. Baliteke etxean gurasoak kezkatuta egotea, entrenatzaileak ez dizuelako ohiko ariketa sorta etxean bakarka entrenatzeko. Esaiezue gure estilo berriarekin askoz ere lan gehiago egiten dugula ikastolan gaudenean eta etxean lagunekin disfrutatzeko esan dizuela entrenatzaileak, horrek ere laguntzen baitu gero partiduetan entxufatuta egoteko.

En fin, agian kezkatu samar ibiliko zarete kontu hauekin, izan ere, gure estrategia nahiko berria da eta ez da erraza inguruan gure estiloa duten ekipo asko aurkitzea. Zuek lasai, Bartzelonaren talde-estrategia ere garairako berritzaileegia zen, purista askoren printzipioen kontra zihoan eta azkenean, eredugarria izaten bukatu du mundu osoan. Ziur nago, gure kasuan ere, denbora kontua besterik ez dela izango gure estiloa inguruko eskoletan nagusitzen joateko.

Klasea amaitzeko minutu batzuk falta zirenez, hitz egiten ari ginenarekin harremana zuen  bideo polit hau ipintzeko aprobetxatu nuen:

Kontentu atera nintzen klasetik; uste dut garbi geratu zitzaiela transmititu nahi niena. Halere, ez naiz inozoa, badakit horrelako adibideak baina askoz ere gehiago behar dela hainbeste urtetan “normala” kontsideratu duten egoera errotik aldatzeko, ikaskuntza denari buruz duten pertzepzioa goitik behera aldatzeko. Gaur, bost hilabete pasa direnean klase hartatik, oraindik ez gara estrategia didaktiko berrietara erabat egokitu baina hasi gara benetan sinesten jokatzeko modu berri honek aurrekoak baino bide hobeagotik garamatzala. Ez da gutxi.

Gaitasun handiko ikasleen beharrei nola erantzun

Duela hilabete batzuk Mikel ALCAGIk antolatutako Gaitasun Handiko ikasleen arretari buruzko II. Jardunaldietan egon zen eta han jasotakoaren inguruan post interesgarri bat eskaini zigun.

Sarrera hartan gaitasun handiko ikasleetaz hitz egiterakoan zer ulertu behar genuen azaldu zigun Mikelek. Bertan galdera hauek ipintzen zituen mahai gainean:

Ez al da askotan gertatzen eskolak duen egitura zurrunak gaitasun handiko ikasleak baztertzen dituela euren sormena eta errendimenduaren kalterako?

Ez al da egia eskola gehienetan erabiltzen den metodologia mota honetako ikasleentzat zapuztailea dela, inongo interesik ez duena ikasle hauentzat?


Amaieran ikasle hauekin nola joka dezakegun azaltzeko ideia batzuk ere eskaini zizkigun. Gaur topatu dudan azpiko eskuliburuak Mikelen proposamena osatzen du. Txosten interesgarria irudtu zait, hizkuntza sinplean idatzita dagoena eta arin irakurtzen dena. Txostenak jorratzen dituen atalak ondokoak dira:

  • Nortzuk dira gaitasun handiko ikasleak: zer esan nahi du ikasle batek adimen gaitasun handiak izatea?, zein irizpideetan oinarritzen gara ikasle hauek identifikatzerakoan?
  • Gaitasun handiko ikasleen identifikazioa eta ebaluazioa: nola antzeman ikasle bat, gure seme edo alaba bat gaitasun intelektual altukoa dela? Nola jokatu kasu hauetan? Norengana jo?
  • Laguntza behar bereziak: ikasle hauek ikasuntza behar desberdinak al dituzte? Zein arlotan ageri dira behar berezi horiek? Zeintzuk dira?
  • Eskola jarraipena: nola jokatu ikasle hauekin gela barruan? Arreta berezia behar dute? Zeintzuk dira hezkuntza sistemak zehaztuta dituen laguntzak ikasle hauentzat?
  • Familia: zer egin gure seme-alabak gaitasun intelektual altukoak badira? Beste seme-alabekiko desberdin jokatu behar dugu hauekin?
  • Glosategia eta eranskinak: aurreko atalak osatzeko informazio osagarria

Gaiarekin kezkatuta dabiltzan guraso, irakasle eta orientatzaileentzat oso material aproposa iruditu zait. Baliagarria izango delakoan.

http://ikteroak.com/wp-content/uploads/2012/02/2-altas-capacidades-intelectuales.pdf

Jaitsi pdf dokumentua

Ikasteko Jaioak: “nerabezaroa ez da arazo bat, aukera bat da”

Laster beteko ditu nire semeak hamabi urte. Dakitenek diotenez hementxe kokatzen da nerabezaroaren hasiera, hementxe hasten da heldutasunerako bidea. Ostras, heldu da? :-S Ikastolan atzo bertan hasi zela ematen du eta!

Onartu behar dut kezkatuta nagoela. Kontua ez da hainbeste nire semeak bere nortasuna garatzeko bidean, topatuko dituen gatazka pertsonaletatik arrakastaz irteteko gai izango ote den edo ez. Tira, denok dakigu prozesu konplikatua izaten dela baina, modu batera edo bestera, burukomin gutxiago edo gehiagorekin, gatazka eta arazo horiek gainditu egiten direla eta horrek uzten duen posoa da gure nortasuna eraikitzen laguntzen duena.

Kezkatuago nago nerabezaroan murgiltzea, hezkuntza sistema antolatuta dagoen moduan, etapa berri baten hasierarekin erlazionatuta dagoelako. Biak ezagutzen ditut oso gertutik, nire semea eta Bigarren Hezkuntza, eta ez daukat batere garbi, egun diren bezala, biak bateragarriak ote diren.

Azpiko bideoan nerabeen eta eskolaren arteko harremana ikuspegi baikor batetik azaltzen da, baikorregia nire ustez:

Bideoaren amaiera aldera horrelako zeozer esaten da:

En lugar de forzarles a sentarse pasivamente en clase, que pasaría si confiaramos en que el anterior aprendizaje por imitación, ahora les permite desplegar las alas y resolver las cosas por si mismos.

Semea ezagututa izugarri disfrutatuko luke horrelako testuinguru batean, eta motibazio horrek ikaskuntza prozesuan aurrera egiten lagunduko diola. Guraso bezala, garbi daukat testuinguru horretan garatuko lituzkeela 2025. urteko gizartean, behin heldutasunera heltzerakoan, benetan baliagarriak izango lituzkeen konpetentziak. Egungo eskolaren egoera ezagututa ordea, uste dut bideoan planteatzen den egoera errealitate bat bihurtzetik oso urruti gaudela oraindik. Eta horrek kezkatzen nau, izan ere, zalantzak ditut hurrengo sei urteetan ez ote den “Sistemara” egokituko eta ez ote dituen galduko nire iritziz gaur egun dituen gaitasun garrantzitsuenak eta, tamalez, eskolan hain balio gutxi dutenak oraindik.

Tira, badakit ezin dela gure seme-alaben jarraipen akademikoa eskolaren ardurapean soilik utzi, baina profesional bezala azken urteotan ikusten ari naizenaren arabera, oso konplikatua egiten zaie guraso askori eskola dinamika tradizionalak sortzen dituen ohituren aurka egitea.

Nire ikasleak Goierri Telebistan

Duela egun batzuk nire ikasleek Ordiziako azokaren inguruko infografia bat ekoizteko jarraitu zuten prozesua azaldu nuen blog honetan.

Lan honek espero ez genuen harrera izan zuen eta Sustatun ere, portada izatera heldu zen. Sustatu ez gure lanaren berri eman duen komunikabide bakarra. Pasa den astean Goierri Telebsitaren dei bat jaso genuen, egindakoaz informazio gehiago jakin nahi zutela esanez. Duela egun batzuk ikastolan izan genituen GITBko kamerak eta ondorengo erreportaia ekoiztu dute. Ea gustatzen zaizuen:

Azokako infografia from GITB on Vimeo.

Iturria: Goierri Telebista

Pendrive baten neurriko Linux ordenagailu interesgarria

Azken boladan, hardware munduan nagusitzen ari den joera nagusiena gailuen minimizazioarena da. Eta ez naiz soilik tablet eta smartphone-taz ari. Beste gailu askorekin ere tendentzia bera antzematen da, ordenagailuak barne (Linux munduan, batez ere).

Azpiko irudian agertzen diren objektuak ez dira txokolatinak, horrela badirudi ere. Pendrive baten neurriko ordenagailuak dira Ubuntu edo Android 4.0 bezalako sistema eragileak arazorik gabe “mugitu” dezaketenak.

FXI ordenagailu txikia

Albo batean USB konexioa dute (bertatik jasotzen dute argi-indarra) eta bestean HDMI konexioa (pantailari konektatzeko). Wifi eta Bluetooth bitartez konektatzen zaizkio beste periferiko guztiak. Eta hori guztia $199ren truke.

Netbook vs tablet eztabaidan (batzuk smartphone-ak ere sartzen dituzte lehia horretan) horrelako gailuek ere bere lekua izan dezaketela iruditzen zait:

  • Eramangarriagoak dira, netbook-ekin ez bezala, ikasleek euren ordenagailua etxera erraz eraman dezakete
  • Ikastolak jarri beharreko azpiegitura asko sinplikatzen da: nahikoa litzateke infogeletan pantaila, sagua eta teklatua izatea
  • Ubuntu instalatuta izanez gero, fitxategien kudeaketa eta hauen bateragarritasuna beste gailu guztiekin bermatuta dago
  • iPad batean ez bezala, ikasleek askatasun guztia izango lukete nahi dituzten aplikazio instalatu eta desinstalatzeko
  • Une honetan behintzat, prezio aldetik, aukera dezente merkeagoa da

Garbi dago, halere, pantailarik ez izatea dela duen gabeziarik nagusiena, edozein lekutan erabiltzeko duen trabarik nagusiena izanik. Halere, hainbat kasurako (nire ikasleekin antolatu dugun gelan daukagun telebistari konektatzeko, adibidez) agian aukera polita izan daiteke.

Iturria: Linux computer the size of a thumb drive now available for preorder.