Gaur Julen ezagutu dut

Gaurkoa azalpen eguna izan da Bertigardenekoentzat. LH 3. eta 4. mailako ikasleak etorri dira gure azken proiektua bisitatzera eta nire ikasleen zeregina izan da orain arte egindakoaren berri ematea, nola hasi ginen, nola egin dugun aurrera eta nola amaitu dugun guztiarekin, tartean izandako arazotxoak nola konpondu ditugun adieraziz ere. Bost talde pasa dira bi ordutan, Julen bigarrenean etorri da.

Nire ikasleak hortxe ibili dira baratzaren egitura nolakoa den esplikatzen, zer dela eta aukeratu ditugun letxuga eta marrubiak, nola funtzionatzen duten eguzki-plakak eta ur-ponpak… Haur guztiek jarraitu dituzte arretaz emandako azalpenak. Baina bigarren taldeko ikasleak (LH 3koak) besteak baina hiztunxeagoak azaldu dira, gauza gehiago galdetu dituzte. Euren bi andereñoek ere lagundu dute, galderak eginez eta gelan landu dituzten hainbat gauza gogoratuz. Energia elektrikoaren sistema azaltzen ari ginela, ni ere galdera bat egitea animatu naiz:

– Eguzki-plakak zuzenean eguzki energia energia elektrikoan bihurtzen badu eta ondorioz, ur-ponpa martxan jar badezake, zergatik pentsatzen duzue jarri dugula bien artean pila bat? – tira, galdera gehiegi pentsatu gabe bota dut, pentsatuz gehiengo batek jakingo zuela erantzuna. Baina gehienak pentsakor geratu dira, nonbait ez zeukaten oso garbi pilaren funtzioa zein ote zen.

Hiru ikaslek altxatu dute behatza euren iritzia emateko. Lehenengo biak aurre-aurrean zeuden eta arretaz ari ziren azalpenak jarraitzen baina ez dute asmatu erantzunarekin. Hirugarrena Julen izan da, taldearen atzealdean zegoen, ia ezkutuan, azalpenak urrutixeagotik jarraitzen ari zela zirudien. Erantzuteko txanda eman diodanean, bi andereñoak horretaz jabetu dira eta isiltasuna eskatu die beste ikasle guztiei. Horrekin ulertu nahi izan dut dut Julen ez dela askotan animatzen dena bere iritzia ematea. Konturatu naiz Julenentzat une garrantzitsua izan zitekeela eta denok jarri gara berari entzuten.

Andereñoei kasu eginez, guztiok isildu gara eta Julen bere iritzia ematen hasi da. Urduri zegoen, hitz-totelka hasi da, kostatu zaio esan nahi zuena adieraztea. Baina azkenean egin du, baita ondo egin ere!!

– Gauan, eguzkirik ez dagoenean, motorrak funtzionatu ahal izateko da beharrezkoa pila – esan du Julenek. – Gauetan bakarrik? – galdetu diot, Julenen unea zela jabetuta. – Edo zerua lainoz estalita dagoenean – erantzun du berak. – Ba bai Julen, halaxe da, bete-betean asmatu duzu erantzunarekin. Zorionak! – esan diot, andereñoen arteko txutxumutxuek eta harridura aurpegiek Julenek gaur egindakoa oso arrunta ez zela aditzera ematen zidatelarik.

Hortik aurrera nik jarraitu dut azalpenarekin. Julen aurrera etorri da, ez da atzean geratu. Gertutik ikusi eta ezagutu nahi zuen egindako guztia, ez zuen detailerik galdu nahi. Hasierako lotsa galduta, zituen zalantza guztiak botatzen hasi da. – Zertarako da hodi hori hori? – galdetu dit. Esplikatu diet bere funtzioa ura berriro depositura eramatea dela. Ura gorantz ur-ponparekin bultzatzen dugula esplikatu diet ere eta ur depositutik atera dut ponpa eurek ikusteko. Julen segituan gerturatu da ur-ponpa nolakoa zen ikustea. Birak ematen dituen motor bati lotutako helize sistema bat dela esan diet. – Eta helizeak nola daude horrela edo horrela? – galdetu dit Julenek bere bi behatzak gurutzean ipintzen zituela, hasieran etzanda eta gero zuzen. – Horizontalean daude Julen – erantzun diot zuzenean.

Ez nuen Julen ezagutzen baina gurekin egon den hamabost minututan mutiko argia eta azkarra dela iruditu zait. Bere begi txiki eta ilunekin ez du detailerik galdu (ezta atzealdean zegoenean ere), guztia ezagutu nahi izan du eta guztia ondo ulertu duela iruditu zait. Jakin-min eta kuriositate handiko zortzi urteko haur azkarra iruditu zait, nirekin egon den hamabost minutu horietan.

Eta halaxe berretsi didate bi andereñoek saioa amaitu dugunean. Baina…, aiii “baina” horiek! Julenek arazotxo batzuk ere baditu (nork ez, ezta?). Irakasleoi hainbeste gustatzen zaigun ikasle “estandar”aren profiletik kanpo geratzen da. Beste askori gertatzen zaien moduan, ez da gelan ixil-ixilik, geldi-geldi, mueble baten moduan egotera ohitzen; bere ikasteko modua ikastolak eskatzen dionarekiko oso desberdina da; hainbat gaietan oso azkarra da baina aspertu egiten da eta ondorioz beste gauza batzuetan pasatzen du denbora. Tira, bere adineko beste haur askok bezala, beste mota bateko eskola eskatzen duen haur bat da. Halere, bi andereñoek esan didate asko hobetu duela azkenaldian eta gaurko esperientziak horretan ere asko lagunduko diola.

Baina ni ukituta igo naiz gure bulegora. Goiza pasatu dut Julen burutik kendu ezinik. Ziur nago hemendik aurrera izango dituen maisu eta andereñoek, orain artekoek bezala, buru-belarri jardungo direla Juleni laguntzen. Badakit batzuk dagoeneko ari direla “iraultza” txiki bat prestatzen adimen anitzak kontutan hartzen dituzten sekuentziak diseinatzen, gelako aniztasunari erantzun bat eman nahian, ikasle guztien ikasteko modu desberdinak aintzat hartuz. Badakit ere ikastolak dituen baliabide eskasak bere esku ipintzen ahaleginduko dela hobekuntza prozesuan aurrerantz egin dezan. Dudarik ez daukat guztiok bustiko garela dituen arazotxo horiek konpon ditzan. Baina beldur naiz, Julenek aurretik duen eskola ibilbide luzean, berriro protagonista izateko aukerarik izango ez ote duen, bere buruaz harro egoteko aukerarik berriro biziko ote duen. Beste modu batera esanda, horrelako ikasleei erantzuteko egun ipintzen diegun neurri zuzentzaileekin, ez ote diren geroz eta ezkutuagoan geratuko orain agerian dituen gaitasunak. Irakasleok gauzak “ondo” egitea zer ulertzen dugun ikusita, kezkak ditut ez ote den eskola bera izango Julenek (eta Julen bezalako beste haur askorekin) dituen gaitasunekin poliki-poliki bukatuko duena.

Aniztasunaz hitz egiten dugunean oraindik askok pentsatzen dute heterogenotasuna homogeneizatzea dela helburua, ikasleek dituzten izkinak leundu eta forma ematen joatea, guztiak itxura bereko harri bitxi bikainak bihurtu arte. Baina ez gara jabetzen harri bitxi horietako bakoitzak bere dirdira eta kolore propioak dituela, eta guztiei eskaini behar diegula dir-dir egiteko aukera berdinak. Askotan pentsatzen dut, irakasleok leuntze eta uniformatze prozesu horretan, ikasle askok berezkoa duten dirdira horrekin ez ote dugun akabatzen. Uste dut gauza hauek birplanteatu beharko genituzkeela benetan eskola inklusibo bat izatea baldin bada gure helburua.

Julen gaur zu ezagutzeko aukera izan dut. Oraindik zazpi-zortzi urte geratzen zaizkit zure irakaslea izateko baina ez zait gaurkoa inoiz ahaztuko. Elkarrekin egoteko unea heltzen denean denon aurrean kontatuko dut gaur guztioi erakutsi diguzuna.

Gutun irekia nire batxilergoko fisikako ikasleei

Datorren urtean fisikan izango zaituztedan ikasle agurgarriok

Aurtengo hainbat klaseetan entzun didazuen moduan, badakizue ez nagoela oso gustura nire klaseak antolatzen ditudan moduarekin ezta hauei ateratzen diegun etekinarekin, ez zuek, ezta nik ere. Askotan azaldu naiz kritiko zuen aurrean, kexu eta etsipen puntu batekin, egiten dudan lanaren baliagarritasuna baloratzerakoan. Ez da aurtengo kontua, ez da zuekin zuzenean erlazionatutako zerbait. Azken sei urte hauetan kontu berdinarekin joan natzaie aurretik pasa diren promozio guztiei, zuek baino zaharragoak diren ikasle-ohiei galdetzea besterik ez duzue.

Pentsa zenezakete sei urte hauek besoak gurutzatuta ezer egin gabe pasa ditudala, ezer aldatzen ez duen jarrera ezkor batean murgilduta denbora guztian. Ez da erabat egia. Duela bost urte gauzak aldatzeko ahalegina egin nuen. Denbora asko kendu zidan lan bat izan zen eta emaitzak ez ziren izan espero nituenak. Espero nituen hobekuntzak teknologiaren eskutik etorriko zirela sinesten nuen orduan. Baina oker nenbilen. Gaur badakit funtzionatzen ez duen eredu didaktiko batean, teknologiak eredu hori oraindik okerragoa bihurtzen duela, mesede baino gehiago kalte egiten duela. Ez da hori ikasi nuen gauza bakarra. Irakasle bakar batek aurrera eramandako berrikuntzak anekdota hutsean geratzen direla ere konturatu nintzen, hauetako asko zuentzat oztopo bihurtzen dira eta beste batzuk balio gehiegirik gabeko anekdota batean.

Hiru urte pasa dira froga hura alde batera utzi nuenetik eta hemen nator berriro ere aldaketa proposamen batekin. Orduan izandako erroreetatik ikastea espero dut eta gauzak beste modu batera egitea. Bai badakit oraingoan ere bidea bakarrik egitera noala eta ez dela hori zuzenena asmoak egi bihurtzeko. Egokiagoa litzateke proposamen hau etapa bezala edo, hobe oraindik, zentro bezala aurrera ateratako estrategia berritzaile baten testuinguruan kokatuta egongo balitz baina hori ez da posiblea orain eta, gauzak erabat aldatzen ez badira, ez dut uste posible izango denik datozen urteetan ere.

Beraz, urtero kexatzen jarraitzea baino gauza berriak frogatzea nahiago dudala erabaki dut, nahiz eta aurretik jakin bidea koskaz beteta egongo dela. Proposamen zehatza aurrerago bidaliko badizuet ere, gutun honetan aldaketaren zergatia azaldu nahi dizuet ez baitut nahi pentsatzea hau guztia beroaldi baten ondorioa izan dela. Hementxe azpian uzten dizkizuet nire argumentuak:

  • Legeak, curriculum berriak… baita gizarteak ere, enfoke metodologikoa aldatu behar dugula agintzen badigute ere, oso urruti gaude oraindik errealitate horretatik. Nik ezagutzen dudan Bigarren Hezkuntzako errealitatea, behintzat, oso urruti dago oraindik egoera horretatik. Legeak agindu eta gizarteak eskatzen duen ikaskuntza eredu berri bat jasotzea ezin da borondate kontua izan. Uste dut, gaurkotutako ikaskuntza eredu bat jasotzeko eskubide guztia daukazuela eta ikastolak ahalegin bat egin beharko lukeela horretarako. Proposamen zehatz eta egituratu baten zain zaudeten bitartean (etapa eta ikastola osoa inplikatuko duena), nik koherentea izan nahi dut aurrean esandakoarekin eta bide berriak urratzen hasi nahi ditut, zuen beharrei hobeto erantzuteko, aurretik jakinda ere, bakarkako ekimen hauek konplikatuak izaten direla aurrera ateratzea, beste irakasle guztiekin elkarlanean ez bada.
  • Hautaprobek inoiz zentzurik izan badute, egun froga honen izaera eta helburuak erabat desbirtualizatuta daude. Eta fisikako gaiarekin gertatzen ari dena “sinsentido” horren puntako adibidea da. Ez dakit nahita edo nahi gabe bilatutako zerbait ote den baina azken urteotan gertatzen ari diren aldaketek bidea ireki diote gaia beste modu batera jorratzeko aukerari. Orain ezin dizuet selektibitatea ipini nire klaseko jarduna ez berritzeko arrazoi nagusi bezala.
  • Beti esan dut “bizitzarako ondo prestatu” nahi izan zaituztedala, baina gero nire benetako helburua “unibertsitaterako ondo prestatuta” bidaltzea izan da. Eta argumentu horrekin, gela barruan egin dudan gauza bakarra txapa sartu, ariketak zuzendu eta azterketak ipintzea izan da. Banekien horrek bizitzarako balio gutxi duela baina gutxienez, unibertsitatean “jasoko” zenutenerako ondo prestatuta joango zinetela. Baina hori ere orain aldatzen ari da. Nire gaia aukeratzen duzuenon (bai, badakit askori nire gaia aukeratzea derrigortzen zaituztegula) gehiengo batek gradu teknikoetatik egiten duzue aurrera eta hor gauzak aldatzen ari dira. Oraindik orokorra ez bada ere, goi mailako ikasketa tekniko askotan ezartzen hasi dira konpetentzietan oinarritutako metodologia berriak, PBL bezalakoak, adibidez, eta konpetentzien lorpen maila azaltzen dituzten ebaluazio modu berriak. Beraz, unibertsitaterako ondo prestatuta egotea nahi badut, uste dut nire ardura dela egoera berri honetara egokitzen zuei laguntzea. Hori ere ikastea da (oraindik askori zaila egiten bazaizue hori horrela ulertzea) eta ziur nago gainera, ikaskuntza hori bizitzarako hobeto prestatuta egoteko orain arte nigandik jaso duzuena baino askoz ere baliagarriagoa dela.
  • Gure gizartean zientzia eta teknologia alorretan aldakuntzak ziztu bizian gertatzen ari diren bitartean, bokazio zientifikoen gainbehera errealitate bat da. Ez hori bakarrik, kontu hauetaz dakitenek aipatzen dutenaren arabera, ezagutza zientifikoa zuen artean oso kaxkarra omen da, halako “analfabetismo zientifiko” batera heldu garelarik zuen belaunaldietan (egun bizi dugun sasi-zientzien gorakadarekin kointziditzen duena, gainera). Eta horrek asko kezkatzen nau. Jakinda asko direla egoera horren atzean egon daitezkeen arrazoiak, garbi daukat nagusienetako bat ikasgai zientifikoetan irakasleok erabili dugun metodologia akademizista klasikoa izan dela. Tira, ez dago ondo orokortzea, badakit baina Batxilergoko fisikaren lanketan, nik behintzat, ez dizuet aukerarik eman fenomenoen analisi, ebaluazio edota ikerketarako, hipotesien planteamenduetarako, ereduen eraikuntzarako. Uste dut badela nire zeregina zuen eta zientzia eta teknologiaren artean eman den eten hori konpontzea.
  • Azkena harreman eta elkarreragin pertsonalekin erlazionatuta dago. Nire lankide batek askotan aipatzen zuen bezala, “erositako prezioan saltzen zaituztet” ;-). Bi urteko ibilbidea egiten duzue nirekin eta ikastolatik irteten zaretenean, ezer gutxi eskaini dizuedala sentitzen dut. Etorri zineten bezala zoazte aurrera. Aspaldi, edukiz ondo bustita bidaltzen zintuztedala sinesten nuen behintzat. Gaur hori ere ez. Nire ondotik pasatzen zarete baina berdin dio ni edo beste norbait izatea ondoan. Eta horrek ez nau asetzen irakasle bezala eta are gutxiago pertsona bezala. Elkarrekin egin behar dugun ibilbide horretan, zuekiko interakzioa areagotu nahiko nuke, aurretik zinetena baina hobeagoak izaten lagundu nahiko nizueke. Baina hori horrela izateko, elkarrekin egin behar dugun bide hori birplanteatzea ezinbestekoa da. Horregatik proposamen hau.

Inguruan ikusi eta bizitzen dudanak kontrakoa adierazten badit ere, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinisten dut, orain egiten dudana baina onuragarria dena zuentzat baina baita niretzat ere. Eta horixe da datorren ikasturtean zuekin egiaztatu nahi dudana, gaizki iruditzen ez bazaizue. Horixe da hurrengo egunetan egingo duguna, alegia, zuen iritzia jaso eta izan ditzakezuen kezka eta galderei erantzuna eman.

Bitartean, hemen azaldu dizuedanarekin enpatia puntu bat izatea besterik ez dizuet eskatzen. Horrekin bakarrik konformatzen naiz.

Ulertuko didazuelakoan

Jokin

Pentsamendu logikoa

Bideo honek gogora ekarri dit semearen txikitako anekdota bat. Olentzero egunean lehenengo aldiz lagunekin kantatzen atera ondoren, bildutako dirua nola banatu zuten galdetu genion. Erantzuna erabat “logikoa” izan zen. Eskua txanponen poltsan sartu eta bakoitzak eskukada bat txanpon ateratzen zuen poltsatxotik. Horrela, txandak errespetatuz, banan-bana eskua sartzen joaten ziren poltsako diru guztiarekin amaitu arte. Beraientzat, banaketa modu ekitatiboan gertatzen zen guztion eskukada kopurua berdina zelako.

Handik urtebete edo bira, ez naiz ondo gogoratzen, prozesua aldatzea erabaki zuten. Antza denez, ordurako konturatuta zeuden eskukada batean bildutako txanpon eta billete kopurua ez zela kasu guztietan berdina eta beste modu batera egitea erabaki zuten. Banaketarekin hasi baino lehen, mota berdineko billete eta txanponak multzotan banatu zituzten. Ondoren, korroan ipinita, mota bakoitzeko billete eta txanpona banan-bana banatzen hasi ziren. Horrela, taldean hiru lagun baziren eta bost euroko lau billete banatu behar bazituzten, bakoitzak bana hartzen zuen eta, txandaren arabera, laugarrena izatea tokatzen zitzaionak laugarren billetea hartzen zuen. Gero, orden berarekin jarraituz, bi euroko txanponak banatzen hasten ziren eta txanpona mota guztiekin bukatu arte. Kontzienteak ziren sistema honekin guztiek ez zituztela billete eta txanpon kopuru berdina baina normaltzak hartzen zuten, izan ere, ez zuten ezagutzen lau billete hiruren artean modu hobeagoan banatzeko bestelako metodorik.

Zorionez, Olentzero egunean kantatzera bakarrik ateratzen ziren eta dirua banatu ere, bakarrik egiten zuten. Eskerrak tartean gurasorik ez geundenik bestela ziur nago lehenengo urte hartan jada, diru guztia zenbatu, zatiketa hiruen artean egin eta bakoitzari berea emango geniela, guztiek diru kantitate berdina izateko. Baina umeek ez lukete ulertuko zergatik zeukan berak bi paper zati eskuan bakarrik eta besteak eskuak txanponez beteta. Edo zergatik zituen batek txanpon hori gehiago eta besteak zilar kolorezko gehiago. Ez dakit nire semeak zenbat diru ekarri zuen etxera baina pozten naiz dirua horrela banatu izana. Pozten naiz banaketa ekitatiboa zer den edo ez den beraien kabuz ikasi izana, zerk egiten zuen huts jabetzea eta konponbidea beraien artean erabakitzea.

Helduok (irakasleok barne) ez gara jabetzen batzuetan gure esku-hartzeak horrelako egoeretan umeen ikaskuntza prozesu autonomoari mesede baino kalte egiten diogula. Pentsamendu logikoa, lehen faseetan, eta kritikoa aurrerago, heldutasunerako bidean klabeak direla eta gure jokabide batzuk askotan garapen horretan eragin negatiboak izaten dituztela.

Ikasteko Kooperatu, Kooperatzen Ikasi: ikastola inklusibo baterantz

Bihar hasiko dira Donostian Gipuzkoako Berriztapen Proiektuen XI. Jardunaldiak eta gure ikastolak izango du bere lekutxoa bertan. Izan ere, bihar arratsaldez izango diren tailerretan nire ikasleek aurten burutu dituzten egitura kooperatiboen eta, orohar, egin duten talde-lanaren inguruan beraien iritzia emateko aukera izango dute.

Ikasturte honetan nire ikasleak eta ni aurrera eramaten ari garen lana nire ikastolako orientatzailearen jarraipenarekin burutzen ari gara. Bera Ordiziako Berritzeguneak antolatzen duen “IK/KI Ikasteko Kooperatu/Kooperatzen Ikasi” ikastaroan parte hartzen ari da eta han jasotakoarekin “kapote” bat botatzen dit nire zereginetan eta gero nik nire balorazioa egiten diot egin dugunaz. Ikasleekin ere gelan arituta da, Arkatzak Erdira izeneko egitura kooperatiboa erabiliz, garatzen ari garen azken proiektuaren ataletako bat lantzen.

Esan bezala, aurtengo Berriztapen Jardunaldietan ikaskuntza kooperatiboaren inguruan tailer desberdinak antolatuko dira, HH, LH eta DBHrako. Azken hauen amaieran, DBHko ikasleen iritzia ezagutzea interesgarria izan litekeela eta, nire lankideari gure ikasleen irirtzia jasotzea gustatuko litzaiekela esan zioten antolatzaileek. Horrela, berarekin hizt egin ondoren, nire ikasleekin bideo bat grabatuko nuela agindu nion, aurtengo esperientzien inguruan nire ikasleen bizipenak nolakoak izan diren jasoz. Azpian daukazue egindakoaren inguruan nire ikasleek egiten dten balorazioa:

Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak bideoan entzundakoaz. Niri, irakasle bezala konturatu gabe nengoen hainbat gauzetaz hausnartzea eragin didate nire ikasleen komentarioek. Konturatu naiz orain arte normaltasunez hartu izan dudala hainbat ikasleek gela barruko talde dinamiketatik kanpo egotea, ez dudala sensibilitate nahikorik izan taldean baztertuta sentitu direnekiko eta ez dudala neurririk aurrera eraman jarrera baztertzaileei mugak ipintzeko. Eta enpatia falta honek eragin negatibo bikoitza izan du, izan ere, ohiko metodologia tradizionalarekin arazoak dituzten ikasleen integrazioaren aurka egiten du eta gainera, “besteen gainetik” sentitzen diren ikasleen nortasunaren garapenerako kaltegarriak diren jokabideak eragiten ditu.

Zenbat denbora pasatzen dute (urteak kasu askotan) gure ikastolako ikasle askok (laguntza geletara ateratzen ditugun gehienak esango nuke nik) gela barruko dinamiketatik baztertuta, euren iritzia emateko eta sentitzen dutena adierazteko inongo aukerarik gabe, erabat baztertuta. Inklusiboa izan nahi duen gurea bezalako ikastola batek sakon hausnartu beharko luke honi guztiari buruz.

Elkar Hobeto Ezagutzen: talde-kohesioa sendotzeko jarduera sorta

Aurreko batean aipatu nuen bezala, Curriculuma esku artean hartu bezain pronto nagikeria nagusitzen zaion horietako bat naiz ni. Hamabost urte daramat hezkuntzan eta, lotsa apur batekin bada ere, onartu behar dut ez naizela sekula jarri unitate didaktiko baten diseinua egiten. Zertarako bada? DBHn aritu naizenean beti izan ditut eskura Ikastolen Elkartetik “prefabrikatuta” etorri diren materialak. Ingurukoek ziotenaren arabera, hortxe neukan behar nuen guztia klaseak “emateko”. Zertarako konplikatu bizitza curriculumean datorrena ulertzen? Eta batxilergoan klase eman behar izan dudanean, handik eta hemendik kontsultatutako testu-liburuekin egindako entresakarekin, prest neuzkan irakasleok hainbeste apreziatzen ditugun apunteak.

Askotan esan dudan moduan nahiko frustrantea den errutina honetatik ihes egin nahi dut, nire garapen profesionala mugatzen duen testuinguru horretatik alde egin nahi dut. Nekatuta nago nire inguruan entzutez “ez garela konpetenteak” curriculumak zehazten dituen ardatz nagusien inguruan sekuentzia didaktikoak diseinatzeko. Horrelako planteamenduen aurrean errebelatzen naiz, bere garaian IKTen inplementazioan kanpotik zehaztuta zetozen irizipide askoren aurrean oso kritiko azaldu nintzen bezala. Bide berriak urratzeko gai sentitzen naiz eta, kontzientea izanda erronka berrietan hasteak bere arriskuak dituela, sinesten dut zerotik hasita bada ere, diseinatuz, planifikatuz, eginez, eta egindakoa ebaluatuz profesional hobeagoa izatea lortuko dudala.

Baina egun daukagun eskola egiturarekin (guztiz zatitua, bai eduki, denbora baita espazioan ere), onartu beharra dago ez dela erraza ohikotasunetik urruntzea, lan egiteko modu berriak erraztuko duten baldintza egokiak aurkitzea. Denboratxo bat pasa ondoren kontu hauei buelta batzuk ematen esperientzia berriak bizitzeko Aniztasun Curricularreko taldearekin lanean hastea aukera egokiena zela erabaki nuen. Curriculum ofizialaren inplementazioan “krak” egiten duten ikasle talde hauekin elkarlanean aritzea aukera bikaina zen bide berriak urratzeko, izan ere, hauekin eduki prefabrikatuek ezer gutxirako balio dute, ohiko material didaktikoak “fusilatzea” ezer gutxirako balio du. Dena egiteke nuen, beraz.

Irailaren lehenengo astean izan nintzen nire ikasle berriekin aurrez-aurre lehenengoz, zortzi neska eta mutiko bakarra. Ideia asko nituen buruan elkarrekin aurrera eramateko. Garbi neukan metodologia aktiboak bultzatuko nituela gelan eta honen oinarrian lanketa kooperatiboa egongo zela. Ez neukan oso garbi, ordea, nondik hasi. Amaiak, ikastolako orientatzaileak, talde-kohesioa sendotzeko jarduera batzuekin hasteko gomendatu zidan. Nire ikasle gehienak aspalditik ezagutzen ziren elkar baina niretzat guztiak ziren ikasle berriak. Beraz, lan-talde kooperatiboak (homogeneoak zein heterogeneoak) ondo aukeratzeko ezinbestekoa nuen elkar hobeto ezagutzearen aldeko jarduera batzuk diseinatzea.

Hasieran esan dudan bezala, lehenengo aldia zen zerotik jarduera sekuentzia baten diseinua egiten nuela, helburuak definitzen nituela, landutako konpetentzien deskribapena egiten nuela, elementu curricularrak zehazten (modu orokorrean behintzat) saiatzen nintzela. Horrela “Elkar Hobeto Ezagutzen” izeneko sekuentzia prestatu nuen.

Dagoeneko zazpi hilabete luze pasa dira hartatik. Beste hiru sekuentzia didaktiko berri prestatzeko aukera izan dut eta, eginez bakarrik ikasten dela kontutan izanik, baliteke gaur sekuentzia honetako jarduerak beste modu batera prestatu izana.

Edonola ere, kontentu geratu nintzen egindakoaz. Nire ikasleak hobeto ezagutzeko aukera bikaina izan zen baita beraiek ni ezagutzen joateko ere. Horrelakorik inoiz egin gabe nengoen (lan-taldeak diseinatzeko beharik ez dut inoiz eduki eta) baina uste dut ezinbestekoak direla kohesio jarduera hauek ikaskuntza kooperatiboa bultzatu nahi badugu behintzat.

Azpian daukzue lau jardueren deskribapen laburra:

1. JARDUERA: Ni eta gu, gu eta ni: izena, argazkia eta beste kontu batzuk

Lehenengo jarduera honetan taldekide bakoitzaren datu pertsonalak aurkeztea eskatzen zen, gero taldeko gunean bakoitzaren fitxa pertsonala osatzeko. Gainera taldearen identifikatzaile nagusia izango zen talde-izena aukeratzea eskatu nien. Agian hemen egon daiteke jardueraren alderdirik “berritzaileena”, izan ere, taldearen izena aukeratzeko ideia-jasaren teknika erabili genuen. Ariketarekin hasi aurretik txosten txiki bat banatu nien teknikaren oinarriak azalduz.

Jaitsi PDF dokumentua

Tira, onartu behar dut esperientzia ez zela oso aberatsa izan. Ikasleak ez daude ohituta horrelako tekniketara. Orain arte dena mamituta eman zaie, zer egin behar duten esan egin zaie; ez dute iniziatibarako aukera gehiegirik izan. Beraz, egun batetik bestera horrelako jardueretara egokitzea ez da gauza erraza.

2. JARDUERA: Nire gelakidea aurkezten

Bigarren jarduera honetan taldekide bakoitzaren inguruan informazioa lortzea zen helburu nagusiena. Baina norberak bere burua aurkeztu beharrean, bere kide batek egingo du lan hori. Horretarako bikoteka jarri nituen eta denbora tarte bat eman nien euren bikotekidearen inguruan informazioa biltzen joateko. Jaso beharreko informazioaren inguruan, erabil zezaketen galdera sorta labur bat eman nien gida moduan.

  • Bere izen-abizenak, ez-izena, detaile bereziak aipagarriak izan daitezkeenak laguna hobeto ezagutzeko…
  • Zeintzuk dira bere afizioak?
  • Zer egiten du gelako orduetatik kanpo?
  • Zeintzuk dira bere indarguneak eta ahuleziak?
  • Zein ekarpen egin diezaieke gelako beste kideei?

Jarduera honetan informazioaren kalitatea baloratzea baino gehiago, honen komunikazioa ebaluatu nahi zen. Horretarako ikasleei ahozko komunikazioaren inguruko balorazio matrize hau pasa nien:

Jaitsi PDF dokumentua

Aurkezten guztiak sekuentziaren ataza izango zen bideo batean bildu genituen

3. JARDUERA: Zer dut ikaragarri gogoko?

Aurreko jardueraren ondoren, banekien zerbait gehiago nire ikasleen inguruan eta beraiek ere, aurretik ezagutzen ez zituzten euren gelakideen inguruko hainbat ezaugarrien berri ere izan zuten. Baina oraindik gauza gehiago ikasi nahi genituen.

Hainbeste urtetan klixe jakin baten menpe egon diren ikasle hauek jaberarazi nahi nituen eurak ere gai zirela gauza asko ondo egiteko. Horien berri ematea eskatu nien, bakoitzak dituen alderdi positiboen inguruan hausnarraraziz. Hemen ere denbora tarte bat eman nien euren aurkezpen pertsonala egiteko eta gida bezala, beste galdera zerrenda txiki bat ere pasa nien.

  • Zer da nire jakin-mina pizten duena?
  • Zeintzu arazo edo egoeren ditut gustuko?
  • Zertaz dut gustuko ikertzea?
  • Nola ikasten dut eta norekin?
  • Noiz sentitu naiz harro zerbait ikasteaz?
  • Noiz sentitu naiz gustura ikastolan? Kontatu esperientzia bat.
  • Zer da zuretzat zailena eta errazena ikastolan zaudenean?
  • Irakasle bezala zer 3 gauza egin ditzaket ikasketak atseginagoak egiteko?
  • Zeintzu ekarpen iruditzen zaizu egin ditzakezula gelako beste kideei

Aurrekoan bezala, hemen ere bideoan grabatu nien aurkezpen guztiak eta balorazio matrize berberaren inguruko ebaluazioa egin nuen.

4. JARDUERA: Zer espero dut ikasturte honetaz?

Azken jarduera honetan nire ikasleen espektatibak ezagutu nahi nituen. Abentura berri honetatik zer jasotzea espero zuten jakin nahi nuen. Aurrekoetan bezala, jarduera honetan ere ikasleen hausnarketa bideratzeko galdera zerrenda bat eskaini nien:

  • Zer espero dut ikasturte honetaz?
  • Nola gustatuko litzaidake izatea nire ikastola?
  • Zertaz gustatuko litzaidake ikastea?
  • Zerk motibatzen nau?
  • Zer egingo dut desanimatzen naizenean?

Hausnarketaren ondoren, ikasle bakoitzak bere asmo, nahi, ideia edo ilusioak hiru esalditan laburbildu behar zituen. Guztiak gelan daukagun azulejuz betetako paretan jaso genituen, halako “wallwisher” moduko bat sortuz.

Jarduera honen emaitzak ez ziren oso onak izan. Ekarpen gehienak topikoz josita egon ziren; gehienak “nota hobeagoak atera” edo “gai guztiak aprobatu” bezalakoak izan ere. Gaur errepikatuko banu jarduera ziur nago ikasleen ekarpenak beste mota batekoak izango zirela. Tira, erroreengandik ikasten omen da; hurrengorako beste modu batean planteatuko du jarduera hau.

Goran ipini dizuet taldearen argazkia. Bigarren eta hirugarren jardueretan jasotako ekarpenekin egindako bideoa ipintzen dizuet azpian.

Ni eta nire ikasleentzat esperientzia berria izan da hau. Sekulan ez dut horrelako jarduerarik burutu nire ikasleekin baina onartu beharrean nago talde-kooperatiboetan oinarritutako lanketa aurrera eraman nahi bada gelan, beharrezkoak direla horrelakoak. Oso esperientzia aberasgarria izan zen eta hobekuntzak non aplikatu behar ditudan ikasi ondoren, ziur nago ez dela azkeneko aldia izango horrelako jarduerak aurrera eramaten ditudala.

Azpian uzten dizuet sekuentziaren deskribapen osoa. Google Sites batetik zuzenean inprimatutako txostena da eta kalitatea nahiko kaxkarra da.

Jaitsi PDF dokumentua

Konpetentzia espezifikoetaz gain uste dut garrantzitsua dela sekuentziaren garapenean ikasleek jokoan jartzen dituzten konpetentzia eta azpikonpetentzia orokorren deskribapena egitea. Horretarako halako txantiloia sortu dugu ikastolan non bertan jarduera desberdinetan mobilizatzen diren azpikonpetentziak zehaztu daitezkeen.

Bideoa ikusi baduzue konturatuko zineten ikasleek taldearentzat aukeratutako izena Tin-Team izan zela. Egia esatea nahi baduzue, ez dakit zein izan zen izen hori jartzearen arrazoia, baliteke hitzak ahoskatzerakoan sortzen den doinua izatea edo nik ezagutzen ez dudan bestelako arrazoi ezkuturen bat egotea tartean. Kontua da hilabete hauetan izen honi esanahi bat bilatzen aritu naizela eta orain konturatu naiz taldeari ezin geniola izen hobeagorik ipini 😉