“Ordenadores en el aula: la clave es la metodologia” liburua erosi dut

Ez dut gogoratzen zenbat denbora pasa den esku artean liburu bat azkenekoz izan nuenetik. Herenegun “Ordenadores en el aula: la clave es la metodología” liburua jaso nuen. Arraroa egiten zait berriro paperaren taktua sentitzea behatzetan.

Ez dut gogoratzen non eta noiz izan nuen liburu honen berri lehenengoz baina Grao argitaletxearen webgunera joan eta liburuaren inguruan zetorren deskribapena irakurri ondoren liburua interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen eta, aspaldiko partez, liburua erostea erabaki nuen. Argitaletxe berak eskaintzen dituen beste liburu batzuk kontsultatuta, jabetu nintzen eBook-a erosteko aukera bazegoela, beraz, hau ere formatu digitalean erostea erabaki nuen (anotazioak hartu eta gero hauek esportatzeko aukera izatea oso baliagarria iruditzen zait). Baina, bitxia bada ere, teknologiaren inguruan diharduen liburu honek ez du bertsio digitalik, beraz, azkenean paperezko bertsioarekin konformatu behar izan dut. Hainbeste denbora pasa ondoren pantailatik irakurtzen, arraroa egiten zait paperera bueltatzea.

“Ordenadores en el aula: la clave es la metodologia” liburuaren deskribapen laburrean ondorengoa irakur daiteke:

Los ordenadores ya han llegado o llegarán pronto a las aulas. Este libro nos ayudará en los cambios que esto representa en el día a día y que se deben sostener en tres grandes columnas: los contenidos, las metodologías, las herramientas y los recursos tecnológicos.

Garbi dago, beraz, liburu hau ez dela gai zehatz eta konkretu baten inguruan gehiegi sakontzen duen horietakoa, analisi mamitsuak biltzen dituen horietakoa. Alderantziz, curriculuma, metodologia eta teknologia bezalako gai zabalak ditu hizpide. Gainbegiratu batean, liburua nola dagoen antolatuta ikusita, burura etorri zait Jordi Adellek Bilbon aurkeztutako TPACK eredua izan daitekeela bere erreferenteetako bat.

Testuinguru horretan liburua 22 ataletan banatzen da beste hainbeste autoreen eskutik. Lehenengo bostak aldakuntza metodologikoarekin zerikusia dute (curriculum berria, konpetentziak eta interneten eragina) eta, nire iritziz, interesgarrienak dira. Aspalditik jarraitzen ditudan Ramón Domenech eta Guida Al·lès ekarpenak, adibidez, bloke honetan kokatzen dira. Geratzen diren beste atal guztiak baliabide teknologikoen erabilerari lotutako jarduera didaktiko berritzaileen deskribapenak dira. Uste dut liburuaren erosketa justifikatzen duten edukiak direla.

Baina liburua erosteko bigarren mailako beste arrazoi bat ere badut. Izan ere, aspalditik buruan darabilkidan ideia bat kontrastatzeko gogoa daukat. Alegia, liburua idazten duten autore guztiak blogariak dira, batzuk beste batzuk baina gehiago agian, baina denek parte hartzen dute modu aktiboan sarean. Askok euren teoriak, lanak eta bestelako ekarpenak sarean partekatu dituzte. Hori horrela izanik, egiaztatu nahi dut ea liburu honek ekarpen horiek soilik biltzen ote dituen edo ekarpen horiek aberastu eta osatzen duten informazio gehigarria eskaintzen duen. Ez dakit, baina Guida Al·lès zatia gainetik begiratuta, adibidez, konturatu naiz eskaintzen dituen grafiko asko dagoeneko sarean aurkitu eta gordeta ditudanen berdinak direla.

Liburua irakurtzen noan heinean bertan aurkitutako ekarpen interesgarrien inguruko aipamenak egingo ditut blog honetan. Aterako ditut ondorio zehatzagoak amaitzen dudanean.

Zirikteroak sare-soziala berriro martxan

Dagoeneko pasa dira bi urte , Galdakaoko “bunker”ean izan genuen afari/bilera batean Zirikteroak sarea martxan jartzea erabaki genuenetik. Pasa den asteburuan elkartu ginen berriro, aspaldiko partez, eta bertan sarea biziberritzeko ahalegina egin behar genuela aho batez onartu genuen.

Esan bezala, duela bi urte Javiren txokoan ikastola desberdinetako dinamizatzaile taldetxo bat elkartu ginen esperientziak eta ezagutza trukatu, gure gauzatxotaz hitz egin eta bestelako ideiei buelta batzuk emateko. Esango nuke horrelako bileratxo bat egiteko arrazoi nagusiena elkarrengandik ikasteko beharra izan zela. Hantxe, ia gehiegi pentsatu gabe, sortu zen modu presentzialean egiten ari ginen hura, ingurune birtualera eramateko beharra. Eta horrelaxe erabaki genuen Zirikteroak izeneko irakasle euskaldunon sare-soziala martxan ipintzea.

Datorren asteartean egingo ditu bi urte ekimen berri hari hasiera eman genionetik eta bitarte horretan gauza ugari gertatu dira bere inguruan. Hasiera bizia izan zuen sareak, partaidetza zabala eta aktiboa. Baina denborarekin, horrelako sare askorekin gertatzen den moduan, sareko jarduna moteltzen joan zen. Aurrez-aurreko ekimenek dinamika aktiboa izan dezaten, banbalinetan etengabe lanean aritzen den talde eragile baten beharra izaten duten bezala, Zirikteroak bezalako komunitateak bizirik mantentzeko dinamizazio eta zirikatzaile lanaren ardura hartuko duen norbait behar du. Paratideen arteko komunikazioa bizirik mantendu, “lurker”-ak partaide aktiboak bilakatu daitezen eragin, parte-hartzen dutenei jaramon egin egindako ekarpenengandik animatuz eta beharrezkoa denean erantzunak bueltatuz,…. dira komuntateko hauetan bultzatu behar diren ekintzak eta horretarako ezinbestekoa izaten da sareko jarduna gertutik jarraitzen duen/duten norbait/norbaitzuk izendatzea. Gure kasuan, ez genuen gehiegi hitz egin honi buruz; bolada batean saiatu nintzen ni neu lan hori burutzeaz baina onartu beharra daukat ez nintzela gai denera heltzeko., Poliki-poliki, sareko jardunak beherantz egiten zuen heinean, ni ere pistoia jaisten joan nintzen eta azkeneko hilabeteetan sareko jarduna nahiko sinbolikoa izatera heldu zen.

Horretan, 2010eko apirilean, Ning-ek ezusteko galanta eman zuen, bere sare guztiak dohainekoak izateari utziko ziotela jakinarazi zuenean. Ordurako Ning sareen erabilera oso hedatua zegoen irakaskuntza munduan eta denboralditxo batean oraindik, eskola komunitateentzako dohainekoa izaten jarraituko zuela espero bazen ere, azkenean guztiok pasa behar izan genuen kaxatik. Batzuk, erabiltzaile kopuru handia zutenak nagusiki, ordaindu beharreko planak kontratatu zituzten. Sare txiki gehienekin ordea, zer gertatuko zen ez zegoen batera garbi. Sare txiki gehienak itxi egin ziren eta erdal komunitateko sare batzuk askok Grou.ps-era migratzea erabaki zuten.. Euskal komunitateari dagokionez ere piska bat denetatik gertatu zen; batzuk Zutagu-ra migratu zuten sare osoa, beste batzuk Ning-en geratu ziren kuota ordainduz eta, beste batzuk, sareak bere horretan utzi genituen.

  • Alde batetik, nki neuk ez nuen orduan oso garbi ikusten zein izan zitekeen irtenbiderik egokiena; ez nuen garbi migrazio batekin hobera egingo genuen. Ning-ek berak ezin izan bazuen negozio eredua mantendu jatorrizko baldintzetan, ez nuen garbi ikusten antzeko beste zerbitzuek eredu horrekin aurrera egiteko aukera izango zutenik.
  • Bestalde, kontutan izanik ordurako sareko jardunak behera nabarmen eginda zuela, ez nekien mereziko ote zuen migrazioaren lanari heltzea.

Gauzak horrela, inorekin htz egin gabe, sarearen ibilbidea amaitutzak ematea erabaki nuen. Eta hantxe egin nuen hanka-sartzerik potoloena, izan ere, sarea abian jartzea denon erabakia izan zen bezala, sarerarekin zer egingo genuen erabakitzea ere denon ardura izan behar zuen.

Aspaldi ez ginela biltzen eta, pasa den astebururan berriro elkartzekotan geratu ginen. kasu honetan kutxipanda Goierrin egin genuen. Bazkalostean sarearen kontua atera zen eta honen inguruan bakoitzak bere iritzia jarri zuen mahai gainean. Niretzat oso pozgarria izan zen egiaztatzea erabateko adostasuna zegoela sarerarekin jarraitzearen alde, horrek gure poltsikotik dirua jartzea suposatzen bazuen ere. Aho batez hartutako erabaki horrek garbi adierazten du zein den irakasle talde honen konpromiso maila sarearekiko.

Beraz, jatorri desberdinetako 113 irakaslez osatutako sare honek, berriro ekiten dio bideari erabat indarberriturik. Urtebeterako ordainketa egina daukagu. Benitok dioen moduan, “Ea hasierako sasoiko aktibitatea berreskuratzen duen”. Ni behintzat, erabat animatuta nago pasa den larunbatean bizitako esperientziaren ondoren.

Egotearen logikatik, egitearen logikara

Etengabe errepikatzen da teknologia berrien benetako integrazioa irakaskuntzan ez dela posiblea izango irakasleriaren formaziorik gabe. Hala eta guztiz ere, ez dirudi irakasleriaren formazioan xahutu diren bitarteko guztiek (dirua eta denbora, batez ere) eragin zuzena izan dutenik gure ikasgeletan, jarduera berritzaile, motibagarri eta efikazagoen sorreran.

Alegia, badirudi berrikuntza teknologikoak ez duela erlazio zuzenik izan berrikuntza didaktikoarekin. Aitzitik, esan daiteke proiektu berritzaile ezagunenetako askoren atzean irakasle “freelance” ugari topa daitekeela, proiektuaren garapenean izan dituzten formazio beharrei modu autonomoan erantzuna ematen jakin dutenak. Tamalez, proiektu hauetako gehienak, abiapuntu hori izan dutela eta, berrikuntza “irlatxoak” besterik ez dira izaten akademizismoa nagusi den hezkuntzaren itsaso zabalean (nabarmena, batez ere, bigarren hezkuntzan), normalean ikastetxeko hezkuntza proiektuarekin uztartu gabe egoten direlarik. Baina utz dezagun gai hau beste baterako; gaurkoan irakasleon formazioa izango dugu hizpide eta.

Oraindik nahiko hedatua dago irakasleen artean badirela halako “egi absolutu”, “jakin beharreko kontzeptu unibertsal” batzuk denok ikastera derrigortuta gaudenak. Are gehiago oraindik, ikaskuntza hortara heltzeko modu bakarra dagoela uste dutenak, gehienetan memorizazioari lotutako prozesu errepikakorren garapenaren eskutik. Horrela gure gelako jarduna pentsaera horren eredu garbia izaten da; ikasle talde osoari ezartzen dizkiogu helburu berberak eta denei eskeintzen diegu helburu horietara heltzeko metodologia berbera. Sarean hainbestetan aipatu izan den bezala, industri aroko eskola eredua da oraindik nagusia gure artean; etorkizun profesionalean “aginduko zaizkien lanak betetzeko” ikasle guztiak eduki berberez beteriko motxila batekin bidali nahi izaten ditugu eskolatik. Ez dut erabat ezkorra izan nahi nire apreziazioetan; onartu behar dut ikasle bakoitzari egokitutako ikaskuntza eredu pertsonalizatuak (hainbestetan aipatu dugu aniztasunaren trataera) garatzeko ahaleginak ikusten direla baina oraindik egoera horren orokortzea utopia bat da gure artean.

Bitxia da ikustea zeinen desberdin kontenplatzen dugun irakasleok ikaskuntzaren kontu hau (formazioa, azken finean) ikasle rola hartzea dagokigunean. Alde batetik, gure ikasleekin aplikatzen dugun eredu bera aplikatu nahi izaten diogu ikastolako profesionalon formazioari. Hemen ere badira halako jakingai “unibertsal” batzuk, irakasle guztiok derrigortuta gaudenak ikastea eta ikaskuntza hori bideratzeko bide bakarra guztioi formatu bereko ikastaroak eskaintzea dela pentsatzen dugu. Baina gero izaten dira komeriak: ikasleen kasuan nabarmena den bezala, irakasle gehienentzat eredu “uniforme” honek ez du balio izaten dauden motibazio eta inplikazio eza egoera gainditzeko eta klaseko “erritmoa motz geratzen zaienentzat”, berriz, askotan denbora galera bat besterik ez du suposatzen. Ez ditut datu zehatzak baina esango nuke Jakintza ikastolako irakasleriaren gehiengo baten pertzepzioa dela ohiko ikastaro formatu klasikoek ezer gutxi aportatzen diotela gure eguneroko praktikari, oso generikoak izaten direla gehienetan (gure benetako beharretatik urruti) eta ez dutela errespetatzen irakasle bakoitzak bere ikaskuntza prozesuan behar duen erritmo propioa. Eta egoera hau bitxia dela diot, izan ere, guretzat zalantzan ipintzen dugun ikaskuntza eredu hau delako ikasleekin praktikan jartzen duguna.

Irakasleok ikaskuntza eredu moderno eta efikazak behar ditugu benetako berrikuntza didaktikoa aurrera eraman nahi badugu. Irakasleon aniztasunari erantzungo dion formazio ereduen eskutik, beharbada, gai izango gara eredu hori bera gure ikasleekin aplikatzeko. Egon naizen hitzaldiren batean edo bestean, zuzendariren batek, honen harira, zera galdetu dit: “eta hori nola egiten da?”. Beti berdin erantzuten dut; ez dago irtenbide ezagunik, arrakastara %100ean eramaten duenik. Dakiguna da oraingoak ez diola balio erantsirik ekartzen irakasle komunitateari kasu gehienetan, beraz, egoera hori gainditzeko bide berriak urratu behar dira. Nire uste apalean, bidea egiten hasi aurretik ikastetxe bakoitzak irizpide batzuk zehaztu beharko lituzke, komunitate osoan onartutakoak eta horien arabera formazio estrategia berdinak jarraitzea eramango dituena irakasleria parte hartuko duen ikaskuntza prozesu desberdinetan. Gainditu beharreko oztopoak agertuko direla garbi dago baina heltzen diren moduan gainditzeko esfortzua egin beharko da. Ebidentea dena da formazioaren arazoa “kronikoa” bihurtzeko egoeran dagoela alternatibarik planteatzen ez bada.

Eta zeintzuk izan daitezke bidea egiten hasi aurretik eskola komunitatean aztertu daitezkeen puntuak?. Bada nik hemen botatzen ditut batzuk, pentsatzen dut batzuekin ez  zaretela ados egongo edo agian beste ikuspegi desberidn batzuk ere izango dituzuela. Nahi baduzue bota iruzkinetan zuen iritzia:

  • Ikaskuntzaren energia motibazioa da. Hori nik neuk egiaztatu dudan zerbait da. Garbi dago nahi ez duenak ez duela ikasiko, baina era berean, garbi daukat beti daudela ikaskuntza esparru desberdinak irakasle desberdinen motibazioa pizten dutenak. Hauek guztiak aintzat hartzeko ahalegina hartu beharko luke ikastetxeak, formazio plan orokor baten diseinuarekin, gehiengoaren behar/motibazioei erantzungo diena eta, bide batez, irakasle plantilaren bilakaera ikasturtetik-ikasturtera nolakoa den adierazteko balioko duena, hutsuneak eta indarguneak identifikatzeko balioko duena.
  • Ikasteko motibazioa ez da “per se” agertzen den zerbait. Normalean helburu jakin batzuen lorpenari lotutako zerbait izaten da. Aurretik zehaztutako helburu jakin batzuetara heltzeko baliagarria den formazioak benetan asetzen ditu pertsonak. Horrela, benetako ikaskuntza egiteari lotuta etortzen da. Denok dakigu entzutearekin, irakurtzearekin, errepikatze soilarekin ezer gutxi ikasten dugula. Horrela, irakasleen adostasunarekin aurrera atera beharreko proiektuetan, helburuen lorpenean adierazitako inplikazioak ekarriko du benetako motibazioa.
  • Ikuspegi honetatik, prestakuntza jarduerek autonomia maila handiagoa izan behar dute eta egunerokotasunean sortzen diren egoeretara kontextualizatuta egon behar dira. Egoera berri horiek, behar berriak ekarriko dituzte eta ondorioz, ikaskuntza behar berri horiek asetzeko estrategiak definitu beharko dira “in situ”. Nola neurtuko dugu orduan formazioaren eraginkortasuna?” galdetuko dute batzuk. Bidean topatuko diren egoeretatik arrakastaz irteteko erabilitako estrategiak eta aurretik zehaztutako helburuen lorpen mailak izango dira formakuntza eredu berri honi lotutako indikatzaile nagusienak. Langileok izango gara ikaskuntza prozesuaren ebaluatzaile nagusienak; hausnarketa kolektiboa burutuz, ibilbidean izandako ikaskuntza pertsonalaren gaineko ebaluazioa eginez (proiektuari lotutako halako portfolio batekin, adibidez) eta gurekin batera lanean aritu diren langileen koebaluazio prozesuen eskutik.
  • Ikaskuntzaren oinarrizko osagaia errorea da. Kuriosoa da baina gure ikasleekin naturaltasunez onartzen dugun axioma hau, ez dugu gurea egiten irakasleok hartzen ditugun konpromisoak aurrera atera nahi izaten ditugunean. Gezurra dirudi baina jarrera hau nik uste nuena baina askoz ere barneratuagoa dago irakasleen aldetik. Berrikuntza prozesuen aurrean bideari ekiteko beldurrez izaten direnak agertuko diren faktore desberdin guztiak ondo lotuta ez badaude; “ezin da biderik hasi ez badago ziurtasunik arrakasta bermatuta egongo dela” pentsatzen duten irakasleak asko dira. Nire iksupegitik hori, berrikuntzarako balaztarik nagusiena izateaz gain, ezinezkoa izateaz gain, bideari hasiera ez emateko argudio nagusiena izaten da gehienetan. Benetako ikaskuntza behin bidea hasita gertatzen da; egindako erroreak gainditzeko ahaleginak uzten duen posoa ezin da beste ezerekin ordezkatu. Horixe da gure ikasleei esaten dieguna; zergatik ez diogu hori bera gure buruari aplikatzen?
  • Ikastea izan daiteke seguraski, gaur egungo gizarte modernoan, balore garrantzitsuenetako bat. Etengabe aldatzen ari den gizarte batean, egoera berrietara egokitzeko gaitasuna klabea da. Egokitze prozesu horiek formazioaren eskutik etorriko dira nagusiki. Egoera bakoitzaren aurrean, zeintzuk diren norberaren ikaskuntza beharrak identifikatzea eta hauei arrakastaz aurre egiteko martxan jarri behar dituen estrategiak eta jarrerak, modu autonomoan identifikatu eta aurrera eramatea (ikaskuntzaren autorregulazioa, metakognizioa  edo, azken finean, ikasten ikastea), izan daiteke XXI. mendeko profesionalen konpetentziarik garrantzitsuena. Eskola erakundeak, barne formazio prozesuetara, alegia, formazio prozesu informaletara irekita egon behar dira. Gehiago oraindik eskolek prozesu horiek erraztu, bultzatu eta babestu beharko lituzkete. Niretzat ez dago formazio saio informal baterako geratu diren irakasle talde baten argazkia ikustea bezain irudi pozgarriagorik.
  • Azkenik, eta hori nire ikasleekin nik neuk egiaztatu dudan zerbait da, funtzionatzen ez duen eredu bati teknologia eransteak, ez du eredu hori hobetzen, aitzitik, okerrera eramaten du. Teknologiaren erabilera, ikasi nahi ez duenak behar duen aitzakia izaten da bere jarrera justifkatzeko.

Gure lanean egotearen logikatik, egitearen logikara pasatzen goazen heinean ziur nago joango dela aldatzen gure formazio eredu zaharkitua. Ez dut ukatzen honek denbora bat eskatuko duenik baina bidea egiten hasi beharko genuke gaurtik bertan. Ohiko formakuntza eredu tradizionalarekin, azken finean, oinarrian dagoen benetako arazoari irtenbide bat eman gabe gelditzeaz gain, jarrera inmobilistak edo atzerakoiak tapatu/ezkutatu besterik ez ditugu egingo.

Zergatik idatzi?

Gaztetan, eskola amaitu eta unibertsitaterako bidea hartu nuen garai hartan, ez nuen imajinatu ere egingo, gerora, zenbat denbora eskainiko nion idazteari.

Write, finish things

Goi-mailako ikasketak zientzia arlotik egingo nituela erabaki nuenean ez zitzaidan burutik ere pasa, idatziz nahiz ahoz komunikatzeko gaitasunek garrantzia berezia izango zutenik nire etorkizun profesionalean. Eta ziurrenik horrelaxe izango zen baldin eta jarraitu izan banu nire hasierako farmazilari lanean. Baina gauzak desberdin joan ziren eta bat-batean, ia konturatu gabe, irakasle lanetan murgilduta ikusi nuen nire burua.

Beti pentsatu eta esan dut bigarren hezkuntzako irakasle batek duen ezagutza espezifikoa bezain garrantzitsua dela komunikatzaile ona izatea, batez ere, ikasleekin gela barruan daukagun aurrez-aurreko harremanean. Inkontzienteki beharbada baina uste dut ahalegindu naizela saihestu beharreko akats arruntenak ekiditen. Beti gustatu izan zait txaskarrilloren batekin hastea gelako jarduna, tartean eten txikiak egin atentzioa berriro neureganatzeko, diskurtso aspergarriak saihestu horretarako kontzeptuak “txisparekin” azalduz, ikasleentzat gertukoak izan daitezkeen fenomeno eta gertakariak adibide bezala ipini gelan lantzen ari garenaren balioa eta aplikagarritasuna ulertzeko… Halere baditut oraindik hobetu beharreko gauza ugari; askotan kontzeptuak eta ideiak arrapaladan botatzen ditut, bata bestearen atzetik, burura datozkidan moduan; erritmoa ez dut kontrolatzen askotan eta batzuetan gauzak modu nahasian azaltzen ditut. Ikasleak kontzienteak dira horretaz eta, nahiz eta hori hobetzen ahalegindu, jakin badakit oraindik badudala zer hobetua.

Idaztearena beste kontu bat da. Jakintza ikastolan egindako lehen urteetan beste irakasle askok bezala, nire apuntetxoak sortzeari ekin nion. Egia esan ez zen izan meritu handiko lana. Nire erreferente nagusienak euskarazko testu-liburuak ziren eta, nahiz eta, hauetako batzuk erdaraz egon eta itzultzeko saikera batzuk egin behar izan, testu gehiena liburuetatik zuzenean “fusilatu” nuen. Garai hartan nire eskutik idatzitako gauza gutxi topatuko nituzke gaur egun.

Baina 2005. urtean dena aldatu zen. Blog bat martxan jartzeak zer suposatzen zuen oso ondo jakin gabe oraindik, teknologia berrien inguruan jasotzen nuen informazioari buruz idazten hasi nintzen. Bi aldiz pentsatu gabe hartutako erabaki hark zenbat lan eta esfortzu suposatuko zuen ez nuen imajinatu ere egin hasiera batean. Baina poliki-poliki, gehienetan irakurleengandik jasotako feedbackari esker, gustoa hartu nion idazteari. Geroz eta gutxiago kostatzen zitzaidan idazten jartzea eta, denborarekin, analisi sakonagoak idatziz adierazteko gai nintzela jabetu nintzen.

Luze idazteko gai izatea gauza bat da eta ondo idaztea, ordea, beste bat. Eta nik garbi daukat ez naizela idazle ona. Ez dut zuzentasunez idazten (ortografi akatsak zaintzen ahalegintzen naiz, hori bai), nire idatzi askoei kohesioa faltatzen zaie askotan (puntuazioa ez dut modu egokian erabiltzen maiz eta aditzak ere oker erabiltzen ditut) eta bestetan, koherentzia falta ere izaten dute (gehienetan testuek behar duten azken errepasoa ematen ez diedalako). Ez dut beharko nuen (eta nahiko nukeen) bezain ondo idazten. Idaztea zaila egiten zait. Are gehiago esango nuke: idaztea zaila da eta ondo idaztea, oraindik, zailagoa. Ez nuke sekulan imajinatu ere egingo paper zuri edo pantaila zuri baten aurrean zure burutazioak modu txukun batean idaztea hain gauza konplikatua izango zenik. Inoiz jarri ez dena testu luze bat idazten ezin du imajinatu zenat buelta eman behar zaizkion buruari tajuzko zerbait idazteko. Duela gutxi nire anaiak horixe bera komentatzen zidan, bere lantegian EFQMko ebaluaziorako memoria prestatzen ari zela eta. Ez da bakarrik berari kostatzen zitzaiona; lana lankide gehiagoren artean banatzea erabaki zuten eta bakoitzak egindako idatziak jasotakoan, nahiko agerian geratzen omen zen zenbat kostatzen zitzaien gehienei oinarrizko ideiak modu koherente batean idaztea.

Bai, idaztea zaila da baina, hala eta guztiz ere, idaztea gustukoa dut eta gainera idaztea beharrezkoa dut:

  • Saramagok zioen moduan, “idaztea itzultzea da, ikusi eta sentitzen duguna ikurrez osatutako kode baten bitartez adieraztea”. Denborarekin jabetu naiz errazago, antolatuago, txukunago eta modu erreflexiboagoan azaltzen ditudala ideiak eta emozioak idatziz ahoz baino. Garuna azkar (azkarregi) funtzionatzen dion horietakoa naiz. Esan beharrekoak pilatzen zaizkion horietakoa naiz, etorria jarioa baina abiadura handiagoa izaten duen horietakoa. Idaztea ideiak, bizipenak, sentimenduak modu antolatu batean azaltzeko metodo efikaza da. Patxadaz idaztea asko lasaitzen nau eta, bide batez, gauzak edozein modutara bota aurretik, hausnartzen laguntzen dit. Bi aldiz pentsatzen ditut gauzak idatzi aurretik eta horrek erlaxatu egiten nau, azaldu nahi dudana uneko emozioen eraginen menpe ez delako egoten.
  • Bestalde, idaztea sortzea da. Sare-sozialen bilakaerarekin informazioa bilatu eta eskuratu bai, informazioa antolatu eta partekatu ere bai, baina horretan geratu gara gehienok. Nahiko ebidentea omen da Interneteko euskarazko edukietan behera egin dugula azkenaldian. Kezkagarria. Baina niretzat kezkagarriagoa da oraindik neure ikaskuntza propioa garatzeko hain garrantzitsua izan den metodo hori alde batera uztea. Blogan idazteari utzi nionetik geroz eta kontzienteagoa izan naiz kontu honetaz. Ez dago benetako ikaskuntza ingurune pertsonalik sormenik ez badago. Informazioa gordetzea, gogoratzea, analizatzea, sintetizatzea, ebaluatzea garrantzitsua da baina hortik ez badago emari konkreturik, benetako ikaskuntza hanka-motz geratzen da.

2005ean gure bloga martxan jartzearen arrazoi nagusiena nire komunitatearekin nuen ezagutza partekatzea bazen, gaur, sei urte beranduago, blogan berriro idazten hasteak nire ikaskuntza prozesuan sakontzea eta aurrera egitea du helburu nagusi bezala. Bada aldea enfoke bien artean, ez zaizue iruditzen?

Gaitasun handiko ikasleak

Egunotan Donostian izan naiz ALCAGI (Altas Capacidades Gipuzkoa) erakundeak antolatutako jardunaldietan. Gai hau, modu ezberdinetan, gertutik bizi izan dudan arren, nire lehentasunetan bigarren edo hirugarren planoan izan dut beti.

Idatzi honekin ez dut gai hau sakontasunez aztertu nahi, egun hauetan jaso dudana eta nire ikuspegia guztiokin partekatzea baizik. ALCAGI (Altas Capacidades Gipuzkoa) erakundeak antolatuta eta La Salle San Luis, Ikastolen Elkartea, Aupatuz eta Kutxaren laguntzarekin, “Gaitasun Handiko ikasleen arretari buruz II. Jardunaldiak” ospatu dira. Esan dudan bezala, ni ez naiz aditua gai hauetan, ezta gutxiagorik ere, baina jardunaldi hauek oso baliagarriak egin zaizkit gogoeta egiteko eta gogoeta hori nire etxeko txoko batean utzi gabe, zuokin partekatu nahi dut.

Lehenik eta behin, gai honen inguruan gizartean eta hezkuntzaren munduan dugun ezjakintasuna azpimarratu nahiko nuke. Arrazoi honengatik, horrelako kasu asko oharkabe gure sudurren aurrean pasatzen zaizkigu eta ez diegu inongo jaramonik egiten eta, ondorioz, ez diegu inongo irtenbiderik ematen. Bestalde, oso nabarmenak diren eta detektatzen diren kasutan, beraiekin bizi direnek eta lan egiten dugunok ez dakigu nola jokatu eta “arazo” bihurtzen zaizkigu.

Horrekin lotuta, gai honetan adituak direnak ez dira ados jartzen ez terminologian ezta haur batek bete beharko lituzkeen baldintzak adimen handikotzat edo “superdotatutzat” jotzeko. Horregatik, batzuentzat haur horiek adimen handikoak diren bitartean, besteentzat superdotatuak, talentuak, goiztiarrak… dira. Erabiltzen den terminoaren arabera, haurrak bete beharko lituzkeen baldintzak edo izan beharko lituzkeen ezaugarriak aldatzen doaz. Nolanahi ere, eta orokortasunean erortzeko arriskua izan arren, saiatuko naiz gehiengo batek ontzat ematen dituen termino eta ezaugarriak aipatzen.

Gaur egun, gehien onartzen den terminologia “adimen handia” da eta “superdotatua” bezalako adierak baztertzen ari dira, batez ere konnotazio ezkorrak dituztelako.

Noiz esan dezakegu pertsona batek adimen handia duela? Bada, hemen abaniko zabal batekin topatzen garen arren, diotenez, nahikoa izango litzateke esparru batean edo gehiagotan errendimendu maila itzela erakustea. Hau da, pertsona batek arlo batean erakusten duen konpetentziaren maila altua ohiz kanpokoa bada, gaitasun handiko pertsona bat izango litzateke. Gertatzen dena da, normalean, pertsona horiek beste arlo edo esparrutan ere antzeko maila altua erakusten dutela.

Baldintza edo ezaugarri sinple hori, autoreen arabera, konplikatu egiten da eta beste hainbat faktore ere agertzen dira adimen edo gaitasun handiko pertsona bat zer den erabakitzeko garaian. Askotan, inteligentzia koefizientea aipatzen da eta 130 da zenbaki magikoa eta mugarri gisa erabiltzen dutena. Hortik gora izan behar du pertsona batek multzo horretan sartu ahal izateko. Gaur egun, autore askorentzat hori guztia garrantzitsua izanik, ez litzateke nahikoa izango gaitasun handiko pertsona bat identifikatzeko. Diotenez, horretaz gain, beste faktore kualitatiboak ere aintzat hartu behar dira: sormen handia izan beharko luke, errendimendu handia, konpromisoa…

Honek guztiak nire lehen zalantzak sortarazten dizkit. Ez al da askotan gertatzen eskolak duen egitura zurrunak gaitasun handiko ikasleak baztertzen dituela euren sormena eta errendimenduaren kalterako? Ez al da egia eskola gehienetan erabiltzen den metodologia mota honetako ikasleentzat zapuztailea dela? Ez al da egia gaitasun handiak dituzten ikasle askok izugarrizko zailtasunak dituztela beraientzat inongo interesik ez duen eskolara egokitzeko?… Galdera hauek eta beste asko egiten ari nintzela, Ken Robinsonen hitzaldi famatuarekin gogoratu eta sormena hiltzea ez ezik, gaitasun handiko ikasleen zoriontasuna eta hauetako askoren etorkizuna ere zapuzten duela pentsatu dut. Bideoa, ezagutzen ez baduzue, galdu behar ez den horietako bat da. Ingelesez dagoen arren, azpitituluak dauzka hizkuntza ezberdinetan, baita euskaraz (basque) ere.

Ken Robinsonek dio eskolak sormena hiltzen duela

Zer egin? Nola jokatu beharko genuke?

Egia esan, jardunaldi hauetara joateko izena eman nuenean, hauxe zen benetan interesatzen zitzaidana. Alegia, nire eguneroko lanean gai horren aurrean nola jokatu jakin nahi nuen. Eta nire zalantza guztiak argitu ez badira ere, eta, gehienetan bezala, inongo panazearik ez dagoen arren, aurretik nituen ideia batzuk sendotzeko baliagarria suertatu zait eta, batez ere, orain arte ausartu ez naizen urrats batzuk emateko behar nuen adorea eta kemena eskuratzeko balio izan duela aitortu beharra daukat.

Jasotako ideia batzuk:

  • Gure jokabideak proaktiboa behar du izan eta ez erreaktiboa
  • Horrenbeste aldarrikatzen den ekitatea ez dela lortuko gaitasun guztien garapenerako aukera ahalbideratzen ez badugu
  • Adinean soilik oinarritzen den mailakatze sistemarekin hautsi behar dugu
  • IKT baliabideen erabilera oso lagungarria da aniztasunari hobeto erantzuteko
  • Gaitasun handiko haurrak, haurrak dira
  • Gaitasun urriko ikasleek dituzten eskubide eta arreta berdinak behar dituzte
  • Beste haur guztiekin gertatzen den bezala, euren behar kognitibo, sozial eta afektibo-emozionalak garatu behar ditugu
  • Konbergenteak direnak oso ikasle “onak” eta errazak ohi dira eta dibergenteak, berriz, oso zailak eta lan handia ematen dute
  • Pertsona guztiek bezala, haur hauek ere onarpena eta errekonozimendua behar dute
  • Erronkak jarri behar dizkiegu, bai intelektualak baita emozionalak ere
  • Frustrazioa onartzen ikasi behar dutenez, gehiegizko babesa saihestu
  • Berdinen arteko (ez adin berdinekoak soilik) elkarlana sustatu
  • Betiko metodologia alboratu behar dugu
  • Metodologia aktiboagoa sustatu behar dugu
  • Proiektuetan oinarritutako hezkuntza edo egoera-arazoetan oinarritutakoa, adibidez, oso gomendagarriak dira
  • Ikaskuntza kooperatiboaren printzipioak ezarri beharko genituzke
  • Talde, ordutegi eta curriculum malguen ezarpena derrigorrezkoa da
  • Ikaslea bere ikas prozesuaren erantzule bihurtu behar dugu
  • Errutinak aldatu eta gure sormena erabili behar dugu betikoa ez eskaintzeko
  • Jorratzen ez diren gaitasunak, nekez bihurtuko dira konpetentziak

Ikusten duzuen bezala, gauza gehienak oso logikoak eta maiz entzundakoak dira. Baina zergatik diot niretzat oso baliagarria suertatu zaidala? Bada, duela ez urte asko, batez ere metodologia eta antolaketa aldaketaren beharraz nire lankideekin hitz egiten nuenean, estralurtartzat hartzen ninduten. Oso frustragarria zen, baina mezu horiek orain leku guztietan entzuten ari gara eta orain mezua ez dator aldameneko lankide batengandik, esparru ezberdinetako adituengandik baizik. Horregatik, garai hartan detektatzen nuen ezkortasuna aldatzen hasita dago eta, jada, nire ikastolan irakasle asko hasita gaude aldaketa begi onez ikusten. Antolaketan eman beharreko aldaketen beharraz ere jabetzen hasita daude eta bultzada bat besterik ez zaigu falta eman beharreko urrats kualitatibo hori ematen hasteko.

Horregatik, oso baikor etorri naiz Donostiatik eta konbentzituta nago gaitasun handiko ikasleekin ez ezik, gainontzeko guztiekin ere aldaketa sakonagoak ematen hasiko garela eta hori guztia antolaketan eman beharreko aldaketa garrantzitsu batzuez atonduta. Beldurra alde batera utzi eta ekin diezaiogun aldaketari!!!