Bat 66: teknologia berriak eta euskara

Bat 66Duela hilabete batzuk, BAT Soziolinguistika aldizkariko koordinatzaile den Lionel Jolyk aldizkariaren 66. zenbakian parte hartzeko gonbidapena luzatu zidan. Teknologia berriak eta euskara jorratzeko asmotan zebiltzan eta horren inguruan nire ikuspuntua, euskaljakintza egitasmoa orokorrean nahiz gelan praktikara eramandako lanketa zehatzen berri 30.000 karaktere inguruko txosten batean azaltzeko eskatu zidan.

Lanez gainezka nenbilen sasoi horretan, baina ezezkoa ezin eman eta idazteari ekin nion. Neurri horretako testu batek edozein aspertzeko adina idazteko ematen du, baina, bestalde, motz gelditzen zara ur sakonegietan sartu nahi izanez gero. Horrexegatik, iruditzen zait, lanketa bakoitzari buruz askoz ere xehetasun gehiago eman nezakeela, baina, aldi berean, egiten duguna ezagutzeko, pixka bat azaletik bada ere, baliagarri suerta daitekeelakoan nago. Horretaz gain, niri ondo etorri zait idaztea; izan ere, askotan, idatzi aurreko hausnarketak buruan ditugun ideiak txukundu eta antolatzera eramaten baikaitu.

Gauzak horrela, idatzitakoa bidali eta hortxe gelditu zen. Ez nuen hemen ipini BAT aldizkarikoek euren gunean sareratuko zutelakoan, baina atzo jolausek Garaigoikoa blogean Txerrak (mila esker zure hitzengatik) eta Luistxok idatzitakoa helarazi zidan eta, noski, hementxe doa nire ekarpena irakurri nahi duenarentzat.

Lionelek bidalitako alea eskuetan izan nuenean, artikulu interesgarriez (ez dut denak irakurtzeko astirik izan, baina oporrak gertu daude…) josita dagoela ohartu nintzen, euskara eta teknologia berrien munduan mugitzen garenontzat, behinik behin.. Ideia bat egiteko, hona hemen edukien aurkibidea. Arestian aipatu dudan bezala, Teknologia berriak eta euskara abiapuntu, aldizkaria 3 ataletan banatuta dago :

I. Egoeraren azterketa:

  • Euskara XXI. mendeko informazio eta komunikazio teknologietan, Andoni Sagarna
  • Euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak), Araceli Díaz de Lezana
  • Hizkuntza-teknologia Ixa taldean, euskararen erabilera errazteko eta sustatzeko aplikazioak, Iñaki Alegria, Xabier Artola, Arantza Diaz de Ilarraza eta Kepa Sarasola

II. Ikerketa lerroak

  • Hizkuntzaren tratamendu automatikoa euskararen irakaskuntzan, Itziar Aldabe, Bertol Arrieta, Arantza Diaz de Ilarraza, Montse Maritxalar, Lanire Niebla, Maite Oronoz eta Larraitz Uria
  • Begiratu bat corpus-baliabideei, Nerea Areta, Antton Gurrutxaga, Igor Leturia
  • Hizkuntzaren tratamendu automatikorako tresnak, Elena García Berasategi
  • Itzulpen automatikoa: aukerak, arazoak eta erronkak, Iñaki Alegria, Arantza Díaz de Ilarraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola
  • Euskara eta hizketa-teknologiak, Igor Odriozola, Inma Hernaez, Eva Navas

III. Aplikazioak eta azterketa teorikoak

  • Gazte hizkerak eta hizkera gazteak, Kike Amonarriz
  • Euskaljakintza: euskara eta teknologia berriak, Maite Goñi
  • “Ikasys”, norbere trebakuntza sistematikoaren bidez egiten den ikasketa, Maite Gomez Lete
  • Teknologia idazlearen lagun, Fernando Morillo
  • Katalanaren itzulpen automatikoa, Mikel L. Forcada

Read this document on Scribd: Euskara eta teknologia berriak: euskaljakintza

Hautaprobak hautatzeko tresna ote dira?

Hautaprobek beti eragiten digute horrelako dardarizo bat…

Aurtengo gertaeren ondoren, hozkiaren inguruko dardarizoa izango da sentituko duguna…

Pozik gaude orain, denok gainditu baitugu froga beldurgarri hori. Uf! Denok aurrera… Ez ditugu oraindik gai bakoitzean izan diren emaitzak aztertu, oraindik ez dakigu notak espero bezalakoak izan diren edo oso bestelakoak. Notak bero-bero ditugun honetan, jaso berri honetan, gustura gaude… denek gainditu baitute.

Hori bai, , antolaketan izandako gorabeherek oso gustu txarra utzi digute. Guk, ikasle, guraso eta irakasleok, jarri dugun ilusioa eta grina ez da han ikusi dugunaren pareko izan. Azken muturreraino lotzen saiatu gara, ezinbesteko froga hauetan arrakasta lortzen ahalegindu gara… eta froga prestatzen aritu direnek behar bezalako arreta jarri ez ote duten susmoa geratu zaigu.

Hala ere, atzo iritsi zitzaigun errektoreordearen eskutitza jarriko dizuegu hementxe:

Zuzendaria:

Orain gutxi egin dira unibertsitatera sartzeko probak (ohiko deialdia) eta, dakizun moduan, hainbat ikaslek mugatuta izan dute aukeren artean hautatzeko eskubidea bi ikasgaietan, Historia eta Filosofiako azterketetan hain zuzen ere.

Euskal Herriko Unibertsitatea arduratzen da proba horietaz eta, horrexegatik, neurriak hartzen ditu probak ahalik eta ondoen antolatzeko eta arazorik gerta ez dadin. Prozesua konplexua izan arren, normalean ez da arazorik gertatzen. Dena dela, arazoren bat gertatu izan denean, azterketa egiteko unean konpondu ohi da. Oraingoan, nahiz eta epaimahai askok aukeraketa erraztu zuten, UPV/EHUk erabaki zuen gertatutakoak ez zuela izan behar eragin txarrik ikasleen azken notan. Horrexegatik, aipatutako azterketak berriro egiteko aukera eskaini zitzaien ikasleei, ekainaren 12an epaimahaiei eta ikasleei bidali zitzaien oharrean jasota dagoen moduan.

Bestalde, adierazi nahi dugu konpromiso hau hartzen dugula geure gain:

1. Jarri beharreko neurriak hobetuko ditugu, aurtengo deialdian gertatutakoa berriro gerta ez dadin.

2. Hala ere, arazoren bat gertatuz gero, hartuko den konponbideak ez die ekarriko inolako kalterik ikasleei.>/p>

Bukatzeko, UPV/EHUk eskerrak eman nahi dizkie prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei, euren laguntzari esker lortu dugulako ahalik eta modu normalenean ematea bukaera prozesuari. Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki ikasleei, portaera bikaina izan baitute une oro, batik bat kontuan hartuta bizi behar izan duten tentsio-egoera.

Beste barik, eta zure ikastetxean gutun honen berri eman dezazula eskatuz, har ezazu nire agurrik beroena.

Eva Ferreira

Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreordea

Agian, aurten gertatutako gorabeherek zerbait positiboa ekarriko digute. Aurtengo ohiko deialdia trumoitsua izan da, baina urtero dira froga horretan zuzendu beharreko hainbat alde. Eskutitz hau iritsi den bezalaxe eta beti ere hobekuntza lortu nahian, etorkizunean guk ere geure iritzia eta iradokizunak emateko aukera izango dugula espero dugu. Prozesu guztiak beharko luke eztabaida ireki bat, batez ere, gure ikasleen gehiengoak “froga xamur” horietan asko jokatzen duelako.

Hala ere, ez dezagun ozpindu gaurko poza: Zorionak, Batxi2! Bazoazte Jakintzatik eta biharko afarian esango dugu agur. Espero duzuen etorkizuna opa dizuegu. Gure beharrean zaudetenerako, hementxe gaituzue!

Bizikletak udarako dira

Azkenik, eguzkia ikusi dugu eta uda gainean dugula gogorarazi digu. Eguraldi ona hastearekin batera, asko dira errepideetara ateratzen diren zikloturistak (Julen Iturbe horien artean) eta makina bat izaten dira bizikletek ematen dizkiguten buruhausteak matxurak direla bide.

Bada, bizikletek ematen dizkiguten arazo horiek nola konpondu jakiteko, BicycleTutor.com ezinbesteko tresna izango dugu. Bertan bideotutorial mordo bat baitago matxura horiek nola konpontzen diren ikasteko.

Erregaien prezioaren gorakadarekin, nik uste dut txirrindulari afizionatuen kopurua etengabe hazten joango dela, beraz etorkizun oparoa aurreikusten diot gune honi.

Ah, Maite eta txirrindularitza “estatikoa” praktikatzen duzuenontzat ez dut uste oso lagungarria denik. keinua