Bi baten prezioan: blogwikiak eta elkarlanerako proposamen bat.

IKT arlo honetan, siestara joan eta esnatzen zarenerako, dozena erdi zerbitzu berri dituzu zain zure jario bilgunean. Horretaz ez dago zalantzarik. Niri, behintzat, nekez ematen dit denbora berrikuntza guztien trena harrapatzeko; dena den, aitortu beharrean nago, blog edo wiki hitzak irakurri orduko, radarra martxan jartzen zaidala. Ez bakarrik radarra, begiak eta orduak ere horrelakoen atzetik joaten zaizkit askotan, eta ondo hornituta egon arren, beti egiten diet toki baliabide berri hauei.

Jakinak dira blogak irakaskuntzari ekar dakizkiokeen onurak, asko hitz egin dugu horren inguruan. Atzo bertan, magic eta biok aurkezpen batean horri buruz luze aritzeko aukera izan genuen (azalpena emateko magicek prestatutako mapa kontzeptuala, Gabriela Tejada irakasle argentinarraren mapan oinarrituta). Wikiei buruz ere mintzatu ginen (hementxe duzue nik erabili nuena, aurrekoan oinarrituta). Bi tresnen arteko ezberdintasun nagusienak aipatzeko, aldiz, aurkezpen hau erabili genuen (blog vs wiki). Nire ustez, wikiak oraindik nahiko ezezagunak dira. Askok izan dugu horien berri edo probatu dugu bakarren bat, baina guk uste baino gutxiago erabiltzen direla esango nuke nik, batik bat, gure inguru honetan. Lastima, wikiek eskaintzen dituzten aukerak mugagabeak baitira! Are gehiago, elkarlana, lankidetza, talde lana, parte-hartzea eta kolaborazioa bultzatzeko baliabide aproposenak izan daitezkeelakoan nago. Bada, bakoitza bere aldetik (bloga eta wikia) erreminta ahaltsua bada, imajinatu biak batera! Azkenaldi honetan, hainbatetan egin dut topo blogean bertan wikiak integratzen dituzten eskaintzekin. Orain arte, nik dakidala, blogekin aritzen zirenek wiki bat irekitzen zutenean, euren blogetan esteka jartzen zuten eta listo. Edublog eta Netcipia bezalakoekin, ordea, posible da bi baliabideak uztartzea.

NetcipiaNetcipiak gune edo “space” orokor bat jartzen du gure eskura. Gune orokor horretan nahi adina azpigune sor ditzakegu eta horietako azpigune bakoitzean blog bat eta wiki bat (nahi adina orrirekin). Guztiz baliotsua irakasleontzat! Gure jardun osoarentzat “space” orokor bat sor dezakegu eta, ondoren, gai bakoitzarentzat, blog eta wiki bat eta guztia administrazio gune bakar batetik kudeatu. Interesgarria, ezta? Oraingoz, ingelesez dago bakarrik baina, irakurri dudanagatik, laster emango dute itzultzeko aukera. Agian, animatuko naiz… Bitartean, nik sortutako adibidea ikusi nahi baduzue (erabateko beta da), klikatu hemen.

edublog2Ezagutu dudan beste aukera Edublog.org da. Gune honetan blog bat sortzen baduzu (wordpressen oinarritutakoa da, honek dituen alde on guztiekin), administrazio gunean sartuta, blog horretan integratzeko wiki bat sor dezakezu. Wikia wikispaces-en kokatuta dago, beraz, konbinazio ezin hobea osatzen da bien artean (wordpressen oinarritutako bloga + wikispacesen kokaturiko wikia). Eta nola gauzatzen da bien arteko lotura? Bada, blogean bertan wikiaren lotura azaltzeaz gain, wikian egindako azken aldaketak ere bistara daitezke. Integrazioa erabatekoa da hemen ikus dezakezuen bezala. Honelako konbinazioak gero eta gehiago emango diren susmoa dut; izan ere, batak ez baitu bestea kentzen. Aitzitik, batak bestea ederki osatzen du!

Amaitzeko, eta arestian aipatutako lankidetzaren haritik tira eginez, proposamen batekin natorkizue. Gure ikastola ez da oso handia eta bakarrik nago euskara irakasle lanetan batxilergo osoan. Ez dut, beraz, maila hauetan partekatzeko abagunerik. Beraz, proposamen hau DBHO 2. mailan euskara irakasten duzuenoi luzatu nahi dizuet. Proposamena oso mugatua da, jakitun naiz . Maila horretako irakasleak Euskal Herri osoan dezente bagara ere, norbaitek irakurriko du blog hau? Eta horietatik egongo da bakarren bat elkarlanerako prest? Azken esteka jarraituz gero ikusiko zenuten bezala, 3. hiruhilekoan euskarako hautaproba (selektibitateko azterketa) prestatzeko blogwiki bat abian jarri berri dut. Hastapenak baino ez dira. Material gutxi dago oraindik bertan kokatua (hautaprobei buruzko informazio orokorra, euskarako azterketari buruzkoa, beste urte batzuetako euskarako azterketak eta gutxi gehiago). Dena den, azterketan eskatzen den atal bakoitzeko (ulermena, gaia atera, laburpena egin, moldatu esaldiak eta idazlana) orri bat sortu dut eta wikia erabat irekia ipini dut, edonork editatzeko moduan, alegia. Norbaitek parte hartu nahi badu, orri jakin hori editatu eta nahi duena idaztea besterik ez du. Ni, neure aldetik, edukiez hornitzen joango banaiz ere, izugarri eskertuko nuke norbaiten aportazioren bat (ulermena lantzeko ariketaren bat, laburpena lantzeko azalpenen bat, esteka interesgarriren bat…) Askoz ere aberatsagoa geldituko litzateke prestaketa, ikuspuntu eta eduki ezberdinak bilduko bagenitu eta, bistan da, denok irabaziko genukeela trukearekin. Bestalde, ez nuke nahi arazo teknikoak oztopo bihurtzerik; beraz, norbaitek parte hartu nahi badu, jarri nirekin harremanetan. Eta hauxe izan da guztia. Norbait animatzen da?

Euskal Inauteriak 2.0

Inauteriak gainean ditugu eta, ohiturari eutsiz, gure ikastolan buru belarri gabiltza prestakuntza lanetan.

Antolatzen dugun desfilea izan daiteke kanpotik gehien ikusten den ekintza, baina hori ez da gure ikastolan gai hau lantzerakoan egiten den gauza bakarra. Izan ere, Euskal Inauteriak jorratzea erabaki genuenetik, alde ludikoari bizkar eman gabe, beste motako helburuak lortu nahi genituela oso garbi ikusi genuen eta era guztietako jarduerak antolatzen hasi ginen gure ikasleekin desfileaz gain.

Aurten, adibidez, ahozkotasunari garrantzia berezia eman nahi izan diogu eta antolatutako lanketa guztia horrekin lotu dugu.

Burututako ekintzen artean, hona hemen ikasleekin landutakoaren laburpen txiki bat.

Lehen Hezkuntzako maila bakoitzak Euskal Inauterietako pertsonaia bat landu du. Taldeka antolatu dira egokitu zaien pertsonaiari buruzko informazioa bildu, ekoiztu eta azalpen testu bat osatzeko. Talde hauek prestaturikoa gainontzeko gela guztietan azaldu dute.


1. maila

2. maila

3. maila

4. maila

5. maila

6. maila

Lanketa hau burutu ahal izateko, elkarlanean aritu dira ikasleak nahiz irakasleak eta ikastolak jendaurreko azalpenak emateko ezarrita dituen oinarrizko irizpideak jarraituz, oso esperientzia aberasgarria bizi izan dugu eta zuekin guztiokin partekatu nahiko genuke.

Jendaurreko azalpenetarako oinarrizko irizpideak:

PRESTAKETA

  1. Irakurketa burutuko duen ingurunea aztertu
  2. Edukiak aukeratu, pilatu eta hierarkizatu
  3. Diskurtsoa antolatu
  4. Denborara egokitu
  5. Baliabide osagarriak biltzen saiatu

JENDAURREKO AZALPENA

  1. Hizlariaren aurkezpena: Jendaurreko diskurtso formalaren itxura eman beharko zaio.
  2. Hizlariaren ekoizpena: Entzuleekin harremana eta norberaren rolak garbi geldituko dira eta hauek erakartzen ahaleginduko gara. Gaia kokatu beharko dugu eta, ahal bada, bitxikeriren bat kontatu entzuleen arreta eta jakin-mina pizteko. Edukiak igortzeko eta entzuleengana iristeko, adibideak erabiliko ditugu, ahots aldaketak, galderak tartekatuko ditugu, material osagarriak erabiliko ditugu, hizkuntza zuzena, denbora zaindu, entzuleari begira hitz egin, ondo ahoskatu, entzuteko moduan hitz egin, keinuak eta gorputzeko mugimenduak erabili…
  3. Hitzuztea edo azalpenaren bukaera: Bukatu dugula esango dugu, eskerrak emango ditugu, galderak luzatuko ditugu ulertu den edo gustatu den jakiteko… Aurkezleak edo moderatzaileak amaiera gidatu beharko du eta hizlariari eskerrak eman orduko, nahi izanez gero, galdera- erantzunen tartea zabaldu eta gidatuko du.

Hori guztia gutxi balitz, Teknologia Berriek eskaintzen diguten aukeraz baliatuz, podcast bat sortu dugu ikasleek emandako azalpen horiek biltzeko eta bideo bat Youtuben jarri dugu. Argazkiak ere Ikastolako web orrian eta Flickr-en jarri ditugu.

Hona hemen pertsonaia bakoitzarekin grabatutako podcast-a:

Eta hona hemen, Youtuben jarri dugun bideoa:

Ondo pasa inauteriak!!!!!!

EGUNERAKETA: 2007-02-17

Hemen duzue atzo arratsaldean izandako desfilearen laburpena. Gustatuko zaizuelakoan

KoroIrastorza.com: historiako baliabideak euskaraz

Aspalditik zor genion gure lankidea den Korori bidalketa bat gure blog honetan. IKTak erabiltzen eskarmentu handia duen irakaslea da Koro. Saltsa hauetan hasi nintzeneko lehen urteak ditut gogoan; garai hartarako erraztasunez moldatzen zen bere iBook berde dotorearekin. Ordutik hona, beti ibili da IKTen inguruan; gustukoak ditu eta antzematen zaio. Dinamizatzaile lanetan gabiltzanok beti ibiltzen gara teknofilia adierazten duten irakasleak identifikatzen eta Koro hauetako bat da, zalantzarik gabe

Historia, psikologia eta ekonomia dira bere gaiak. Ezagutzen dugunok, jakin, bagenekien material ugaria sortua zuela gai hauek gelan jorratzeko baina aurten sorpresa handi bat eman digu eta berak erabiltzen dituen eduki guztiak sarean ipintzea erabaki du. KoroIrastorza.com da bere webgunea eta bertan topatuko dituzue aurrean esandako hiru gai horien inguruko baliabide ugari.

Espainia eta Euskal Herriko Historia Garaikidea” gaiari buruzko programazioa, helburuak, edukiak, Powerpoint aurkezpenak, dokumentalak, testuak, argazkiak… mota guztietako baliabideak topa ditzakezue. Gaia gehiegi menperatzen ez dudan arren, deigarria iruditu zait bertan ipini dituen baliabideen zerrenda luzea. Gehienak euskaraz eta hauetako asko Korok berak sortu eta denon eskura ipini dituenak. Beste mordo bat sarean zehar topatu dituenak eta bere webgunean antolatu dituenak, modu errazean eskuratu ahal izateko. Bilduma itzela, dudarik gabe

Gauza bera egin du “Psikologia” eta “Ekonomia eta Enpresa” gaiekin ere berdin jokatu du . Benetan, baliabide zerrenda handia ipini duena Korok denon eskura

Partekatu duen baliabide kopuruari erreparatzen badiogu, garbi dago ordu asko daudela horien guztien atzean. Bere lana zuetako norbaitentzat baliagarria suertatuko balitz ziur nago sekulako satisfakzioa suposatuko liokeela. Azken finean, ez al da hori bizi nahiko genituzkeenak ondo egindako lanaren truke? Hain bixigarri gutxi eskaintzen digun lanbide honetan, gure lankideen errekonozimendua jasotzea da geratzen zaigun bakarra.

Kororen webgunea bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Edozein galdera, kezka edo kontsulta duzuela jar zaitezte berarekin harremanetan, bere webgunean aurkituko duzuen e-posta helbidean. Asko poztuko dela ziur nago

KÅRE KULLERUD-en Geologiako Flash moduloak euskaraz

geologiamoduluak

Kåre Kullerud, Norvegiako Tromsø Unibertsitateko Geologia Departamentuko irakaslea da. Geologiako hainbat gai (Lurrikarak, Tektonika, Lurraren barrualdea …etab) flash modulo batzuen bidez lantzen ditu (guztira 22 modulo). Bertan idatzizko informazioaz gain animazioak daude. Moduloen barruan gaia atalka banatuta dago. Beraz modu linealean landu daiteke (atal guztiak bata bestearen atzetik) edo saltoka. Hori dela eta, moduloak “liburu elektroniko” gisa erabil daitezke.

Materiala kalitate handikoa da. Horren adierazgarri hainbat hizkuntzetara itzuli dela da (Modulo guztiak Norvegierara, Errusierara eta Ingelesera itzuliak daude; Alemanierara, Italierara, Txinerara, Gaztelerara, ….etab, aldiz, modulo batzuk bakarrik).

Axular Lizeoa Ikastolako Ingeles eta Natur Zientziak mintegiko irakasle batzuk moduloak itzultzeko konpromezua hartu dugu. Orain arte 4 modulo itzuli eta zintzilikatu ditugu. Beste pare batean lanean ari gara.
Helbidea hurrengoa da : http://www.ig.uit.no/webgeology/

Modulo berriak euskaratzen ditugun heinean abisatuko dugu.

GMail dagoeneko edonorentzat dago eskuragarri

Gaurtik aurrera, nire uste apalean, interneten topa daiteken e-posta zerbitzurik hobena publikoa bihurtu da. Zer esan nahi duen honek? Ez dela beharrezkoa inongo gonbidapenik jasotzea GMaileko kontu bat izateko. Gaurtik aurrera, edonork du aukera, bere kabuz kontu propio bat eskuratzeko. Horretarako nahikoa da hona joatea, formularioa betetzea eta listo!

Hori bai, euren logotik BETA hitza ez dute kendu oraindik! Zer eskainiko digute ba bertsio ofiziala lortzen dutenean?