Ikastolaren Eguna 2007

Gaurkoa ez da oso egun aproposa gertatu Ikastolaren Eguneko jarduera guztien erregistro grafikoa biltzeko. Arazoak izan ditugu eta burutu diren jardueren erdia, edo gutxiago, besterik ez dugu jaso. Nolanahi ere, ikastolako partaide guztiek jasotakoa ikusteko aukera izan dezaten, berehala jarri gara martxan eta jada bideo bat eta argazki bilduma txiki bat eskura jarri dizuegu. Disfruta dezazuela!


Informazio gehiago gure ikastolako web orrian. Albiste kanalak bisitatu.

PicLens: Firefoxen argazkiak ikusteko modu bitxia

Xyberneticos blogaren bitartez Piclens izeneko Firefox-eko gehigarriaren berri izan dut. Gehigarri bitxia benetan. Honen bitartez, wengune batean topatuko ditugun argazkiak modu erakargarri batean ikusteko aukera izango dugu. Eta zin dagit hori benetan horri dela. Lehenengo aldiz erabili dudanean erabat txundituta utzi nau.

Gehigarria ohiko moduan instalatu ondoren, web orri bateko argazki baten gainean sagua pasatzerakoan botoi txiki bat ikusi ahal izango dugu bere gainean.

piclensplguina

Botoitxoan klikatu ondoren web-orrian dauden irudi guztiekin pantaila osoko aurkezpen elegante bat ikusi ahal izango dugu.

piclensplugina2

Halere, pluginak badu eragozpen txiki bat oraindik: bakar-bakarrik erabil daiteke MediaRSS onartzen duten guneetan. Horrela, Google Images, Flickr, Yahoo Images edota Facebook-eko irudiak primeran ikusten dira gehigarri honekin. Google-en adibidez Everest idatzi dut, bilaketaren hobespenetan argazki handiak aukeratu ditut eta plugina erabiliz ikusi ditut. Gauza bera Flickr-en. A ze gozada!

Euskalnaturako argazkiak adibidez, horrela ikusteko aukera izango bagenu! :wink:

Berrikuntzak Euskalnaturan

Pasa den urtarrilean Euskalnatura zientzia atariaren berri eman genizuen blog honetan. Zientziaren dibulgaziorako sortutako web euskaldun honen inguruko informazio sakona eman genizuen orduan. Gutxira, arazo teknikoak izan omen zituzten eta, webgunea itxita egon da bi hilabetez. Pasa den maiatzaren amaieran, Anttonek bidalitako mezu baten bitartez, jakin nuen Euskalnatura berriro ere martxan zela, aurpegi berriarekin eta eduki berriez hornituta.

Gustu handiz egindako webgunea da Euskalnatura, hori ezin da ukatu. Oso itxura profesionala du. Edukiei begira, hauek oso modu argian azaltzen dira, ondo egituratuta dago dena eta informazio sakona eskaintzen da, argazki ugariz lagunduta kasu gehienetan. Hona hemen adibidez, sugegorriari buruz kontsulta daitekeen informazioa. Lastima oraindik hainbat atal hutsik egotea, fisika eta kimikari dagozkienak esate baterako. Ziur laster helduko diotela honi ere!

Gogoratzen dizuet ekimen hau unibertsitateko sei ikasleen lanaren ondorioa dela eta bere edukiak CC by sa lizentziapean argitaratzen direla.

Bukatzeko, gaur bertan jakin dut Euskalnaturako lagunok abian ipini dutela ere Tantaka Tantaka bloga. Blog berri honen helburua natura, ingurugiroa eta zientziaren gainean hausnarketak, irakurketak eta bestelakoak burutzea da. Zientzietako irakasleak garenontzat primerako albistea, zalantzarik gabe

Espiral sariarekin bueltan

Espiral sariaEz zait gehiegi gustatzen nonbaitera joan eta gero kronika kontatzea (nik baino askoz ere hobeto eta azkarrago egiten dutenak badaudelako) baina, tira, Iturri nire kronikaren zain omen dago eta, Iturri zain badago, ni prest edozein gauza idazteko nahiz eta oso interesgarria ez izan. :wink:

Zuetako batzuek jakingo duzuen bezala, asteburu honetan Bartzelonan izan naiz Espiral elkarteak banatutako Gelako Edublog Onenari Saria jasotzen. Sariak, denok dakigun bezala, ez dira berez ezer. Gerta daiteke zure lana saritzea mila konturengatik: kasualitatez zure lana ezagutu dutelako eta beste norbaitena ez, zurea gehiago erakutsi duzulako eta besteena iritsi behar zuen tokira iritsi ez delako… Edonola ere, euskaljakintzako partaide guztiontzat izugarrizko ohorea izan da estatu mailako sari bat jasotzea eta, zalantzarik gabe, gero eta gehiago baloratzen dut jaso dugun errekonozimendua hainbat arrazoirengatik. Sariaren kontu hau jarraitu duzuenok jada jakingo duzue gure blogaren merezimendua zalantzan jarri zela hasiera-hasieratik hizkuntza zela eta, pertsona bakar baten komentario bakar bat izan zen baina nik buelta asko eman dizkiot gai honi. Dena den, horrekin hasi aurretik jardunaldian bizitakoak komentatuko ditut.

Programan azaltzen den bezala, gauza interesgarri askoren inguruan aritzeko aukera izan genuen: Twitter, My Scrapbook, Moodle, wikiak bigarren hezkuntzan, Col-lex aplikazioa, Educasting… Edonola ere, bertaratutako guztien artean bil zitekeen esperientziarekin gelditzen naiz (Lu, Felipe, Juanmi, Conchi, Lucía, Tiscar, Xabier Suñe, Xabier Balanché, Bea, Adolfo , Francesc eta aipatzen ez ditudan beste asko). Plazer izugarria izan zen hauetako batzuekin gure proiektuez hitz egiteko aukera izatea. Bakar-bakarrik horrengatik merezi izan zuen bidaia egitea. Komunikazio guztiak, gainera, motzak eta interesgarriak izan ziren eta ideia ugari ateratzeko baliagarriak, zalantzarik gabe. Kaferako etenak eta bazkaria hitzaldiak bezain interesgarriak. Hona hemen nik jasotako hainbat ideia:

  • Ikasleek txikitatik hasi eta ikasle ibilbide osoan blog bat mantentzea. Imajinatu zein aberasgarria litzatekeen ikasle bakoitzaren garapena ikusteko! Buelta gehiago eman beharko zaio ideia honi baina niri asko gustatu zitzaidan.
  • Gure ikasleei euren eskura dauden baliabide guztiak modu arduratsuan erabiltzen erakustea (ikasleek ikastetxea uzten dutenean, jakin dezatela zein tresna erabil dezaketen jakintza kolektiboki eta arduraz eraikitzeko).
  • Blogaren erabilera alfabetizazio digitala lortzeko (blogaren bitartez, beste eduki eta gai batzuk lantzen ari garen bitartean, zeharka gure ikasleen alfabetizazio digitala lor dezakegu).
  • Ikasle zein irakasleei erantzukizun morala eskatu eta edukien lizentziari buruz kontzientziatu (saretik zerbait jasotzen duzunean, sortzailearen aipamen egokia egin beharra eta jasotakoaren truke zuk ere zerbait ematea…)
  • Second life esperientziari etekina ateratzea ikasleengana hurbiltzeko

Izugarri gustatu zitzaidan Joan Badia (Berrikuntza Departamentuko Zuzendari Orokorra) eta Jordi Vivancosen (hezkuntzarako IKT proiektuen arduraduna) presentzia. Azken hau jardunaldietan bat gehiago izan zen, bere ideiak botaz eta beste guztienak jasoz, gobernuaren konpromisoaren lekuko (garbi gelditu zen ez zegoela bertan handik pasatzen zelako…).

Gauza askorekin gelditzen naiz, beraz, jardunaldietatik. Horietako bat bazkari garaia izan zen. Puntu honetan, Isidro Vidali eskerrak eman nahi dizkiot nirekin izandako begiruneagatik. Kontuan izan behar da gehienek iaztik elkar ezagutzen zutela eta Isidrok, euren mahaira gonbidatzearekin batera, taldeko beste bat sentiarazi zidan. Mila esker benetan (denok dakigu zer den bakarrik joatea horrelako tokiren batera, ezta?)

Bukatzeko, diploma bat banatu ziguten bertan izan ginenoi eta azken hitzaldiak eta gero sari banaketa izan zen. Izugarria! Sari bat banatzean, nahasketaren bat gertatu eta handik aurrera ia sari gehienak gaizki eman ziren (a ze barre-algarak mikrofonotik entzutean: “Cambio 2º premio blog de profesor por 1ero blogs de centro…”)

Dena den, ni penatuta bueltatu naiz gauza bakar batekin. Hizkuntza ez da oztopo izan saria irabazteko baina bai gure blogaren atzean dagoen proiektua ezagutzera emateko. Bartzelonan batzuen lanak ezagutzeko aukera txiki bat izan nuen (txikia diot 5 minutu inguru izan genuelako blog sarituok gure lana ezagutzera emateko eta ez denen aurrean, beste gela batean baizik). Hala ere, garbi gelditu zen saria zela eta, batzuek besteen lanak ezagutzen zituztela azalpenik gabe, saltseatzen ibiliak zirelako. Ez da hori izan gure kasua. Askok esan zidaten euskaljakintzan sartu zirela baina tutik ere ulertu ez zutenez, berehala atera zirela. Lastima gure helburuak, funtzionatzeko modu eta metodologia edonork ulertzeko aukera ez izatea! Hori askotan entzun behar izan nuen, gainera… :smile:

Amaitzeko, Espiralekoei eskerrak eman nahi dizkiet harrera, saria eta guztiagatik. Ea Mimio delakoa lehenbailehen iristen zaigun, probatzeko irrikaz nago!

Firefox 3.0 gertu da

Zuetako askok jada jakingo duzuen bezala, apirileko azken egunetan kaleratu zen Firefox 3.0 nabigatzailearen alpha 4 bertsioa. Iragarri dutenez, Gran Paradiso izenez ezagutzen den nabigatzailearen beta bertsio berria datorren uztailean izango dugu jada erabilgarri. Aurreko beta bertsioekin izan dudan esperientzia positiboaren ondoren (apenas eduki ditut arazoak) irrikitan nago uztailaren 31a heltzeko bertsio berri hau probatzeko

Dagoeneko asko hitz egin da bertsio berri honek ekarriko dituen berrikuntzen inguruan (nagusiena Gecko motorearen 1.9 bertsioaren garapena). Baina ezer gutxi jakin izan dugu bere GUIari buruz, alegia, erabiltzaile interfazeari buruz. Mozillako User Experience Design-eko arduraduna den Alex Faaborg-ek emandako pista batzuk ezagutu ditut gaur eta, egia esan, oso itxura ona duela esan beharra dago.

Esandakoa, irrikitan nagoela Gran Paradisok dituen berrikuntzak probatzeko!

Iturria: ZonaFirefox