Guk Moodle, eta zuk?

Foro honetan Moodle plataformaz behin baino gehiagotan hitz egin da eta etorkizunean ere mintzagai izango dugulakoan nago. Jakintzako lagunon lan politak aitzakia eman dit berriz ere Moodlez lerro batzuk idazteko.

Gure artean Santurtziko Udal Euskaltegia aitzindaria izan da Moodleren bidez edukiak guztion eskura uzten. Axular Lizeoan bigarrengo urtez ari gara ikasgela birtualarekin lanean. Gure ikasle eta langileentzat 30 ikastaro baino gehiago prestatu ditugu. Horietatik 2 eskuragarriak dira:

Bigarrengo hori ez da geuk sortua, euskaratua baizik. Norbaitek Moodleko bere instalazio propioan erabili nahi badu, hemen aurkituko du: http://moodle.org/course/view.php?id=42

Bide batez, azken helbide hori Moodle euskaratzeko foroa denez, guztioi parte hartzeko gonbitea luzatzeko aprobetxatu nahi dut. Izan ere, e-learning plataforma hori de facto estandar bihurtzen ari den bitartean, eta hainbat instituzio eta unibertsitate erabiltzen ari diren bitartean, errealitate gordina zera da: euskaratzeko prozesuan oso jende gutxi ari dela lanean.

Garai batean AEKk hartu zuen lekukoa UEUk eta Santurtziko Udal Euskaltegiak jaso dute. Egun azken hori da lanen koordinatzailea. Oraintxe Santurtziko Euskaltegia, HABE (duela gutxi hasi dena) eta ni neu ari gara lan horretan.

Errealitate gordin horren aurrean, Hezkuntza Sailak Moodlen oinarritutako ikastaro telematikoak DBHn eskaini ditu aurten. EHU ere Moodle erabiltzen ari da… Zeren zain daude erakunde publikoak itzulpenean dirua inbertitzeko?

Kataluniako gobernuak, adibidez, eskatzen duten ikastetxe guztiei Moodleko instalazioa guztiz doan jartzen die bere zerbitzari propioetan. Gainera, Jclic eta quaderns virtualsekin irakasleek azken urteotan prestatutako baliabide-multzo eskerga ez galtzeko Moodlen txertatzeko modulu bereziak garatzen ari dira. MoodleMoot’06 topaketan gutxi barru argitaratuko zituztela iragarri zuten. Irakasleek sortutako 100.000 ariketa baino gehiago dituzte guztion eskura (2.000 inguru euskaraz).

Eta Moodleren garapena ez da gelditzen. Teorikoki hile honetan 1.7 bertsio egonkorra sortuko da (beta aste honetan atera da labetik). Azken aukera izango da 1.5 edo aurreko bertsioak utf formatora pasatzeko.

Bertsio horretan, besteak beste, rol berriak editatu ahal izango dira (administrari, irakaslea eta ikaslearen rolez gain).
Datorren urterako Moodle zerbitzarien arteko komunikazioa (community hub) posible izango da. Ikastaroak eta informazioa gure artean trukatu ahal izango dugu. Gehiago jakiteko: http://docs.moodle.org/en/Roadmap

Oraindik probatu ez dutenentzat hona hemen esteka: http://moodle.org

Kontuz! Adikzioa sortzen du eta!

Google Docs

google docsYouTubekin gertatu ez den bezala, Googleek Writely erosi zuenean, enpresa berea egin eta produktua bere katalogora gehitzeko asmoa garbi adierazi zuen. Jokabide honek garbi adierazten zuen Writely desagertzear zegoela (orduan ezagutzen genuen moduan behintzat) eta epe labur baten ondoren, Googleek produktu berria kaleratuko zuela.

Egun hori heldu da. Googleek kaleratu berri du Google Docs aplikazio berria. Lehen gainbegiratu batean Writelyren arrasto bakarra webgunearen favicon delakoa da; gainontzekoa erabat zaharberrituta agertzen da, Googleen produktuen irudi korporatiboa nagusi delarik.

Deigarria da Google Docsekin batera, Spreadsheet kalkulu orri, Picasaweb argazki kudeatzailea, GMail eta Google Calendarrerako estekak bertan egotea (ingelesezko bertsioan bakarrik). Hau izango ote da aspaldiko zurrumurruek aipatzen zuten Googleen Onlineko Office paketea?. Hala ematen du.

Iturria: Denken Über

Google erosi dugu!!!

IKTeroen logoa google-ekoa imitatuzAzken egunotan, Google Youtube erosteko asmotan dabilela nazkatzeraino irakurri dugu. Bada, ustekabea gaur guk eman duguna: Google erosi dugu!!!. Operazioaren xehetasunak, oraingoz, ez ditugu zabaldu nahi, baina datozen egunetan aurreratuko dizkizuegu operazio honen gorabehera guztiak.

Operazioaren lehen pausua bilatzailearen erosketa izan bada ere, berehala jarri gara lanetan eta euskaratze prozesua azeleratu nahi dugu. Izen euskaldun bat jarri nahi diogu eta zalantzak dauzkagu bi hauen artean: bat eta bi . Baina gure aholkulariak, beti orijinaltasunaren bila, beste hau proposatu digu. Bere iritziz, aldaketaren adierazgarri litzateke eta, gainera, maskota edo logoa prestatzen hasia da.

Nolanahi ere, hauek guztiak proposamenak besterik ez dira. Gehiago esango nuke, proposamenen zirriborroa besterik ez direnez, zuen proposamenak entzuteko prest gaude. Beraz, badakizue, zuen ideiak, ekarpenak, kritikak… jasotzeko prest gaituzue

Honen guztiaren xehetasunak ulertzeko.

Iturria: Mangas Verdes

Eguneraketa: Badirudi gure erosketa honek ekonomia neo-liberalaren zutabeak kolokan jarri dituela eta helbideak aldtu egin dituzte (boikoteatu?). Guk, badaezpada ere, estekak aldatu ditugu, egun hauetan agertzen ari ziren web zaborrak ikus ez ditzazuen.

EGA ikastaroa

Azkenaldi honetan, erabat murgilduta nago Moodle plataformaren ur sakonetan. Iaz gure Axularreko lagunei, besteak beste, e-learning edo plataforma birtual honek eskain dakizkigukeen mila aukerei buruz luze entzun ondoren, udan buru-belarri sartzea erabaki nuen. Gaia erabat interesgarria iruditzen zait gure irakasgaiak modu ezberdinez fokatzeko aukera ematen digun neurrian (ikasleen gorabeheren gertuko jarraipena, baliabide guztiak gelan nahiz etxean kudeatzeko eta erabiltzeko aukera aparta…). Moodle-ek orain arte sakabanatuta ezagutzen nituen hamaika tresna biltzen ditu: foroak, web orriak, blogak, wikiak, galdeketak, egutegiak, txatak, emaitza-kudeatzaileak…Aukera zabala ikus dezakezuen bezala (tresna guztiak, dena den, ez daude guztiz garatuak). Pixkanaka-pixkanaka hasia nago ikasleekin aukera ezberdinak probatzen; halere, erraietara heltzeko oraindik dezente gelditzen zaidanez, beste baterako utziko dut honen inguruko esperientziaren azalpena.

Gaurkoan, Moodle erabiliz EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) prestatzeko sortu dudan ikastaroaren berri eman nahi dut. Gure ikastolan, DBHO1 ikasturtean prestatzen ditugu ikasleak bereziki azterketa honetarako. Kontua da astean hiru ordu baino ez ditugula zeregin horretarako eta askotan, ikaslearen mailaren baitan, motz gelditzen garela hainbat beharrei erantzuteko (atariko proba, berridazketa, idatzizkoaren ulermena, ahozkoaren ulermena… denetarik gehiago egingo genuke baina ez dugu denborarik!)

Arazo honi irtenbide (mugatu) bat eman nahirik, hainbat material bildu eta sortu dugu atalez atal topatuko ditugun zailtasunei aurre egin ahal izateko. Ikastaroa nire ikasleek etxetik egin dezaten pentsatua da. Ez du inondik ere gure eguneroko jarduna ordezkatuko baina bai eskainiko die bakoitzak identifikatutako arazoetan gehiago sakontzeko aukera. Nik esaten diedan bezala: tarte bat duzuela, egizue atariko bat; beste bat duzuela, sinonimo batzuk landu, arau bat errepasatu….

Behin (erdi) prestatuta dagoela, denon eskura jartzea ondo legokeela pentsatu dut; eta, agian, EGA prestatzen edo euskara hobetu nahi duen norbaiti baliagarria suerta dakioke. Hauexek dira bertan topatuko dituzuen atalak:

  • Aurkezpena: Zer da EGA, atal bakoitzaren azalpena, jakingarriak (datak, noten kontsulta), ohiko akatsak…
  • Arauak lantzen: Euskaltzaindiaren arau garrantzitsuenak (DBHO 2ko ikasleekin prestatzen ari garen jarduerekin osatuko dugu atal hau hemendik gutxira). Helburua: arau bakoitzari bere jarduera ipintzea.
  • Atarikoak: atariko proba lantzeko topatu dudan materialaren bilduma (zuzenketekin).
  • Berridazketak: atal hau osatzear dago.
  • Sinonimoak: orain arte ateratako sinonimoen hiztegitxoa eta iaz euskaljakintzan prestatutako jarduerak. Hiztegi ezberdinak.
  • Ahozkoaren ulermena: entzun eta galdeketak egin (zuzenketekin)
  • Idatzizkoaren ulermena: irakurri eta galdeketak egin (erantzunekin)
  • Idazlana lantzeko atala: argudio testu bat nola idatzi, testu antolatzaileak, gomendioak, argi idazteko bideak, idatzi ereduak…
  • Ahozkotasuna: azalpen bat emateko jarraitu beharreko pausoak, azalpenerako prestaketa taula, ahozko ekintza antolatua…
  • Ortografia, puntuazioa eta hiztegi batua: puntuazioa (teoria), ortografia ariketak, hiztegi batua lantzeko ariketak, diktaketak…
  • Gramatika arazoak (txosten eta gune interesgarriak): deklinabidea (taula), aditz guztiak, egunero sortzen zaizkigun zalantzak, letrakera lodia, siglak, laburdurak…
  • Esamoldeak lantzen: hiztegitxoa (gaztelaniaz-euskaraz) eta iaz ikasleekin sortutako jarduerak

Ikastaroa ez dago amaitua; izan ere, jarduera gehiago sortzen goazen neurrian, berau eguneratzen joango baikara. Dena den, norbaitek material edo gune interesgarriren bat ezagutu (falta den atalen batean sartzeko edo dagoen bat osatzeko) eta gurekin partekatu nahi badu, iradokizun eta ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira.

Klikatu hementxe sartzeko eta bisitari gisa sartu aukera hautatu (euskaljakintzan ere topa dezakezue, eskuineko zutabean, EGA atalean, EGA ikastaroa).

Ardora bertsio berria euskaraz

Hezkuntza munduan aski ezaguna den Ardora aplikazioaren azken bertsioa (2.0) kaleratu berri da. Bertsio berri honetan, jarduerak euskaraz sor ditzakegu. Euskarazko “interfazea” hautatzeko ez dago ezer berezirik egin beharrik. Aplikazio honen bertsio berria jaitsi eta instalazioa burutu ondoren, “idioma” menua sakatu eta Euskara hautatu. Listo!

José Manuel Bouzán Matanza da aplikazioaren egilea eta copyright duen arren, dohain jartzen du guztion eskura. Eskertzekoa da bere jarrera eta bere konpromisoa hizkuntza minorizatuekin. Izan ere, bertsio zaharrean gure hizkuntza propio ezarrita zuen , nork itzuli zain (mezu bat zuen berarekin harremanetan jartzera gonbidatuz). Eta hori da IKTerook egin genuena: harremanetan jarri eta berak bidalitako kateak itzuli genituen. Euskarazko itzulpenaren zain omen zegoen bertsio berri hau kaleratzeko. Gauza polita ezbairik gabe. Orain denok aukera paregabea daukagu ariketak sortzeko.

Aplikazio honen bitartez, 28 ariketa mota ezberdin sor daitezke. Jarduerak 12 ataletan bilduta daude:

  • Grafikodun jarduerak
  • Hitz-jokoak
  • Soinudun jarduerak
  • Lotu
  • Osatu
  • Sailkatu
  • Ordenatu
  • Testa
  • Neurri-unitateak
  • Kalkulua
  • Eskemak
  • Geometria

Informazio gehiago jarduera mota bakoitzari buruz orrian bertan topatuko duzue

Ikus dezakezuenez, aukera anitza eta, nire ustez, oso aproposa informatikaz gutxi dakien edozein irakaslerentzat.

Oharrak: Jarduera bat sortzerakoan, argitaratu egin behar da. Argitaratzean, bi fitxategi azalduko zaizkigu; HTML fitxategia eta JAR (Java) fitxategia. Biak karpeta berean gorde behar ditugu. Ondoren, ezinbestekoa izango da zerbitzari bat sortutako karpeta bertara igotzeko eta jarduera sarean jarri ahal izateko.

Aplikazio honekin sortutako ariketa batzuk (gutxi oraindik) jarri dizkizuegu: Eguzki Sistema, Arauak lantzeko, eta Sinonimoak lantzeko