Tutoreek badakite test soziometrikoak oso tresna egokiak izaten direla ikasgela barruko harremanak aztertzeko: nortzuk diren taldeko liderrak edo neska-mutiko isolatuak, lanerako zein jolaserako lagunak…
Ez naiz luzatuko irakasle guztiok neurri handiago edo txikiagoan test soziometrikoak erabiltzen ditugulako.
Hala ere, nik behintzat duela gutxi arte soziogramak eskuz egiten nituen, eta teorian errazak badira ere, praktikan ditxosozko diagramek buruhauste batzuk eman ohi dituzte.
Ez gaitezen kezka! Teknologien aroan makinatxoek lan mekaniko hauek arinago eta erosoago bihur diezazkigukete!
Horixe da Walsh’s Classroom Sociometrics, soziogramak egiteko prozesua errazten duen tresna alegia. Berez software komertziala izan arren, demo bertsioa eskaintzen du. Irakasleentzako baliabideak biltzen dituen www.interventioncentral.org webgunean doako demo bertsioa hilabete batzuetan erabili ahal izateko gakoa aurki daiteke. Hemen dago esteka zuzena.
Urtea: 2006
Flickr-eko argazkiak aurkezpen gisa
Flickr, argazkiak kudeatzeko tresna bikaina dela ez du inork zalantzan jarriko, gainera bere API publikoa erabiliz, sortu diren tresnek are erakargarriagoa bihurtzen dute. Izan ere, bertan gordetako argazkiekin eta sortutako aplikazio ezberdin horien bitartez, mila gauza ezberdin egin baitaitezke.
Oraingo honetan, Slideroll izeneko tresna aurkeztu nahi dizuegu. Slideshow edo aurkezpenak online sortzeko eta gordetzeko tresna bat da. Flash-en egina eta eskaintzen dituen aukeren artean, Flickr-ena ez da bakarra, argazkiak bertan gorde daitezke, aurkezpenak musikaz “jantzi daitezke”, partekatu eta etiketatu daitezke, zure webgunean txertatzeko kodea ematen dizu… Hori guztia, produktuaren propaganda barne, dohain!!! Baina, gehiago nahi duenarentzat “Pro” aukera ere badu, hori bai, 2,95$ hilero ordainduta.
Nik zerbitzua probatu dut eta itxura onekoa iruditu zaidanez, gure ikastolan ospatzen ari garen Kultur Asteko ekintza batzuekin aurkezpen bat egitea erabaki dut hemen jartzeko. Ea zer iruditzen zaizuen.
Tontxu Campos Jakintza ikastolan
Gaur gure ikastolan egun berezi horietako bat bizi izan dugu. Izan ere, Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua, azaroan lortu genuen Urrezko Qa ikastolako langile guztioi banatzera etorri da.
Ikastolako gela batzuk bisitatu eta ikasleekin solasean aritu ondoren, ikastolako areto nagusian, aurkezle famatua eta ikastolako gurasoa den Izaro Iraetak ekitaldiari hasiera eman dio.
Mahaian, sailburuarekin batera, Xabier Alkorta, Euskaliteko Lehendakaria eta Mari Cruz Largo, Ikastolako Zuzendari Administraria, eseri dira. Entzuleen artean, Ordiziako Alkatesa, Gipuzkoako Lurraldeko Hezkuntza Ordezkaria, PATeko Zuzendaria, Partaideko arduradunak, Ikastolen Elkarteko Zuzendaritzako kide ugari, Ikuskaritzako ordezkariak, eta abar luze bat. Azpimarragarria ere bertara joandako hedabide ezberdinetako kazetari kopuru ikaragarria.
Ainhoa Mujika, DBH3ko ikaslea eta bertsolari aparta, ez da kukildu eta errebindikazio kutsua eman dio bere hasierako bertsoari. Izaro Iraetaren gidaritzapean, ekitaldiak ohiko hitzaldiekin jarraitu du eta, hauen amaieran, Urrezko Qaren diploma eta langileontzako pin-ak banatu dira.
Nola ez, amaiera emateko, gure ikastolako sukaldariak prestaturiko pintxo sorta ederra dastatzeko eta solasean aritzeko aukera paregabea izan dugu.
Baina, beti bezala, batzuk ongi pasatzen ari diren bitartean, beste batzuk sufritu behar. IKTerook ekitaldi honen ebidentzi multimedia jaso nahi genuenez, bideokamera, argazki kamera, grabagailu eta beste tramankuluekin ibili behar izan dugu dena jaso nahirik. Azkenean, hoztutako pintxoekin konformatu behar izan dugu.
Ekitaldiak gure ikastolarentzat izan duen garrantzia dela eta ahalegin teknologiko berezi bat egin nahi izan dugu. Horren fruituak ondoren ikus eta entzun ditzakezue:
Argazkiak
Bideoa
Podcast
Tope Tumatxa!
Arazoak Blogsomekin
Gaur goizean sorpresa handia jaso dut ikastolara heldu eta IKTeroetan argitaratutako artikulu guztiak desagertu direla ikusterakoan. Blogaren goikaldean agertzen zen mezuak aditzera ematen zuenez ("Wordpress database error") arazoaren jatorria Blogsomek Irlandan dituen zerbitzarietan zegoen. Halere, zorte txar pittin bat ere izan dugu , arazo hau ez baita Blogsomeko blog guztietan gertatu: ikastolan ditugun blog guztien artean IKTeroak da bakarra bertan behera geratu dena.
Goiz osoa zain egon eta gero, eguerdi aldera konpondu dute arazoa. Blogsomekin hasi ginenetik laster egingo du urtebete eta hau izan da bigarren aldia bazterrean uzten gaituela eta nire iritziz bietan arin ibili dira arazoa konpontzerakoan. Blogsomekin urte honetan zehar izandako esperientziarekin oso gustura gaudela aitortu beharrean nago baina, zoritxarrez, batzuetan horrelakoak gertatzen dira. Datozen egunetan dohaineko blog zerbitzu honekin izandako esperientziaren berri emango dizuegu artikulu batean.
Bukatzeko, goizean zehar bloga bisitatzera etorri zaretenoi barkamenak eskatzen dizkizuegu izan dugun eragozpen honengatik.
Gehitu gure artikuluak Zabaldu.comera
Jadanik jakingo duzuen bezala gaur jarri dute martxan Multimediako lagunek Zabaldu.com deritzon “euskal Digg” berria. Jaso dezatela hemendik gure zorionik beroena!
Gure irakurleetako norbaitek hemen aurkitu duen artikulu bat Zabaldu.comera bidali nahi badu, hauen azpialdean agertzen den giltzatxoaren gainean klik egitea besterik ez du.