IE 7. Aspirinak, mesedez

Firefox IE jatenArazoz beteriko bost urte igaro ondoren, iritsi da etengabe iragartzen zen Internet Explorer 7. Kasualitatez (ohi denez, esan beharko nuke?), bere debutaren egun berean, segurtasun arazo larri bat aurkitu diote. Web diseinatzaileak dardarka edo haserre daude. Estandarrak soberan daude

Hori gutxi balitz, eginiko frogetan, Firefoxen abiadura IEren bikoitza dela egiaztatu dute.

Gauzak horrela, saltsa hauetan gabiltzanok, aspirinak eskura jartzea behar-beharrezkoa izango dugulakoan nago. Hala ere, oso zaila ez bazuten ere, hobekuntza dexentekin datorrela aitortu beharra dago.

Nik, lanarengatik, behar-beharrezkoa dut IE erabiltzea, baina, zalantzarik gabe, Firefox izango da nire nabigatzaile lehenetsia. Jada, asko gara horrela jokatzen dugunok, eta zuk? Zer nahiago duzu? Aspirinak edo lasai bizi?

Erabakia zurea da.

Gure irakasleen irakasle

Pasa den ikasturtearen amaieran, aurtengo ikasturterako IKT plana bukatzen ari ginela, IKTen inguruan formazio saiorik ez eskaintzea erabaki genuen. Pasa den ikasturtean, gure intranetaren funtzionamenduaren inguruko ikastaro trinko bat eskaini genien denei eta aurtengorako irakasleei atseden txiki bat ematea erabaki genuen.

IKT plana istear geundela, eskakizun berezi bat jaso genuen gure ikastolako irakasleriaren aldetik. Alde batetik, gure lanaren berri jakin nahi zuten, zertan ari ginen, zer ote zen IKTeroen bloga, zein zen gure lanerako filosofia… Bestetik, erabiltzen ari ginen tresnen inguruko ikastaro bat jasotzeko prest egongo zirela ere jakinarazi ziguten. Benetan harrituta geratu ginen eskari hori IKT taldean jaso genuenean: beldur ginen ez ote genituen irakasleak gehiegi agobiatuko hainbeste IKTekin eta hara non diren eurak formazio beharra eskatzen dutenak. Ez dago esan beharrik sekulako poza jaso genuela, ez baita batere erraza horrelako jarrera baikorrak topatzea IKTekiko irakaskuntza munduan. Lagunak ditut, ni bezala, dinamizazio lanetan dabiltzatenak eta badakit zenbat arazo izaten dituzten IKTen erabilera bultzatu nahi dutenean euren ikastoletan. Onartu beharra daukat gure lankideetaz harro sentitu ginela taldekide guztiak izandako iniziatibarengatik.

Garbi genuen horrelako iniziatiba bati zuhurtasunez erantzun behar geniola. Gure asmoa euren asetze maila ahalik eta handiena izatea zen. Helburu nagusia internet eta IKTen inguruan erabil daitezkeen tresna berrien inguruko trebetasun minimoak jasotzea zen. Baina onartu behar dugu, helburu honetaz gain, prestakuntza saio hauei datozen urteetan jarraipena ematea ere beste helburu nagusietako bat zela. Gauzak horrela ikastaroen antolaketari ekin genion. Hona hemen, hartu genituen erabakiak:

  • Izen ematea librea izan behar zen: helburua ez zen irakasle guztiek web 2.0, webquest-ak edota wikiak zer diren jakitea. Ezin da ukatu landu beharreko kontzeptu batzuk konplexu samarrak direla eta hainbat tresnekin trebatzeko denbora dezente behar dela. Beraz, pentsatu genuen ikastaroa benetan motibatuta zeuden irakasleen artean bultzatu behar genuela.
  • Espektatibak ondo ezagutu behar genituen: hasieran egindako eskaria nahiko orokorra zela uste genuen. Zerbait gehiago konkretatu beharra zegoela ikusten genuen. Horretarako bilerak antolatu genituen etapaz etapa, zeuden asmo edo iritzi desberdinak ezagutu nahiean.
  • Ikastaro mailakatuak egin behar genituen: alde batetik, irakasleengandik jasotako prestakuntza beharrak nahiko ezberdinak ziren etapa desberdinetan. Bestalde, askok azken hemezortzi hilabete hauetan IKTerook ikasi dugun guztia ordu gutxi batzuetan jasotzeko nahia ere luzatu ziguten. Garbi dago, honek mailakatze bat eskatzen zuela landu beharreko edukietan
  • Erabateko erantzukizuna behar zen gure aldetik: kontzienteak ginen horrelako eskaera bati buru-belarri erantzun behar geniela. Ikastaro ezberdinetan irakasle bakar batek izena ematen bazuen ere, irakasle horri gure indar guztiekin erantzun behar geniola garbi genuen. Guk jaso duguna besteei transmitituz lortuko dugu, poliki-poliki, IKTen inplementazioa gure ikastolan errealitate bat izatea. Aurten talde txikiak izanda ere, irakasleak kontent uzten baditugu, garbi daukagu datorren urtean ikasle kopuruak gora egingo duela

Egoera honen aurrean, hamar orduko hiru ikastaro prestatzea erabaki genuen:

  • Web 2.0 eta Blogak: HIKHASIk antolatutako ikastaroan landutakoa kokatu genuen hemen. Web 2.0, sindikazioa, social bookmarking, web soziala, blogak… Gure iritziz XXI. mendeko irakasle batek ondo menperatu beharko lituzkeen oinarrizko tresnak. Irakasleei aurretik esan genien bezala, konplexutasun maila altuko ikastaroa baina, era berean, onura handikoa gure eguneroko lanerako. Ikastaroaren ardura Mikelek hartu zuen
  • Tresna berriak irakaskuntzan: webquest, webquestions, wiki, Moodle… Arlo kurrikularrean definituriko helburuak lortzeko jarduerak, beste era batera, beste tresna batzuekin lor daitezkeela erakutsi nahi genien. Tresna hauen konplexutasuna hain handia ez dela erakutsi nahi genien ere eta, bide batez, sorturiko material berriak denon eskura jarriz, komunitatea sor dezakegula konbentzitu nahi genituen. Beraz, ikuspegi praktikoa izango lukeen ikastaroa, zalantzarik gabe. Ikastaroaren ardura, nola ez, Maiterena izango zen.
  • Argazkigintza eta bideogintza digitala: hainbat etapetatik (HH eta LHtik, batez ere) euren ikasleekin argazkiak eta bideoak maneiatzeko beharra helarazi ziguten. Txikitxoen bideoak ateratzen dituztenak, ikasleekin elkarlanean aldizkariak eta entziklopediak sortzen dituztenak… oinarrizko prestakuntza baten beharra somatzen zuten. Eta, zergatik ez, bide batez euren etxeetan dituzten argazki eta bideo-kamera digitalak erabiltzen ikasten bazuten, askoz hobe!! Horrelaxe Photoshop Elements eta Pinnacle Studio programen oinarrizko erabilera azaltzea erabaki genuen. Niri egokitu zitzaidan ikastaro honen ardura.

Atzo eman genien hasiera Maite eta biok, gure bi ikastaroei. Hauek bukatu bezain pronto, emango dio hasiera Mikelek bereari. Guztira irakasleria osoaren %70 inguru eman du bere izena ikastaro ezberdinetan, hauetatik talde handi batek, lehenego bi ikastaroak burutzeko konpromisua hartu dutelarik (guztira hogei orduko formazioa, ez da txantxa, eh?). Ez dago esan beharrik sekulako poza eman digula partaidetza hain altua izan dela ikustea. Garbi dago irakasleek heldu diotela euren erronkari; orain gure txanda da. Kontatuko dizuegu zein izan den esperientzia pozgarri honen inguruan egingo dugun balorazioa

Amaitu aurretik hemen uzten dizkizuet, nire taldeko kideentzat prestatu ditudan aurkezpen bi. Lehenengoan irudi digitalen oinarrizko ezaugarriak azaltzen ahalegindu naiz eta bigarrenean, Hp eskaner bat erabiliz, argazkiak eskaneatzeko jarraitu beharreko prozedura. Oso aurkezpen xumeak dira baina agian baliagarriak izan daitezke zuetako norbaitentzat. Badakizue, ohitura onak ez dira galdu behar!

IKTeroen tresna barra

Nazkatuta ohiko tresna barrekin? Ez duzu zure gustuko bat topatzen? Bada, eraiki ezazu zeurea!!!

IKTeroen tresna barraren irudia

Gaur, ez galdetu nola, baina Conduit izeneko orrira iritsi naiz eta “Create Toolbar” irakurri dudanean, nire arreta bereganatu eta jakin-mina piztu da. Hasteko, logoa txertatzeko aukera eskaintzen didanez, gure ikono txikia sartu dut. Jarraian, bilatzaile bat txertatzeko eskatu dit (Google, bere bertsio ezberdinekin, bakarrik azaltzen da eta ez dut Google.eu topatu Smilley Negarrez). Gauzak horrela, google.com hautatu dut. Ondoren, esteka bat jartzeko aukera eman dit (gero editatu dudanean, ezabatu egin dut) eta gure ikastolakoa jarri dut. Azkenik, tesna barrari izena emateko eta pasahitza jartzeko aukera esakini dit. Atal horretan, aipaturiko datuaz gain, zure korreo kontua eskatzen dizu, hizkuntza ezartzeko aukera (hemen ere ez dut euskararik topatu) eta domeinu bat hautatzeko (zerrenda itxia da eta ezin da zure domeinua erabili). Honekin, “Create my toolbar!” izenko botoia sakatu eta listo. Zure toolbar eginda daukazu.

Baina hoberena gero dator, izan ere, aukera gehigarri ugari eskaintzen dizu zure tresna barra pertsonalizatzeko. Adibidez, nik hasieran jarritako ikastolako esteka kendu egin dut eta ondorengo elementuak txertatu ditut:

  • RSS jario irakurgailua
  • Albisteak
  • Posta elektronikoa abisatzeko
  • Irratia
  • Eguraldia

Elementu hauek denak konfiguratu egin behar dira eta gure tresna barran honako datuak sartu ditut:

  • RSS jario irakurgailuan jario hauek: Euskaljakintza, Jakinstein, Ordizia, Jakinmin, Argitxo, Galtzagorri, Sustatu, Berria, Zabaldu eta del.icio.us. Nolanahi ere, editatzeko aukera daukazu eta zureak gehitu, hauek kendu…
  • Albisteen eremuan: Berriakoak sartu ditut
  • Posta elektronikoa abisatzeko gunean: Norberak bere kontuak sartu behar ditu, baina hauek onartzen ditu: Gmail (gmail zure domeinuarekin ez du onartzen), Yahoo, Hotmail eta POP3 kontuak
  • Irratian: Euskadi irratia sartzeko esan diot baina ateratzen dena Radio Euskadi da. Podcast-ak txertatzeko aukera ere badago. Ni saiatu naiz Irratia.com sartzen eta ez dut lortu. Ziur, zuek ni baino iaioagoak zaretela eta lortuko duzue.
  • Eguraldia: hemen ere, norberak kokatu beharko du bere hiria (ordizia ez da azaltzen).

Arestian aipaturiko aukeraz gain, beste aukera batzuk dauzka tresna barra honek: esteka botoia (lehen kendu dudana), Gogokoen menua (norberak konfiguratu beharko dituenak), mezu kutxa (RSS bidez mezuak bidaltzeko-jasotzeko aukera), banatzailea, testua azpimarratzeko koloreak, mezu pertsonalizatua agertzeko gunea, Txata, Pop-Up leihoen blokeatzailea, HTML bidez osagarriak txertatzeko aukera. Ikus dezakezuenez, aukera ugari tresna barra guztiz ( beno, ezin da dena euskaratu) pertsonalizatua sortzeko.

Behin, osagaiak zehaztu eta gero, ematen dizuten helbidera joan eta hortxe deskargatu beharko duzu. Aukera bikoitza eskaintzen du: Firefox (hedapen edo gehigarri gisa instalatzen du) eta Internet Explorer. Gure tresna barra deskargatu nahi baduzu, hementxe topatuko duzu. Nik Firefoxen nahiz IEn instalatu dut eta primeran funtzionatzen du.

Baten bat animatzen bada eta aukera interesgarriak bilatzen badizkio, badakizue, hementxe daukazue aukera guztiokin partekatzeko. Portzierto, baten batek asmatzen badu podcast-ak txertatzen edota Euskadi Irratia (Euskaraz) eta ez Radio Euskadi (gazteleraz), esan dezala.

Estekak:

Guk Moodle, eta zuk?

Foro honetan Moodle plataformaz behin baino gehiagotan hitz egin da eta etorkizunean ere mintzagai izango dugulakoan nago. Jakintzako lagunon lan politak aitzakia eman dit berriz ere Moodlez lerro batzuk idazteko.

Gure artean Santurtziko Udal Euskaltegia aitzindaria izan da Moodleren bidez edukiak guztion eskura uzten. Axular Lizeoan bigarrengo urtez ari gara ikasgela birtualarekin lanean. Gure ikasle eta langileentzat 30 ikastaro baino gehiago prestatu ditugu. Horietatik 2 eskuragarriak dira:

Bigarrengo hori ez da geuk sortua, euskaratua baizik. Norbaitek Moodleko bere instalazio propioan erabili nahi badu, hemen aurkituko du: http://moodle.org/course/view.php?id=42

Bide batez, azken helbide hori Moodle euskaratzeko foroa denez, guztioi parte hartzeko gonbitea luzatzeko aprobetxatu nahi dut. Izan ere, e-learning plataforma hori de facto estandar bihurtzen ari den bitartean, eta hainbat instituzio eta unibertsitate erabiltzen ari diren bitartean, errealitate gordina zera da: euskaratzeko prozesuan oso jende gutxi ari dela lanean.

Garai batean AEKk hartu zuen lekukoa UEUk eta Santurtziko Udal Euskaltegiak jaso dute. Egun azken hori da lanen koordinatzailea. Oraintxe Santurtziko Euskaltegia, HABE (duela gutxi hasi dena) eta ni neu ari gara lan horretan.

Errealitate gordin horren aurrean, Hezkuntza Sailak Moodlen oinarritutako ikastaro telematikoak DBHn eskaini ditu aurten. EHU ere Moodle erabiltzen ari da… Zeren zain daude erakunde publikoak itzulpenean dirua inbertitzeko?

Kataluniako gobernuak, adibidez, eskatzen duten ikastetxe guztiei Moodleko instalazioa guztiz doan jartzen die bere zerbitzari propioetan. Gainera, Jclic eta quaderns virtualsekin irakasleek azken urteotan prestatutako baliabide-multzo eskerga ez galtzeko Moodlen txertatzeko modulu bereziak garatzen ari dira. MoodleMoot’06 topaketan gutxi barru argitaratuko zituztela iragarri zuten. Irakasleek sortutako 100.000 ariketa baino gehiago dituzte guztion eskura (2.000 inguru euskaraz).

Eta Moodleren garapena ez da gelditzen. Teorikoki hile honetan 1.7 bertsio egonkorra sortuko da (beta aste honetan atera da labetik). Azken aukera izango da 1.5 edo aurreko bertsioak utf formatora pasatzeko.

Bertsio horretan, besteak beste, rol berriak editatu ahal izango dira (administrari, irakaslea eta ikaslearen rolez gain).
Datorren urterako Moodle zerbitzarien arteko komunikazioa (community hub) posible izango da. Ikastaroak eta informazioa gure artean trukatu ahal izango dugu. Gehiago jakiteko: http://docs.moodle.org/en/Roadmap

Oraindik probatu ez dutenentzat hona hemen esteka: http://moodle.org

Kontuz! Adikzioa sortzen du eta!

Google Docs

google docsYouTubekin gertatu ez den bezala, Googleek Writely erosi zuenean, enpresa berea egin eta produktua bere katalogora gehitzeko asmoa garbi adierazi zuen. Jokabide honek garbi adierazten zuen Writely desagertzear zegoela (orduan ezagutzen genuen moduan behintzat) eta epe labur baten ondoren, Googleek produktu berria kaleratuko zuela.

Egun hori heldu da. Googleek kaleratu berri du Google Docs aplikazio berria. Lehen gainbegiratu batean Writelyren arrasto bakarra webgunearen favicon delakoa da; gainontzekoa erabat zaharberrituta agertzen da, Googleen produktuen irudi korporatiboa nagusi delarik.

Deigarria da Google Docsekin batera, Spreadsheet kalkulu orri, Picasaweb argazki kudeatzailea, GMail eta Google Calendarrerako estekak bertan egotea (ingelesezko bertsioan bakarrik). Hau izango ote da aspaldiko zurrumurruek aipatzen zuten Googleen Onlineko Office paketea?. Hala ematen du.

Iturria: Denken Über