NeoBinaries Web 2.0 Direktorioa

Etengabe garatzen ari diren Web 2.0ko aplikazioak antolatzeko asmoz, dator Neobinaries webgune berria. Berrikuntza batzuk ditu ongi diseinaturiko gune honek, baina nik erabiltzaileok bilaketa eta bozketa egiteko aukera dugula azpimarratuko nuke. Beste gauza interesgarri bat ere ikusi diot gune honi; blog bat izateaz gain, eztabaidarako gune bat du. Aurkezten dituzten webguneak nahiko ongi sailkatuta daudela iruditu zait, nahiz eta oraindik gehiago aztertu beharko dudan.Nola ez, RSS jario du eta zerbitzua bere osotasunean erabili ahal izateko, izena ematea ezinbestekoa da. Lehenengo balorazioa nahiko positiboa da, beraz.

Orain arte, Web 2.0ko aplikazioak biltzeko guneak egon bazeuden, baina funtzionalitate gutxiko guneak ziren. Kasu gehienetan, zerrenda amaiezinak aurkezten zizkiguten. Hala ere, zerbitzu berri horretan, “gure” Tagzania eta beste aplikazio batzuk ez direla agertzen ikusita, nik uste dut oraindik zerrenda hauek erabiltzen jarraituko dudala. Zuek ere horren beharra baduzue, hementxe duzue beste gune batzuen zerrenda:

Blogsome Euskaraz

Duela urtebete, blog hau martxan jarri genuenean, Blogsome hautatu genuen WordPress-ekin lanean aritzeko aukera gehiago eskaintzen zituelako eta Euskaraz horrelakorik ez baitzegoen. Egia esan, hasi ginenean, Blogari.net edo Blogak.com bezalako zerbitzurik ez zegoenez eta CSS, XHTML edo PHPari buruzko ezagutza oso murritza genuenez, gure zalantzak izan genituen eta ordu asko igaro behar izan genuen txantiloia egokitzen eta euskaratzen, kodean eginiko hanka-sartze ugari zuzentzen… Baina, Jolausen ekimenari esker, aurrera egiten asmatu genuen.  Garai hartan, arestian aipaturiko zerbitzu euskaldun horietako bat egon izan balitz, gure hautaketa beste bat izango zen.

Nolanahi ere, denborarekin, damutzeko aukerarik ez dugu izan. Gehiago esango nuke, oso gustura gaude irlandar hauek eskaintzen diguten guztiarekin.Etengabe ari dira hobekuntzak ezartzen, komunitate handi bat dago lanean, plugin berriak inplementatzen dituzte, migratzeko aukera ere badago… Hau guztia gutxi balitz, eginiko hobekuntzei esker, zerbitzua geroz eta azkarrago dabil eta segurtasun handia ematen digu.

Azkenean, Blogsom-aren inguruan lanean dabilen jendeari esker, eta blogari espainiar batzuei esker (Juglar eta Ártabro) euskaratzeko falta zitzaizkigun atalak (egutegia eta fitxategien hilabeteak) euskaratzea lortu dugu. Bertatik lortutako informazioari esker, lortu dugu gure bloga goitik-behera euskalduntzea. Beraz, gaur egun, Blogsomen blog euskaldun bat izateko arazorik ez dago. Jarraian azalduko dizuet zeintzuk diren egin beharreko aldaketak:

 Fitxategien hilabeteak "smarty tag" hauekin azaltzen dira:{get_archives type=’monthly’} {$monthly_archives}. Bada, guk ondorengo kodeaz ordezkatu ditugu :

 

{capture name=archives}{get_archives type='monthly' format='html' show_post_count='1'}{/capture}
{assign var=monthly_archives value=$smarty.capture.archives|replace:"January":"Urtarrila"|replace:"February":"Otsaila"|replace:"March":"Martxoa"|replace:"April":"Apirila"|replace:"May":"Maiatza"|replace:"June":"Ekaina"|replace:"July":"Uztaila"|replace:"August":"Abuztua"|replace:"September":"Iraila"|replace:"October":"Urria"|replace:"November":"Azaroa"|replace:"December":"Abendua"}
{$monthly_archives}

 

Horrekin, argitaratutako mezuen hilabeteak euskaraz azalduko zaizkizue. Egutegiarekin antzeko zerbait gertatzen da,  {get_calendar} izeneko smarty tag ordezkatu beharko dugu ondorengo kodea txertatuz:

 

 <li id="calendar">
{capture name=cal}{get_calendar}{/capture}
{assign var=calendario_es value=$smarty.capture.cal|replace:"\"Monday\">M":"\"Astelehena\">Al"|replace:"\"Tuesday\">T":"\"Asteartea\">At"|replace:"\"Wednesday\">W":"\"Asteazkena\">Az"|replace:"\"Thursday\">T":"\"Osteguna\">Og"|replace:"\"Friday\">F":"\"Ostirala\">Or"|replace:"\"Saturday\">S":"\"Larunbata\">Lr"|replace:"\"Sunday\">S":"\"Igandea\">Ig"|replace:"January":"Urtarrila"|replace:"February":"Otsaila"|replace:"March":"Marzo"|replace:"April":"Apirila"|replace:"May":"Maiatza"|replace:"June":"Ekaina"|replace:"July":"Uztaila"|replace:"August":"Abuztua"|replace:"September":"Iraila"|replace:"October":"Urria"|replace:"November":"Azaroa"|replace:"December":"Abendua"|replace:"Jan":"Urt"|replace:"Feb":"Ots"|replace:"Mar":"Mar"|replace:"Apr":"Apr"|replace:"May":"Mai"|replace:"Jun":"Eka"|replace:"Jul":"Uzt"|replace:"Aug":"Abu"|replace:"Sep":"Ira"|replace:"Oct":"Urr"|replace:"Nov":"Aza"|replace:"Dec":"Abe"|replace:"View posts for":"Ikusi mezuak"}
{$calendario_es}
</li>

Blogsome Euskaraz hitz egiten jarri dugunez, baten bat animatzen bada, Blogsomerako egokitutako theme bat  euskaratu dugu. Kubrick izeneko theme hautatu dugu eta Blogsomerako beharrezkoak diren Index, Post eta Comments fitxategiak Euskaraz jaisteko aukera eskaintzen dugu.

Fitxategiak deskargatu:

SINONIMOAK LANTZEKO ARIKETAK SAREAN!

Adibide batAurrekoan esamoldeak lantzeko prestatu genituen jardueren berri ematen bagenizuen, oraingo honetan sinonimoak jorratzeko ekoiztu ditugunak aurkeztu nahi ditugu. Ohartu gara jende dezente sartzen dela ariketa hauen bila eta horrek benetan pozteaz gain, beste proiektuetan murgiltzera ere bultzatzen gaitu!

Gauzak horrela, hurrengo urratsa zein izan zitekeen pentsatzeari emanda, sinonimoak lantzeko sarean ezer gutxi topa zitekeeka konturatu nintzen, lanerako erabiltzen ditudan hiztegi pare bat  (Sinonimoen Hiztegia eta Uzei) eta orain arte EGAko azterketa ezberdinetan ateratako sinonimoen hiztegitxo bat (nik ikasleei banatzen diedanaren antzekoa baina osatuagoa eta hobea). Gehiago ez. Beraz, hemendik hastea pentsatu nuen. Azken urte hauetako sinonimo horiek web formatura pasa eta, esamoldeekin egin genuen antzera, ariketak sortzen hasi ginen.

 Ikasleek ekoiztutakoak aurrekoan azaldutako Multiple Choice Quiz Generator aplikazioarekin eginak daude eta nik sortutakoak, Match Up Quiz Generator-ekin. Bigarren hau sinplea bezain erakargarria da, egin behar duzun gauza bakarra zera da: denbora mugatu batean, ezkerreko zutabeko hitzak eskuinekoarekin lotu.

 Beraz, euskara ikasten ari bazara edo, zure euskara maila primerakoa izanik ere, zertxobait hobetu nahi baduzu, egin klik hemen eta arestian azaldutako guztia aurkituko duzu:

  1. Azken urte hauetako EGAko azterketetan atera diren sinonimoen hiztegitxoa sarera ekarria
  2. Horiek lantzeko ariketa sorta bi formatu ezberdinetan (Sinonimoak 1 eta Sinonimoak 2)

 

Artze parafraseatuz: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek sinonimoak erabiltzen ez dituztelako baizik! emoticon 

Broma da, noski, baina, zalantzarik gabe, egunean sinonimo pare bat ikasita, gure euskara izugarri aberats dezakegu!

IKTeroak 1.0

Gaur betetzen da urtebete gure blogak bere ibilbidea hasi zuenetik. Aspalditik buruan genuen ideia honek 2005eko apirilaren 11an hartu zuen forma, hilabete luze baten ostean jo ta ke lanean aritu ondoren. Gaur goizean, gure bloga martxan jarri genuenean genituen helburuei begirada bat botatzen aritu naiz. Harrituta geratu naiz konturatzean zeinen baikor (inuxente, agian?) hasi ginen lanean.

  • IKTak eta ikaskuntza-irakaskuntza aprendizaiaren arteko uztarketan erreferentea izatea
  • Teknologia berrien ezagutza ikastolako estamentu guztietara zabaltzea
  • WWWean euskararen erabilerari bultzadatxo bat ematea

Ezjakintasunak horrelakoak ekartzen ditu askotan. Saltsa honetan urtebete egin ondoren ezagutu ditugunak orduan ezaugutuz gero, ziur nago helburu apalagoak ipiniko genizkiola gure ahaleginari. Lotsagabe xamar hasi ginen euskal blogosfera honetan. Lotsagabe bai, baian era berean lanean fin eta, atzera begiratuz, finkatu genituen helburuetatik gertu ibili garela esan go nuke.

Erreferentea izatearena handikeri bat izan daiteke agian, ez dakit. Baina zin dagizuet hasiera hasieratik ahalegindu garela irakaskuntza eta IKTak uztartzen dituzten proiektu berriak gauzatzen, bide berriak urratzen, metodologia eta baliabide berriak probatzen… Hor dituzue bestela seik eta magicek (bat eta bi) gauzatu dituzten proiektuak, jolausek eta bere ikasleek aurrera eraman dituztenak. Hauen guztien inguruko informazio sakona eman genizuen Writelyn hiruok idatzi genuen dokumentu honetan. Baina hauek gure IKT talde osoaren lanaren zati bat besterik ez dute suposatzen, agian deigarriena, kanpotik ikusten den horietakoa delako. Baina nik uste dut gure lorpenik handiena, ikastola barruan dugun antolaketa gauzatzea izan dela. Talde lanaren aldeko apustua egin genuen eta honek bere fruituak eman ditu zalantzarik gabe; zuek, irakurleok, oraindik ez dituzue ezagutzen baina Mertxek, Ainhitzek, Miriamek, Jon Mikelek eta Nereak egiten duten esfortzua egunero IKTen esparruan txalotzekoa da. Ea aurten konbentzitzen ditudan beraien esperientziak gure blogean kontatzeko!

Bigarren helburuari dagokionez, esan beharra dago aurrerapausuak ematen ari garela. Aurtengo ikasturtearen hasieran, irakasleen artean IKTen erabilera bultzatzeko, identifikatuta genituen bost jarrerei buelta ematea jarri genuen helburu bezala. Onartu behar dizuet ez dela erraza izan baina, gure esperientziek izan duten oihartzunari esker, poliki poliki jarrera hauek aldatzen doazela egiaztatu dugu: ikastolako euskara batzordeak interes handia aurkeztu du blogen inguruan, Batxilergoko hainbat irakasleek, datorren urteari begira, beraien unitate didaktikoetan zehaztutako hainbat helburu lortzeko ere, blogak erabiliko dituzte… Zalantzarik gabe bide onetik goazela adierazten du honek.

Eta, azkenik, euskarak sarean duen presentzia indartzearen aldeko konpromisoa ere garbi utzi nahi izan dugu. Euskal blogosferan azkenaldi honetan eman den hedapenaren partaide sentitzen gara, eta, neurri batean, euskal eskola komunitatean tresna hauen bultzatzaile aktiboenetakoak izan garela ere iruditzen zait. Honekin batera, gure maila teknikoa beste mudukoa ez izan arren, hainbat aplikazio euskaratzen ere ahalegindu gara. Aplikazio hauek denak hezkuntzan aplikazio interesgarriak dituztenak dira, hala nola, PHPWebquest, phpMyFAQ, Webquestions 2.0 edota ATnotes

Honetaz ez dut ezer aipatu inoiz blog honetan baina uste dut garaia heldu dela, denon aurrean aitortzeko urte honetan nire kideek lan izugarria egin dutela, ordu mordo bat sartu dituztela lanean, gauza berriak probatzen, aplikazioak instalatzen, HTML, CSS, Ajax… ikasten, klaseak teknikoki prestatzen, etengabeko prestakuntza prozesu batean murgilduta… beti ere, hasieran finkatu genuen filosofiatik baztertu gabe: gure esperientziak partekatzea, gure ekarpenak publikoak eginez, norbaitentzat baliagarriak izango direlakoan. Zoritxarrez gaurko gizartean musu truk lan egitea, bueltan onura ekonomikorik egon gabe, ez da oso zabalduta dagoen jarrera bat. Baina, esan beharra dago gure irakurleen aldetik jasotako feedbacka, errekonozimendua eta errespetoa erabat asetu gaituela eta aurrera jarraitzeko beharrezkoa dugun indarra ematen digula. Beraz, hortxe, blogaren beste aldean, zuen laguntza eskaini diguzuen guztioi mila esker. Adi! IKTero saltserook 2.0ren bila goaz eta!