Tontxu Campos Jakintza ikastolan

Gaur gure ikastolan egun berezi horietako bat bizi izan dugu. Izan ere, Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua, azaroan lortu genuen Urrezko Qa ikastolako langile guztioi banatzera etorri da.

Ikastolako gela batzuk bisitatu eta ikasleekin solasean aritu ondoren, ikastolako areto nagusian, aurkezle famatua eta ikastolako gurasoa den Izaro Iraetak ekitaldiari hasiera eman dio.

Tontxu Campos 

Mahaian, sailburuarekin batera, Xabier Alkorta, Euskaliteko Lehendakaria eta Mari Cruz Largo, Ikastolako Zuzendari Administraria, eseri dira. Entzuleen artean, Ordiziako Alkatesa, Gipuzkoako Lurraldeko Hezkuntza Ordezkaria, PATeko Zuzendaria, Partaideko arduradunak, Ikastolen Elkarteko Zuzendaritzako kide ugari, Ikuskaritzako ordezkariak, eta abar luze bat. Azpimarragarria ere bertara joandako hedabide ezberdinetako kazetari kopuru ikaragarria.

Ainhoa Mujika, DBH3ko ikaslea eta bertsolari aparta, ez da kukildu eta errebindikazio kutsua eman dio bere hasierako bertsoari. Izaro Iraetaren gidaritzapean, ekitaldiak ohiko hitzaldiekin jarraitu du eta, hauen amaieran, Urrezko Qaren diploma eta langileontzako pin-ak banatu dira.

Diploma jasotzen 

Nola ez, amaiera emateko, gure ikastolako sukaldariak prestaturiko pintxo sorta ederra dastatzeko eta solasean aritzeko aukera paregabea izan dugu.

Baina, beti bezala, batzuk ongi pasatzen ari diren bitartean, beste batzuk sufritu behar. IKTerook ekitaldi honen ebidentzi multimedia jaso nahi genuenez, bideokamera, argazki kamera, grabagailu eta beste tramankuluekin ibili behar izan dugu dena jaso nahirik. Azkenean, hoztutako pintxoekin konformatu behar izan dugu.

Ekitaldiak gure ikastolarentzat izan duen garrantzia dela eta ahalegin teknologiko berezi bat egin nahi izan dugu. Horren fruituak ondoren ikus eta entzun ditzakezue:

Argazkiak

Bideoa

Podcast

Tope Tumatxa!

Arazoak Blogsomekin

Gaur goizean sorpresa handia jaso dut ikastolara heldu eta IKTeroetan argitaratutako artikulu guztiak desagertu direla ikusterakoan. Blogaren goikaldean agertzen zen mezuak aditzera ematen zuenez ("Wordpress database error") arazoaren jatorria Blogsomek Irlandan dituen zerbitzarietan zegoen. Halere, zorte txar pittin bat ere izan dugu emoticon, arazo hau ez baita Blogsomeko blog guztietan gertatu: ikastolan ditugun blog guztien artean IKTeroak da bakarra bertan behera geratu dena.

Goiz osoa zain egon eta gero, eguerdi aldera konpondu dute arazoa. Blogsomekin hasi ginenetik laster egingo du urtebete eta hau izan da bigarren aldia bazterrean uzten gaituela eta nire iritziz bietan arin ibili dira arazoa konpontzerakoan. Blogsomekin urte honetan zehar izandako esperientziarekin oso gustura gaudela aitortu beharrean nago baina, zoritxarrez, batzuetan horrelakoak gertatzen dira. Datozen egunetan dohaineko blog zerbitzu honekin izandako esperientziaren berri emango dizuegu artikulu batean.

Bukatzeko, goizean zehar bloga bisitatzera etorri zaretenoi barkamenak eskatzen dizkizuegu izan dugun eragozpen honengatik.

Gehitu gure artikuluak Zabaldu.comera

ZabalduJadanik jakingo duzuen bezala gaur jarri dute martxan Multimediako lagunek Zabaldu.com deritzon “euskal Digg” berria. Jaso dezatela hemendik gure zorionik beroena!

Gure irakurleetako norbaitek hemen aurkitu duen artikulu bat Zabaldu.comera bidali nahi badu, hauen azpialdean agertzen den giltzatxoaren gainean klik egitea besterik ez du.

Lankidetza azken muturrera eramanda

Gaurkoan, izerdi pixka bat kostata baina, azkenean, magicek eta biok abian jarritako azken proiektuaren berri eman nahi dizuegu: adin eta maila ezberdinetako blogarien arteko lankidetza.

Gure ikasleak blogari bihurtu genituenean, gure helburuetako bat teknologia berrietan trebatzea izan zela jakina da. Ez da helburu erraza, baina, tira, pixkanaka-pixkana ohitzen joan dira eta ikusgarria da emandako aurrera pausoa. Dena den, badago, nire ustez, ia lortezina den xede bat: ikasleek euren idatzietan euskara (hizkuntza) maila zaintzea. Hau da, burutik pasatzen zaien lehengo gauza nolanahi idatzi beharrean, hiztegietan kontsultatzea, galdetzea… Horren guztiaren garrantziaz jabetzea, azken finean. Oraintsu mugitzen ari garen lur irristakorretan, multimediaren harea mugikorretan, hain zuzen ere, irudien lilurak benetan hitzez adierazi nahi duguna ezkutuan edo bigarren planoan gelditzea eraman dezake. Ez dakit ezer asko egin dezakegun hori pausatzeko, baina urrats txikiak emanez, agian, ur-lasterraren kontra igeri egiten ikasiko dugu.

Zenbatetan azpimarratzen dugu irakasleok ortografia, sintaxia, lokailu zein sinonimoen erabilera egokiaren garrantzia? Gu eta aldameneko guztiak aspertzeraino! Horrela, bada, beste bide eraginkorragoak jorratu nahian, DBH1 (12-13 urte) eta DBHO2ko (17-18 urte) ikasleak elkarrekin lanean jartzea otu zitzaigun. Nola? Bada, nire ikasle batek magic-en ikasle baten ardura hartuz, ikasle helduena gazteenaren eredu, irakasle eta zuzentzaile bihurtuz. Txikienak, bere blogean ezer argitaratu aurretik, egokitu zaion kideari postaz bidali behar dio testua. Honek bi bertsio bueltatuko dizkio (postaz ere) dokumentu erantsi moduan; bata, zuzenketez josia (ortografia, sintaxia, aberastasuna- marratua, gorriz…- aldez aurretik guk adostutako irizpide jakin batzuk jarraituz) eta, bestea, argitaratzeko prest (dena txukun-txukun jarrita). Blogari gazteak bi bertsioak eskuetan dituela, hurrengo pausoak emango ditu:

1. Akatsak dituena ondo aztertu, hurrengoan berberak ez egiteko eta karpeta batean gorde (ikasturte amaieran eboluzioa ikusteko).
2. Bigarren bertsioa bere blogera pasa eta argitaratu.

Esan beharra dago, bakoitzak bere kideari bidaltzeaz gain, magici eta niri ere bidaltzen digutela den-dena. Hau da, jatorrizko testuak nahiz zuzenketak eta hartu-eman osoa gure eskuetatik ere pasatzen da, baina euren zereginetan ez sartzen saiatzen gara. Gertutik jarraitzen dugu bakoitzak egindako lana, baina gure jarduna, kasu gehienetan, zoriontzera mugatzen da.

Proiektu hau abian jartzerakoan, ikasle guztiei ekarriko zizkien onurak aurreikusten saiatu ginen. Gazteenek ikasiko zutenaz gain, helduenentzat ere guztiz positiboa izan zitekeela pentsatu genuen, autonomiaz eta arduraz jokatzeko aukera paregabea izan baitzitekeen.

Ikasleen arteko lehenego harremana, zailtasun batzuk gorabehera (posta helbide batzuk gaizki…), abiapuntua ona zela sinetsarazi zigun, baina jarraipena oraindik hobea izan da! Esan dezakegu motz gelditu ginela. Lehengo egunean, balorazioa elkarrekin egiten ari ginela, Magicek bere ikasleengan ondorengoak sumatu dituela adierazi zidan:

1. DBHko ikasleentzat pizgarri ikaragarria izan da hau. Lehenago, atzetik ibili behar izaten nuen idatz zezaten eta orain kontrakoa gertatzen ari da. Batzuk etengabe hasi dira artikuluak bidaltzen.

2. Gaztetxo hauentzat (DBH 1ekoentzat) batxilergoko ikasleen ereduak euskarako irakaslearena baino askoz ere gehiago balio du.

3. Idazten dituzten idatziak nahiko “sinpleak “ dira eta sakontasun falta nabarmena dute. Batxilergoko ikasleek etengabe animatzen dituzte gehiago sakontzeko eta hauek, azkenean, jabetzen ari dira horretaz. Nik mila aldiz esaten nien arren, ez nuen lortzen hori.

4. Ikasle helduenek bultzatuta, informazioa biltzen denbora gehiago pasatzen dute, hiztegiak erabiltzen hasi dira…

5. Autonomiari dagokionez, hauentzat ere nabarmena izan da ekarri dien onura. Hau da, orain, era arduratsuagoan jokatzen dute eta irakaslearen laguntza kasu berezietan besterik ez dute eskatzen.

Zin dagizuet hori horrela dela, edozein ordutan etengabe ikasleen lanak jasotzen ari gara (gauean, larunbat eta igandeetan…). Ikusi, bestela, ondorengo adibidea . Xabi eta Beñaten arteko lankidetza da jarraian topatuko duzuena. Mezuak wordeko dokumentu batera pasatu ditut (helbideak eta abizenak kenduta) hemen jarri ahal izateko.

Prozesua osorik ikusteko (harremana eta zuzenketak) klikatu hemen. Nire ustez, honek dauka benetako balioa.

Zuzenketa soilik ikusteko:

1. DBHko ikasleak zuzentzeko bidalitako testua.

2. DBHOkoak zuzenduta bueltan bidalitakoa.

3. DBH1eko ikasle blogarien guneak ikusteko, klikatu hemen.

Xabier eta Beñaten modura, beste 30 bikote inguru ditugu elkarrekin lanean. Badakigu denetik topatuko dugula, lankidetza guztiak ez direla adibidekoa bezain emankorrak izango, baina bidean bakar batzuen idazteko grina, ardura eta autonomia piztea lortzen badugu, guretzat nahikoa eta gehiegi izango da…

Esamoldeak

Euskal esamoldeak

Aurreko batean, gelara eramandako bi esperientzien inguruan aritu nintzen: webquestions 2.0ren euskaratzeaz eta writelyren erabilera praktikoaz. Bi lanketa horiekin jarraituz, urrats batzuk aurrera ematen hasi nintzen.

Webquestions 2.0rekin egindakoa azalduko dizuet oraingoan. Mota ezberdinetako ariketak sortzeko aplikazio hau gelan itzuli eta berehala erakutsi nien nire ikasleei emaitza, egindakoaren garrantziaz ohar zitezen: euskararen presentzia sarean zehar hedatzen lagundu dute! Asko gustatu zitzaien ikustea eurak egindako lanak aplikazio erabat praktikoa zuela eta denon eskura jartzean, edonor has zitekeela berau erabiltzen. Beraz, momentu ezinhobea iruditu zitzaidan hurrengo urratsa aurkezteko: guk euskaratutako aplikazio hori ariketak sortzeko erabiliko genuen, honela, programaren itzulpena egiteaz gain, berarekin sortutako ariketa horiek ere denon eskura jarriko genituen. Hori ere gustuko izan zuten. Behin baino gehiagotan hitz egin dizuet nire ikasleen jarrera irekiaz, ezta?? emoticon.

Gauzak horrela, eta azkenaldi honetan behin baino gehiagotan hizpide izan dugun euskararen maila dela eta, hizkuntzari horrelako ukitu jator eta aberatsa ematen dioten esamoldeak lantzeko galdeketak sortzea egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Abiapuntua uema.org-etik ateratako Gaztelaniazko Esamoldeak Euskaraz pdf artxiboa izan zen. Izan ere, ez dakit beste tokitan gertatuko den, baina inguru honetan, nahiz eta euskaraz hitz egin, askotan jo ohi dugu gaztelaniara horrelako esapide edo lokuzioak adierazteko. 

Ondorengo pausoa ikasle bikote bakoitzari hizki bat egokitzea izan zen. Hizki horrekin hasten diren esamoldeetatik 20 inguru hautatu behar zituzten eta erantzun zuzena markatzeaz gain, beste hiru asmatu behar zituzten erantzun anitzeko galdeketak sortzeko. Aplikazioaren funtzionamendua azaldu ondoren, denok martxan jarri ginen. Puntu honetan, ikasturte hasieran ipinitako hainbat helbururekin bat egin genuen: euskara hizkuntza bezala landu, ikasleen sormena eta autonomia sustatu, talde-lanean trebatu (kooperazioa), euskararen presentzia sarean zabaltzen lagundu, eta, batez ere, euskara eta teknologia berriak uztartu.

Lehengo egunean ikasleek sortutako jarduerak sarean ipini nituen eta hantxe egon ginen denok denonak egiten. Esamolde horietako hainbat ez genuela ezagutzen onartu beharrean gaude. Orain, bakarren bat gehiago ezagutzeaz gain, erabiltzeko bidean ere jarri gara! (Entzun egin behar ondorengo egunetan nola aritu diren!). Dena den, egin duguna neguko lorea izan ez dadin, kontsultarako non gelditzen diren aipatu ostean, bakoitzak bere zerrendatxoa osa dezala eskatu diet (hurrengo idatzian horrelako bat edo beste ikusi nahi dudala garbi dute!).

Nik ere zerbait eman nahi nuela eta pdf dokumentu osoa hizkiz hizkiko tauletan xehatu dut esamoldeen bilaketa errazteko. Honetan, beste hainbatetan bezala, magic-en laguntza ezinbestekoa izan da. Nire hasierako taulak batere gustatu ez (egia esan, ez ziren batere irisgarriak!) eta bere izate kritiko bezain eraikitzaileari jarraiki, beste taula mota baten CSS eta HTMLa eskaini zizkidan (scroll eta guzti!!!). Mila esker, magic, zure ekarpen (eta ordu) guztiengatik.emoticon

Lanketa  eta lankidetza (ikasleak, IKTeroak, irakaslea…) honen guztiaren emaitza euskaljakintzan sortutako bi atal ezberdinetan topa dezakezue (eskuineko zutabean):

1. Esamoldeak hizkiz hizki eta hizki horri dagokion ikasleek ekoiztutako galdeketa (galdera ikurrak klikatuz).

2. Galdeketa guztiak A-Z itxuradun taula batean.

Beraz, gaurtik aurrera, baliagarri gerta dakiokeen edonorentzat hortxe gelditzen dira.