Webquestions 2.0 euskaratuta!

Aurreko artikuluan jolausek azaldutakoari jarraituz, oraingo honetan beste aplikazio bat euskaratu dugula kontatzera gatozkizue. Aplikazioa Daryl Rowlandek sortutako WEBQUESTIONS 2.0 da eta, modu errazean eta dohain, web orri formatoan gordetzen diren galdeketak sortzea ahalbidetzen du (programaziorik jakin gabe, noski!).

Azalpenekin jarraitu aurretik, nire ikasleak zoriondu nahi ditut; izan ere, DBHO 2koak izan baitira phpMyFAQ eta Webquestions 2.o aplikazioak itzultzeaz arduratu direnak! Kontua da, mota hauetako proposamenekin joaten natzaienean, beti aurkitzen dudala jarrera erabat irekia eta ezin hobea berrikuntza hauetan murgiltzeko (writely erabiliz lanean aritzeko, sareko euskararen presentziaren zabalkuntzan parte hartzeko, aplikazio informatikoak itzultzeko eta abar luze bat). Baina hori guztia beste artikulu baterako utziko dugu eta orain itzulitako aplikazioan zentratuko gara. Benetan, zorionak eta eskerrik asko nire irakasle lana errazteagatik eta klasera joateko gogoa egunero pizteagatik!
Baina gatozen harira. Jarraian, Webquestions 2.0 aplikazioak ematen dizkigun aukerak aztertzen saiatuko gara:

Aplikazioak dituen arlo indartsuenak:

  • 4 galdera mota ezberdin konbina daitezke galdeketa batean (hautapen anitzkoitza, erantzun bakarra, egia ala gezurra eta hitz ezkutua)
  • Irudiak eta ikurrak sar daitezke
  • Pertsonalizatzeko aukera ugari eskaintzen du (atzealdean irudi bat sartu; koloreak, letra mota eta neurria aldatu…)
  • Prozesu osoan zehar, galderak gehitu, editatu eta ezabatzeko aukerez gain, ordura arte egindakoa aurreikusteko abagunea ere eskaintzen du
  • Jarduna erabat gidatua da

Ahuleziak:

  • Galdeketa hasi aurretik ezin da testurik txertatu. Askotan aukera hau irakasleontzat oso interesgarria izaten da. Nire kasuan, adibidez, aurrekoan Txomin Agirreren Garoaren pasarte bat irakurri ondorengo galdeketa bat sortu nahi nuen eta pasartea bertan txertatzea ondo legokeela iruditu zitzaidan. Ezinezkoa da! Halere, esteka bat sartuz konpondu nuen baina adibide honetan ikusiko duzuen legez, goialdean zerbait idatzi nahi izanez gero, espazioa erabat mugatua du.

Hasierako orria

Hain da sinplea lanketa, non ia egunero sortzen baitut jardueraren bat edo beste euskaljakintzan esekiteko. Beraz, adibide gehiago ikusi nahi badituzue, jo hara.
Hona hemen batzuk:

Programaren inguruko argibide guztiak (behera kargatzea, tutoriala…) Muñoz de la Peñaren aula21ean aurkituko dituzu. Hurrengo pausoak jarraitu behar dituzue:

1. Aipatutako gunetik aplikazioa jaitsi eta zuen ordenagailuan gorde.
2. Euskaratutako artxiboa ere zuen ordenagailuan gorde. Artxibo hau instalatzeko ondorengoa egin behar duzue:

Gorde honela:
C:\Archivos de programa\Clever Software\WebQuestions 2\Languages

3. Karpeta horretan gorde eta gero, programa abiarazi eta Options eta Hizkuntzak kargatzeko eremuan, hautatu gorde duzuen artxibo hori (Euskara). Aplikatu eta berehala dena euskaraz ikusiko duzue.

Ea, ariketak sortzera animatzen zareten. Ziur ikasleek eskertuko dutela!

phpMyFAQ aplikazioa euskaratuta

Orain dela hilabete batzuk Sei, gure IKTera saltserak, PHPWebquest aplikazioaren euskaratzearen berri eman zigun bezala, oraingo honetan phpMyFAQ aplikazioa jada euskaraz erabil dezakezuela adieraztera gatozkizue. Halere bietan jarraitu dugun prozesua oso desberdina izan da: aurrekoan eginkizun osoa Sei-ren ardura izanik, oraingo honetan gure ikastolako ikasle eta irakasleen arteko elkarlanean oinarritutako lorpena izan da.

Duela aste batzuk, aplikazioa jaitsi eta instalatu ondoren, erdarazko eta ingelesezko hizkuntz fitxategiak eredu bezala hartuz, aplikazioaren euskaratzeari ekin genion. Horretarako, batxilergoko bigarren mailako gela bateko ikasleekin harremanetan jarri ginen eta proiektu honekin hastea proposatu genien. Gure ikasleek gustora jaso zuten gure eskaera eta, Sei-k fitxategia Writelyn eskegi eta bere ikasleei beharrezkoak ziren baimenak eman ondoren, ikasle bakoitzari euskeratzeko zatia zein zen adierazi zitzaion. Ilusioz beteta hantxe hasi ziren gure ikasleak lanean. Eta ederki asko gainera!. Lan txukuna egiteaz gain eskatutako denbora epea ere erabat errespetatu zuten.

Jarraian, Sei-k artxiboa osoa jaso eta azken gainbegirada eman zion, hizkuntzaren aldetik egon zitezkeen akatsak konponduz. Bukatzeko fitxategia niri pasa eta nik webgunera igo nuen. Tarteka agertzen ziren kode akatsak zuzentzen (ikurrak falta, kode egitura okerrak…) denboratxo bat pasa nuen. Bestalde, ingelesezko eta euskarazko esaldien egitura askotan desberdinak izanik, hauek moldatzen ere denbora pixka bat pasa behar izan nuen. Kontua da oporren amaierarako artxiboa euskaratuta eta erabat operatiboa zegoela.

Une honetan itzulpena aplikazioa sortu duen programatzaileak jasota dauka eta, nahiz eta, bere webguneko atarian aplikazioa euskaratuta dagoela adierazi, laister kaleratuko duen 1.5.6 bertsioan izango duzue ofizialki. Ordurarte norbaitek erabili nahi izango balu hemendik jaitsi (kopiatu testua eta Ohar-bloka erabiliz gorde language_eu.php izenean) eta “lang” izena duen karpetan eskegi dezake.

Benetan pozik gaude egindako lanarekin. Askotan aipatu dugu elkarlana sustatzea dela gure erronketako bat eta horrelako ekimenekin hori da lortu nahi izaten duguna, ikasle nahiz irakasleen arteko elkarlanaren ondorioz emaitza interesgarriak lortu daitezkeela kontrastatu, alegia.

Lerro hauen bitartez zorionak eman nahi dizkiet gure ikasleei: ilusioz beterik egin dute lan eta emaitza hor dago, denon eskura. Eta pentsa, agian zuek zarete aplikazio bat euskaratu duzuen lehen ikasle taldea, nork daki!

Laister Sei-k adieraziko dizue zein izan den maila bereko bigarren gelako ikasleek gauzatu duten proiektua. :wink:

Aplikazioari dagokionez, phpMyFAQ webgune askotan aurki daitezkeen Frequently Asked Questions (FAQ) direlakoak sortzeko tresna interesgarri bat da. Bertan gai edo arlo baten inguruan sor daitezkeen galderak argitaratu eta hauen erantzunak ematen dira. Horixe da funtsean aplikazio honek eskaintzen duena. Baditu, halere, beste ezaugarri batzuk ikasleekin erabiltzeko oso aproposa egiten dutenak, hala nola:

  • Galdera irekiak egiteko aukera ematen du: ez da beharrezkoa sisteman balidatuta egotea galderak egin ahal izateko. Behin galdera egina dagoenean administrariak moderatu egingo du eta, hau onartzen bada, galdera irekia argitaratuko da edonorren erantzunaren zain geratzen delarik.
  • Erantzunak ere edonork eman ahal izango ditu, ikasleak nahiz irakasleak. Galderak egiteko jarraitzen den sistema bera da.
  • Argitaratutako galdera/erantzun bakoitzari iruzkinak egiteko aukera ematen du. Horrrela aukera dago bidalitako erantzun bat zuzendu edota osatzeko eta, bide batez, egindako galderaren inguruko beste edozein komentario ere egin ahal daiteke.
  • Galderak bere interesaren edo garrantziaren arabera baloratu daitezke. Galderak irakurtzen duenak 0tik 5erako balioa esleitu dezake, horrela galdera bat kontsultatzen denean, irakurleek emandako balorazio orokorraren ideia bat ere jasoko du.
  • Galderak hiru eratara kontsulta daitezke: eskuineko zutabean atalka antolatzen dira eta eskuineko zutabean, behekaldean azken bost galderak agertzen dira eta, goikaldean, Top 10 delakoa, bisita gehien jaso dituzten galderen zerrenda alegia.

Nire asmoa zera da: gelan sortuko diren galderak nahiz ikasle bakoitzari etxean sortzen zaizkionak bertan ipintzea. Bestalde, ikasleek eurek ahalegindu beharko dira galderei erantzuna ematen, gelan jaso dutenean oinarrituz edota bakoitzak bere kabuz lortu duen informazioan oinarrituz. Galdera batek erantzunik izango ez balu edota bere osotasunean erabat egokia izango ez balitz, erantzuna denon artean osatzen ahaleginduko gara. Ebaluagarriak izango dira bai egindako galdera kopurua (aintzat harturik bakoitzak jasotzen duen balorazioa) baita emandako erantzunak eta hauen egokitasuna ere. Zuetako norbaitek parte hartu nahiko balu gonbidatuta zaudete. Ea zerbait interesgarria lortzen dugun denon artean!!!

Web 2.0: zerbitzu gehiago

Etengabe ari dira zerbitzu berriak sortzen Web 2.0 delako horren inguruan. Horiei buruz hemen idatzi eta komentatu egin izan dugu, baina zerbitzu berriak (niretzat, behintzat) aurkitu ditugu eta interesgarrienak zuen esku jarri nahi ditugu.

Hasteko, Flickr-en argazkiak bilatzeko zerbitzu harrigarria bezain orijinala. Retrievr da bere izena eta, honen bitartez, argazkiak koloreen arabera bila daitezke. Flash-en eginiko eremu bat dauka koloreak hautatzeko eta marrak egiteko. Hautatutako koloreen araberako argazkiak azalduko dira “Retrievr search” botoia sakatzerakoan. Hau, oso baliagarria izan daiteke web baterako irudiak bilatu nahi dugunerako. Zerbitzu hau erabiltzeko ez da beharrezkoa inon alta ematea.

Beste bat youSENDit zerbitzua da. Zerbitzu honetan ere, ez da beharrezkoa alta ematea eta guztiz dohain erabil dezakegu. Honekin, e-postaz bidali nahi ditugun artxibo handiak bidal ditzakegu, beti ere 1Gb baino txikiagoak badira. Normala denez, artxiboaren “upload” egiteko patzientzia beharrezkoa da eta hori bidaltzeko agindua ematen zaionean egiten du. Beraz, badakizue, bidali eta “upload” egiten ari den bitartean, beste zereginetan aritu.

Hurrengoa oso baliagarria da agiri ofizialak bidaltzeko eta sinadura digitala eskatzeko. Urteetan, hori egiteko fax-a erabili izan da, bada EchoSign aplikazioak horixe egiten du. Sinadura behar duen agiri bat bidaltzerakoan, orri bat sortzen du hartzaileak osa dezan. Ondoren, beharrezkoak diren sinadurak bildu dituenean, PDF artxiboa sortzen du agiri orijinala eta sinadurak bat eginda. Hemen egon daitekeen arazo bakarra fitxategien bertsioan egon daiteke. Izan ere, sinatu ondoren, oso zaila baita bermatzea agiriaren bertsioa. Agian, horretarako, ongi legoke Writely bezalako sistema ezartzea zerbitzuan bertan.

Hurrengoa, AjaxTrans itzultzailea da. Honek beste aplikazioa bat gogorarazi dit: Babel Fish. Hauek berehalako itzulpena eskaintzen dute eta hizkuntza ezberdinen arteko itzulpenak eskaintzen dute. Itzulpenaren kalitatea oso handia ez bada ere, nahikoa izaten da ideia bat egiteko. Nik Babel Fish Firefox gehigarria erabiltzen dut, baina hemendik aurrera, ez badit gehiegi argitzen bere itzulpenarekin, badakit nora jo beste itzulpena lortzeko.

Azkena, e-komertzioarekin lotuta dago. Clipfire-n erabiltzaileek aurkitutako salmenta interesgarriak proposatzen dituzte eta besteek botoa eman dezakete. Honela, “ranking” moduko zerbait osatzen da. Zerbitzua oso berria denez, oraindik ez dago oso beteta, baina ideia interesgarria izan daiteke “txoiloak” aurkitzeko. Bilaketak egin daitezke, RSS jarioa dauka atal guztietan, “popular deals” izeneko atala arrakasta handiena duten eskaintzekin… Nik Seirentzat telebista hau, bere etxeko telebista zaharra kentzeko, aurkitu dut, merke-merke gainera! Sei: zure etxeko telebista zaharra kentzen baduzu, gogoratu nirekin. Nire bordan txoko bat egingo nioke eta.