Kalitatea eta Hezkuntza (III)

Aurreko artikuluan esan genuen erakundeak ongi definitu behar dituela berarentzat giltzarri diren eremuak eta horietan lanean hasi. Hezkuntzaren munduan, guretzat, administrazio eta pedagogia arloak dira garrantzitsuenak. Gaurkoan, lehenengo arlo horretan jarriko dugu gure arreta.
Zer da Erabateko Kalitatea – Bikaintasuna? Gauza asko esan daiteke baina, laburtzearren, definizio motz honekin ahaleginduko naiz erantzuten: Interes talde guztien (ikasleak, gurasoak, irakasleak, aliatuak, hornitzaileak eta gizartea lirateke hezkuntzan) asetze mailarik altuena lortzea helburutzat duen gestio estrategia da. Hori garbi izanez gero, helburu hori lortzeko bidea hastea besterik ez zaigu faltako. Beraz, has gaitezen!!!
Erakunde batek, bikaintasunaren bidea egin nahi badu, aldaketarako jarrera baikorra erakutsi behar du, ez nolanahikoa gainera. Era askotako aldaketak iritsiko dira: antolatzeko formula berriak, pertsonak kudeatzeko estrategia desberdinak, lana antolatzeko eta banatzeko irizpide berriak, erantzukizuna banatzearen aldeko jarrera, baliabideak kudeatzeko sistema berritzaileak… Aldaketa hauek guztiak aurrera eraman behar izatea erronka handia da edozein erakundearentzat, are gehiago irabazi asmorik gabeko erakunde batentzat. Ohikoa da, irabazi asmorik gabeko erakundeetan, zalantzan jartzea aldaketa horien beharra. Aldaketa guztiek dakarten mesfidantza agerian gelditzen da, horregatik ezinbestekoa da aldaketaren aldeko jarrera sustatzeko komunikazio eraginkorra burutzea partaide guztiek informazio aberatsa izan dezaten. Lehenengo fase honetan, teknologia berrien laguntza arrakastaren giltza izan daiteke. Horretarako, besteak beste, intranet eta extranet egokiak, web orrialde bat, Wi-Fi sarea inplementatuta , e-posta zerbitzaria eta webaren bidezko posta langile guztien esku izateak… komunikazioa erraztuko digu.
Hori lehen urratsa besterik ez da. Horren atzetik prozesuak sistematizatzeko eta kudeatzeko garaia helduko da eta hori ongi burutzeko tresna ugari dugu merkatuan baina propaganda dohain ez diet egingo. Horregatik, software libreko web hau proposatzen dizuet. Bertan, fluxu diagramak egiteko tresnak , proiektuak planifikatzeko tresnak eta ofimatikako programa ugari aurkituko duzue. Zalantzarik gabe, lan hori (prozesu guztiak sistematizatu bitartean) neketsuena izango da baina imaginatzen al duzue lan hori teknologia berrien laguntzarik gabe? Teknofoboek ere, lan honetan, ederki asko eskertzen dute “tramankulu” hauen laguntza.
Honekin batera, erakundearen antolakuntza aldatzen joango da eta egitura bertikal batetik horizontzal eta malgu baterantz urratsak emango ditu. Ardurak eta erantzukizunak banatuko dira eta horretarako teknologiek ezer gutxi egin dezakete. Hori bai, langileei eskaintzen zaizkien baliabideen araberekoa izango da hauen erantzuna ardurak hartzeko garaian. Baliabideak aipatzean ez dugu teknologia adierazi nahi soilik, oso bestelako baliabideez ere hitz egiten ari gara: ordutegi malgua, lan baldintzak eta giro atsegina, errekonozimendua…
Bestalde, egitura malgu horrek areagotu egiten du planifikazio, koordinazio eta jarraipen zehatz baten beharra. Lan hori eragingarria eta eraginkorra izan dadin, behar-beharrezkoak ditugu arestian aipaturiko tresna informatikoak eta beste batzuk, hala nola: Skype eta GnomeMeeting, azken bi hauek oso baliagarriak dira ikastetxeak eraikin desberdinak dituenean, bilera birtualak egitea ahalbideratzen dutelako, Ofimatikako programak ere behar-beharrezkoak izango ditugu gure dokumentuak idazteko, datu baseak egiteko, kalkulu orriak prestatzeko… Azkenik, lana antolatzeko modu berritzaile bat eskaintzen duen tresna aipatu nahiko nuke; erregistratzeko aukera ematen duen web orria, hots, erabiltzailearen izena eta pasahitza sartuz gero, intranetaren sartzeko aukera ematen duena. Tresna honek, etxetik bertatik lana egiteko aukera eskaintzen duenez, lanaldiaren berrantolaketaren ateak zabalik uzten ditu (telelana).
Ez naiz gehiago luzatuko eta administrazio-antolaketaren eremua alde batera utziz, hurrengo artikuluetan ahaleginduko naiz Ikaskuntza-Irakaskuntza prozesuetan Teknologia Berriak-Bikaintasuna-Berrikuntza trinomioak dituen ahalmenak eta garrantzia azaltzen. Hurrengora arte.

Kalitatea eta Hezkuntza (II)

Atzoko artikuluarekin sarrera txiki bat egin nahi izan nuen ondorengoetan harira joateko eta horixe izango da gaurko honetan egingo dudana.

Kalitatea edo bikaintasunaren bidean murgilduta dagoen erakundeak garbi adierazten du, bide horretan egonagatik, bere errealitatea aldatu nahi duela, aldaketa nahi duela, haize berriak sartzeko ateak zabaltzeko prest dagoela… Egoera edo baldintza hori betetzen duten erakundeek ikuspegi desberdina dute eta euren ahalmenak garatzeko abentaila nabarmena. Baina, zer ulertzen dugu kalitateaz? Zer egin dezakegu bikaintasunera iristeko? Zertarako balio du?… Galdera anitz datorkigun arren, guretzat garrantzi berezia du jakiteak zergatik eta zertarako sartu garen gisa honetako bide luzean.
Zergatik sartu ginen bikaintasunaren bidean?
Oinarri-oinarrian arrazoi bakarra zegoen: gure inkonformismoa. Gauzak ongi egitearen pertzepzioa izan arren, hobetzeko esparru zabala dagoela sinesten baitugu.
Zertarako sartu ginen bikaintasunaren bidean?
Funtsean, gauzak hobeto egin nahi ditugulako.
Bi faktore horiek erakunde guztien pizgarri eta motoreak dira. Zailena, gauza gehienekin gertatzen den bezala, hori gauzatzeko garaian iristen da. Horregatik, oso garrantzitsua da egin beharreko bide horretan aldamenean Euskalit bezalako erakunde bat izatea.
Umiltasunez onartu gauzak hobeto egin daitezkeela, besteengandik gauza asko ikas dezakegula, guk ere ekarpenak egin ditzakegula, ezagutza konpartitzeko kulturaren beharraz jabetu… , hori guztia taldeak berea egiten duenean, uholde geldiezina abian da. Bikaintasunaren tsunamia.
Oinarri sendo horiek ditugunean, eraikina altxatzeko garaia heldu da. Une horretan, oso garrantzitsua da bereiztea erakundearen jardunean garrantzitsuenak diren eremuak, gure kasuan administrazio arloa eta arlo pedagogikoa lirateke giltzarri. Nolanahi ere, artikulu hauen helburua teknologia berrien eraginarekin lotuta dagoenez, ondorengo artikuluetan saiatuko naiz argitzen bi eremu horietan teknologia berrien ekarpena bikaintasunaren bidean eta berrikuntzak, kontzeptu honek duen esanahi zabalenean ulertuta, hartzen duen protagonismoa.
Hurrengo kapituluan gai hau jorratuko dut: Teknologia berrien eta gestio eredu berritzaileen eragina bikaintasunaren bidean dagoen ikastetxe baten administrazioan. Ordura arte, ondo segi.

Kalitatea eta Hezkuntza (I)

Q-a
Gaur egun, asko entzuten den hitza dugu “Kalitatea”. Gehiegi esango nuke nik. Askotan, erakundeek euren produktua saltzeko darabilte, bestetan irudia garbitzeko edo hobetzeko, baina, ez da ohikoa ikustea erakunde bat kontzeptu hori erabili baino gehiago praktikatu egiten duena. Izan ere, kalitatearen kontzeptua praxiarekin hertsiki lotuta doa eta, hein handi batean, praxi horren bitartez hurbil gaitezke bikaintasunaren helburu idilikora. Guztiok lortu nahi dugun gorengo maila horretara.
Ez da ohikoa, diot, bikaintasunaren bila dabilen erakundea ez erortzea marketingaren tentazioan. Agian, horrela behar da izan eta ez dut hori zalantzan jartzen, horren garbi ikusten ez dudana da lehenestea publizitatearen alderdia etengabeko hobekuntzaren espirituaren kalterako. Hauxe baita etengabeko hobekuntzaren filosofiaren oinarria urratzen duen minbizia eta, guztion artean, alboratu beharko genukeena.
Nolanahi ere, zorionez, erakunde asko dira bikaintasunaren bidean daudenak eta apostu zintzo eta garbia egiten dutenak benetako “Kalitatea”ren alde. Konpromiso hori ez da xamurra inondik inora, baina, konpromiso hori erakundeen printzipioetan oinarritzen denean, arrakasta ziurta daiteke.
Bide hori urratzeko eredu desberdinak aurki daitezke eta erakunde bakoitzak hautatzen du, beharren arabera, ondoen egokitzen zaiona. Gehien ezagutzen diren ereduak honako hauek dira: EFQM eredu europarra, Six Sigma EEBBetan sortua, ISO arau multzoa, Capability Maturity Model (CMM) softwarea ekoizten duten enpresentzat sortutako eredua, Deming Japonian XX. mendearen erdialdean sortua eta Baldrige EEBBetan sortua. Hauek eta beste batzuk baliagarriak izan daitezke, hori bai, sortu ziren garaia eta lurraldearen arabera filosofia desberdinak daude guztien atzetik.
Hautatzen den eredua edozein izanik ere,arrakastaren gakoa pertsonak dira. Eredu bat ezartzeko ezinbestekoa izango da erakundeko pertsonen jarrera baikorra eta fedea. Hori gabe ezinezkoa baita edozein proiektua aurrera eramatea. Horregatik, honen atzetik etorriko diren iritzi artikuluetan, ahaleginduko naiz azaltzen kalitatezko ereduen eragina gure irakaskuntzaren mundu honetan. Ezin baitugu ahaztu gure mundu honen ardatza pertsonak direla ( ikasleak, gurasoak, irakasleak, ez dozenteak…). Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok, eredu hauetan murgiltzen garenok behintzat, oso garbi daukagu eragina zein den.
Bukatzeko, gaurko sarrera honen ondoren, esan nahiko nuke hurrengo kapituluetan hezkuntza-kalitatea binomioa idatzien ardatz izango dela, beti ere garapen eta berrikuntzaren kudeaketan duen eragina azpimarratuz . Hurrengora arte.

Euskal hiztegiak PDAn

Kaixo, euskaltzaleok! Lehenik eta behin, jonmik-i ongi etorria eman nahi diot eta, bidenabar, animatu bere ikasgaiarekin lotura duen ezagutza tresna honen bitartez zabaltzea; izan ere, bera teknologia hauetan hain trebea izanik, ziur nago gure jakin-mina piztuko duela!
Baina gatozen harira! Nik neure gaiarekin jarraituko dut eta azken aldi honetan ezagutu dudan erabili.com-en aurkitutako tramanakulu-hiztegi bati buruz hitz egingo dizuet. Bertan, etorkizuneko eskuko hiztegiei buruz informazio interesgarria azaltzen da.

PDA Hiztegia

PDA eskuko ordenagailu txiki batetik Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua, Hiztegi Modernoa eta Sinonimo Hiztegia kontsultatzeko aukera garatu dute HIZTEK “Hizkuntza Teknologiak” masterrean.
PDA batean jarri ahal izateko web orrialde bat egin da, web orrialde hori web zerbitzari batean dago eta EHUko zerbitzariarekin harremanetan jartzen da. Sistema honi esker, edozein tokitan eta edozein momentutan jakin dezakegu hitz baten esanahia edo nola esan hitz bat beste hizkuntza batean. Gehiago jakin nahi izanez gero, bertara jotzea besterik ez duzue. Benetan interesgarria, ezta?