Kafe bero goxoa beti

Ikastolako lehen solairuan kafe makina bat izan arren badirudi Jakintzako irakasleek nahiago izaten dutela beraien bulegoan dituzten kafe-makinekin kafe bero goxo-goxoa prestatzea. Askotan ikusten ditut irakasleak pantailaren aurrean beraien kafe katiluarekin eta, zenbatetan gertatu izan zaie, lanean buru belarri aritzea eta kafeaz ahaztea!!!! :-) . Inbentu honekin konpondu da arazo hori.

Kafea berotzeko USB Cafe Pad berogailu txiki hau ordenadorearen USB portuari konektatzen zaio eta unetxo batean 40-80º C-tako tenperatura hartzen du (altuagoa erdian izkinatan baino). Sistema honekin ez zaizue sekulan hoztuko zuen kafetxoa!

Badakik Magic, bion artean kafe-makina bat erosi beharko diagu, gadget honekin ez zaiguk kafea sekula hoztuko. Halere, nik nahiago nuke garagardoak freskatzeko inbentutxo bat. :lol:

Xatakan irakurria

Joku matematikoak

Atzo gauen tarte bat hartu nuen aspalditik utzita nituen nire feed-ei bistazo bat botatzeko. Batetik bestera saltoka ibili nintzen zerbait atseginaren bila eta, halako batean, La Cosa Humeda-n joku honen aipamena irakurri nuen. Proba moduan hasi ginen eta, konturatu gabe, semea eta biori lotara joateko ordua eman zigun. Egitura sinplea duten joku hauek benetan oso gustukoak ditut. Poliki poliki buruari eragiten hasten zara eta, azkenean, ez duzu amore ematen maila desberdin guztiak bukatu arte.

Gaur goizean, gosaltzen ari ginela, burura etorri zaizkit gaztaroan eskutartean ibilitako jokuak. Tangram, Master-Mind, Rubik-en kuboa, burnizko iltzekin egindako korapilo haiek,…. Zeinen gustukoa genituen eta zenbat denbora pasatzen genuen buruari eragiten. Nik uste dut joku haiek, egituraz sinpleak baina ebazketa prozesu konplikatuak zituztenak, logika eta estrategia desberdinak erabiltzen ikasteko tresna ezin hobeak izan zirela. Horrelako jokuetan soluzioa ez zen berehala aurkitzen baina pazientzia eta konstantzia puntu batekin arazoei aurre egiten zitzaien.

Susmoa dut, gaur egun, mota honetako jokuak ia desagertu egin direla Olentzeroren zakutik. Iruditzen zait gaurko gazteek erabiltzen dituzten jokuek trebetasun fisikoa bultzatzen dutela gehiago buru-trebetasuna baino. Askotan joku errazak izaten dira, gutxi pentsatu beharrekoak, joku mekanikoak, eskema berdinak etengabe errepikatuz arrakasta erraz lortzen duten horietakoak. Bai, badakit hau ez dela kasu guztietan gertatzen. Badakit ordenadore joku guztiak ez direla tankera honetakoak baina ez dut uste gure seme-alaben Gameboy, Playstation eta horrelakoetan, joku mota hauetako asko erabiltzen direla. Eta nik uste dut honek baduela eragina gero gure ikasleek klasean azaltzen duten jarrerarekin. Erosoak bihurtu dira, egin behar dutena ondo zehaztu behar zaie (jokuen instrukzioak izango bailitzan) eta ariketak egiterakoan errepikatuak izaten badira hobe. Lehenengo zailtasunaren aurrean so egiten dute berehala.

Beno, mezuaren muinara bueltatuz, arestian azaldutako jokuaren egilearen webgunea bisitatu dut eta, hemendik estekaz-esteka saltoka hasi naiz eta, azkenik, logika eta estrategia lantzeko joku pilo bat aurkitu ditut. Hauetako asko, agian, gure ikasleekin erabili ditzakegu tarteka-tarteka; labirintoak, zenbaki puzleak, logika jokoak,…. Hona hemen helbide interesgarri batzuk:

Probatu eta esaidazue zer iruditzen zaizkizuen. Helbide interesgarri gehiago ezagutzen badituzue idatzi lasai ea nire ikasleekin erabiltzeko modukoak diren.

Ah! Ahaztu baino lehen. Ea zenbat denbora behar duzuen joku honen 4. maila pasatzeko! ;-)

Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa online

Sustatun irakurri dut, jada, on-line kontsulta daitekeela Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa. Orain aukera duzu testuen zuzenketa egiteko aplikazioa zure ordenadorean instalatu beharrik izan gabe. Hala eta guztiz ere, webgunean zintzilikatuta daude orain arte kaleratu diren aplikazioaren bertsio guztiak. Aukera ezazu zure plataforma eta bulegotika aplikazioa eta dohain jaitsi dezakezu zure ordenadorean instalatu ahal izateko.
Informazio gehiago hemen