Ordiziarrak blogosferan

Egun hauetan udarako oporrak non pasatuko ote ditugun erabakitzen ari gara etxean. Niri pertsonalki leku lasaiak, bakartiak,… gustatzen zaizkit, baina orain dela bost urtetik hona familiako oporrak nire semeak agintzen ditu; bere gustuko lekuetara joan behar gara, jakina, hondartza, aquapark, atrakzio parkeak,… eta horrelakoetara. Bufff!! Hondarra ahoan, eguzkitako kremaren kiratsa, atrakzioetako jende ilara amaigabeak,…. A ze suplizioa!. Eta bat-batean bururatu zait ordiziarron artean askotan erabiltzen dugun esamolde hau: “Munduko punta batera nola bestera joan, beti topatuko duzu bertan ordiziarraren bat”. Ez dakit ordiziarrok imaginazio gutxi dugun gure oporrak non pasatu behar ditugun aukeratzerakoan edota, justu alderantziz, munduko izkin guztietan zehar sakabanatzen ote garen.

Gauza bera gertatuko ote da sarean?. Zein da ordiziarron presentzia World Wide Web delakoan?. Orain dela aste batzuk ikastolako webmasterrak webgune batzuk topatu zituen baina horrez gero bilaketak ez ditu fruitu gehiagorik eman. Web horien artean Edurne de Arriba eta Ane Albisu gure ikasle ohien bitakorak topatu zituen. Mezu hau irakurtzen duzuenok beste ordiziarren baten webgunea ezagutzen baduzue sarean, arren helarazi iezaiguzue bere helbidea.

Karaokea euskaraz

Iepa IKTeroak:

kontatzera noakizue duela 2 hilabete gertatu zitzaidan pasartea, izenburuarekin zerikusia duena. Koadrillako 18 bat lagun irten ginen asteburu pasa Nafarroa aldera, aspaldi ez ginela denak elkartu eta denon berri izateko eta harremanak galtzen ez joateko, … elkarbizitza egingo genuela alegia. Baserri oso bat alokatu genuen. Denetarik egin genuen asteburu horretan: Korrikarekin korrika, Larrun mendira igo, FUTBOLEAN!!! zelai berde batean eta gau batean KARAOKEA. Nere lagunetako batek montaje itzela eraman zuen: proiektorea, ordenagailu portatila, pantaila, bozgorailuak, ….
Dena perfektua baina edukiak kale!!!! Kantu guztiak ezagunak bai, baina espainolez edo ingelesez eta ezin komertzialagoak (”Chica ye-ye”, “Macarena”….). Lagunak esan zidan ez dagoela interneten euskarazko ezer aurkitzerik. eta hala da. Edari pizgarrienak ere ezin izan zuten nere animoa altza eta ohean bukatu nuen belarriak almohadarekin tapatzen.

Horren harian otu zitzaidan: ezin ote da karaokea egin (kutrea benik) gustuko kantuei ahotsa kenduta? Interneten begira jarri nintzen eta ohartu nintzen oso ideia zabaldua dela eta jende asko dabilela horren atzetik. Eta hori egiteko baliabideak aurkitzen dira, baina tamalez nik probatu ditudanak ez dira erabat asegarriak. Ahotsa gutxitzen dute baina ez erabat.

Egia esan ez dut gehiegi ere sakondu gaia baina asmoa badaukat eta norbaitek eskua bota nahi badu eta gai honekin jarraitu blog honetan lekua eta laguntza izango du. Euskara jalgi hadi esparru guztietara!

Hiru programekin egin ditut probak:

1. “Nero” berarekin.
2. Yogen Vocal Remover 1.07
3. PowerKaraoke

Beno, beno, nik botatu dut harria, …. odo izan!

Xbox 360, Playstation 3 eta Nintendo Revolution; bideokontsola arrakastatsuenen modelo berriak

Ezagunak dira, jada, bideokontsola ezagunenen modelo berrien ezaugarri teknikoak.

Pasa den maiatzaren 12an Microsoft-ek, MTV telebista katean, bere Xbox 360ยบ bideokontsola berriaren aurkezpen ofiziala egin zuen. Badirudi Redmond-ekoek hobekuntza handiak egin dizkiotela aurreko modeloari.

Gaur bertan Sony-k Playstation 3-ren ezaugarriak kaleratu ditu. Bere ezaugarriak Xbox 360renaren parekoak omen dira. Gaur jakinarazi denez, aukera izango da kontsola honetan PS2 eta PS1-eko bideojokuekin aritzea. Diseinuan aldaketa dezente egon direla ezin da ukatu.

Azkenik, Nintendo etxeak GameCube-ren ordezkoa diseinatzen hasita egon arren, badirudi produktua ez dela dendetara helduko datorren urteko ekainararte gutxienez. Bere ezaugarriak ez dira oraindik ezagunak baina badirudi GameCube-a baina bizpahiru aldiz potenteagoa izango dela.

Nor irtengo da lehia honetan irabazle?. Zein da zuri iritziz hiruen artean bideokontsolarik konpletoena?. Zure iritziaren zain gaude.

10 urte bateriak kargatu gabe?

Barrapunton irakurri dudanez, Rochester Unibertsitatean bateria berri batzuen inguruko ikerketa ari dira egiten, Tritioz eginiko bateriak dira eta egun erabiltzen diren Ion-Litioz eginikoak ordezkatzera datoz. Dirudienez, Tritiok erradiazio baxuko partikulak isurtzen dituenez, PDA bezalako aparatuetan kapsula daitezke. Honekin, baterien iraupena 10-12 urtekoa litzateke (horrekin ziur ahaztuko zaigula bateriak kargatzen jartzea).
Diotenez, bateria honen funtzionamenduak eta eguzki-panel fotoboltaikoenak antza handia dute.

Kalitatea eta Hezkuntza (III)

Aurreko artikuluan esan genuen erakundeak ongi definitu behar dituela berarentzat giltzarri diren eremuak eta horietan lanean hasi. Hezkuntzaren munduan, guretzat, administrazio eta pedagogia arloak dira garrantzitsuenak. Gaurkoan, lehenengo arlo horretan jarriko dugu gure arreta.
Zer da Erabateko Kalitatea – Bikaintasuna? Gauza asko esan daiteke baina, laburtzearren, definizio motz honekin ahaleginduko naiz erantzuten: Interes talde guztien (ikasleak, gurasoak, irakasleak, aliatuak, hornitzaileak eta gizartea lirateke hezkuntzan) asetze mailarik altuena lortzea helburutzat duen gestio estrategia da. Hori garbi izanez gero, helburu hori lortzeko bidea hastea besterik ez zaigu faltako. Beraz, has gaitezen!!!
Erakunde batek, bikaintasunaren bidea egin nahi badu, aldaketarako jarrera baikorra erakutsi behar du, ez nolanahikoa gainera. Era askotako aldaketak iritsiko dira: antolatzeko formula berriak, pertsonak kudeatzeko estrategia desberdinak, lana antolatzeko eta banatzeko irizpide berriak, erantzukizuna banatzearen aldeko jarrera, baliabideak kudeatzeko sistema berritzaileak… Aldaketa hauek guztiak aurrera eraman behar izatea erronka handia da edozein erakundearentzat, are gehiago irabazi asmorik gabeko erakunde batentzat. Ohikoa da, irabazi asmorik gabeko erakundeetan, zalantzan jartzea aldaketa horien beharra. Aldaketa guztiek dakarten mesfidantza agerian gelditzen da, horregatik ezinbestekoa da aldaketaren aldeko jarrera sustatzeko komunikazio eraginkorra burutzea partaide guztiek informazio aberatsa izan dezaten. Lehenengo fase honetan, teknologia berrien laguntza arrakastaren giltza izan daiteke. Horretarako, besteak beste, intranet eta extranet egokiak, web orrialde bat, Wi-Fi sarea inplementatuta , e-posta zerbitzaria eta webaren bidezko posta langile guztien esku izateak… komunikazioa erraztuko digu.
Hori lehen urratsa besterik ez da. Horren atzetik prozesuak sistematizatzeko eta kudeatzeko garaia helduko da eta hori ongi burutzeko tresna ugari dugu merkatuan baina propaganda dohain ez diet egingo. Horregatik, software libreko web hau proposatzen dizuet. Bertan, fluxu diagramak egiteko tresnak , proiektuak planifikatzeko tresnak eta ofimatikako programa ugari aurkituko duzue. Zalantzarik gabe, lan hori (prozesu guztiak sistematizatu bitartean) neketsuena izango da baina imaginatzen al duzue lan hori teknologia berrien laguntzarik gabe? Teknofoboek ere, lan honetan, ederki asko eskertzen dute “tramankulu” hauen laguntza.
Honekin batera, erakundearen antolakuntza aldatzen joango da eta egitura bertikal batetik horizontzal eta malgu baterantz urratsak emango ditu. Ardurak eta erantzukizunak banatuko dira eta horretarako teknologiek ezer gutxi egin dezakete. Hori bai, langileei eskaintzen zaizkien baliabideen araberekoa izango da hauen erantzuna ardurak hartzeko garaian. Baliabideak aipatzean ez dugu teknologia adierazi nahi soilik, oso bestelako baliabideez ere hitz egiten ari gara: ordutegi malgua, lan baldintzak eta giro atsegina, errekonozimendua…
Bestalde, egitura malgu horrek areagotu egiten du planifikazio, koordinazio eta jarraipen zehatz baten beharra. Lan hori eragingarria eta eraginkorra izan dadin, behar-beharrezkoak ditugu arestian aipaturiko tresna informatikoak eta beste batzuk, hala nola: Skype eta GnomeMeeting, azken bi hauek oso baliagarriak dira ikastetxeak eraikin desberdinak dituenean, bilera birtualak egitea ahalbideratzen dutelako, Ofimatikako programak ere behar-beharrezkoak izango ditugu gure dokumentuak idazteko, datu baseak egiteko, kalkulu orriak prestatzeko… Azkenik, lana antolatzeko modu berritzaile bat eskaintzen duen tresna aipatu nahiko nuke; erregistratzeko aukera ematen duen web orria, hots, erabiltzailearen izena eta pasahitza sartuz gero, intranetaren sartzeko aukera ematen duena. Tresna honek, etxetik bertatik lana egiteko aukera eskaintzen duenez, lanaldiaren berrantolaketaren ateak zabalik uzten ditu (telelana).
Ez naiz gehiago luzatuko eta administrazio-antolaketaren eremua alde batera utziz, hurrengo artikuluetan ahaleginduko naiz Ikaskuntza-Irakaskuntza prozesuetan Teknologia Berriak-Bikaintasuna-Berrikuntza trinomioak dituen ahalmenak eta garrantzia azaltzen. Hurrengora arte.