Blog hau irakurtzen duzuenok jakingo duzue Google Docs aplikazioaren jarraitzaile sutsuak garela. Beti aipatu dugu webean aurki daitekeen ofimatikako aplikaziorik potenteenetakoa dela. Aurrekoa egia bada ere, ezin dugu ukatu Zoho etxeak ere gauzak ondo egiten ari dela. Aspalditik darama aplikazio interesgarriak garatzen, hauetako askok gainera, Google-ek eskaintzen dituen zerbitzuen gainetik agertzen dira. Gaur jakin dugunez Zoho Writer-i Google Docs-etik dokumentuak inportatzeko aukera gehitu diote. Honetaz gain LaTex-ean oinarritutako ekuazio editore dotorea ere gehitu diote. Ekuazioak zuzenean kodea erabiliz edota, Microsoft Word-en modura, botoiak erabiliz txerta daitezke. Zoho Writer-ek automatikoki sortuko du dagokien ekuazioaren irudia. Nahi izanez gero ere, LaTex fitxategia gure ekipora esportatzeko aukera ematen du.
Asko gara irakaskuntzan formula matematikoak erabiltzen dugunok. Gehienok Microsoft Word-ek duen editorera ohitu gara; badakit ez dela aukera egokiena ezta potenteena ere baina ezin da ukatu erabiltzailearentzat erabilerrazena dela. Word-en aukera alde batera utzi eta OpenOffice-en aldeko apustua egin nahi dugunok, atal honetan arazo handia daukagu. Ez ditut erraz konbentzituko nire ikastolako irakasleak OpenOffice-era salto egitea ez baldin badago ekuazio matematikoak txertatzeko tresna sinpleagorik. Ba al daki norbaitek ze asmo dauden OOo komunitatean honen inguruan 3.0 bertsorako? Ba al dago beste aukerarik ekuazio matematikoak modu sinplean txertatzeko OOon?