Azkenaldi honetan, powerpoint motako aurkezpenak online egiteko baliabide ahaltsu baten bila nabil. Ikasturtean zehar, nire gaian (euskaran) pisu handia izan dute mota hauetako aurkezpenek (XX. mendeko literatura, euskalkiak…lantzeko) baina hainbat akats ikusten dizkiot usu eta maiz erabiltzen dugun Microsoft-eko aukera honi. Okerrenena, dena den, taldean lan egiterakoan da. Gelan landutakoa bukatu nahi izanez gero, beti edo taldekide bakar batek eraman behar izaten du etxera han amaitzeko edo beste nonbaiten elkartu behar izaten dute ikasleek, honek dakartzan zailtasun eta oztopo guztiekin (batek partikularrak, besteak entrenamendua…) Horretaz gain, badu beste eragozpen garrantsitsu bat: eskuragarritasuna. Euren buruei korreoz bidali ohi izan dizkiete askotan lanak klaseak amaitutakoan (denbora galtze nabarmena) edo pendrive bat erosi (ikastolako ordenagailuek ez dute jada disketerarik). Egia da, bestalde, oraindik ez dudala aurkitu sarean tresna honek hainbateko aukera ematen duenik (txantiloiak, transizioak, soinuak, irudiak, estekak…)
Bada, esan bezala, hurrengo urtera begira, mota honetako lanketa aurrera eramateko online aurkezpen-sortzaile on baten bila nabil. Duela hilabete batzuk,Thumbstacks aurkitu nuen baina alfa fasean egoteaz gain, ez zuen aukera gehiegirik eskaintzen. Ez nuen tresna egokitzat jo eta, gaur arte, ez naiz berriz hara sartu. Banuen hilabete hauetan hobetuko zutelako esperantza txiki bat baina sartu bezain laster, oraindik alfa fasean jarraitzen duela iragartzen dute. Beraz, oraindik honekin ezer ez.
Aurrekoan, ñblogen beste bat topatu nuen: Zoho Show. Probatu eta nahiko ondo dagoela konturatu nintzen. Ohiko web 2.0 aplikazioen ezaugarriez gain (edonondik eskuratzeko aukera aplikazioa jaitsi eta instalatu gabe), baditu interesgarriak oso diren beste hainbat:
- Firefox 1.0 edo IE 6.0 edo Mozilla nabigatzaileentzat
- WYSIWYG editorea
- Flickr-ekin uztartua (oso interesgarria)
- Aurkezpenak inportatzeko aukera: MS PowerPoint(ppt) edo OpenOffice(sxi) artxiboak. (1MB. gehienera)
- Korreoz gonbidapenak luzatu: ikasleak, lankideak, taldekideak, bezeroak…
Aurkezpen sinpleak egiteko, beraz, tresna egokia da. Halere, oraindik gehitu beharko dizkiote hainbat ezaugarri aurkezpen landuagoak egin ahal izateko (ez dut inondik topatu estekak sartzeko aukera, adibidez). Bestalde, nahiz eta horretarako prestatuta ez egon, elkarlanerako tresna bihur dezakegula iruditzen zait. Taldekide bakar batek alta eman dezake zerbitzuan (talde horretarako pentsatutako izen eta pasahitz batez) eta gero bakoitzak bere etxetik ireki gunea eta proiektuan lan egin.
Nik, uda honetan, antzeko tresnen bila jarraituko dut ea hurrengo ikasturtea heldu aurretik zerbait interesgarria lortzen dudan. Norbaitek beste baten berri badu, ongi etorria izango da. Bitartean, prestatu dudan adibidea ikusi nahi baduzue, hementxe klikatu.