Zabaldu.com gure jarioan

Aspaldi erabaki genuen gure blogaren jarioa Feedburnerren bitartez zabaltzea. Feedburnerrek eskaintzen dituen abantailen artean hiru dira, batez ere, garrantzitzuak gure ikuspegitik:

  • Alde batetik, Feedburnerrek gure jarioa “jantzi” polit batekin zabaltzen du sarean zehar, izan ere, XML artxiboen itxura “itsusia” alde batera utzi eta RSS fitxategia formateatu egiten du. Hasi ginenean aukera hau oso arrunta ez zen arren, gaur egun jada, asko dira jarioari formatua ematen dioten zerbitzuak. Firefoxek berak, adibidez, laster kaleratuko den 2.0 bertsio berrian, aukera hau aurkeztuko du berrikuntza nagusien artean
  • Gainera, gure jarioen jarraipena egiteko estatistika oso interesgarriak eskaintzen dizkigu. Jario zaharrarekin, IKTeroetara harpidetutakoan jarraipena egiteko Bloglinesen begiratzea besterik ez zegoen: jario honekin harpidetuta dauden guztien agregatzaileak zeintzuk diren jakin dezakegu. Edota eguneko zenbat jario jaso diren harpidetutakoen artean.
  • Baina nire iritziz, abantailarik handiena zera da: jarioen bukaeran gehitzen den etiketa zerrenda. Etiketa hauen bitartez, jarioari halako interaktibitatea gehitzen zaio: jariotik, bertatik, aukera dago jario bera posta elektronikoz edonori bidaltzea, bidalketa del.icio.usen gordetzea, Technoratin dituen aipamen kopurua ikustea, bidalketaren iruzkinetara zuzenean salto egitea…

FeedFlare izeneko etiketa hauek hasiera batean kopuru jakin batetara mugatuta zeuden arren, gaur egun edonork sortu ditzake berriak eta, ondoren, bere jariora gehitu. Horretarako nahikoa da XML fitxategi sinple batzuk sortu eta webgune batean kokatu, fitxategiari helbide jakin bat emanez. Sortu diren etiketa berri hauen artean, badago bat bidalketa Meneamera zuzenean gehitzeko balio duena. Kontutan izanik Zabalduren azpian dagoen kodea Meneamerenaren berdina dela, azken honetatik abiatuz, bidalketak Zabaldura igotzeko etiketa sortzea otu zait.

Eta horrelaxe egin dut. Beraz, une honetatik aurrera IKTeroen jarioak bidalketa zabaldu.comera zuzenean bidaltzeko aukera eskainiko du.

Feedburnerrekoekin harremanetan jarri naiz Zabaldu.comeko FeedFlarea euren zerrendan ipintzeko. Bitartean, zuetako norbaitek erabili nahi badu, nahikoa du zabaldu.xml fitxategi honen helbidea kopiatzea eta Feedburnerren duen kontuan itsastea. Hori besterik ez da egin behar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.