Egungo web berri honetan, etengabe zerbitzu berriak ateratzen ari dira era guztietako zerbitzuak eskaintzeko. Guri, bereziki, irakaskuntzarako baliagarritasuna izan dezaketenak interesatzen zaizkigu. Horregatik, gaur horietako bat aurkeztu nahi dizuegu: Xtimeline
Zerbitzuaren izenak garbi adierazten duen moduan, denbora-lerroak sortzeko eta partekatzeko gune oso interesgarria dugu hau. Slideshare-n aurkezpenak edo Scribd-en dokumentuak gorde eta partekatzen diren moduan, hemen gauza bera egin dezakegu denbora-lerroekin.
Duela urtebete baino gehiago hemen bertan denbora-lerroak sortzeko aplikazio baten berri eman genizuen. Oraingo honetan, aurkezten dizuegun aplikazioaren erabilera antzekoa izan arren, eskaintzen dituen aukera gehigarriek oso erakargarria bihurtzen dute:
- Denbora-lerroak etiketatu daitezke eta, horren ondorioz, bilaketa eraginkorrak egin daitezke
- Besteek eginiko denbora-lerroak eskura daitezke
- Zure gunean sar daitezke horretarako ematen duten kodea erabiliz
- Era guztietako baliabide multimedia sar daitezke: bideoak, argazkiak, audioak..
- Beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera eskaintzen du
- Iruzkinak egin daitezke
- …
Horren adibide bat hemen jartzeko, nire denbora-lerro bat sortu dut, baina oraindik ulertzen ez dudan arrazoi batengatik script arazoa ematen dit eta ezin da bistaratu. Jolausi komentatu eta berari gauza bera gertatzen zitzaiola egiaztatu zidan. Zuei gauza bera gertatzen ote zaizuen jakin nahiko genuke. Agian guk zer edo zer gaizki egiten dugu eta horregatik ematen digu akats hori.
Azkenean, nirea erakusteko aukera ez dudanez, azpiko hori sartzea erabaki dut. Denbora-lerro horretan bideo-jokoen historia ikus dezakegu.