Aspaldi honetan, hemen eta hemen esan nuen bezala, webgune elebidun bat sortzeko ahaleginetan nabil.
Oraindik ez dut soluziorik topatu, baina jarraituko dut irtenbidea topatzen. Gutxienez, esperientzia oso baliagarria izaten ari da WordPress hobeto ezagutzeko. Opor hauetan hamaika aldiz instalatu, desinstalatu, pluginak igo, ezabatu, datu baseak sortu, eraldatu, ezabatu… egin dudala esatean, ez dizuet gezurrik esaten. Dagoeneko, eginkizun horretan “aditu” bihurtuta nauzue.
Mezu honetan esan nizuen bezala, WordPress 2.5 bertsioa berriki kaleratu dute eta sortuta nituen datu base horietako batean, instalatu nuen inongo arazorik gabe. Bertsio zaharragoak beste datu baseetan instalatuta nituen eta eguneraketa frogatu nahi nuen, “a pelo”. WordPress-eko gunean agertzen diren pausuak jarraituz, ongi burutu nuen eguneraketa hori.
Bada, gaur bertan, beste datu base bateko bertsio zaharra eguneratu dut beste sistema bat erabiliz: WordPress Automatic Upgrade izeneko pluginaren bitartez. Esperientzia oso ona izan da eta dena bikain joan da. Minutu gutxitan azken bertsioa instalatuta eta dena martxan nuen berriro.
Plugin honek dena egiten digu, baina aurretik jaitsi eta instalatu beharko dugu. Plugina instalatzeko ohiko bidea jarraituko dugu: fitxategia deskonprimitu, /wp-content/plugins/ direktiora igo eta gure admin gunetik plugina gaitu. Behin hori egin eta gero, “Kudeatu” eremuan, plugin hau lanean jartzeko “Automatic Upgrade” izeneko botoia ikusiko dugu. Hortxe klikatu eta ingelesez idatzitako testua agertuko zaigu esteka pare batekin, bata eguneraketa pausoz-pauso eta bestea automatikoki burutzeko. Nik pausoz-pausoko aukera hartu dut (beti hori gomendatzen dutelako) eta hauxe da plugin zoragarri honek egin didana:
- Gunearen backup egin eta fitxategia deskargatzeko aukera eman dit.
- Hurrengo pausoa emateko esan eta datu basearen backup egin eta berriro jaisteko aukera eman dit.
- Jarraian, WordPress-etik azken bertsioa jaitsi, deskonprimitu eta igo egin dit (ziztu bizian, gainera)
- Hurrengo “task”era pasatzeko esan eta plugin guztiak ezgaitu ditu
- Jarraitzeko esan eta webgunea mantentze moduan jarri du (txartelak berak eskegi du)
- Fitxategi zaharrak eguneraketarekin ezabatu ditu
- Gure datu baseak eta gure guneak behar dituzten eguneraketa jarduera guztiak burutzen ditu
- Azkenik, plugin guztiak eta gunea gaitzen ditu
- Gunea eta datu basea eguneratuta dauzkagu eta dena martxan guk ezer egin gabe. Umetxo batek egiteko modukoa, benetan.
Nik plugin hau udan ezagutu nuen Plugin Lehiaketan hirugarren postua lortu zuenean, baina orduan frogatu nuenean, automatikoki egiten saiatu nintzen eta arazoak eman zizkidan. Egun hauetan, WordPress-eko milaka gune eguneratzen arituko dira eta, dagoeneko, hasita daude arazoak agertzen, kezkak eta, nola ez, gisa honetako soluzioak.
WordPress erabiltzen baduzue, biziki aholkatzen dizuet. Frogatuz gero, ez zarete damutuko.