Berandu bada ere, ez dut hain interesgarria iruditzen zaidan lehiaketa honen berri emateko aukera galdu nahi. Interesgarria diot, euskal wikipedia zabaltzen laguntzeaz gain, sarean hain urriak diren euskarazko zientzia edukiak loditzen ere mesedea egingo duelako. Sariketa hau 2007ko Zientzia Astearen edizioaren barruan antolatu da (ikus arauak) eta, aipatu dugun bezala, helburu nagusia Wikipedia euskaldunentzat zientzia-edukiak sortzea da. Deialdia DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasle zein Unibertsitateko ikasle eta publiko orokorrari zuzendua dago. Izena emateko epea urriaren 15ean zabaldu zen eta dagoeneko parte-hartzaile ugarik dihardu lanean (ikus zerrenda osoa).
Ekarpenak aurkezteko epea 2007ko azaroaren 4an, 24:00etan, amaituko da. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek adierazi duten moduan, Wikipediaren barneko funtzionamendua kontuan harturik eta azken orduko arazoak saihesteko asmoz, ekarpenak hilabetean zehar egitea gomendatzen da.
Sari banaketa 2007ko azaroaren 7an egingo da, Wikipediaren sortzailea den Jimmy Wales ekitaldiaren buru izango dela. Dena den, azken berriak jakiteko, onena Zientzia Astea 2007 bloga bisitatzea duzue. Amaitzeko, parte hartzeko gonbidapena luzatzearekin batera, animatze aldera, sarien zerrenda uzten dizuet:
10 ordenagailu eramangarri
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat
- 1 unibertsitateko ikasleentzat
- 1 publiko orokorrentzat
8 kanoi digital ikastetxeetarako (lehenengo 4 kategorietan bakarrik)
- 2 DBHko ikaslentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketako ikasleentzat
- 2 DBHko irakasleentzat
- 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat