Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Unibertsitatea.net atariaren zerbitzu berriak aurkeztu ditu gaur Donostian. Atari honen helburua komunitate unibertsitario euskaldunarentzat erreferentziala izango den gunea sortzea da. Bertan irakasleek, ikasleek, ikertzaileek, gurasoek eta abarrek hainbat zerbitzu topatuko dituzte: ikasketa bilatzailea, ikerketarako tresnak, apunte eta materialen txokoa, albisteak, blogak,… Gaur, goizeko 11:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu dira egitasmo berriak, ikasketa unibertsitarioei buruzko orientazio akademikoa eta ikasleei zuzendutako atala. Aurkezpenean parte hartzeko aukera izan dugunez, hona ekarri ditugu bertan hitz egindakoak.
Ekitaldian sartu aurretik, egin dezagun denboran atzera pixka bat. Duela urtebete edo, UEUkoak gurekin harremanetan jarri ziren Batxilergoko ikasleen orientazio mailako beharrak jakin nahian eta hortik hasita gaur arte harremana etengabea izan da beraiekin. Gauzak horrela, duela aste batzuk Iparrorratza zerbitzuaren berri eman eta ikasleekin baldintza errealetan probatzea eskaini ziguten. Eskatu eta egin, Jakintza Ikastolako DBHO 2ko ikasleak, euskaljakintzako kideak, buru-belarri probaketan sartu ginen eta gaur goizeko prentsaurrekoan gure esperientzia eta balorazioa azaltzeko aukera izan dugu.
UEUko zuzendaria den Lore Erriondo izan da hitza hartzen lehena: “Atari hau aurkeztean aipatu nuen bezala, asko gara komunitate unibertsitarioa osatzen dugunak: ikertzaileak, ikasleak, irakasleak, gurasoak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, laguntzaileak,…; baina askotan sakabanatuta egoten gara. Honegatik, aterpe asmo horrekin sortu genuen atari hau, elkargune, hartu-emanetarako, zalantzak argitzeko, nor garen jakiteko, egiten dugunaren berri izateko, trukerako, ikasteko, kalakan jarduteko, duda-mudan gabiltzanean iparrorratzarena egiteko, irakasteko, asmo berriak partitzeko, planak egiteko, lanean jarduteko, iritzi-trukean, sorkuntzan…
Konturatuko zineten bezala, batez ere ikasleei zuzendutako atalak estreinatzen ditugu oraingo honetan. Beraiek dira unibertsitateko protagonista nagusienetakoak, baina askotan beren beharrizanak albo batera geratzen dira. Guretzat komunitate unibertsitarioaren ezinbesteko protagonista dira eta horregatik, atal berri hauek beraientzat diseinatu ditugu neurri handian, ikasleen izaera bizia, iraultzailea, inkonformista, haize berritzailea eta barrabasa garatzeko tresna egokia eman nahi baitiegu.
Urte bete baino zerbait gehiago pasa da Unibertsitatea.net martxan jarri genuenetik. Tarte honetan komunitate unibertsitarioaren harrera beroak erakutsi digu proiektu honetan jarri genuen ilusioak eta egindako apustuak merezi izan duela. Gaur aurkezten dizkizuegun zerbitzuak gehituta, gainera, zalantzarik ez daukat atari honen erabilera biderkatuko dela, alorreko erreferentzia garrantzitsua bilakatu arte”.
Ondoren, Zuriñe Etxanobek, Unibertsitatea.net atariko arduradunak modulu berriak aurkeztu ditu. “Urtebete inguru da ataria martxan jarri genuenetik eta atariaren oinarri sendo diren hiru atal ditugu martxan:
- Ziztu bizian gaurkotasunarekin lotura zuzena duen atala (blogak, berriak…)
- Zer, non ikasi Euskal Herriko titulazioen gaineko informazioa eskaintzen duen atala.
- Otarrea dokumentuak, apunteak… partekatzeko gunea.
Orain, hiru atal berri aurkezten ditugu:
IPARRORRATZA ORIENTAZIO-ZERBITZUA: Iparrorratza unibertsitateko ikasketen gaineko zalantzak bideratzeko gunea da. Unibertsitatera sartzear dauden, unibertsitatean dauden eta unibertsitatea bukatzear dauden ikasleei dago bereziki zuzendua. Bere alorrean bakarra da Iparrorratza: euskaraz, doakoa, online, pertsonalizatua… eta erantzuna ematerakoan inpartziala. Hori dela eta, ziur gaude izugarrizko arrakasta izango duela zerbitzu honek. Erabiltzaileak Galdera egin botoian klik egin eta modu errazean bideratu dezake bere galdera (Galdera egiteko aholkuak atala bisitatzea lagungarria izan daiteke galdera formulatzerako orduan). Unibertsitatea.net atariko orientazio-taldeak ahalik eta azkarren emango dio erantzuna galderari eta galdetzaileak helbide elektronikoan jasoko du erantzuna. Galdera publikoa denean argitaratu egingo da. Bestalde, eginda dauden galdera-erantzunetan ere informazio baliagarria aurkitu dezake erabiltzaileak hitz bidezko bilaketa eginez edo galdera ohikoenen FAQ atalean kontsulta eginez.
IKASLEEN TXOKOA: Ikaslearen izaerari lotuta doaz egoitza bilatzearen beharra, bigarren eskuko gauzak saltzeko eta erosteko beharra, aldizkako lanak bilatzeko beharra eta alde ludikoarekin lotutakoak ere. Beharrizan horiei guztiei erantzuteko ikasleak atariaren iragarki oholora jotzeko aukera izango du eta baita beste ikasleekin foroetan komunikatzekoa ere. Iragarki oholean sailkatuta daude iragarkiak: Bidaia, Etxea, Kotxea, Lana, Salerosi eta Praktikak. Batetik, erabiltzaileak iragarkiak kontsultatzeko eta iragarki egilearekin kontaktuan jartzeko aukera du. Bestetik, Iragarki gehitu botoian klik egin eta modu errazean gehitu dezake momentuan iragarkia. Foroekin, berriz, ikasleen arteko komunikazioa bultzatzea da asmoa.
ERREMINTA-KUTXA (Otarrearen azpiatala): Atal honetan, Interneten aurki daitezkeen euskaraz ikasteko eta ikertzeko baliabideak antolatu eta sailkatuta erakutsiko dira. Euskarazko baliabideei lehentasuna emango zaie, (esate baterako, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basearen tankerakoei), baina beste hizkuntza batzuetako eduki eta baliabide nagusietarako sarbidea eskainiko da.
UEUko ordezkariek atal berrien erabilgarritasun erreala ikusi nahi izan dute publikora ekarri aurretik, eta hori dela eta, lehen aipatu dudan legez, gurekin frogatu dute Iparrorratza zerbitzua. Nik atari hau ikasleentzat orokorrean eta ertainetakoentzat bereziki izan daitekeen laguntza azpimarratu dut. Hauexek izan dira nire hitzak (gutxi gorabehera): “Unibertsitatea.net atariaren aurkezpen egunean adierazi genuen bezala, unibertsitate eta ikastetxeen arteko uztarketa eta sintonia ezinbestekoak dira. Gure harremanak zuzen-zuzenekoa izan behar luke esparru guztietan, besteak beste, guztion helburua delako ziurtatzea gure ikasleek kalitatezko hezkuntza integrala jasotzen dutela euren ikasle ibilbidearen bidezidor guztietan. Unibertsitate eta ikastetxeak bide beretik goaz, nahiz eta ibilaldiaren fase ezberdinetan egon. Zoritxarrez, urte askotan paraleloan ibili izan gara, ukitu txikiena izatera ere heldu gabe.
Hori dela eta, oso pozgarria izan zen UEUkoak orientazio arloan izan genitzakeen beharrak detektatu nahian eta iradokizun eske ikastolara etorri zitzaizkigunean. Baina oraindik gehiago poztu gintuen Iparrorratza egitasmoa martxan jartzear zeudela jakiteak; izan ere, zerbitzu berri hau gure beharrak asetzera dator neurri handi batean.
Iparrorratza zerbitzua Batxilergo 2ko ikasleekin baldintza errealetan probatzeko aukera izan dugu Jakintza Ikastolan. Ikasleek oso gustura hartu dute egitasmoa abian jartzea eta, zerbitzu berria probatu ondoren, ondorengoak dira azpimarratu nahi ditugun alderdiak:
- Beharrezkoa ikusten dugu mota honetako zerbitzu bat. Gaur egun, arazoa ez da informazio eza, kontrakoa baizik. Udaberrian loreak bezala, sortzen dira sarean zehar edozer kontsultatzeko orientaziorako guneak; dena den, ikasleek klik batetik bestera ibili behar izaten dute, askotan noraezean. Iparrorratza zerbitzuak asko errazten du prozesu osoa; izan ere, gune bakar batera joz, behar duzun informazioa eskura baitezakezu.
- Teknikoki aplikazioa oso erabilerraza da. Erabiltzaile arrunt batek, ordenagailu kontuetan ezagutza berezirik izan gabe, modu erraz eta erosoan egin dezake galdera. Gunean sartu, galdera egin sakatu, idatzi kezka, zure izena, helbide elektronikoa eta galdera bidali. Hori da egin beharreko guztia. Galdetutakoa publikoa ala pribatua izateko aukera ere ematen da. Nolanahi ere, oro har irakasleok ikasleei galdera publikoak egitea aholkatu beharko genieke, denok denongandik ikasi ahal izateko. Azken batean, ikasle askok zalantza berdintsuak izan ohi dituzte eta ikastetxe ezberdinetako orientatzaile eta tutoreak galdera berdinei etengabe erantzuten ibiltzea baino askoz ere egokiagoa da gune bakar batean zalantza horiek guztiak biltzea, edozein unetan edonork kontsultatu ahal izateko.
- Ordenagailuaren atzean “pertsonak” egotea oso garrantzitsua da eta baita pertsona horiek “interes berezirik” gabekoak izatea ere. Jaso ditugun erantzunak erabat pertsonalizatuak dira (“Kaixo, Amaia”…) eta harreman zuzena nahiz elkarrizketa ahalbidetzen dute. Bestalde, eskaintzen den informazioa erabat neutrala da. Unibertsitate ezberdinak gure ikastetxeetara etortzen direnean, logikoa den bezala, euren eskaintza azaltzera mugatzen dira. Beraz, informazio orokor eta neutrala jasotzeko plataforma egokia izan daiteke hau.
- Edonor, edonoiz, edonon erabil daiteke. Edozein pertsonak egin dezake galdera edozein unetan eta edozein lekutatik. Horrek ere, informazio bilketa izugarri arintzeaz gain, jende gehiago (ikasleak, gurasoak, irakasleak…) parte hartzera animatzen du.
Ez dago zalantzarik guraso eta irakasleoi ere ederki etorriko zaigula. Alde batetik, gurasoek zerbitzua erabiltzen badute, zuzenean lagun diezaieketelako euren seme-alabei etorkizunari buruzko erabaki egokia hartzeko orduan. Bestetik, irakasleoi ere bide berriak irekiko dizkigu informazioa lortzeko garaian; izan ere, adin horretako ikasleekin gabiltzanok garbi daukagu, noizbehinka, nekez erantzun ditzakegun zalantzak sortzen direla.
Jaio berria den Iparrorratza zerbitzuak arestian aipatutako aukera hauek guztiak ematen ditu. Modu eraginkorrean kudeatzen bada eta harrera ona badu, potentzialtasun handiko tresna izan daitekeela garbi dago. Hori dela eta, Jakintza Ikastolaren izenean eskerrak eman nahi dizkiot UEUri egitasmo garrantzitsu honen ernatze eta jaiotzan parte hartzeko aukera eskaintzeagatik eta, bide batez, buruan dituzten ideia berriak gauzatzera animatu. Kalitatezko hezkuntza lortuko badugu, denok denongandik ikastea eta guztion kezka eta beharren berri izatea ezinbestekoa da. Horregatik, nire uste apalean, orientazioan ematen ari zareten aurrera pauso hau hezkuntzaren beste esparruetara eramateko gai izan beharko genuke.”
Amaitzeko, zorterik onena opa dizuegu ibilbide berri honetan, zuen arrakasta denona izango baita!