Gaur gure ikastolan egun berezi horietako bat bizi izan dugu. Izan ere, Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua, azaroan lortu genuen Urrezko Qa ikastolako langile guztioi banatzera etorri da.
Ikastolako gela batzuk bisitatu eta ikasleekin solasean aritu ondoren, ikastolako areto nagusian, aurkezle famatua eta ikastolako gurasoa den Izaro Iraetak ekitaldiari hasiera eman dio.
Mahaian, sailburuarekin batera, Xabier Alkorta, Euskaliteko Lehendakaria eta Mari Cruz Largo, Ikastolako Zuzendari Administraria, eseri dira. Entzuleen artean, Ordiziako Alkatesa, Gipuzkoako Lurraldeko Hezkuntza Ordezkaria, PATeko Zuzendaria, Partaideko arduradunak, Ikastolen Elkarteko Zuzendaritzako kide ugari, Ikuskaritzako ordezkariak, eta abar luze bat. Azpimarragarria ere bertara joandako hedabide ezberdinetako kazetari kopuru ikaragarria.
Ainhoa Mujika, DBH3ko ikaslea eta bertsolari aparta, ez da kukildu eta errebindikazio kutsua eman dio bere hasierako bertsoari. Izaro Iraetaren gidaritzapean, ekitaldiak ohiko hitzaldiekin jarraitu du eta, hauen amaieran, Urrezko Qaren diploma eta langileontzako pin-ak banatu dira.
Nola ez, amaiera emateko, gure ikastolako sukaldariak prestaturiko pintxo sorta ederra dastatzeko eta solasean aritzeko aukera paregabea izan dugu.
Baina, beti bezala, batzuk ongi pasatzen ari diren bitartean, beste batzuk sufritu behar. IKTerook ekitaldi honen ebidentzi multimedia jaso nahi genuenez, bideokamera, argazki kamera, grabagailu eta beste tramankuluekin ibili behar izan dugu dena jaso nahirik. Azkenean, hoztutako pintxoekin konformatu behar izan dugu.
Ekitaldiak gure ikastolarentzat izan duen garrantzia dela eta ahalegin teknologiko berezi bat egin nahi izan dugu. Horren fruituak ondoren ikus eta entzun ditzakezue:
Argazkiak
Bideoa
Podcast