IKTeroak bloga sortu genuenean, askok eta askok erotuta geundela esaten ziguten, eta ez zitzaien arrazoi falta. Makina bat ordu sartu eta makina bat izerdi bota ondoren, hortxe gabiltza gure erokeria plazaratzen, askotan, bat ere lotsarik gabe eta, gehienetan, ausardi punttu batekin.
Horiek guztiak beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, baina, era berean, esfortzu edo erokeri horren atzetik beste zertxobait ere beharrezkoa da. Boluntarismoa ongi dago, baina ez da nahikoa.
Gure kasuan, bi motore izan ditugu hau guztia aurrera ateratzeko:
- “Ero” bat proiektua lideratzeko. Hori, zalantzarik gabe, Jolaus izan da.
- Jakintza Ikastolako zuzendaritza taldea, hasieratik gure proiektua babestu eta indartu duena, erabateko konfiantza eskaini digularik.
Hala ere, ez dira izan gure lanaren akuilu bakarrak. Ikastolako irakasleria, ikasleak, gurasoak…, hots, Jakintza Ikastolako Komunitateak eskaintzen digun harrerarekin indarra ateratzen dugu honekin jarraitu eta bizipen berrietan murgiltzen hasteko.
Baten batek esango du seko erotuta nagoela edota aurreko asteazkeneko ajea ez zaidala oraindik pasatu, baina ez. Gaur oso pozik nago (ez da Baldorba ardoa edan dudalako), ezta bizirik gelditzen zitzaidan azken neurona bereak egin duelako ere.
Gaur, IKTero batek, Euskalitek antolaturiko Praktika Onen 3. Elkartrukea saioan, Praktika Onenaren Saria irabazi baitu. Gainera, irabazlea gure “guru” izan da: Jolaus. Eta aurkeztu duen praktika, nola ez, blog honetan azaldu zuen artikulu hauetan: bat eta bi. Ez, Jolaus ez da bere ezagutza ezkutatzen eta bere apalean gordetzen duen horietako bat, hori ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik. Guztiokin partekatzen du eta, hori gutxi balitz, besteok zirikatzen gaitu gauza bera egin dezagun. Bere ondoan gabiltzanok ederki asko dakigu zenbat ordu eskaini behar izan dio proiektu “txiki” horri eta zenbat buruhauste ekarri dizkio. Hala ere, berehala ekin zion idazteari eta bere lan guztia gure eskura jarri zigun. Bai adibide zintzoa ematen diguzuna!!!
Eta harro nago, bai. Harro nire ondoan jolaus bezalako lankideak izateaz gain, Sei dudalako. Iaz, bere proiektuarekin bigarren praktika onenaren saria jaso zuen eta zer esango dizuet bere lanari buruz zuek ez dakizuena. Honek ere hamaika bider azaldu digu zenbaterainoko kemena eta adorea duen edozein lanari aurre egiteko eta guztiokin partekatzeko. Adibiderik garbiena Moodle plataforma erabiliz, sorturiko EGA ikastaroa
Baina harro eta pozik sentitzeko arrazoi bakarra ez da nire lankide fin hauen jarrera edota lana, badaukat beste arrazoi sakonxeago bat; guk aldarrikatzen dugun partekatzearen kulturak, berriro ere, bere fruituak eman dituelako. Honek, lehendik konbentzituta banengoen, beste urrats bat eramatera narama konbentzimendu horren haritik: konpromiso irmo bat hartzen dut Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren “mitxelinak” eta “armiarma sareak” kentzen saiatzeko. Ez nago prest beti kexu azaltzeko, akziora pasako naiz. Euskal Hezkuntza Sistemako eragile guztiek, hala sare publikakoek nola ikastolakoek nahiz gainontzeko kontzertatuek pauso sendoak eman beharko dituzte, behingoagatik, EUSKAL HEZKUNTZAREN SAREA osatzeko. Hori egin ezean, ez dut atsedenik hartuko hori salatzeko eta dagozkion foro eta esparruetan agerian uzteko.
Bada garaia Euskal Herrian gauzak eraikitzen hasteko eta ez errezeloz begiratzen jarraitzeko. Jendea oraindik ez al da jabetzen partekatzearen abantailaz?, ez da ohartzen beste biderik ez dagoela?, ez al daki horrek guztiok aberasten gaituela?, irakasleek ez al dakite euren “apunte” dotore horiek beste batzuentzat ere baliagarriak izan daitezkeela?, edo ez al dakite “apunte” horiek osatzeko besteek eginiko lanetan oinarritu zirela?… Eta horrela jarrai nezakeen arren, ez dizuet, gaurkoz, honekin nekatu nahi. Baina, lasai, konpromiso publikoa hartu dut eta zin dagizuet antzemango duzuela.
Bukatzeko, mezu pozgarri batekin amaitu nahiko nuke: Jolausek lortutako errekonozimenduarengatik sekulako poza hartu dut, bai, eta are handiagoa ikusi dudanean egokitu zaion saria: Asteburu bat bi pertsonentzat Ziekoko (Eltziegoko) hotel batean. Eta ez da nolanahiko hotela, ez, Frank Gehry-k diseinatutako hotelean: Marques de Riscal ardogileek eraikitako Ardoaren Hiria, hain zuzen ere.
Ez naiz gaiztoa izango eta ez diot eskatuko sari hau ere nirekin partekatzea, nik uste dut Loik eta Enekok hori eta gehiago irabazita dutela, bikotea eta aita ikusteko ia txanda eskatu behar izaten baitute. ZORIONAK GUZTIOI eta ongi pasatu bertan, merezita daukazue eta. Hori bai, handik etorritakoan, hango esperientzia, horrelako hotel bat sekula zapalduko ez dugunoi kontatu. Ados?
Gaurko ekitaldiaren bideo txiki-txiki bat Youtubera igo dugu eta ikusgai hortxe daukazue. Denbora hartzen dudanean, emanaldiaren bideoa jartzen ahaleginduko naiz (baina hau ezin dizuet ziurtatu).