Azken boladan, hardware munduan nagusitzen ari den joera nagusiena gailuen minimizazioarena da. Eta ez naiz soilik tablet eta smartphone-taz ari. Beste gailu askorekin ere tendentzia bera antzematen da, ordenagailuak barne (Linux munduan, batez ere).
Azpiko irudian agertzen diren objektuak ez dira txokolatinak, horrela badirudi ere. Pendrive baten neurriko ordenagailuak dira Ubuntu edo Android 4.0 bezalako sistema eragileak arazorik gabe “mugitu” dezaketenak.
Albo batean USB konexioa dute (bertatik jasotzen dute argi-indarra) eta bestean HDMI konexioa (pantailari konektatzeko). Wifi eta Bluetooth bitartez konektatzen zaizkio beste periferiko guztiak. Eta hori guztia $199ren truke.
Netbook vs tablet eztabaidan (batzuk smartphone-ak ere sartzen dituzte lehia horretan) horrelako gailuek ere bere lekua izan dezaketela iruditzen zait:
- Eramangarriagoak dira, netbook-ekin ez bezala, ikasleek euren ordenagailua etxera erraz eraman dezakete
- Ikastolak jarri beharreko azpiegitura asko sinplikatzen da: nahikoa litzateke infogeletan pantaila, sagua eta teklatua izatea
- Ubuntu instalatuta izanez gero, fitxategien kudeaketa eta hauen bateragarritasuna beste gailu guztiekin bermatuta dago
- iPad batean ez bezala, ikasleek askatasun guztia izango lukete nahi dituzten aplikazio instalatu eta desinstalatzeko
- Une honetan behintzat, prezio aldetik, aukera dezente merkeagoa da
Garbi dago, halere, pantailarik ez izatea dela duen gabeziarik nagusiena, edozein lekutan erabiltzeko duen trabarik nagusiena izanik. Halere, hainbat kasurako (nire ikasleekin antolatu dugun gelan daukagun telebistari konektatzeko, adibidez) agian aukera polita izan daiteke.
Iturria: Linux computer the size of a thumb drive now available for preorder.