Ez nintzen aspertuta bizitzeko jaio

Ikasturte berria, saltsa berria

Denbora asko pasa da txoko honetan azkenekoz idatzi nuenetik. Ikasturte amaierak beti izaten dira lanpetuak baina aurtengoa inoiz baina intentsoagoa izan da. Ikasturte bukaerak beti izan dira konplikatuak: elkarrekin bi urte pasa ondoren, ikasleei agur esan beharra, bilerak han eta hemen, lan burokratiko ugari eta, hori gutxi balitz, hurrengo ikasturtearen antolaketari forma eman behar izatea. Aurtengo uda, gainera, nahiko mugitua izan da.

Egia esan, ez dira hauek bakarrik izan bloga ez eguneratzeko egon diren traba edo arrazoiak. Utzikeria puntu bat ere izan dudala uste dut. Inoiz busti ez naizen esparruetan muturra sartu eta ikasten aritu naizen bitartean, gogo gutxi izan dut txoko honetan abentura hauen inguruan ezer kontatzeko. Noizean behin nire Google+-eko kontuan zerbait aurreratzen joan naiz, baina han ere gutxi. Ez galdetu zergatik baina hala izan da.

Kontua da, <ironic mode on> ia konturatu gabe <ironic mode off> dagoeneko ikasturte berrian burubelarri sartuta gabiltzala. Eta aurtengoa, aurreko gehienekin gertatu den bezala, berrikuntzaz beteta datorkit. Uste det aurten ere ez naizela aspertuko! 😉

Aldaketa nagusiena nire ardurapean izango ditudan ikasgaietan egongo da. Hamar urte baino gehiago Batxilergoan fisikako irakasle lanetan aritu ondoren, lekukoa beste lankide bati pasatzeko unea zela erabaki nuen maiatzan (aurretik ere dezente buelta emandako erabakia izan zen). Mototsa moztu, eta Ion, nire lankideari, eman diot alternatiba aurten. Azpeitiarra izanik, plaza zailetan toreatzen ohituta dago Ion. Batxiko “bigantxak” toreatzeko beharrezkoa den tenplea edukiko duela ziur nago. Esku onetan geratu dira Batxiko ikasleak, hortan ez dut zalantzarik.

Trukean, DBHko 1. zikloko ikasleekin teknologia lantzea proposatu zidaten. Aurreko bi urtetan proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren inguruan bildutako esperientzia praktikan jartzeko arlo egokia izan zitekeela pentsatu nuen eta, bi aldiz pentsatu gabe, luzatutako erronkari baiezkoa esan nion.

Horrela, 2013-2014 ikasturtean DBHko hiru maila desberdinetako ikasleekin arituko naiz elkarlanean:

DBH1

Lehenengo aldia da hain ikasle gazteekin lanean aritzen naizela eta, onartu beharrean nago, gelara lehenengoz sartu nintzenean inoiz bizi gabeko egoera baten aurrean sentitu nintzela. “Ohitu oteko naiz ikasle hauekin lanean aritzea?”, pentsatu nuen. Baina aste pare baten ondoren, sentsazioak oso onak dira. “DBHifikatuta” gabeko taldeak dira, etapak dituen alderdi ez hain positiboen eraginak libre oraindik. Gainera Mikelen eskutik pasatutako promozioa da eta horrek marka uzten duela garbi dago.

Bi taldekin arituko naiz, bakoitzarekin hiru orduz jarraian lan eginez. Printzipioz hiruak teknologiako alorra jorratzeko izango dira. Baina denbora tarte hori erabat erlazionatuta dauden bi alderdi desberdin lantzeko erabiliko dut: ordu pare bat erabiliko ditut egiturak eta automatismoak lantzeko (lehen urtean elektronikarik ez dut sartuko baina hurrengo ikasturterako asmoa daukat Arduinorekin zerbait egiteko) eta geratzen dena, programatzen ikasten pasako dugu. Scratch landuko dut ikasleekin. Uztailen, semearekin laguntzarekin, sekuentzia didaktikoa diseinatzen aritu gara. Izugarri gozatu dut Enekorekin materiala prestatzen; ea ikasleek nik disfrutatu dudanaren erdia gozatzeko aukera duten. Hala bada, egindako lanagatik jaso beharreko ordaina jasota geratuko da. En paz.

DBH2

Hemen ere teknologiako gaia jorratuko dugu. Gaiarekin nire lekua hartzea kostatzeaz gain, nerabezaroaren muga gainditu berri duten DBH2ko gaztetxo hauen artean semea izango det. Beraz, taza bat ez, taza eta erdi! Hor goran, zeruan, norbait balego, zera erregutzen diot: adin honetan dituzten “errealitate paraleloko erreakzio paranormalen” aurrean pazientzia eta indar infinitoz erantzuteko superbotereak emateko. Eta semearentzat, Frodo Bolsón-en kapa magikoa, aurrean dudanean ikusezina bihurtzeko! 😉

Talde berezia da, oso aktibo eta mugitua, hiztunak eta oraindik elkarri entzuten ikasi gabe daudenak. Uste dut aukera polita daukadala talde-lanaren inguruan jarduera desberdinak martxan jartzeko. Proiektuen ideatze fasetik hasi, diseinu eta gauzatze faseetaraino, entzute aktiboa, pentsamendu kritikoa, taldearen kohesioa, arazoei taldean irtenbide ematea lantzen denbora dezente pasako dugula. Proiektu guztiek (ez bakarrik teknologikoek) taldean ondo funtzionatzen dakiten ekipoak behar dituzte atzean. Ikasleek hori ulertzea heltzen badira aurten, ahaleginak mereziko du.

DBH4

Azken bi urte hauetan, irakasle bezala inoiz eduki dudan esperientziarik aberasgarrienari amaiera eman ondoren, garbi nuen, ikastola Aniztasun Curricularreko talde berri bat martxan jartzeko proposamenarekin etortzen bazitzaidan, baiezko garbi bat emango niola. Proposamena, etorri, etorri zen eta propinarekin gainera: Amaia izango zen nirekin batera ikasle talde honekin arituko zena. Yujuu!

Aurtengo taldea, aurreko bi ikasturtetan nirekin aritu denarekiko oso desberdina da. Iazko taldean neskak ziren nagusi, aurtengoan, berriz, mutilak. Materia prima bikaina daukat taldean baina oraindik proposatu diedan egoera berrira ohitzea falta zaie. Urte asko egin dituzte ikastolan eurengandik espero den rola betetzen eta, horren aurrean, asko dira denborarekin hartu dituzten bizio eta ohiturak. Hori dela eta, arrankatzea kostatzen ari zaigu. Desikaste prozesuari uste baino denbora gehiago eskaini beharko diogu, beraz. iazko promozioarekin bizitako esprientzia positiboak errepikatu nahi baditugu.

Urte asko dira ez nuela ikasturte berria aurtengo txisparekin hasten. Ikasgai aldaketaz gain, uztailean saltsa berrietan sartuta ibili naiz eta ordutik aurtengorako ekimen berri bat martxan jartzeko aukera izango ote nuen edo ez zintzilik geratu zitzaidan. Atzo jakin nuen orduan ereindako haziek fruitua eman dutela eta nik eta nire ikasleek esperientzia berriak bizitzeko aukerak izango ditugula. Tarte bat dudanean, blog hau oraindik jarraitzen duzuenoi, honen inguruan informazio gehiago emango dizuedala agintzen dizuet.

Zuei, blog honen jario oraindik jarraitzen duzuenoi, esker mila hor egoteagatik eta barkatu hainbeste denboran blog hau umezurtz uzteagatik. 😉

Baina zertan datza, benetan, proiektuen inguruko lanketa?

Hezkuntzan, gizarteko beste esparrutan bezala, mota guztietako modak izaten dira. Azkenaldi honetan irudipena daukat “proiektu” hitza modan dagoen horietako bat dela. Egunean dagoen irakasle bat izan nahi baduzu, proiektuen inguruan antolatzen duzula zure klasea azaldu behar diezu ingurukoei. “Nik ere proiektuak burutzen ditut nire klasean” esaten dugu gehienok, askotan “proiektu” bezala ulertzen duguna oso desberdina den arren.

Kasu gehienetan, sekuentzia baten amaieran burutzen dugun jarduera “folklorikoari” (zentzu onean) deitzen diogu “proiektua”: margotu, muntatu, aurkeztu, antzeztu, sortu, bisitatu, imajinatu… akzioekin harremana duen edozein jarduera gehienontzat proiektu izena hartzeko arrazoi nahikoa izaten da. Gure gidaritzapean burutu dugun jarduera sekuentziaren amaieran, ikasleei eskaintzen diegun gozoki moduko bat bezala interpretatzen dugu, ikasleari aurretik izan ez duen askatasuna eta protagonismoa eskaintzeko aitzakia bat, askotan. Pastelaren azken ginga hau espero bezala ateratzen ez bada, irakasleok normalean ez gara gehiegi kezkatzen; ikasleari jakin beharreko guztiak aurretik eskaini zaizkio eta, alderdi horretatik, kontzienteki azken “proiektu” honi izan dezakeen onura akademikoari balioa kentzen diogu.

Baina ikasleak proiektuen inguruan lanean jartzea beste gauza bat da; inplikazio didaktiko eta formatzaile askoz ere sakonagoak ditu eta antolaketa mailako aldaketa sakonak eskatzen ditu. Horiek guztiak oso modu sinple eta argian azaltzen dira azpiko bideo honetan.

Bideoa ikusi ondoren oraindik gauzak garbi geratzen ez badira, hemen daukazue esteka sorta labur eta, era berean, argigarri bat:

Actualidad Pedagogica (interesgarrienak)

1) Qué dicen los estudios sobre el Aprendizaje Basado en Proyectos (“un proyecto no es el “postre”, es el plato principal)
2) Aprendizaje basado en proyectos en 10 pasos
3) Aprendizaje basado en proyectos: 10 aspectos a tener en cuenta para empezar

Edutekak gaiari eskainitako sarrerak

1) Aprendizaje por proyectos
2) Seis principios del aprendizaje por proyectos
3) Lista de chequeo (kontrol zerrenda bat) para los proyectos de clase

CamaroteTIC

1) 94 ventajas y beneficios del enfoque del aprendizaje mediante proyectos

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) estrategia didaktiko bezala: justifikazioa (I)

Eskola gehienetan gela barruko eguneroko dinamika nolakoa den ezagututa kontrakoa badirudi ere, ikasleei aurretik zehaztutako helburuen lorpena bermatzeko modu desberdin asko ditugu irakasleok. Gehiago oraindik, curriculumak zehazten dituen helburu horiek benetan lortu nahi badira, gelan erabili beharko genituzkeen estrategia didaktikoak helburu horietara egokituta egon beharko lirateke, eta ez alderantziz, gehienetan gertatzen den bezala.

Alegia, helburua “Problema matematiko sinpleak eta eguneroko problemei soluzioa emateko estrategia pertsonalak landu, estrategien komenigarritasuna emaitzen analisiaren arabera baloratuz” izanda, gela barruan erabili beharko genukeen metodologia “Bigarren mailako ekuazioak sailkatu eta ebatzi kasu bakoitzean formularik egokiena aplikatuz, eta problemak ebatzi, metodo analitikoari jarraituz” helbururako erabiliko genuenarekiko desberdina izan beharko litzateke. Baina irakasleok curriculumaren azken zehaztapen mailan definitutako helburu sinple hauei soilik erreparatzen diegu ia beti eta gehienetan “edukiak memorizatzeko” prozesuekin nahasten ditugu, ziklo edo etapako helburu orokorrak erabat desbirtuatuta geratzen direlarik (eta konpetentzien garapena, zer esanik ez)

Ikasleek garatu behar dituzten konpetentzien eta lortu behar dituzten helburuen zerrenda zabala eta anitza bada ere, irakasleok jarraitzen dugu buru-belarri estrategia didaktiko bakarra erabiltzen kasu gehienetan, batez ere, bigarren hezkuntzan: edukien memorizazioari lotuta dagoena eta oinarria irakaslearengan ipintzen duena, hain zuzen ere. Bide horretatik curriculumak zehazten dituen helburu eta konpetentzia orokorrak garatu gabe geratzeaz gain, ikasteko modu “uniforme” horien aurrean eroso sentitzen ez diren ikasleak “bidean geratzen zaizkigu”. Gure praktika sinplista eta errazak (erosoa ere, esan beharko nuke) baztertu egiten ditu metodologia alternatiboekin “figurak” izatera heltzeko aukera izan dezaketen ikasle asko (tira, aipatu dugu hau ere beste behin, futbol jokalari ezagun baten adibidearekin).

Laburtuz, irakasleok gure konfort egoeratik irten beharko ginateke eta estrategia didaktiko berriei lekua eman beharko genieke gure eguneroko praktikan bi arrazoi nagusirengatik:

  • Konpetentzietan oinarrituta curriculum berriek markatzen duten bidearekin koherenteak izateko
  • Ikasleen aniztasunak suposatzen duen “aberastasunari” (zenbat eskoletako IHPetan ez den agertuko hain dotore geratzen den esaldi hau, baietz?) benetako erantzun bat emateko

Asko dira aurreko bi helburu horiei egokitzen zaizkien estrategiak. Nik esango nuke guztiek hiru ezaugarri komun dituztela:

  • Metodologia aktiboak dira; jakite soilarekin baino egiten eta izaten jakitearekin erlazionatuta daudenak.
  • Ikaskuntza kooperatiboan oinarritzen dira; aniztasunari erantzuteko bide bakarra dela egiaztatuta dagoela esango nuke nik.
  • Adimen anitzen ebidentziak jaso eta hauen garapena bilatzen dute.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI euskaraz; Project Based Learning (PBL) ingelesez) helburu bezala goiko biak eta ezaugarri bezala aurreko hiruak dituen estrategia didaktiko bat da, beste hainbesteren artean.

Amaitzeko, ez dugu nahastu behar Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ohiko metodologia tradizionaletan osagarri moduan erabiltzen ditugun praktika, esperimentu edota proiektu osagarriekin. Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza estrategia didaktiko INTEGRALA da, ez dator beste estrategiak dituzten hutsuneak osatzera. Gainera, egungo gizarteak dituen ezaugarri eta eskakizunetara beste estrategia batzuk baino hobe EGOKITZEN da. Eta azkenik, IKASLEAREN INDARGUNEEN gainean eraikitzen da, euren interes arloak ikertzeko eta sakontzeko aukera eskaintzen dielarik.

Hasi besterik ez dut egin dut POIarekin. Aipatu ditudan helburu, ezaugarri eta irizpide horiek marko orokor bezala hortxe baldin badaude ere, jabetuta nago baita ere, marko orokor hori errealitate bat izateko oraindik aldaketa estruktural asko behar direla nire ikastolan; arlo edo ikasgaien birplanteamendua, curriculumaren ezarpenaren analisi errealista eta eguneratu bat, espazio fisiko eta denboraren berrantolaketa bat, ebaluazio sistemaren egokitze eta gaurkoratzea… Horiek datozen bitartean, bidea egiten ikasten joan beharko gara, ez ago beste erremediorik.

Jarraituko du…