XXI. mendeko eskolaren eraldaketa pedagogikoaren inguruko apunteak

Laister beteko dira bi urte, Urola Ikastola BHI-tik jaso nuen gonbidapenari erantzunez, Azkoitian izan nintzela gure ikastolan IKTen inguruan egindako ibilbidearen inguruan hitz egiten. Prestatu nuen aurkezpenaren lehen zatian aurreko hamar urteetan gure ikastolan egindakoaz jardun nintzen, fase desberdin bakoitzean aurkitutako oztopo edo arazoak azalduz. Bigarren zatian, orduko egoera abiapuntu bezala hartuz, prospektiba ariketa txiki bat egitera ausartu nintzen, etorkizunari begira eragite ardatz nagusienk zeintzuk izan zitezkeen labur-labur aurkeztuz. Azpian daukazue Azkoitiko hitzaldian erabili nuen aurkezpena:

Lehenengo aldia zen aurkezpenari izenburua, behin diapositiba guztiak amaituta nituela, ipintzen niola. Izenburu deigarri bat ipini nahi nion, atentzioa deitzeko modukoa eta kontutan izanik oraindik bero-bero nituela buruan azkeneko bi diapositbetan agertzen diren ideiak, onartzen dut izenburua “apokaliptiko” samarra atera zitzaidala 🙂 Kontua da jada duela bi urte kezkatuta nenbilela IKTen gehiegizko protagonismoarekin (ikus 36. diapoa). Eskolaren berrikuntza IKTen ezarpen eta erabilerarekin nahasten genuen, praktika onak teknologiaren erabilera “orijinalekin” lotuta zeudenak kontsideratzen genituen eta irakasle aurrerakoiak teknologian euren trebetasuna adierazten zutenak (inguruko irakasleak liluratuta geratzen ziren hauekin) kontsideratzen genituen. Baina nire esperientzia pertsonalak esaten zidan hori ez zela eskola berriak behar zuena edo behintzat horrekin bakarrik ez zen nahikoa eskolak behar zuen benetako berrikuntzarako. IKTen erabilerari lotutako “boom”-ak, teknologiaren gehiegizko protagonismo horrek, onura baino gehiago kalte egiten zuela iruditzen zitzaidan; gure ikastolaren errealitateari begira behintzat, hala sentitzen nuen.

Jada orduan gure ikastolan eraldaketa didaktiko sakon baten beharra genuela proposatzen nuen (ikus 40. diapoa) eta proposatzen nituen bost eragite ardatzen artean, azkenekoan hauxe botatzen nuen: IKTen integrazio gardena gure eguneroko praktikan (ikus 45. diapoa). Kontua da, orduan intuizio bat bakarrik zena, denborarekin forma hartzen joan dela, orduan sentitzen nuen hura oso garbi azaltzen ez banekien ere, poliki-poliki konkretatzen joan da.

Gaur bertan Angeles Araguz-en blogan “No son las TIC es la pedaggía” artikuluan ipini duen azpiko bideoan oso ondo laburbiltzen da duela bi urte aipatzen nuen “aldaketa didaktiko” harrekin adierazi nahi nuena:

Egia esan, ez ditu gauza berri askorik esaten, blog honetan azkenaldian behin baino gehiagotan azaldu diren kontuak jasotzen ditu, baina uste dut oso interesgarria dela ematen behar den aldaketaren perspektiba global bat ematen duelako. Uste dut, eskoletan oraindik gertatzeke dagoen aldaketaren kudeaketa nondik nora joan beharko litzatekeen ulertzeko oso bideo baligarria izan daitekeela. Bertan botatzen diren ideia asko gainera, ikasle-irakasle testuingurutik kanpo ere zentzua badutela esango nuke. Uste dut irakasleon artean ere, gure eskola barruko lan-esparru eta harremaneta ere kontsideratu beharreko ideia ugari ipintzen dituela mahai gainean.

Bideoan aipatzen den XXI. mendeko hezkuntza eredu berri hori hain dago urruti pasa den mendean ezagutu genuenarekiko ze sistema horren protagonistak garen ikasle eta irakasleon oinarrizko trebetasunak ere derrigorrezkoa da, eredu berriarekin batera, aldatzea. Eta bideoan trebetasun berri horiek zeintzuk izan behar diren sumatzen bada ere, uste dut Aitor Lazpitak azken asteotan argitaratu dituen bi dekalogoetan oso ondo azaltzen dituela.

Lehenengo aurkezpenean George Siemens-en ekarpenak hartzen ditu aitzakia bezala, XXI. mendeko ikasle batek menperatu behar dituen trebetasunen dekalogoa azaltzeko:

Bigarrenen aurkezpenean aro postdigitalean (alegia, IKTen protagonismoarekin amaitu den garai honetan) irakasleok garatu beharko genituzkeen trebetasunei buruz hausnartzen du.

Uste dut aurreko bideo eta aurkezpenekin nahiko ondo zehaztuta geratzen dela zeintzuk izan beharko liratekeen eskola modernoaren ezaugarriak, gure seme-alaben beharretara (eta ez alderantziz) eta hedaduraz, gizarte osoaren beharretara egokitutakoa.

Kontu honen inguruan bueltaka ibili nintzen duela hilabete batzuk. Ordenagailuaren aurrean eserita nengoela, zera galdetu nion nire buruari: nire semeak ikastolan egingo duen ibilbidean zer balore/gaitasun/konpetentzia garatzea nahiko nuke? Zeintzu balore/gaitasun/konpetentzia nahiko nuke semeak garatzea ikastolan nahiz etxean, bere hezte prozesuan? Zer bultzatu nahiko nuke guraso bezala etxean, ikastolarekin sintonian? (Ikastoletan azkenaldian hainbestetan entzuten ari garen “ikaslearen irteera profilaz” buruz ari nintzela jakin nuen gero)

Hortxe ibili nintzen burutik pasatzen zitzaizkidan kontu guztiak paper batean idatziz jasotzen. Horietako asko goiko bideo eta aurkezpenetan azaldutako asko dira, beste batzuk indarrean jartzen ari diren estrategia didaktikoekin zerikusia gordetzen zuten, beste askok konpetentzien garapenarekin. Batiburrillo guztia ahalik eta modu sinpleenean grafikoki laburbiltzen ahalegindu nintzen. Aspalditik daukat gordeta iruditxoa, txorrada bat delakoan, karpeta batean hautsa biltzen ;). Agian redukzionistegia da planteamendua. Seguraski gauza asko utzi ditut kanpoan. Baliteke ere askorentzat Euskal Curriculumean agertzen denaren bertsio kutre eta osatugabea izatea. Hala izango da, ez dakit. Nire lankide ohi batek askotan esaten zuen bezala, “erositako prezion saltzen dizuet”. Hortxe daukazue azpian aspalditik egindako tontakeritxoa.

Laister sartuko da nire semea nerabezaroan. Eskola etapa berri batean murgilduko da, bere helduarorako bidean kritikoa izango dena. Ez dut uste goian azaltzen den bideoan deskribatzen den XXI. mendeko eskola ezagutuko duenik. Dekalogo horiek ere oraindik urruti ikusten ditut. Konformatuko nintzateke gure ikastolaren ikuspegian (bisioan) nire eskematxo tonto horretan datozen alderdiak kontenplatu eta langileok gureak egingo bagenitu. Ez litzateke gutxi izango.

TPACK eredua eta mahaiaren hirugarren hanka

Unibertsitatetik irakaskuntza mundura zuzenean pasa den irakaslea naiz. Hezkuntza ertainean landu beharreko edukien inguruko ezagutza nahikoarekin baina formazio pedagogikorik gabekoa. Eta hori gutxi balitz, XXI. mende hasierako iraultza teknologikoak bilutsik harrapatu zuena.

Unibertsitatean egindako bosturtekoaren ondoren, printzipioz, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko behar nituen ezagutzak (edukiei buruzkoak nagusiki) bermatuta nituela agintzen zuen legeak. Tira, horregatik bakarrik bada ere, zerbaitetarako balio izan zuen Farmazia ikasten pasatutako denbora :). Ezagutza teknologiaren esparruan, ordea, zirkuitu formal tradizionaletatik kanpo, nire kabuz eskuratu behar izan dut gaur egun daukadan ezagutza. IKT dinamizatzaile lanari eskainitako hamarkadaren ondoren “gradu” edo “lizentziatura” titulu ofizialik lortu ez badut ere, nire bizitzako lorpenik handienetako bat bezala sentitzen dut nire barruan. Izan ere, ez da bakarrik zer eta zenbat ikasi dudan, unibertsitatetik irten nintzenean ezagutzen ez nituen nire gaitasun eta balore ezkutu batzuk azaleratzeko ere balio izan du.

Eduki curricularrak kontrolatuta eta baliabide teknologikoak menperatzen nituela ikusirik, ondo prestatua sentitzen nintzen eskola “moderno” batean irakasle lana behar bezala betetzeko, irakasle “on” bat izateko. Gainera, urrats txikiak badira ere, aurrera egiten duzula ikustea, nahikoa izaten da lanean motibatuta sentitzeko. Eta motibatuta sentitzen zarenean, lana barra-barra egiten duzu. Ez dakit lanordu “ofizialetatik” kanpo zenbat zenbat denbora eskaini nizkion web aplikazioak erabiltzen ikasteari, apunteak sarean ipintzeari, ikasleek behar zuten material guztia txukun-txukun antolatuta zintzilikatzeari(sartu bisitari gisa), ohiko ariketak teknologiaren barnizeak ematen duen dizdirarekin jantzita zuzentzeari… Lan asko bai, baina orduan konbentzituta nengoen horixe zela ikasleek behar zutena eta hori eskaintzen ahalegindu nintzen.

Baina ikasleei dena mamurtuta eskainita ere, zerbaitek ez zuen ondo funtzionatzen, zerbaitetan “kale” egiten ari nintzen. Jordi Adell-ek aurrekoan kontatzen zuen modura, ikas-irakaskuntza ulertzeko dauden hiru tipologietatik, ia konturatu gabe 1. tipologiako irakasle bat izatetik (“teachercentric”, eduki transmisio hutsean oinarritutakoa) 2. tipologiakoa izateko ahalegina egiten ari nintzen (“studentcentric”, ikasleei dena “a huevo” jarri eta eurei utzi euren ikaskuntzaren gaineko ardura). Inkontzientekin beharbada, baina urrats hori ematen ari nintzen pentsatuz hori zela ikasleek eskatzen zutena. Gero konturatu naiz nik bezala, beste askok ere bilakaera bera izan dutela, Unibertsitatean barne (interesgarria UPCko irakaslea den Miguel Valero-Garciaren idatzi hau) Badirudi nahiko arrunta dela irakaslerian fase batetik bestera eboluzionatzea. Nire kasuan, hala eta guztiz ere, “sentsazioak” ez ziren onak status berri horretan, zerbaitek huts egiten zuen eta ez nuen oso ondo ulertzen non zegoen gakoa. Zer falta zitzaidan?

Unibertsitatetik gatozen irakasleok (Magisteritzako eskolatik pasa ez garenok) mimetismoz jokatzen dugu klaseak prestatu eta ematerakoan. Ikasketa ertainetan eta unibertsitatean ikasle bezala jaso dugun eredu pedagogiko tradizionala da ezagutzen dugun bakarra. Eta irakasle bezala lanean hasten garenean, inguruan gauzak aldatu ez direla, gure lankideek ohiko patroiarekin lanean jarraitzen dutela egiaztatzen dugunean, lasaitu egiten gara (“tira, dena beti bezala jarraitzen du” pentsatzen dugu) eta horrela irakasle izatea “hori” dela naturaltasunez onartzen dugu. Baina praktika tradizional horrekin, teknologiak ez du gehiegi laguntzen (niri pertsonalki teknologiaren erabilera ikasleentzako motibagarria dela aipatzea argumentu bezala, erridikulua iruditzen zait), gehiago oraindik, batzuetan kaltegarria ere izan daiteke. Eta ni neu horren lekuko izan naiz nire klaseetan.

Edukien iguruko ezagutza eta ezagutza teknologikoa banuen, non zegoen mahaiari falta zitzaion hirugarren hanka? Gakoa hortxe neukan muturraren aurrean baina ez nuen ikusten. Alegia, gela barruko jardun “normala” ez dela hain “normala” konturatzea. Ikas-irakaskuntza eredu tradizionalak porrot egiten duela, belaunaldi berriekin bereziki narbarmena zen ebidentzia. Eta horretan nenbilela izan nuen lehenegoz TPACK ereduaren erreferentzia.

Hortxe zegoen mahaiaren hirugarren hanka, borobil horian. Askotan daukat sentsazioa irakasleoi kosta egiten zaigula errealitate hau onartzea; alegia, ez garela pedagogian adituak, gelan erabiltzen dugun metodologiaz kanpo badirela alternatibak, arlo honetan hutsuneak ditugula onartzea ez dela larriena, larriagoa dela hutsune hauei muzin egitea. Ni, behintzat, erabat berde nago kontu hauetan: ikaskuntza prozesua bera zer den ulertzetik hasita, curriculuma eta bera osatzen duten bost elementuen (helburuak, konpetentziak, edukiak, metodologia eta ebaluazioa) definizio eta ezaugarrietaraino.

– “Buffff, ez da ba asko motibatzen nauen kontua pedagogiaren rollo hori” – pentsatu nuen hasieran. Izan ere, horixe da askok dugun pertzepzioa pedagogia hitza entzuten dugun bakoitzean. Uste dut pedagogian aditu askok gehiegi teorizatu dutela ikas-irakaskuntza prozesuaren inguruan, ikaste prozesuari kutsu zientifikoegia ematen ahalegindu dira, izen potoloegiak erabili dituzte gauza sinple asko esplikatzeko, artifizialki konplikatu dute berez azkoz ere sinpleagoa izan beharko lukeen zerbait. Hain “maila altuko” pedagogiak, profesional asko uxatzea besterik ez du lortu.

Kaxkagorra naiz izatez. Teknologiaren unibertsoa ere konplikatua kontsideratu izan da betidanik eta gerora egiaztatu dut gauzak beste modu batera direla. Bada konbentzituta nago ere pedagogia kontuak lehen inpresioan ematen dutena baina samurragoak izan daitezkeela. Adell-ek aipatzen duen 3. ikaskuntza tipologian murgildu nahi badut (“learningcentric”), derrigorrezkoa dudala hankamotz daukadan alderdi honetan aurrera egitea. Azken hilabeteotan horretan nabil. Nire PLEa behar berrietara egokitu nuen eta denbora bat pasa dut informazio iturri berriak kontsultatzen.

OFFTOPIC: PLEari “L”-a kendu beharko litzaioke, izan ere informazio eta komunikazio kanalak irekitzea bakarrik ez du derrigorrez ikaskuntzarik ekartzen. Benetako ikaskuntza baliabide horiek praktikan jartzetik dator. Asko dira hitzaldiak soilik emateko PLEak sortzen dituztenak eta sekulan praktikan jarri ez dutenak ahotik botatzen duten kontuetako asko; loritoak bezala hitz egiten dutelako nabaritzen zaie, sarean irakurtzen dituzten koletilla guztiak bata bestearen atzetik botatzen dituzte. Baina, tira, hori beste baterako gaia da.

Bi urte dauzkat aurretik gutxienez, handik eta hemendik irakurritakoa praktikan jartzeko, hanka-sartzeetatik ikasteko, muturrekoren bat edo beste ere jasotzeko. Baina baita ere, zergatik ez, ondo egindako lanak ematen duen harrotasunaz gozatzeko, ikasten ari naizela egiaztatzeak ematen duen satisfazioaz disfrutatzeko, konfiantza hartzen joateko. Ez nago bakarrik gainera, inguruko lankideekin elkarlanean arituko naiz eta lortutako ondorioak guztion artean partekatuko ditugu, duela zazpi urte, blog honekin hasi gineneko izpirituari berriro helduz. Hiruzpalau urteren bueltan ikusiko dugu noraino heldu garen, mahaiaren hirugarren hanka hau sendotzea lortzen badugu, ea oraingo sentsazio baino hobeagoekin aurkitzen garen orduan. Ikusiko dugu.

Ah, eta mahaiaren laugarren hanka zein den jakin nahi baduzue, galdetu iezaiezue nire iazko batxiko ikasleei. Beraiek badakite zertaz ari naizen ;-p


Eranskinak:

TPACK ereduaren inguruan informazio ugari topa dezakezue sarean bilaketa sinple bat eginez. Garai batean eduki guztia wiki batean zintzilikatuta zegoen baina badirudi wiki hori alde batera utzi eta webgune berri batera pasa dutela eduki guztia.

Gune Ofiziala: TPACK – TECHNOLOGICAL PEDAGOGICAL AND CONTENT KNOWLEDGE

Niri oso argigarria egin zitzaidan Jordi Adell-en azalpen hau:

Azkenik, duela egun gutxi Ramiro Aduvirik ekoiztutako aurkezpen hau oso interesgarria egin zitzaidan:

Duela bi urte Slideshareko gogokoetan gorde nuen autore beraren beste aurkezpen hau ere interesgarria izan daiteke:

Baliagarria izango zaizuelakoan.

Irakaslearen metamorfosia

Azpian ipini dizuedan dokumentuan Bartzelonako UPCko irakaslea den Miguel Valero-Garciak irakasleok gure lanbidean egiten dugun ibilbide profesionalaren inguruko hausnarketa pertsonal interesgarria egiten du. Autoreak unibertsitatean egindako ibilbide profesionalean bizi izan dituen fase desberdinen inguruan idazten du. Uste dut bere esperientzia unibertsitatetik irakaskuntzara zuzenean pasa garen irakasle askorenarekin bat datorrela. Nik esango nuke Bigarren Hezkuntzako irakasle askoren deskribapena egiten duela bertan. Jarraitu Irakaslearen metamorfosia irakurtzen