Ikasle batek 15-16 urte betetzen dituenerako kontzientea da zein den bere papera eskola komunitatean, badaki zein rol ezarri zaion/aukeratu duen eta onartzen du (etsipenez kasu askotan) ingurukoek berari buruz duten pertzepzioa. Denbora asko pasa dute gauzak modu berean egiten, normaltasunez hartzen dute ikastea azterketak gainditzea dela eta azterketak gainditzen ez dituena “ikasle txarra” dela. Praktikan ipintzen dugun ebaluazio akreditatzailearen arabera, dituzten emaitza kaxkarrek etorkizunerantz hartu beharko duten trenean, azkeneko bagoietan soilik izango dutela lekua sinestera heltzen dira. Aurten daukadan taldean ikasleek aspalditik janda dute hori.
Ez da erraza hainbeste urtetan indarra hartzen joan den klixe horrekin akabatzea baina ikasturte honen hasieran nire buruari agindu nion nola edo hala, aurrekoarekin apurtu behar nuela ikasleak entxufatuta egotea nahi banuen aurten burutuko genituen proiektu berrietan. Aurrekoa desikasi (modan jarri den hitza hau ere) eta ikastea azterketak gainditzearekin bakarrik lotuta ez dagoela ikasi, benetako ikaskuntza aldagai askoren menpe dagoela ulertarazi eta interpretazio askotara irekita. Nola egin hori ordea? Gelan Ordiziako futbol taldean jokatzen duten bi neska daude eta beraiek eman zidaten jarraitu behar nuen arrastoa.
Horrela, ikasturte honen hasierako klase batean gelara sartu eta hauxe galdetu nien nire ikasleei. – “Aizue, zuen iritziz nolako jokalaria da Messi?. Nola baloratuko zenuteke jokalari bezala duen kalitatea?” –. Aho-batez erantzun zuten guztiek munduko jokalaririk hoberena dela, denek goraipatu zuten bere “kalitatea”, “maila” handiko jokalari bat bezala ikusten dute. Ez nien eskatu jokalari bezala “nota” ipintzeko baina ziur nago, hala eskatuz gero, guztiek emango lioketela “hamar” bat.
– “Ba guztiek ez daukate zuek duzuen pertzepzio berdina, guztiek ez dute berdin pentsatzen” – esan nien bukatu zutenean. Hori entzun eta berehala batek ezetz, Ronaldo ez zela munduko jokalaririk hoberena esan zidan haserre 😉 Beste batzuk entzuna zeukaten Argentinan, bere jaioterrian, kritika asko jasotzen dituela bere herrikideengandik. Asko dira zalantzan jartzen dutenak bere “kalitatea“, bere “maila” eta ziurrenik, nekez lortuko luke “aprobatua” bere herrian. Ez hori bakarrik, askok kolokan jartzen dute bere gogo eta ahalegina, bere konpromsioa eta bere jarrera bere selekzioko kamiseta txuri-urdina defendatzen duenean.
– “Kontxo! Gogo falta, utzikeria, pasotismoa, kalitate edo maila falta, suspenditu…. Nola liteke jokalari berak hain ebaluazio/balorazio/kalifikazio desberdinak jasotzea talde batean edo bestean jokatzen duenean? Zergatik ez du “nota berdina” ateratzen Bartzelonarekin edo Argentinako selekzioarekin jokatzen duenean?” – galdetu nien berriro.
Mota guztietako erantzunak egon ziren:
- Bartzelonak erabiltzen duen “sistema” desberdina omen da, aipatu zuten batzuk (– “estrategia desberdina erabiltzen dute, ezta?” – gehitu nien nik)
- Talde bakoitzean postu desberdinean jokatzen duela ere aipatu zuten (beraz, – “zeregin edo eskakizun desberdinak ditu entrenatzaile bakoitzarengandik, ala?” – bota nien)
- Batek aipatu zuen Bartzelonak ekipo bat bezala jokatzen duela eta pase gehiago jasotzen dituela horregatik; Argentinan berriz, elkarrekin gutxitan jokatzen duten jokalari indibidualista asko omen daude (hori bai ona! – ” batzuk “ekipo” bat eratzen duten bezala, besteak bakarka ari dira talde batean lanean, ez da gauza bedina” –)
- Bartzelonan motibatuago jokatzen du, Argentinarekin oso urduri egoten da, esan zuen batek (seguraski – “porrotaren trataera, gauzak gaizki egitea, Bartzelonan edo Argentinan dituen ondorioak, desberdinak izango dira eta horrek eragina izan dezake horretan ere” – )
- Bartzelonako taldekideekin txiki-txikitatik jokatzea abantaila bezala ikusten zuten ere (dudarik ez, – “talde-kohesioa eta elkarri ondo ezagutzea abantaila garbia da norberak barruan duen guztia demostratu ahal izateko” –)
Orain ez ditut gogoan mahai gainean jarri genituen arrazoi guztiak baina askoz ere gehiago aipa genitzazke: entrenatzaileekin izan dezakeen harreman desberdina (“tutorizazioa eta bere eragina ikastunaren hobekuntza prozesuan“), gizarteak ezartzen dion presioa Argentinan munduko hoberenak direla etengabe demostratzera behartuta daudenak (“ikastolok gure “maila ona” ikasleen notekin etengabe demostratzen ahalegintzen garen bezala“) … (Aurrekoan hauetako batzuen inguruan idazten zuen Scolarik El Pais-en)
Enpin, adibide polita izan zen nire ikasleei transmititu nahi nien ideia uler zezaten, alegia:
Ikasle baten “maila” edo “kalitatea” ebaluaziorako ezartzen zaizkion irizpideen araberakoa da eta irizpide horiek eskuratzea aldagai askoren menpe dago, gela barruan erabiltzen dugun estrategia didaktikoa garrantzitsuenetako bat izanik.
Aurrekoa ondo uler zezaten, horrelaxe amaitu nuen:
Hemendik aurrera guk gure partiduak estrategia desberdin batekin jokatu behar dugu. Partiduei aurre egiteko metodo tradizionala ezagutzen dugu eta horrekin ez ditugu partidu onak egiten, ez dugu irabazten. Guk partiduak taldean jokatuko ditugu, ekipoa banakako askoren elkartze soil bat baino askoz gehiago dela sinesten dugulako. Taldekideekin elkarlanean aritzea hobeagoak egiten gaitu, honek ematen duen konfiantzari esker askotan guk geuk ezagutzen ez genituen ezaugarriak azaleratzen laguntzen baitigu. Izango ditugu, noski, bakarka egin beharreko ariketak, gure teknika indibiduala hobetzen lagunduko diguten entrenamenduak, baina guri erronkak gustatzen zaizkigu, guri partiduak jokatzea gustatzen zaigu, guri rock’n’rolla gustatzen zaigu!. Bakoitzak dituen ezaugarri teknikoen arabera, hobeto egokitzen zaion postuan jokatuko du; atezainak ez du denbora alferrik pasako bandatik sakeak egiten edo hegaletik jokatzen duenak ez du ikasi beharko nola geratzen diren penaltiak. Elkar ezagutzen ahalegin berezia egingo dugu, talde-giroa bultzatuko dugu, ondokoari lagunduz. Porrotak eta hanka-sartzeak egongo dira eta hauek saihesteko entrenamendu espezifikoetan ahalegin berezia egingo dugu, baina beti ere, egindako erroreengandik zerbait positiboa ateratzeko izpirituarekin. Estrategia honekin ateratzen du Messik barruan duen guztia.
Baliteke lagun batzuei entzutea guk egiten duguna ez dela futbola. Lasai, ez jarri urduri. Baliteke beste entrenatzaile batzuekin oraindik jokatzeko estilo klasikora bueltatu behar izatea, ez baitute sinesten estrategia moderno hauekin partiduak irabaz daitezkeenik edo ez dakite partiduak beste modu batera planteatzen (badakizue, batzuk “Futbol es futbol” dioten moduan “ikastea memorizatzea da” pentsatzen dutenak badira oraindik). Zuen gustuko estiloa ez bada ere, ahalegindu zaitezte beraiekin ere, hobetzen saiatu egoera guztietan. Baliteke etxean gurasoak kezkatuta egotea, entrenatzaileak ez dizuelako ohiko ariketa sorta etxean bakarka entrenatzeko. Esaiezue gure estilo berriarekin askoz ere lan gehiago egiten dugula ikastolan gaudenean eta etxean lagunekin disfrutatzeko esan dizuela entrenatzaileak, horrek ere laguntzen baitu gero partiduetan entxufatuta egoteko.
En fin, agian kezkatu samar ibiliko zarete kontu hauekin, izan ere, gure estrategia nahiko berria da eta ez da erraza inguruan gure estiloa duten ekipo asko aurkitzea. Zuek lasai, Bartzelonaren talde-estrategia ere garairako berritzaileegia zen, purista askoren printzipioen kontra zihoan eta azkenean, eredugarria izaten bukatu du mundu osoan. Ziur nago, gure kasuan ere, denbora kontua besterik ez dela izango gure estiloa inguruko eskoletan nagusitzen joateko.
Klasea amaitzeko minutu batzuk falta zirenez, hitz egiten ari ginenarekin harremana zuen bideo polit hau ipintzeko aprobetxatu nuen:
Kontentu atera nintzen klasetik; uste dut garbi geratu zitzaiela transmititu nahi niena. Halere, ez naiz inozoa, badakit horrelako adibideak baina askoz ere gehiago behar dela hainbeste urtetan “normala” kontsideratu duten egoera errotik aldatzeko, ikaskuntza denari buruz duten pertzepzioa goitik behera aldatzeko. Gaur, bost hilabete pasa direnean klase hartatik, oraindik ez gara estrategia didaktiko berrietara erabat egokitu baina hasi gara benetan sinesten jokatzeko modu berri honek aurrekoak baino bide hobeagotik garamatzala. Ez da gutxi.