Oraintxe irakurri dut Ángeles Araguz-en blogan bere azkeneko artikulua. INTEFek antolatu nahi duen irakasleen sareari buruz idazten du Ángelesek. Irakasleok sortzen dugun materialek izaten duten errekonozimenduari eta honi lotutako meritokraziari buruz ere hausnarketa sakona egiten du.
Tira, aspaldi utzi nion hainbestetan aipatu den meritokrazian sinesten. Garai batean, ziurrenik software librearen atzean dagoen filosofiaren eraginaren ondorioz, Ángelesen antzeko iritziak nituen nik ere. Orduan, norberak bere lanaren berri ematen zuenean, gelan egindakoa zabaltzea helburua zenean, banuen horrelakoetan sinesteko arrazoiak. Baina hori aldatu da. Izan ere, zure lana bilatzen duzun protagonismo beharretarako motz geratzen denean, zure diskurtsoa besteen ekarpenen gainean eraikitzea besterik ez zaizu geratzen, zertaz ari zaren piperrik ulertzen ez baduzu ere. Eta hori gertatu da hezkuntzan azkeneko urteetan. Besteen ekarpenaz baliatu dira irakasle batzuk, besteen teoria eta eskarmentuaz baliatu dira, ez-jakin askoren aurrean diskurtso propio bat eraikitzeko (zentzu gehiegirik gabeko diskurtsoak, askotan). Horrekin batera, norberak bere burua existitzen diren sarao guztietan aurkeztea (zenbat ugaldu diren hezkuntzan horrelakoak, azken urteotan) derrigorrezkoa bilakatu da, “sasi-meritokrazia” hori bizirik mantentzeko. Horrela, hezkuntza sistemaren protagonista bihurtu diren asko, egiten dutenagatik baino esaten dutenagatik jasotzen ari dira errekonozimendua. Horrela, sarea irakasle hutsalaz jositako gune batean bihurtu da gaur, benetako balio profesionalik gabeko protagonistaz beteta. Sarea, telebistaren antzera, helburua “hor egotea” duten irakaslez bete da tamalez, lanbidea helburu horretan aitzakia bat besterik ez delarik. Zaborraren artean, oraindik existitzen diren perlak aurkitzea lan konplikatua bihurtu da.
Eta administraziori buruz, zer esango dut ba. Ángelesek agian oraindik itxaropen puntu bat izango du INTEFen borondate onean. Nik administraziotik ez dut ezertxo ere espero, egia esan. Ez dirurik, ez laguntzarik ezta errekonozimendurik ere. Egongo dira horrelakoak izango dutenak; bejondeiela. Nik ez dut ezer espero, ez niretzat ezta nire ikastolarentzat. Hori bai, gauza bat oso garbi daukat: ez dut onartuko nire lana, administrazioak giltzapean muntatzen dituen ikastaroetarako materiala bihurtzea. Hortik ez naiz pasako. Izan ere, egun hauetan Hezkuntza sailak muntatuta daukan Moodle honetatik hainbat sarrera detektatu ditut aurrekoan zabaldu nuen sekuentzia honetara. Bisitek bere horretan jarraitzen badute hurrengo egunetan, nire materiala saretik kenduko dut. Esan bezala, meritokraziarena bost axola zaidan kontu bat da baina ez naiz tontoa.