Horixe da Bill Gates-ek 2010. urtean ekoiztutako dokumental honen izena. Bertan, Estatu Batuetako eskola publikoaren egungo egoeraren analisi bat egiten da. Asko dira bertan planteatzen diren galdera, kezka eta kritikak eta hauetako asko ez dira soilik EEBBetako hezkuntza sistemaren ezaugarri propioak. Nik esango nuke herrialde aurreratuetan gizarteak bizi izan duen bilakaeraren ondorioak direla dokumentalean planteatzen diren arazo gehienak.
- Eskola aurkitzen den auzo edo herrien egoera sozio-ekonomikoak baldintzatzen du eskola porrota edo alderantziz da?
- Hezkuntza sistemaren arrakasta bermatzeko muntatzen den egitura burokratikoa bera ez al da porrotaren eragile nagusienetako bat?
- Eskola arrakastaren interpretazio desberdinak eta hau “neurtzeko” ezartzen diren indikatzaileak egokienak dira gure gizarte modernoan?
- Zergatik esperientzia arrakastatsuenak sortzen dira gehienetan ezarritako hezkuntza sistemaren periferiatik?
- Jarrera proaktiboa eta inplikazio maila altua duten irakasleek irauli al dezakete hezkuntza sistemaren parte diren (administrazioa, sindikatuak, eskolen elkarteak eta guraso-taldeak) estamentuen artean une honetan ezarrita dagoen “status quo”-a?
KIPP eskolen adibideak ikastolen sorrera ekarri dit burura. Eskola hauen inguruan bideoan agertzen diren zertzeladatxo pare horiek nire ikasle garaiko ikastola ekarri didate gogora. Askotan esan dut orduko ikastolek eskola “autentikoen” ukitu hori zutela, irakasleen inplikazioa agerikoa zen, orduko auzo eta herrietan ondo uztartuta zeuden, egitura deszentralizatua, burokrazia gutxi eta lan asko komunitatean eta, azkenik, balore etiko, sozialak eta kulturalak indikatzaile akademiko aseptikoen gainetik ipintzen zituena. Nik behintzat horrela gogoratzen dut ezagutu nuen ikastola. Gaur, dokumentala ikusi ondoren, EEBBtako eskoletan agertzen diren hainbat egoerekin pentsakor geratu naiz, ez ote garen gu ere hezkuntza sistema unibertsalean dagoen “status quo” horretara egokitu. Tamalez, uste dut baietz.
Hemen azpian daukazue bideoa, merezi du ordu pare bat hartzea osorik ikusteko: