Jakintza Ikastolaren Hezkuntza Proiektuaren berritze prozesuarekin hasi gara aurten. Ikastola proiektuari zuzenean lotuta doaz gure Curriculum Proiektua baita Gestio/Antolaketa Proiektua ere.
Urte batzuk pasa dira gure Hezkuntza Proiektua diseinatu genuenetik eta bitarte horretan aldaketa ugari gertatu dira, bai curriculumean baita antolaketa mailan ere. Hauek guztiak bildu eta sakondu beharko ditugu ekoiztuko dugun dokumentu berrian.
Curriculum proiektu berriaren garapenean garbi dago gure erreferentzi nagusietako bat Euskal Curriculuma izango dela. Beti esan dut Euskal Curriculuma dokumentu aurrerakoia izan zela aurkeztu zen unean (eta oraindik horrela da puntu askotan). Nire ustez hainbat alderdietan, halere, behar ditu eguneratze batzuk. Horietako bat izan daiteke Irakaskuntzarako eta Komunikaziorako Teknologiena eta zehazkiago, Konpetentzia Digitalarena. Eguneratze horiek datozen bitartean, handik eta hemendik topatzen dudan informazioa jaso, antolatu eta nire apuntetxoak sortzen ari naiz, gure ikastolako curriculum proiektu propioan txertatzeko helburuarekin.
Duela hilabete batzuk blog honetan bertan argitaratu nuen nire iritziz zer den konpetentzia digitalaren inguruan ulertu behar duguna. Ekarpen honetan konpetentzia digitalaren ikuspegi osagarri biak aurkezten nituen: alde batetik, konpetentzia digitalaren dimentsio edo azpikonpetentzia bakoitzari lotutako helburuen zerrenda eta, bestetik, konpetentzia digitala alfabetizazio multimediala bezala ulertuta.
Bada gaurkoan, bi ideia horiekin jarraituz, ekarpen berriekin nator. Hasteko, La Lagunako Unibertsitateko Manuel Arearen bideo bat ipintzen dizuet azpian. Bideoan, Manuel Areak gaurko eskola ereduaren jatorriaz hitz egiten du hasieran (gizarte industrialean sortutako eredu zaharkitua). Boriz Mir-ek planteatzen dituen bost dimentsio horien ordez, Manuel Areak lau bakarrik planteatzen ditu (beste leku batzuetan ere horrela egiten dute). Amaitzeko konpetentzia digitala lantzeko hainbat ideia edo proposamen botatzen ditu. Hauxe da niretzat bere aurkezpenaren zatirik kaxkarrena. Ez dut esan nahi blog, wiki… edo Web2.0-ren garaiko baliabide digitalek zaharkituta geratu direnik, ezta gutxiagorik ere. Nire iritziz tresna baino gehiago proposatzen dituen erabilerak edo jarduerak daude zaharkituta eta faltan botatzen ditut, adibidez, teknologia mugikorrari lotutako proposamenak.
Manuel Arearen aurkezpenaren lehenengo zatiak duela urte luze bat ikastolako gurasoei Mikelek eta biok eskaini genien aurkezpena ekarri dit gogora. Orduan ere gure ikastolako gurasoei antzeko kontuak aipatu genizkien:
Aurkezpen horren amaieran eskola eredua aldatzeko lau eragite-ardatz proposatzen genituen:
- Alderdi metodologikoaren aldaketa beharrezkoa ikusten genuen (“Jakitearen logikatik egitearen logikara pasatu”)
- Ikaslean oinarritutako hezkuntza eredu baten garapena beharrezkoa zela uste genuen (“Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren jabe bihurtu”)
- Gestio/antolaketaren aldaketa bultzatu behar genuela intuitzen genuen (“Ikastolako aldaketaren kudeaketarekin hasi”)
- Konpetentzia digitalaren garapenari garrantzia berezia eman behar geniola iruditzen zitzaigun (“Digitalki alfabetatuak diren hiritarrak sortu”)
Gaur bertan irakurri dut beti interesgarriak diren Guida Al-lés-en azkeneko ekarpena. Eskola hobe baten bila nondik hasi behar dugun planteatzen du berak. Tira, positiboki harrituta geratu naiz ikusi dudanean berak aipatzen dituen autore desberdinen proposamenak, gutxi gorabehera goran aipatutako lau ardatz horien inguruan doazela. Gauza batzuk moldatu beharrean gaudela garbi dago baina uste dut orduan egindako hausnarketa baliagarria dela oraindik eta, nola edo hala. garatuko dugun IHP berrian jaso beharko ditugu.
Konpetentzia digitalaren gaira bueltatuz, otsaileko artikuluan azaltzen nituen bi alderdi horiek oso modu garbian islatuta ikusi ditut gaur Fernando Santamariak ekoiztu dituen bi mapa kontzeptual interesgarrietan. Bi mapa horien arteko lotura garbia da: “La competencia digital se adquiere mediante la alfabetización mediática”. Hortxe dago kontua. Uste dut, bi mapa kontzeptual hauekin, konpetentzia digitalaren inguruan jakin beharreko guztiak modu garbi eta txukunean jasota geratzen dela.
Competencia Digital
Alfabetización Mediática
EGUNERAKETA 2011-10-25, 21:18: Duela lau hilabete Futurelab-ek konpetentzia digitalaren inguruan argitaratutako bi txostenen berri ematen nuen nire “beste” koaderno digitalean. Bada oraintxe irakurri dut El Camarote blogak argitaratu berri duen azken artikuluan, bi dokumentu horietatik lehena erdara itzultzen ari direla. Ikusi dudanagatik ia amaituta dago itzulpena. Benetan txosten interesgarria da, konpetentzia digitalaz zer ulertzen den azaltzeaz gain adibide praktiko ugari proposatzen baititu. Ingelesezko bertsioa ez bazenuten irakurri bere garaian, orain aukera paregabea daukazue erdarazko bertsioa irakurtzeko. Merezi du, benetan.