Joko batean jokatzen ikasteko jokoa
Ikasleentzat baliabide didaktiko berriak diseinatu eta prestatzea lan astuna izaten da, are eta astunagoa oraindik honen konplexutasun maila handiagoa den heinean. Jarraian aurkeztuko dizuedana (egia esan, ez dakit oso ondo nola definitu: sekuentzia didaktikoa, ikastaroa, ariketa sorta, jokua…) baliteke orain arte prestatu dudan konplikatuenetako bat izatea. Egitura korapilotsua, ariketa jarduera sorta zabala eta niretzat berria den estrategia bat uztartzen dira bertan. Eta harrigarria bada ere, gutxitan disfrutatu dut abentura honekin disfrututa dudana.
Ikaragarri ondo pasatu dut muntai honi forma ematen eta uste dut nire semeak ere asko disfrutatu duela. Izan ere, Enekoren laguntza buruan nuenari forma emateko ezinbestekoa izan zait. Berak hartu du asmatzaile, aholkulari eta teknikari rola; nik bere ekarpenak jaso eta forma ematea besterik ez dut egin. Zenbat barre bota ditudan bere ateraldiekin!. Erabat engantxatuta ibili naiz joku honen (hauxe litzateke deskribapenik egokiena) diseinuan. Nire ikasleek nik gozatu dudanaren erdia gozatzen badute, niretzat nahikoa.
Tira, goazen harira. Azpian daukazuen baliabidea DBH1eko ikasleei zuzenduta dago eta, funtsean, Scratchekin programatzen ikasteko ikastaro bat da. Ikastaroak Eskoziako Gobernuak bere curriculumean txertatuta duen “Starting From Scratch” izeneko materiala erabiltzen du oinarri bezala. Jarduera sorta hori Jeremy Scottek sortu du eta ezarri dion lizentziari esker, lehenik jarduera guztiak euskaratu eta ondoren, nire egokitzapenak eransteko aukera izan dut. Aitzakia polita daukat nire ikasleekin Creative Commons lizentzien inguruan hitz egiteko.
Nire ekarpen pertsonala ikastaroa aurrera eramateko aukeratu dudan estrategian datza. Ikastaroa gamifikatzen saiatu naiz, alegia, jokoetan (nik esango nuke, batez ere, bideokuetan) erabiltzen diren dinamika eta teknikak programazio ikastaro bati aplikatzen saiatu naiz. Scratch bera, jada, programazioa ikasteko joko moduko bat bezala kontsidera badaiteke, ni joko hori erabiltzen ikasteko joko bat diseinatzen saiatu naiz 😉
Bideojokoetan esperientzia baduzue, ondorengo ezaugarri guzti hauek ezagunak egingo zaizkizue:
- Ikastaroa mailatan antolatuta dago. Lehenegoa izan ezik, beste guztiak blokeatuta daude. Maila bat gainditzea derrigorrezkoa da, hurrengoa desblokeatzeko
- Maila bakoitzean mini-erronka sekuentzia bat agertzen da, ikasleek banan-bana egiten joango direnak. Mini-erronka bakoitza burutzeko denbora tartea mugatua eta arrakastaz gainditzen denean, ikasleek token kopuru jakin bat irabazten dute.
- Maila bakoitza amaitutakoan, token kopuru gehien irabazten duenak, bere lorpenaren egiaztagiria izango den badge bat irabaziko du.
- Zazpigarren maila (azkena) zailtasun maila handiena duena izango da. Izan ere, hor ikasleek programa bat zerotik sortu beharko dute. Proiektuan irabaziko dituzten token kopurua balorazio matrize batetan jasota egongo dira eta programa erabiliko duten gelakideak izango dira token horiek eskainiko dituztenak.
- “The Magic Suitcase” delako maletatxotik, aurretik abisatu gabe, erronka txiki berriak sortuko dira, Scratchekin harremana gordeko dutenak baina zuzenean programak idaztearekin erlazionatuta egongo ez direnak. Erronka txiki hauek agindutako betean burutzen dutenek booster edo power-up direlakoak irabaziko dituzte. Ahalmen berezi hauek ez dituzte tokenak zuenean eskaintzen baian laguntza polita eskaintzen dute, gero, gela barruan egingo dituzten jardueretan tokenak irabazteko.
- Zazpi mailakin amaitu ondoren, gutxienez lau badge irabazten duen taldeak, MASTER SCRATCHER titulua eskuratu du. Horixe da, azken finean, ikastaroaren helburuak aise gainditu dituela adierazteko modu bat.
Horixe da, labur-labur “Starting From Scratch”-en deskribapena. Dena den, egokiena gunera salto egin eta bertan agertzen denari bistazo bat botatzea. Azpiko irudian klikatuz ikusiko duzuen gunea ikasleentzat prestatu dudanaren kopia bat besterik ez da. Hauenak, maila guztiak blokeatuta ditu (ez dituzte ikusten barruko jarduerak) eta jardueren iraupena, astelehenean jokuarekin hasten garenean, egokitzen joan beharko naiz, izan ere, oraindik ez daukat oso garbi norainoko soltura izango duten nire ikasleek horrelako ariketekin hasten direnean.
Amaitu aurretik gauza pare bat:
- Asko dira gamifikazioari buruz hitz egiten duten guru eta gurusak. Euren agregatzaileetara heltzen diren albisteak edo sare sozialetan harrapatzen dituzten artikuluetan idatzita datorrena errepikatu besterik egiten ez dutenak. Adituak omen dira baina, sarean urte batzuk daramatzagunok, euren mezua juxtu-juxtu nik goiko lerroetan idatzi dudanaren berdina izaten da. Gamifikazioaren teoria hutsaz hitz egiten dute, hau teknika eta norma batzuen aplikazio soila izango balitz bezala. Ez dute ezer berririk gehitzen. Edozein jarduera gamifikatzea hori baino konplexuagoa izan behar duela uste dut nik. Arauak ulertu eta aplikatzen direnean, jokua aspergarria bihurtzen bada, tokenak eta badgeak eskuratzea anekdota bat besterik ez da izango. Ikasleak ez dira jokura engantxatuko. Gamifikazioak ikasleen kuriositatea eta jakinmina piztuta mantendu behar du, koopetentziaren (kooperazioan oinarritutako konpetizioa; horrelako jarduera batzuk aurkituko dituzue ikastaroan) oreka zailari eutsi behar dio, animoak eta gogoak bizirik mantendu behar ditu… Eta hori guztia teoria hutsetik praktikara pasatzerakoan soilik bizi eta kudeatzen da. Horixe da ikastaro hau martxan jarrita ezagutu eta ikasi nahi dudana. Norbaitek gamifikazioaz hitz egiten duenean, zertaz ari den badakien edo inongo kriteriorik gabe ari den desbedintzeko pista gehiago izateko modua izango dut horrela.
- Gunea bisitatzen duzuenok, terminologia ugari ingelesez erabili dudala ikusiko duzue. Honekin duda handiak izan ditut. Hasieran, mini-erronka guztien izenak euskaraz idatzi nituen baina, kasu askotan, zaila egiten zitzaidan ingelesez erabiltzen ziren hitz jokuak (A Mazing Game!, adibidez) euskarara itzultzea. Programazio kontzeptu asko ere (Event-driven programming eta debugging, adibidez) euskaraz nola diren ez nuen garbi. Jeremy Scotten bideotutorialak euskarara itzultzekotan ere ibili nintzen baina lan astuna zen hori eta, gainera, bideotutorialetan erabilitako ingelesa nahiko sinplea zela iruditzen zitzaidan, ikasleek erraz ulertzeko modukoa. Eta hori guztia gutxi balitz, bideojokuetan agertzen diren elementuen izenen (token, badge, booster, power-up…) baliokideak euskaraz itzulitzen nituenean, “indarra” galtzen zutenaren sentsazioarekin geratzen nintzen. Panorama ikusita, azkenean, gune eleanitza sortzea erabaki nuen: azalpen guztiak euskaraz daude, baina badira elementu puntual batzuk ingelesez utzi ditudanak.
Astelehenean hasten gara abentura berri honetan. Izango dituzue sortuko diren gorabeheren berri txoko honetan.