Bere metodologia eskola material jakin eta itxietan oinarritzen duen ikastola batek, honen erabilera akritiko eta errutinazkoa egiten duen irakasleriaren konplizitatearekin, nekez lortuko du inklusiboa edo barneratzailea izatea. Izan ere, ikasmaterial hauen ohiko erabilerak inplizituki dakar “maila bat” (ikasle guztientzat bat eta bakarrik bat) eskuratzea, gehienetan eduki kontzeptualen barneratzearekin lotuta eta ikasle guztientzat berdina izaten den galdera/erantzun sekuentzia baten bitartez bermatu nahi izaten dena. Bide honetatik ikasleen gehiengo batek halako maila bat duela egiaztatzea izaten da ikastolak bilatzen duena. Duela urte batzuk (ez dakit gaur egun terminologia bera erabiltzen jarraitzen den) maila hori zehazten zuten helburuei helburu estandar-ak deitzen genien (DBHn behintzat, horrela zen).
Helburu estandar hauek gelako errealitatea bi multzo handitan banatzen zuten: gaitasun arrunt, altu edo oso altuko ikasleen taldea eta zailtasunak zituztenen taldea. Gainditu beharreko langa hori non kokatu behar zen ikasmaterialak diseinatzen duen argitaletxe edo erakundearena izaten zen batzuetan (Ostadar proiektu berriaren inguruan Azpeitiko Antxieta jauregian egindako formazioa saioetan, Ostadarreko Matematikako arduradunak material berri hura ikasleen %85ak helburu estandarrak eskuratzeko diseinatuta zegoela esan zigun, adibidez) Batzuetan, ikastola bakoitzaren errealitate partikular eta sozialaren arabera, langa hori egokitu egiten da eta ikastolako zuzendaritza organoek erabakitzen dute mailaren marra hori non kokatu behar izaten den. Halere, irakasleok izaten gara gehienetan oztopo hori gainditzeko zailtasuna zenbatekoa izan behar den erabakitzen dugunok. Ikasturtero ikasmaterial berbera erabiliz, azalpen eta adibide berdinak transmitituz, metodoa behin eta berriro errepikatuz eta froga idatzi berdinak ipiniz (gure aldetik apenas aldaketarik txertatu gabe ikas-irakaskuntza prozesuan), urtetik urtera aldatzen joaten diren promozio berri bakoitzari helburu estandar horien marra non jarri, irakasleok hartzen dugun erabakia izaten da. Horrela, batzuetan egoera barregarrien (edo negargarriak, zuek nahi duzuen bezala) aurrean aurkitzen gara; duela urte batzuetako promozio batzuetan zailtasunak izan zituzten ikasle batzuk, gaur egun zehaztuta daukagun marraren gainetik egotea, adibidez.
Gure lana benetan birplanteatzea eskatu beharko luketen xehetasun horiek alde batera utziz, zailtasunak dituzten ikasleei eskaintzen zaien laguntza, gehienetan, helburu horien sinplifikatzearekin lotuta egoten da. Apalagoak diren helburu horiei oinarrizko helburuak deitzen diegu. Esan bezala, helburu estandarren egokitzapenak dira, gehienetan edukien konplexutasun maila baxuago batekin erlazionatutakoak. Erabiltzen dugun ikasmaterialarekin batera datorren irakaslearen gidan zehaztuta datoz eta, beste batzuetan, irakasleok erabakitzen ditugu zeintzuk diren oinarrizko helburu horietara heltzeko ikasleek gainditu behar dituzten jarduerak. Hauek gela barruan, beste guztiekin batera lantzen dira (zaku berean doaz) eta gero, froga idatzi berezi baten bitartez zenbateraino eskuratzen diren neurtzen da. Horixe da urte askotan hartu izan dugun neurri nagusia, gela barruko aniztasunari erantzun bat emateko. Zailtasunak dituzten ikasleen benetako beharrak asetzen ez dituen neurri bat, alde batetik, eta eragin kolateral sakonak izan dituena (gure ikastolan, behintzat, hala izan da), bestetik.
Ikastolan lanean hasi nintzen DBHaren ezarpenarekin batera. Hamasei urte arte derrigorrezko eskolaratzea luzatzeak gela barruko ikasleen heterogenotasunean eragin zuzena izan zuen. BBB eta UBIa ezagutu genuenok, nahiko lekuz kanpo ibili ginen lehenengo urte haietan (bai, nik ere badut irakasle bezala, iragan ilun bat ;-)) Baina orduko egoera konplikatua bazen ere geletako aniztasunaren ikuspegitik, ez du zerikusirik gaur egun bizi dugunarekin. Azken hamarkadan geletan daukagun kultura eta hizkuntz-aniztasunarekin, orduko oinarrizko helburu haietako asko goi-mailakoak bihurtu dira geroz eta ugariagoa den ikasle profil berri batentzat. Ikasle hauekin jada ez da nahikoa edukien maila jaistea. Ikasle horiek beste guztien erritmoa jarraitzeko gai ez direla esaten dugu, ezin dutela klase normal bat jarraitu. Eta zein da proposatzen dugun irtenbidea? Gure praktika aldatu? Beste ikasleekin batera dauden bitartean, helburu pertsonalizatuak definitu eta hauen lorpena bermatzeko gure metodoa aldatu? Bada ez. Ikasleak gelatik ateratzen ditugu (ez dakit zer egin ikasle honekin, esaten dugu) eta ghetto txikietan sartzen ditugu. Helburu egokituak lantzea gutxi balitz ikasle horiek markatzeko, oraindik gehiago bereizten ditugu gelatik ateratzen ditugunean. Denontzako ikastola izan nahi duen ikastola batek, barneratzailea, demokratikoa eta bidezkoa izan nahi duen ikastola batek, ezin du bere printzipioen aurka doan horrelako erabaki bat hartu. Edo bere identitate ezaugarriak aldatzen ditu edo bere praktikak, metodoak, bitartekoak eta barne-antolaketa aldatzen ditu.
Hori esaterakoan ez dut adierazi nahi ni bekatutik kanpo nagoenik, ezta gutxiagorik ere. Ni ere mailaren marra hori ipini dudan irakasleetako bat naiz. Eta ziurrenik baztertu izan ditut ikasle asko marra horretara ez direlako heldu. Nik ere sentitu dut ikasleek nik zehaztutako maila horretara heldu nahi ez izateak sortzen duen frustrazioa. Askotan haserretu naiz ikasleek ez dutelako egiten nik agintzen diedana eta kexatu naiz, baita ere, ikasleen immobilismoaz eta apatiaz. Baina nola kexatu naiteke ni horretaz? Zenbat aldatu dut nire gela barruko praktika, nire metodoa irakasle lanetan hasi nintzenetik? Non jarri diot nire irakasle zereginari nire mailaren marra? Eta non jarri didate ikasleek marra hori?
Hori guztia horrela izan bada ere, uste dut azken urte hauetan, hezkuntzaren eta, konkretuki, ikastolaren funtzioaren inguruan dudan pertzepzioa aldatzen joan dela. Nire zeregin profesionalaren inguruan dudan ikuspegia aldatu egin dut. Eta garapen honek Peter Kugel-ek proposatzen duen ereduarekin bat egiten duela konturatu naiz. Nire ibilbide profesionalean nire atentzio fokua denborarekin aldatzen joan dela uste dut, Kugelek aipatzen dituen azpiko hiru fase horiek igaroz:
Ikastolan egindako ia urte gehienak nire gaia izan da nire kezkarik nagusiena, nire edukiak eta horretarako erabilitako materialak. Eta orain uste dut enfokea ikasleengana aldatu dudala, hauen garapen akademikora baina, baita ere, pertsonalera. Eta bilakaera honek topo egiten du eskura ditudan ikasmaterialek izan duten bilakaerarekin denbora tarte berean. Gehienak eduki bilduma itxiak izaten jarraitzen dute (geroz eta politagoak eta erakargarriagoak, hori bai), ikasleen aniztasunari erantzuteko motz geratzen direnak (guztientzat berdinak direlako; ikasle desberdinen berezitasunei erantzuteko motz geratzen dira) eta ikaslearen bakarkako lana bultzatzen dute (ariketa zerrenda luzeen bitartez edota lan-koaderno gehigarrien bitartez).
Etorkizunean, ikasleekin landu beharko ditudan gaietan, edukiak transmititzea soilik jarraitzen badu nire zeregin nagusia izaten, nire praktika ikasmaterialetan oinarrituta izaten jarraitu beharko du. Eta modu horretara, kontzeptuzko edukien konplexutasun maila txikitzea edo ohiko talde dinamikatik ikaslea aterata, jarraipena pertsonalizatuagoa ematea izango dira geratuko zaizkidan aukera bakarrak ikasle horien beharrei erantzuteko. Eta hori egiten badut, nire ikasleei huts egingo diet beste behin.