Iaz, DBH 1-eko ikasle batek hasiera eman zion orain aurkezten dizuegun mapa honi. Egundoko lana egin zuen arren, amaitzeko astirik ez eta ikasturte honetan amaitzea erabaki genuen. Horregatik, aurtengo DBH 1eko ikasleekin (12 urte) proiektuari heldu diogu eta lan kolaboratzaile gisa amaitzea erabaki genuen.
Horretarako, aurtengo ikasleak kolaboratzaile gisa gonbidatu nituen mapa horretan eta gure posta zerbitzua erabiliz, egin beharreko lanaren xehetasunak helarazi nizkien. Horra hor ezaugarri nagusiak:
- Hasita zegoen mapa bukatzea zen lanaren xedea
- Gela bakoitzak lurralde ezberdinak hartu behar zituen
- Ikastolen Elkartearen gunean dauden datuak erabili behar zituzten mapan kokatzeko
- Kokapena ahalik eta zehatzena bilatu behar zuten
- Ezagutzen dituzten tresna kolaboratzaileak erabiliz, norberak sartu beharreko ikastolak zehaztu behar zituen
Ikusten duzuen bezala, nahiko sinplea da erabilitako sistema eta saio bakar bat nahikoa izan da orain aurkezten dugun mapa hau “osatzeko”. Eta kakotxen artean kokatzen dut, amaitu gabe dagoelako. Mapa amaitzeko zuen laguntza eskatu nahi dugu.
Lan honekin, beste gauza batzuen artean, lan kolaboratzaileek duten ahalmen ikaragarriaz ohartarazi nahi nien. Hau da, bakoitzak jarritako ale txiki batekin, behar bezalako baliabideak erabiliz, gauza txukunak eta indar handikoak egin zitezkeela frogatu nahi nien.
Nik uste dut hori bizi dutenez, nahiko ongi barneratu dutela, baina orain pausu bat gehiago eman nahi dut eta horretarako zuen laguntza behar dut. Ikasleek eginiko mapa horretan akats batzuk ikusi nituen eta ikastola batzuk sartu gabe gelditu dira. Horregatik, zuen laguntza eskatzen dut ikusten dituzuen akatsak iruzkinetan adierazteko. Beraiek harpidetuta daude blog honen iruzkinetara eta zuen zuzenketen berri berehala izango dute. Honela, ikasleak ohartuko dira lan mota hauen beste ezaugarrietako bat jendearen partaidetza eta elkarreragina dela.
Euskal Wikipedian ekarpenak egiten jarri nahi ditut, baina ez nuke nahi “derrigortuta” horrelakoetan jartzea. Aitzitik, konbentzituta eta gogoz ikusi nahi ditut. Hiritar gisa jokatu dezatela, gutxitan aitortzen zaien protagonismoa hartu eta euren etorkizunerako horren beharrezkoak izango diren lan egiteko era hauetan trebatu eta ezagutu ditzatela.
Aldez aurretik, zuen zuzenketak eskertu nahi ditut, nire ikasleentzat adibide bikaina izango dira eta, bide batez, ikastolen mapa hobe bat eraikiko dugu.