Duela egun batzuk argitaratu nuen post batean, etxerako bidalitako lanen inguruan ikusten nituen arazo nagusienak plazaratzen ahalegindu nintzen. Aspalditik ibili naiz, ikusten nituen eragozpen horiei irtenbidea aurkitu nahiean baina ez da erraza izan. Boteprontoan eta gehiegi pentsatu gabe, ikasleei ariketak Word-en egin eta e-postaz bidaltzea otu zitzaidan baino garbi nuen metodo sinpleagoa, praktikoagoa eta, batez ere, eraginkorragoa izan beharra zeukala. Udara osoa eraman nuen handik eta hemendik, nahi nuena aurkitu nahiean eta nola erabiliz pentsatuz.
Lehenik eta behin, arazoak identifikatzea zen helburu nagusia. Ondoren, arazo hauei aurre egiteko, erabiliko nituen tresnen ezaugarriak zehaztea tokatzen zen.
- Tresna digitala behar nuen, egindako lanak erraz sortu, editatu eta gordetzea ahalbidetuko lukeena. Lehen fase batean, ikasleek tresna honekin egingo lituzketen ariketak, batez ere, ulermena eta adierazmena jorratzeko balioko lukete. Beraz, testu motzak, modu sinplean idazteko tresna bat aurkitu beharko nuke. Halere, poliki-poliki, kalkulu sinpleak dituzten ariketak ebazteko ere balio beharko luke, beraz, formula eta ekuazio matematikoak modu errezean txertatzeko aukera izatea baloratzea ezinbestekoa zen, ohiko testu prozesadoreek duten ekuazio editorea baino sinpleagoa eta eraginkorragoa izan beharko litzatekeelarik, noski.
- Ikasleek egindako lanak jaso eta biltzeko sistema erraza behar nuen. Hasiera batean, ariketak posta eleltronikoz jasotzea pentsatu nuen baina segituan baztertu nuen ideia hori. Nire hogeitasei ikasleen ariketak jaso ondoren, hauek antolatu, zuzendu eta balorazioa egitea lan konplikatua zen sistema honekin. Beste zerbait behar nuen, sinplea baina era berean efektiboa eta batez ere, antolaketa aldetik, lan asko suposatuko ez lukeena.
Bi abiapuntu horietatik, lehenengoa burutzeko, TiddlyWiki-ra jo nuen. Jeremy Ruston-ek sortutako apikazio honen ezaugarri nagusienak hauek dira:
- TiddlyWiki (TW hemendik aurrera) HTML fitxategi bakarra da, non fitxategi horren barruan web orriaren HTML, CSS eta Javascript osoa biltzen den. Guztira 171 KB-etako “pisua” duen artxibo bakarrez osatua dago.
- Aplikazioa off-line nahiz on-line erabil daiteke. Honek abantail handiak ekartzen ditu. USB memoria batean gorde daiteke, informazioa zurekin edonora eraman dezakezularik. Edozein ekipoan konektatu eta listo; TWa erabiltzen hasteko moduan zaude. Gero, horrela nahi izanez gero, internetera igo daiteke informazio hori, edonondik kontsultatu ahal izateko.
- Informazioa “tiddler” izeneko unitateetan antolatzen da. Tiddler bakoitzak bere izenburua, bere gorputza eta etiketatze sistema propioa du. Informazioa txertatzeko erabiltzen duen lengoaia berezkoa du baina wiki arruntetan erabiltzen denarekin antz handia du. Oinarrizko erabileran trebatu nahi bazarete, Gorka Palazio irakasleak, gida txiki bat prestatuta dauka. Nahikoak dira ordu gutxi batzuk tresna aise erabiltzeko.
- Tiddlerretan gordetako informazioaren kudeaketa, oso modu eraginkorrean egiten da. Informazio guztia HTML artxibo bakar batean dagoenez, bilaketak ziztu batean burutzen dira. Bestalde, tiddlerrak dataren arabera, alfabetikoki nahiz etiketen arabera antola daitezke. Informazioa oso modu eraginkorrean antola daiteke, zalantzarik gabe.
Hemen daukazue TWaren oinarrizko ezaugarrien inguruan Gorka Palazio irakasleak, YouTuben zintzilikaturiko bideoa:
Jadanik kalean da aplikazio honen 2.1.3 bertsioa. Aspalditik dago euskaratuta Tiddlywiki; Gorka Palaziok berak euskaratu zuen 1.2.38 bertsioa. Kontua da, TWaren garapenean aukera eta zerbitzu berriak eransten joan direla, aurretik egindako itzulpenak baliogabe geratu direlarik. Horrela, duela aste batzuk, Gorkaren itzulpena oinarri bezala hartuz, 2.0.11 bertsioa euskaratzeari ekin nion. TiddlyWikiarekin probatu nahi duenak hemendik jaitsi dezake euskarazko bertsioa.
USB batean inongo arazorik gabe gorde daitekeen aplikazio honek, halere, formula matematikoak idazteko aukerarik ez du eskaintzen. “Egongo ote da antzekorik baina formula matematikoak idazteko aukera izango duena?” galdetu nion nire buruari. Bila eta bila aritu ondoren, ASiencePad delakoarekin topo egin nuen. TWren gainean egindako moldatze honek abantail nagusi bi aurkezten ditu, batez ere, ikasleekin erabiltzerakoan. Alde batetik, HTMLArea izeneko WYSIWYG editorea integraturik dakar (ez banago oker Moodle-ek duenaren berdina da). Honen bitartez, ez da beharrezkoa wiki-hizkuntza ezagutzea testuari formatua emateko; honen bitartez, nire ikasleek euren apunteak botoi barra baten bitartez formateatu ditzakete, kode berezirik erabili gabe . Bestalde, ASCIIMathML eta ASCCISvg javascript fitxategien integrazioari esker, formula matematikoak eta mota guztietako grafikoak gehitzeko prozedura izugarri sinplifikatzen da. Java fitxategi hauei esker, formulak MathML lengoaian oinarrituz txertatzen dira TWan. MathML, XMLan oinarritutako lengoaia da eta hori da, hain zuzen ere, W3C erakundeak hobesten duena formula eta ekuazio matematikoak erabiltzerakoan. Ez dut LaTEX gehiegi ezagutzen baina adituek diotenez, azken hau askoz ere aberatsagoa eta indartsuagoa da formulak txertatzerakoan. Nire ustez MathML-n oinarritutako hau, askoz ere intuitiboagoa eta erabiterrazagoa da LaTEX baino; niri konplikatua egiten zait LaTEX-ekin lana egitea eta nire ikasleei oraindik gehiago. Horregatik, hain modu sinplean txertatzen direnez formulak, nire ikasleekin MathML-an oinarritutako hizkuntza hau erabiltzea erabaki dut. Eta egia esan, egun gutxi batzuen ostean, formulak inongo arazorik gabe txertatzen ikasi dutela esan beharra daukat
Hurrengo artikuluan komentatuko dizuedan bezala, arazo batzuk izan nituen ASciencePad-ekin. Hori dela eta, Bram Chen-ek, TW arrunt bati gehitutako HTMLArea pluginaren bitartez, sortutako TW berriarekin probatu nuen. Modu honetara, USB batean gordeta, ikasleek beti gainean eraman dezaketen “koaderno digitala” aurkitu nuen. Gelara sartu orduko, euren TWa ordenadoreari lotu, eta edozein motatako apunteak, oharrak edo albisteak jasotzeaz gain, euren etxeko lanak bertan apuntatu eta ondoren bertan egiteko aukera dute, hau guztia oso modu sinplean burutzen delarik.
Aplikazio hau probatu nahi duzuenok hemendik jaitsi dezakezue (bertsio hau ere euskaraturik dago). TWan txertatuko duzuen ASCIIMathML kodea, nabigatzaileak renderizatu ondoren, formula modura era egokian ikusteko, letra mota bereziak instalatu beharko dituzue zuen ekipoan. Hemendik jaitsi dezakezue letra motak instalatuko dituen exekutagarria. Azkenik esan, lehenetsitako nabigatzaile bezala Firefox erabiltzen baduzue, ez duzuela besterik behar izango. Baina Internet Explorer erabiltzen baduzue (nik 6. bertsioarekin egin dut proba bakarrik), ondorengo bi pluginak instalatu beharko dituzue: MathPlayer eta AdobeSVGview
Probatu eta esango didazue.
Informazio gehiago: Nire del.icio.us