Motibazioa

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eguneroko iraultza txikiz osatzen dela sinesten dut. Harluxet hiztegiak, bere edizio digitalaren bigarren sarreran, honelaxe definitzen du: IRAULTZA: Zientzia, arte, etab.etan ikuspegi berri batek aurrekoarekiko etena sortzea; erabateko aldaketa sakona. Uste dut horretan datzala prozesua: ideia berriak zaharrekin alderatzean, ikuspegi berriak sortu eta eraikitzeko.

Helburua bete nahi duen edozein iraultzak gidari zuhur eta ziurra behar du. Iraultzaileekin batera prozesuaren nondik norakoak erabakiko dituena, bere “gerrillari” bakoitzaren alderdi indartsuak azalerarazten lagunduko duena eta ahulezia momentuetan, helburuaren garrantzia ikusaraziz, motibatuko dituena. Baina, nola motibatu gure “gerrillari urbano” txikiak, guk geuk motibazioa galdu dugunean?

Arrazoiak mila izan daitezke: sistemarekiko gehiegizko lotura, unean uneko egoera pertsonala, gure lanaren garrantzia gogorarazten ez digun inor, lotsa, beldurra… Askotan dago zerbait burua beste toki batera eramaten duena. Erlazio binkularreko adituren batek esango dit nire arazo pertsonalak eta lanean izan behar dudan jarrera bereizi beharko nituzkeela. Nik, ordea, aitortu behar dut ezinezkoa dudala hori.

Galderak airean jarraitzen du. Eta ez da broma. Zer egin dezaket motibazioa galdu dudanean? Nire barnean bilatu dut: gustukoa dudana egiten dut; bizitzari aurre egiten laguntzen didan soldata dut; beti daukat ezer berririk ikasteko; borrokatzea dut gustuko… Eta, egian esan, diru zikina da aurrera egitera bultzatzen nauena. Egiten dudana ez dut gustuko, ikasteko denbora gutxi daukat eta borrokatzeko nekatuegia sentitzen naiz… Hitz gutxitan esanda: ez nago. Are gehiago, gazteleraz esaten den bezala: “Ni está, ni se le espera”.

Zerotik hasteko beharra sumatzen badut ere, ez dut denarekin apurtzeko adorerik, ez dut babesik sentitzen aldaketen aurrean gerta daitekeen edozer egoerari aurre egiteko eta, nire ustez okerrena dena, zaharberritzeko ahulegi sentitzen naiz.

Nire iraultzaren prozesua kontraesanez betea dago. Iraultza egin nahi dut, baina gehiegi eskaini gabe. Eta hori ezinezkoa dela ematen du… “Errealistak izan gaitezen: eska dezagun ezinezkoa dena”. Hala zioen iraultzaile handi batek. Agian, hortik habiatu beharko.

Orain, aldiz, beste kezka nagusiago bat dabilkit burutik: sekulako motibazioa duten ikasleek hura galtzeko eta beste eskola eredu bat posible dela gezurtatzeko arriskuan daude nire gogo faltagatik. Inoiz barkatuko al didate beraiekin egindakogatik?

Ikas-prozesuaren ondorioei buruz

Egun hauetan amaiera emango diogu ikasturte berri honen hasieran esku artean izan dugun lehenengo proiektuari. Talde berri honekin lanean hasi nintzenean nituen helburu guztien artean nagusienetako bat gazte hauek bizitzarako prestatzea zen. Horrela, ikaskuntza prozesuen ardatza ikasleak eurak bilakatzea eta ikaskuntza bera esanguratsua bihurtzea bilatzen aritu naiz hilabete hauetan.

Aspalditik nabil kezkatuta ikasleek ikastolan egiten dituzten jendaurreko ahozko aurkezpenekin, bai komunikazioaren ikuspegitik baita hauetarako prestatzen dituzten ekoizpen digitalarekin ere. Geroz eta gehiago dira hezkuntza ertainean ikasleek egiten dituzten aurkezpenak gelakideen aurrean eta zalantza asko ditut irakasleok aurkezpen hauek planteatzeko dugun moduarekin.

Kontutan izanik nire taldeko ikasleek datorren urtean euren ikasketekin jarraituko dutela gure ikastolatik kanpo eta ikastetxe berri horietan jendaurrean aurkezpenak egiten jarraitu beharko dutela (eta baliteke lanean hasten direnean ere horrelakorik egin behar izatea), garrantzitsua iruditu zitzaidan aurkezpenak egiteko prozesuari buelta batzuk ematea nire ikasleekin. Laister izango dituzue proiektutxo honi buruzko xehetasun gehiago. Oraingo honetan asteburu honetan gertatutako anekdota bati buruz hitz egin nahi dizuet.

Aste batzuk lanean gogor aritu ondoren, azken bi aste hauetan prestatutakoa gelakide guztien aurrean aurkezteko tokatzen zen. Aurrekoan, entsegu orokorren txanda izan zen. Ikasle bakoitzak bere aurkezpena nire aurrean egin behar zuen. Entsegurako prestatutako kontrol zerrenda baten bitartez, aurkezpenaren aurrebaluazioa egin nien. Euren aurkezpena bideoan grabatu nuen eta amaieran ikasle bakoitzari bere aurkezpenaren kopia bana eman nien, USB batean, hutsik zegoen kontrol zerrenda batekin. Nire asmoa euren saioa etxean ikusi eta ondoren autoebaluazioa egitea zen, euren  balorazio pertsonala nirearekin kontrastatuz.

Ez zen lehenengo aldia jendaurrean aurkezpen bat egiten zutela. Egia da, oraingo honek ezaugarri propio eta desberdinak zituela orain arte egindakoekiko eta gainera, bideoan grabatuta geratu behar zela. Baina, tira, ni bakarrik egonda entzule bezala, konfiantzazko giro nahikoa izango genuela uste nuen hitzaldian lasaitasunez aritzeko. Horregatik ez nuen imajinatuko hain urduri jarriko zirenik entsegu orokorrerako.

Halere, honi buruz ere aurretik hitz eginda geunden. Urduri egotea normala dela baina hori kontrolatzen ikastea ere egiten ari ginen lanaren helburu bat zela esan nien. Gauzak perpespektiba piska batekin ikustea eskatu nien. Askotan aipatu diedan bezala, bizitzarako prestatzea zela honen guztiaren helburua eta, etorkizun laburrean horrelako egoeren aurrean behin baino gehiagotan topatuko zirenez, aukera hau ikasten joateko aprobetxa zezatela esan nien.

Edonola ere, entseguekin amaitu genuen. Orokorrean gustura geratu nintzen ikasleek egindako lanekin, kontutan izanik lehenengoz heltzen ziotela aurkezpenak egiteko modu “berri” honi. Guztiek izan zituzten hobetu beharreko alderdiak baina askok eurentzat ezezagunak ziren alderdi positibo desberdinetaz jabetu ziren. Eta horrelaxe azaltzen ahalegindu nintzen guztiei.

Baina ikasleak nonbait ni baino askoz ere zorrotzagoak dira euren burua ebaluatu behar dutenean. Izan ere, bakoitzak bere pendrive-ean zuen bideoa etxera eraman eta egindakoaren analisia egin ondoren, batek baino gehiagok azaldu zidan aste honetarako zehaztutako aurkezpen ofizialean parte ez hartzeko asmoa.

Ikasle batzuk galdetu zidaten ea behartuta zeuden azken eguneko aurkezpena egitera. Nik ezezkoa esan nien. Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren arduraduna bihurtu nahi baditut (hamasei hamazazpi urteko ikasleak ditut), ikaskuntza prozesuaren ondorioa berak (eta ez nik) jasotzen duen zerbait ulertarazi nahi badiot, zenbateraino du zentzua ikaslearen partehartzea behartzea, egin nahi ez duen zerbaitera derrigortzea? Irudipena daukat askoz ere hezitzaileagoa dela ikasleei jabearaztea horrelako zereginak burutzea euren ikas-prozesuan duten eraginetaz, “por dekreto” derrigortzeaz baino.

Onartzen dut erabaki hau polemiko samarra izan daitekeela irakasleon artean. Are gehiago, nire lankide batzuk uste dut ez zetozela bat nire kriterioarekin. Tira, asko eztabaida daiteke gai honen inguruan, ikaslearen heldutasun akademiko eta autonomiarekin lotura zuzena duen atala baita. Kontua da, aurkeztu edo ez aurkeztearen erabakia ikasleengan utzi nuela.

Igandean ikasle batek zera galdetu zidan: “Zerbait gertatuko litzateke gutako norbaitek aurkezpenik egingo ez balu?” Elkarrekin hainbeste denbora egin ondoren, hainbeste azalpen eman ondoren gelan egiten dugun lanketaren metodologia eta helburuen inguruan, horrelako galdera bat ikasle batengandik jasotzea desilusio puntu bat suposatu zidan. Zer adierazi nahi zuen ikasleak “ondoriorik” egongo ote ziren galdetzen zuenean? Neurri berezirik hartuko ote nituen? Zigorrik egongo ote zen? “Gutxi” jarriko ote nion kalifikazio buletinean? Errekuperaziorik egin beharko ote zuen? Ez al da oraindik nahikoa elkarrekin egin dugun bidea planteamendu zahar eta konduktista horiek ahazteko? Hain konplikatua egiten al zaie ulertzea ikastea euren esku dagoela? Ikas-prozesuaren emaria beraiek hartutako konpromisoaren ondorioa dela eta inondik inora ez direla helburuak lortuko irakasleak behartuta ere?

Ikasleak egindako galderari “Noski baietz” erantzun nion. Ez zen denbora asko igaro bere erantzuna jaso nuenerarte: “Eta jakin al dateke zeintzuk izango diren ondorio horiek?” galdetu zidan.

“Ba nagusiki bi”, erantzun nion. “Alde batetik, zure gelakideekiko ez zenuke oso zintzo jokatuko. Besteen ahalegina hor dago, hortxe daude guztiak aurkezpena prestatzen biharko. Zuk atzera egiten baduzu, ez dut uste leialtasunez jokatzen ari zarenik beraiekiko. Eta bestetik, niretzat dezepzio handia izango litzateke. Hainbeste hilabeteren ondoren ez baitzaitut konbentzitu gauzak zuk uste duzuna baino hobeto egiteko gai zarenik eta zailtasunen aurrean, atzera egin baino, aurrera egiten ikasi behar dugula.”

Atzo gelakide eta irakasleen aurrean aurkezpen ofiziala egiteko eguna zen. Hamar ikasleetatik bostek bakarrik egin dute aurkezpena. Dezepzioa bost bider handiagoa izan da. Zerbait gaizki egin dut.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) estrategia didaktiko bezala: justifikazioa (I)

Eskola gehienetan gela barruko eguneroko dinamika nolakoa den ezagututa kontrakoa badirudi ere, ikasleei aurretik zehaztutako helburuen lorpena bermatzeko modu desberdin asko ditugu irakasleok. Gehiago oraindik, curriculumak zehazten dituen helburu horiek benetan lortu nahi badira, gelan erabili beharko genituzkeen estrategia didaktikoak helburu horietara egokituta egon beharko lirateke, eta ez alderantziz, gehienetan gertatzen den bezala.

Alegia, helburua “Problema matematiko sinpleak eta eguneroko problemei soluzioa emateko estrategia pertsonalak landu, estrategien komenigarritasuna emaitzen analisiaren arabera baloratuz” izanda, gela barruan erabili beharko genukeen metodologia “Bigarren mailako ekuazioak sailkatu eta ebatzi kasu bakoitzean formularik egokiena aplikatuz, eta problemak ebatzi, metodo analitikoari jarraituz” helbururako erabiliko genuenarekiko desberdina izan beharko litzateke. Baina irakasleok curriculumaren azken zehaztapen mailan definitutako helburu sinple hauei soilik erreparatzen diegu ia beti eta gehienetan “edukiak memorizatzeko” prozesuekin nahasten ditugu, ziklo edo etapako helburu orokorrak erabat desbirtuatuta geratzen direlarik (eta konpetentzien garapena, zer esanik ez)

Ikasleek garatu behar dituzten konpetentzien eta lortu behar dituzten helburuen zerrenda zabala eta anitza bada ere, irakasleok jarraitzen dugu buru-belarri estrategia didaktiko bakarra erabiltzen kasu gehienetan, batez ere, bigarren hezkuntzan: edukien memorizazioari lotuta dagoena eta oinarria irakaslearengan ipintzen duena, hain zuzen ere. Bide horretatik curriculumak zehazten dituen helburu eta konpetentzia orokorrak garatu gabe geratzeaz gain, ikasteko modu “uniforme” horien aurrean eroso sentitzen ez diren ikasleak “bidean geratzen zaizkigu”. Gure praktika sinplista eta errazak (erosoa ere, esan beharko nuke) baztertu egiten ditu metodologia alternatiboekin “figurak” izatera heltzeko aukera izan dezaketen ikasle asko (tira, aipatu dugu hau ere beste behin, futbol jokalari ezagun baten adibidearekin).

Laburtuz, irakasleok gure konfort egoeratik irten beharko ginateke eta estrategia didaktiko berriei lekua eman beharko genieke gure eguneroko praktikan bi arrazoi nagusirengatik:

  • Konpetentzietan oinarrituta curriculum berriek markatzen duten bidearekin koherenteak izateko
  • Ikasleen aniztasunak suposatzen duen “aberastasunari” (zenbat eskoletako IHPetan ez den agertuko hain dotore geratzen den esaldi hau, baietz?) benetako erantzun bat emateko

Asko dira aurreko bi helburu horiei egokitzen zaizkien estrategiak. Nik esango nuke guztiek hiru ezaugarri komun dituztela:

  • Metodologia aktiboak dira; jakite soilarekin baino egiten eta izaten jakitearekin erlazionatuta daudenak.
  • Ikaskuntza kooperatiboan oinarritzen dira; aniztasunari erantzuteko bide bakarra dela egiaztatuta dagoela esango nuke nik.
  • Adimen anitzen ebidentziak jaso eta hauen garapena bilatzen dute.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI euskaraz; Project Based Learning (PBL) ingelesez) helburu bezala goiko biak eta ezaugarri bezala aurreko hiruak dituen estrategia didaktiko bat da, beste hainbesteren artean.

Amaitzeko, ez dugu nahastu behar Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ohiko metodologia tradizionaletan osagarri moduan erabiltzen ditugun praktika, esperimentu edota proiektu osagarriekin. Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza estrategia didaktiko INTEGRALA da, ez dator beste estrategiak dituzten hutsuneak osatzera. Gainera, egungo gizarteak dituen ezaugarri eta eskakizunetara beste estrategia batzuk baino hobe EGOKITZEN da. Eta azkenik, IKASLEAREN INDARGUNEEN gainean eraikitzen da, euren interes arloak ikertzeko eta sakontzeko aukera eskaintzen dielarik.

Hasi besterik ez dut egin dut POIarekin. Aipatu ditudan helburu, ezaugarri eta irizpide horiek marko orokor bezala hortxe baldin badaude ere, jabetuta nago baita ere, marko orokor hori errealitate bat izateko oraindik aldaketa estruktural asko behar direla nire ikastolan; arlo edo ikasgaien birplanteamendua, curriculumaren ezarpenaren analisi errealista eta eguneratu bat, espazio fisiko eta denboraren berrantolaketa bat, ebaluazio sistemaren egokitze eta gaurkoratzea… Horiek datozen bitartean, bidea egiten ikasten joan beharko gara, ez ago beste erremediorik.

Jarraituko du…

PLEaren iruzurra

Aspalditik neukan gogoa aurreko ikasturtearen hasieran (2011ko azaroa zen) bizi izandako esperientzia pertsonal baten inguruan idazteko. Azaroaren 30ean konkretuki Amaia nire lankidea eta biok Tabakalerak antolatutako Jolasean jardunaldietan izan ginen, Txipik gonbidatuta , “Jokoa ikasteko eta hezteko plataforma gisa” izeneko tailer edo topaketan.

Tailerra bi zatitan banatuta egon zen. Goizeko partean Susanna Tesconi eta Cornelláko Citilab-eko Laia Sanchez eta Victor Casadoren aurkezpenak izan genituen. Oso atseginak biak, ezagutzen ez nituen proiektu bi aurkeztu zizkiguten, zein baino zein interesgarriagoa.

Bazkalostean, bigarren zatiari ekin genion. Geratzen ginenak lau taldetan banatu ginen. Ez ditut orain gogoan prestatu ziren lau guneetako bakoitzean hizpide genituen gaiak: batean, oker ez banago, tailerreko partaideen sarea mantendu eta zabaltzeko zer egin behar genuen eztabaidatu genuen. Besteetan jokoa eskoletako eguneroko jardunean nola uztartu edo antzeko kontutaz aritu ginen. Lan dinamika ideia-jasa jarduera batean oinarritzen zen, non talde bakoitzak lau gune ezberdinetatik errotatzen zuen banan-bana, aurrekoek egindako ekarpenen gainean berriak egin zitzaten. Ekarpen guztiak poster handietan jaso ziren eta amaieran, talde bakoitzeko moderatzaileek euren jasotako ekarpenen aurkezpen orokor bat egin zuten. Eztabaida partaide guztietara zabaldu zen eta, hantxe aritu ginen, eskolaren etorkizunaz gure iritziak ematen.

Arratsaldeko saioa amaitu baino lehen bueltatu behar izan nintzen etxera. Kotxean nentorrela, egunean zehar agertutakoaz, esandakoaz eta entzundakoaz pentsatzen aritu nintzen. Goizeko saioarekin oso gustura geratu nintzen bezala (pertsonalki oso aberasgarria izan zen) arratsaldekoa eskasagoa iruditu zitzaidan. Txipik eta bere lagunek diseinatu zituzten dinamikak oso erakargarri eta parte-hartzaileak izan ziren. Prozesua baino gehiago bota genituen iritziak eta mahai gainean ipini ziren arazo eta proposamenak iruditu zitzaizkidan eskasak. Mamia gutxi jaso nuen saio hartatik.

Nire taldean, adibidez, bi kide kenduta, beste guztiok ekarpen berdintsuak egin genituen (ni neu barne). Entzun eta ikusi nuenarengatik, esango nuke, bi kide horiek ez zirela sarean informazioa kudeatzen denbora gehiegi pasatzen duten horietakoak. Batek, batez ere, bere praktika errealean oinarritutako ekarpenak bota zituen, herri txiki batean, bertako umeekin egiten zituen praktiketatik jasotako esperientzia ipini zuen mahai gainean. Beste guztiok bitartean bata bestearen atzetik botatzen genituen sarean, han-hemenka entzundako esaldi eta koletilla berdinak. Guztioi betetzen zitzaigun ahoa saretik jasotako hezkuntzari lotutako ideia txatximodernoekin (garbi gera zedin “a la última” genbiltzala guztiok). Azpitalde guztiak elkartu eta talde handian eztabaidatzen hasi ginenean, sentsazio hori areagotu egin zen; talde guztietatik atera ziren “educación expandida”, “motivación intrinseca”, PLE, “aprendizaje informal” eta antzeko perlak, kasu askotan eztabaidaren benetako mamia alde batera utziz.

Etxera bueltan konturatu nintzen bertan entzundakoa sarean egunero irakurtzen nuenaren (eta oraindik dudanaren) oihartzuna besterik ez zela. Iruditu zitzaidan ekarpen gehienak distantziatik egindakoak zirela, esandakoak benetan zer esanahi edo suposatzen zuten garbi ulertu gabe. Gaiaren benetako mamiari heldu ordez saretik jasotako “ikaskuntzak” besteen aurrean botatzen ibili ginen. Eta bitartean umeekin benetako esperientziak bizi izandakoak (nire taldeko kide hori bezala) azkenean ixilik geratu ziren euren jardunean jasotako “benetako ikaskuntza” han entzuten zituzten hitz potolo horien aurrean “gutxi” izango balitz bezala.

Handik aste batzuetara CanalCita-ren webgunean zintzilikatutako Manel Rives-en azpiko bideoa ikusi nuen:

Bideoaren jatorrizko webgunean agertzen diren iruzkinak eta Twitter-en bideoari buruzko hainbat iritzi irakurri nituenean, nahiko harrituta geratu nintzen. Izan ere, hainbatentzat ekarpen sakon eta aberasgarriak zirenak, niretzat behin eta berriro entzundako koletillen eta komentario orokorren zerrenda amaigabea besterik ez zen (mugikorren edo testu liburuen inguruan botatakoak, adibidez). Beste batzuetan deigarria iruditu zitzaidan, galdetzen zaionetik zeinen urrun joaten den erantzunetan, galdetutakoarekin zerikusirik gordetzen ez duten erantzunak ematen. Sentsazioa ematen du, erantzunean baino gehiago, bere jakituria zeinen zabala den adierazten kezkatuago dagoela. Donostian bezala, hemen ere “ezagutza artifiziala” sumatzen da iritzietan, esperientzia propio batetik jasotako ezagutza baten informazioa baino.

Bideoa azken urteotan areagotzen joan den joera baten adibide bat besterik ez da. Urteak dira, antzeko bideoak jarraitzen ditudala sarean, batzuetan zuzenean eta gehienetan streaming bitartez entzun eta ikusten ditudala hainbat hitzaldi eta tertulia. Eta hauetan guztietan, Donostiako tailerrean nahiz goiko bideoan jasotako sentsazioak, geroz eta arruntagoak izaten ari dira. Hizlari eta ponente askoren disertazioak han han-hemenka bildutako informazio pilulen errepikapen egituratu soilak dira, erabat aseptikoak, estandarrak, inongo ekarpen pertsonalik gabekoa. Agerian uzten dute inongo esperientzia pertsonalik gabeko ikaskuntza baten aurkezpena egiten ari direla eta sentsazio hori areagotzen da, hainbat galderei ematen dizkieten erantzunak entzuterakoan.  Benetan dakitenaz ari dira edota gai jakin baten inguruan, sarean egindako entresaka baten ondorioz pilatutako informazio estandar bat errepikatzen ari dira?

Eta zer harreman gordetzen du honek guztiak izenburuarekin?

  • Bada lehenengoa, internet gaur egun antolatuta dagoen moduan, blogen jaitsiera eta sare sozialen eztandaren ondoren, ideia desberdinen, iritzi dibergenteen, ekarpen berrien kopurua jaitsi egin da eta gailentzen diren kontzeptu/ideia/proposamen/eredu berri gutxi horiek di-da batean barreiatzen direla gure informazio kanal eta konexioetan zehar (hainbestetan entzun dugun PLE horretan zehar). Sare horietan sortzaile kopuruak behera egin du eta konektore edo informazio bideratzaile kopuruak, berriz, gora. Honi “sei graduko tarte edo banaketaren” teoria gehitzen badiogu (Twitter-en badirudi tarte hori oraindik laburragoa dela), esan daiteke jakintza arlo jakin baten inguruan dabiltzan internauta gehienen PLEetatik hedatzen den informazioa nahiko antzekoa dela. Esperimentu polita izan liteke, adibidez, irakasle talde baten PLEak solapatzea. Ez dauzkat ebidentzia zientifikorik noski, baina intuizioak esaten dit ez liratekeela izango hasieran pentsa genezakeena bezain “pertsonalak”. Izan ere, nodoak eta kanalak desberdinak izanda ere, hauetatik garraiatzen den informazioa, modu batean edo bestean, lehenago edo beranduago, guztiongana modu beretsuan heltzen da. Bideak eta bitartekoak pertsonalak izanda ere, mamia guztiok berdina jasotzen dugu. Donostiako tailerrean egon ginenetatik uste dut Txipi dela nire PLEaren barnean dagoen bakarra eta, hala guztiz ere, han entzundako diskurtsoa erabat ezaguna eta errepikakorra egin zitzaidan. Horrek zer pentsatu handia ematen dit zenbateraino den nire PLE hori benetan “Personal”. Eta bigarren kezka bat ere eragiten dit, alegia, zenbateko balorea duen ezagutza horrek, azken finean, nire inguruko guztiek ezagutza bera partekatzen badute. Hauxe izan zen niretzat arrazoi nagusia, Donostiako talde dinamika haietatik ezagutza eta ideia berriak ez ateratzearen arrazoi nagusiena. Eta horrelako zerbaiti  buruz hitz egiten du Mariano Fernandez Enguitak Tribuna Edu21 jardunaldietan emandako hitzaldian. Azpian ipintzen dizuet kontu honi buruz hitz egiten dueneko zatitxoa (interesgarria bukaeran dioena, informazio eta ezagutzaren gizartean azken honek duen baloreari buruz):
  • Eta bigarrena hauxe da. Ikastea, komunikazio sare bat atondu eta kudeatzea, informazio kanalak ireki eta mantentzea baino askoz gehiago da. Irakurtzen, entzuten edo ikusten soilik ez da ikasten. Eta bitxia da. Izan ere, gure PLE ospetsu horietatik behin edo behin guztiok jaso izan dugu informazio pilula ospetsu horietako bat esanez “egiten ikasten dela”. Nork ez du Roger Schank-en bideo ospetsu hau ikusi, adibidez?

    Bideo hau zabaldu zen garaian leku guztietan aipatzen genuen ikasleek testu-liburuak irakurtzen edo, guri begira ditugula, esaten dieguna entzuten soilik ez dutela ikasten, benetako ikaskuntza akziora zuzendutako ezagutzaren aplikazioarekin bakarrik lortzen dela. Ez al dira horiek ikaskuntza konstruktibistaren oinarria, irakasleok hain sutsuki defendatzen duguna? Eta? Irakasleok desberdin ikasten al dugu ba? Guk ikasteko nahikoa daukagu PLE bat martxan jartzea? Honen eskutik jasotzen ditugun inputak kudeatuz (jaso, analizatu, gorde, antolatu eta partekatu) nahikoa daukagu “ikasteko”?

    Duela ia bi urte edo, nire gela barruko praktika goitik behera aldatzea erabaki nuen; PBLa (eta orohar, bestelako metodologia aktiboak) ezagutu eta martxan jartzea erabaki nuen. Banekien denbora bat beharko nuela PBLaren inguruko informazioa metatzen joateko, oinarrizko ezagutza batzuk biltzen joateko. Horrela informazio sarea behar berrietara moldatu nuen. Bitarte honetan informazio asko prozesatu eta gorde dut. Horrela, duela hilabete batzuk norbaitek eskatuko balit hitzalditxo bat emateko, edo bideo bat grabatzeko PBLaren inguruan dakidana azalduz, ziurrenik ez nuke arazorik izango jasotako informazio pilula horiek modu txukun batean antolatu eta lorito bat bezala, hauei buruz irakurritakoak jendearen edo kamera baten aurrean errepikatzeko. Denbora pixka bat izanda  gainera, biltzen joan naizen grafiko, taula, argazki eta esaldi txundigarri horietako batzuekin, aurkezpen txukun bat moldatzeko gai izango nintzela ere uste dut. Eta lotsarik emango ez balit pentsatzea jendeari hitz egin behar diodala sekulan praktikan jarri ez dudan zerbaiti buruz, uste dut boleto asko izango nituela PBLan aditu bat bezala geratzeko audientziaren aurrean, noski baietz. Eta gauza bera PBL izan edo PLE, MOOC, VLE, Flipped Classroom edo beste edozein eduki guay horietako bat izan (ikaskuntza motak, adibidez; ridikulua iruditzen zait zenbat txorrada zabaltzen diren sarean zehar, bakar-bakarrik sasi-erudito batzuren protagonismoaren mesedean). Edozein kasuan, nik jakingo nuen ez nintzatekeela arituko ikasi dudana transmititzen, handik eta hemendik irakurri eta ezagutu dudana errepikatzen baizik.

    Orain, nire ikasleekin PBL metodologia praktikatzen urtebete igaro ondoren, badakit benetan ikasten ari naizela. Orain dakit jasotako informaziotik zer den niretzat benetan baliagarria eta zer, zer ari naizen ondo egiten eta zer gaizki, zeintzuk diren ikusten ditudan zailtasunak eta nola eman konponbide egoki bat hauei guztiei. Eta ikaskuntza prozesuak hasi besterik egin ez badu ere, nahikoa daukat bereizteko nork “dakien” zer den PBLa eta nork ez. Azken hauek identifikatzeko nahikoa litzateke praktikatik jasotako hainbat ikaskuntzen inguruan galdera pare bat egitea. Galderari izkin egin eta erantzuna bere eremura eramaten badu, sasi-espezialista bat daukagu aurrean.

    Horregatik diot PLEaren definizoan agertzen den “Learning” horrekin ez nagoela ados, ez behintzat azken bi urtetan planteatu den modura. Nire ustez informazio eta komunikazio sarea soilik dena (bere nodo eta kanalekin) ezin da ikaskuntza ingurune batekin nahastu.

Amaitzeko asko kezkatzen nau ikusteak zeinen kriterio gutxi daukagun oraindik, sarean gure denboraren zati handi bat egiten dugunok, jasotzen dugun informazioaren egokitasuna, baliagarritasuna eta eskaintzen duen balio erantsia baloratzerakoan. Nire buruari behin eta berriro esaten diot ea nola den posible irakurle/entzule askok ez konturatzea hainbat hizlarien/idazleen eskutik jasotzen duten informazio asko eta asko, hauek iturri desberdinetatik jasotako informazioaren refrito bat besterik ez dela konturatzeko. Uler dezaket jende asko egotea oraindik euren informazio sarea garatu gabe (hortxe dago XXI. mendeko eten digitalaren lehen arriskua). Baina ulergaitza egiten zait saltsa honetan sartuta dabiltzanen txalo eta laudorioak ikustea mila bider esandako kontuak behin eta berriro entzuterakoan. Telezaborrarekin edo sasikazetaritzarekin kritikoak izaten ikasi badugu, zer dela eta da hain eskasa pentsamendu dibergente eta kritikoa sarean?

Pentsamendu logikoa

Bideo honek gogora ekarri dit semearen txikitako anekdota bat. Olentzero egunean lehenengo aldiz lagunekin kantatzen atera ondoren, bildutako dirua nola banatu zuten galdetu genion. Erantzuna erabat “logikoa” izan zen. Eskua txanponen poltsan sartu eta bakoitzak eskukada bat txanpon ateratzen zuen poltsatxotik. Horrela, txandak errespetatuz, banan-bana eskua sartzen joaten ziren poltsako diru guztiarekin amaitu arte. Beraientzat, banaketa modu ekitatiboan gertatzen zen guztion eskukada kopurua berdina zelako.

Handik urtebete edo bira, ez naiz ondo gogoratzen, prozesua aldatzea erabaki zuten. Antza denez, ordurako konturatuta zeuden eskukada batean bildutako txanpon eta billete kopurua ez zela kasu guztietan berdina eta beste modu batera egitea erabaki zuten. Banaketarekin hasi baino lehen, mota berdineko billete eta txanponak multzotan banatu zituzten. Ondoren, korroan ipinita, mota bakoitzeko billete eta txanpona banan-bana banatzen hasi ziren. Horrela, taldean hiru lagun baziren eta bost euroko lau billete banatu behar bazituzten, bakoitzak bana hartzen zuen eta, txandaren arabera, laugarrena izatea tokatzen zitzaionak laugarren billetea hartzen zuen. Gero, orden berarekin jarraituz, bi euroko txanponak banatzen hasten ziren eta txanpona mota guztiekin bukatu arte. Kontzienteak ziren sistema honekin guztiek ez zituztela billete eta txanpon kopuru berdina baina normaltzak hartzen zuten, izan ere, ez zuten ezagutzen lau billete hiruren artean modu hobeagoan banatzeko bestelako metodorik.

Zorionez, Olentzero egunean kantatzera bakarrik ateratzen ziren eta dirua banatu ere, bakarrik egiten zuten. Eskerrak tartean gurasorik ez geundenik bestela ziur nago lehenengo urte hartan jada, diru guztia zenbatu, zatiketa hiruen artean egin eta bakoitzari berea emango geniela, guztiek diru kantitate berdina izateko. Baina umeek ez lukete ulertuko zergatik zeukan berak bi paper zati eskuan bakarrik eta besteak eskuak txanponez beteta. Edo zergatik zituen batek txanpon hori gehiago eta besteak zilar kolorezko gehiago. Ez dakit nire semeak zenbat diru ekarri zuen etxera baina pozten naiz dirua horrela banatu izana. Pozten naiz banaketa ekitatiboa zer den edo ez den beraien kabuz ikasi izana, zerk egiten zuen huts jabetzea eta konponbidea beraien artean erabakitzea.

Helduok (irakasleok barne) ez gara jabetzen batzuetan gure esku-hartzeak horrelako egoeretan umeen ikaskuntza prozesu autonomoari mesede baino kalte egiten diogula. Pentsamendu logikoa, lehen faseetan, eta kritikoa aurrerago, heldutasunerako bidean klabeak direla eta gure jokabide batzuk askotan garapen horretan eragin negatiboak izaten dituztela.