Geroa

Gure hezkuntzan zutabe izandakoa, itota gaituen nozio irreala: geroa. Horrela kantatzen du Lehiotikan talde nafarrak Munduaren Leihoa diskoan. Aspaldian ez nuela kanta entzuten, baina aurrekoan, lanera bidean nindoala, berriro iritsi ziren doinu horiek nire belarrietara. Eta ez hori bakarrik, mezuak berak orain arteko bestelako esanahia ere hartu zuen.

Urte batzuk badira hezkuntza munduan nabilela, eta orain arte konturatu gabe nengoen alderdi garrantzitsu batekin aurrez-aurre jarri ninduen: ikasleak beti gerora begira hezten ditugula, alegia. Egiten ditugun lan eta ahalegin guztiak ikasleen etorkizun “oparo” bati begira egiten dugula iruditzen zait. Askotan, ikasleen gurasoekin hitz egiterakoan, bide horretara jotzen dudala iruditzen zait: “zure seme-alabak orain hartzen dituen ardurak eta ohiturak oso onuragarriak izango ditu etorkizun batean”. Eta lasai asko geratzen naiz.

Etorkizunari begira jartze horretan, iruditzen zait, oraindik eta garrantzitsuagoa den zerbait galtzen dugula bidean: oraina. Geroari begira jarrita, orainaz gozatzea ahazten dugu. Orainari ez diogu denborarik eskaintzen, eta modu horretan, denborak ihes egiten digu, beti biharkoari begira, etorri daitekeenari (edo ez!) begira. Eta oraina, pasa ahala, ez da berriro bueltatzen. Ez dut nahi inurriaren eta txitxarraren ipuinaren irakaskuntza bertan behera utzi nahi. Ez dut uste txitxarraren lasaitasunaz bizi behar dugula, mundua bihar bukatuko balitz bezala; baina ezta ere inurri langile etengabe bezalakoa izan. Nik, bien arteko hibridoa proposatzen dut: etorkizuna landuz, egun egiten duenaz gozatuko duena.

Sinesten dut oraina gehiago landu behar dugula. Unean unekoari etekin ateratzen, disfrutatzen ikasi behar dugu, eta gero gerokoak! Has gaitezen, orain!

The Finland Phenomenon

Ez da lehenengo aldia blog honetan Finlandiako heziketa-sistemari buruz hitz egiten duguna. Mikelek duela hilabete batzuk hango hezkuntza ereduaren berri eman zigun lau sarrera desberdinetan (bat, bi, hiru eta lau). Geroago, Finlandian ikasketak egindako ezagun baten azalpenak ekarri zituen hona. Nire ustez Mikelek emandako informazio hori guztia nahikoa da ulertzeko zertan datzan Finlandiako hezkuntza ereduaren arrakasta.

Halere, horrekin nahikoa ez baduzue, azpian uzten dizuet Harvard-eko Unibertsitateko Tony Wagner ikerlariak ekoiztutako bideo hau. Wagner-en lan honek arrakastaren gakoak non dauden ikertzen ditu eta, ikusiko duzuen bezala, Mikelek aipatutako argudioetako asko jasotzen ditu bertan. Niri oso interesgarria iruditu zait ordubete inguru irauten duen bideo hau. Ea zuei zer iruditzen zaizuen.

Oraindik ezin dut konprenitu nola litekeen hain desberdin interpretatzea hezkuntza sistemaren ezaugarriak han eta hemen, zeinen desberdin ikusten diren oinarri oinarrizko gauzak han ete hemen. Pentsa, bideoan agertzen den irakasle batek, 30 urte enpresa desberdinetan egin ondoren, irakasle sartu zen. Berak irakasle lana desestresantea aurkitzen du, WTF?? Eta batxilergora bitartean ebaluazio esangurasturik ez egotearena hemen sci-fi kontsideratuko litzateke. Beno ez da guztiz egia. Mikelek behin eta berriro esaten dit ez larritzeko hainbeste ebaluazioaren kontuarekin, gehiegizko balioa ematen diogula kontu horri. Eta uste dut egia dela; ikasleek askoz ere errendimendu handiagoa adierazten dute etengabe ebaluatuak (kontrolatuak) sentitzen ez direnean. Hori nik neuk bizi izan dut.

Enpin, helduko al gara inoiz gure sisteman horrelako aldaketak ezagutzera?

Waiting For Superman

Horixe da Bill Gates-ek 2010. urtean ekoiztutako dokumental honen izena. Bertan, Estatu Batuetako eskola publikoaren egungo egoeraren analisi bat egiten da. Asko dira bertan planteatzen diren galdera, kezka eta kritikak eta hauetako asko ez dira soilik EEBBetako hezkuntza sistemaren ezaugarri propioak. Nik esango nuke herrialde aurreratuetan gizarteak bizi izan duen bilakaeraren ondorioak direla dokumentalean planteatzen diren arazo gehienak.

  • Eskola aurkitzen den auzo edo herrien egoera sozio-ekonomikoak baldintzatzen du eskola porrota edo alderantziz da?
  • Hezkuntza sistemaren arrakasta bermatzeko muntatzen den egitura burokratikoa bera ez al da porrotaren eragile nagusienetako bat?
  • Eskola arrakastaren interpretazio desberdinak eta hau “neurtzeko” ezartzen diren indikatzaileak egokienak dira gure gizarte modernoan?
  • Zergatik esperientzia arrakastatsuenak sortzen dira gehienetan ezarritako hezkuntza sistemaren periferiatik?
  • Jarrera proaktiboa eta inplikazio maila altua duten irakasleek irauli al dezakete hezkuntza sistemaren parte diren (administrazioa, sindikatuak, eskolen elkarteak eta guraso-taldeak) estamentuen artean une honetan ezarrita dagoen “status quo”-a?

KIPP eskolen adibideak ikastolen sorrera ekarri dit burura. Eskola hauen inguruan bideoan agertzen diren zertzeladatxo pare horiek nire ikasle garaiko ikastola ekarri didate gogora. Askotan esan dut orduko ikastolek eskola “autentikoen” ukitu hori zutela, irakasleen inplikazioa agerikoa zen, orduko auzo eta herrietan ondo uztartuta zeuden, egitura deszentralizatua, burokrazia gutxi eta lan asko komunitatean eta, azkenik, balore etiko, sozialak eta kulturalak indikatzaile akademiko aseptikoen gainetik ipintzen zituena. Nik behintzat horrela gogoratzen dut ezagutu nuen ikastola. Gaur, dokumentala ikusi ondoren, EEBBtako eskoletan agertzen diren hainbat egoerekin pentsakor geratu naiz, ez ote garen gu ere hezkuntza sistema unibertsalean dagoen “status quo” horretara egokitu. Tamalez, uste dut baietz.

Hemen azpian daukazue bideoa, merezi du ordu pare bat hartzea osorik ikusteko:

Waiting for Superman

Iturria: Recursos didàctics per a secundària